Zer dira A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak?

Gaur egunean, Europa guztian, edozein hizkuntza ikasteko terminologia bateratua erabiltzeko asmoz, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoari jarraituta, maila hauek erabiltzen dira: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Maila baxuena A1 da eta altuena C2.

Zer dira azpimailak (A1.1, A1.2, B1.1, B1.2, B2.1, B2.2, C1.1, C1.2 )?

Azpimailek adierazten dute mailaren lehenengo zatia eta bigarren zatia. Azpimaila bukatzean ez da titulurik ematen, soilik lor daiteke titulua maila bukatutakoan. Azpimaila sortzearen arrazoia izan da, egiten ari zaren ikastaroa nolakoa den (bi ordu eta erdikoa, bi ordukoa, ordu eta erdikoa, bi ordu eta erdiko klasea astean hiru egunetan...), maila bat egiteko behar diren orduak emateko gerta daitekeela ikasturte bat baino gehiago behar izatea.

Zer dira HABEren gaitasun linguistikoen ziurtagiriak?

HABEk ziurtagiriak ematen dizkie A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gaitasun linguistiko nahikoa dutela erakusten duten ikasleei.

Zer dira Hizkuntza Eskakizunak?

Hizkuntza Eskakizuna (gaztelaniaz, perfil lingüístico) Erakunde Publiko bateko langile batek bere lanpostuan jarduteko behar duen gaitasun linguistikoaren maila da. Hizkuntza Eskakizun hauek zenbait lanpostutarako eskatzen dira, hala nola Ertzaintzarako, Osakidetzarako, Suhiltzailetzarako, Irakasletzarako, HAEErako (erdaraz, IVAP), eta abarretarako. Lanpostu jakin baterako behar den hizkuntza eskakizuna daukazula adierazten duten agiriak ez dituzte euskaltegiek ematen eta ezin dira lortu HABEren azterketetan. Ordea, lan-kolektibo bakoitzak bere azterketak antolatzen ditu agiri hauek lortzeko. Hala ere, HABEk ematen duen gaitasun-ziurtagiri bat badaukazu eta lan-postu baterako maila horretako hizkuntza-eskakizuna eskatzen badizute; HABEren agiria erakutsita, eskatzen dizuten hizkuntza-eskakizuna lortutzat joko dute. Hau da, baliokidetza sistema bat dago.

Zer da Euskara-ziurtagirien baliokidetza?

HABEk ematen dituen ziurtagiriak, Hizkuntza Eskolak ematen dituenak eta zenbait lanetan eskatzen dituzten Hizkuntza Eskakizunak baliokideak dira. Adibidez, Osakidetzan lan egiteko 2. Hizkuntza Eskakizuna eskatzen badizute; ziurtagiri hori lortzeko azterketa egin beharrean, HABEren B2 mailako gaitasun-ziurtagiria, edo Hizkuntza Eskolako B2koa aurkeztu ahal duzu.

Ziurtagirien baliokidetzari buruzko informazioa Santurtziko Udal Euskaltegiaren web-orrian kontsultatu ahal duzu: tituluen baliokidetza.

Nola lortzen dira HABEren A1, A2 eta B1 mailetako gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak?

HABEk A1, A2 eta B1 mailetan ematen dituen gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak lortzeko honako baldintza hauek bete behar dira:

  1. HABEren euskaltegi batean matrikulatuta egon behar da eta ikastaroaren amaieran maila gainditu behar da.

  2. Gutxienez %75eko asistentzia eduki behar da.

  3. Ikasleak gutxienez 50 ikastordu hartu behar ditu.

  4. Gainera, euskaltegiak ikaslearen gaitasun linguistikoaren laginak hartu behar ditu ikastaroaren lau momentutan. Lagin hauek lau trebetasun linguistikoetakoak izango dira: entzunaren ulermena, irakurriaren ulermena, idatzizko ekoizpena eta ahozko ekoizpena. Laginak HABEren eskura jarri behar dira behaketa egin dezan; horregatik ahozko probak grabatu behar dira eta idatzizkoak eskaneatu. Euskaltegiak lagin guztiak gorde behar ditu bi urtez. Laginak ikastaroaren lau alditan jasoko dira:

      • Ikastaroaren hasieran

      • Lehenengo hiruhilekoaren amaieran.

      • Bigarren hiruhilekoaren amaieran

      • Ikastaroaren amaieran. Azken proba hauek bi irakaslek zuzenduko dituzte (taldeko irakaslea eta beste bat). Ikasleak azken proba hauetan maila gainditzeko gaitasun nahikoa duela erakutsi behar du.

Aurreko baldintzetako zenbait betetzen ez duen ikasleak ezin izango du ziurtagiria eskatu. Hala ere, maila gainditzeko gaitasun nahikoa badu, hurrengo ikasturtean hurrengo maila egiteko matrikulatu ahal izango da. Hau da, maila gaindituko du, baina ez du ziurtagiririk lortuko.

B1 mailako titulua lortzeko beste era bat

A1 eta A2 mailetako ziurtagiriak lortzeko bide bakarra da lehen azaldu duguna, baina B1eko ziurtagiria lortzeko badago beste bide bat: HABEk B1eko ziurtagiria lortzeko azterketa bat antolatzen du urria-azaro bitartean. Deialdi hau irekia da; hau da, bertara edonor joan daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena. Azterketa honetarako matrikula irailaren bigarren hamabostaldian egiten da HABEren web gunean.

Nola lortzen dira HABEren B2, C1 eta C2 mailetako gaitasun linguistikoaren ziurtagiriak?

HABEren B2, C1 eta C2 mailetako gaitasun-ziurtagiriak HABEren azterketak gaindituz lortzen dira. HABEk azterketak egiteko bi deialdi egiten ditu urtean:

      • Lehenengo azterketa: Maila egiaztatzeko azterketa da. Maiatz-ekain bitartean izaten da eta deialdi itxia da; hau da, honetara soilik aurkez daitezke HABEren euskaltegi batean ikasi eta matrikulatuta dauden ikasturtean B2, C1 edo C2 maila gainditu duten ikasleak

      • Bigarren azterketa: urri-azaro bitartean izaten da eta deialdi irekia da B1, B2, C1 eta C2 mailetarako; hau da, bertara edonor joan daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena.

Euskaltegian maila bat gainditzen badut, derrigorrez joan behar dut azterketa egitera?

Ez, azterketa egitea borondatezkoa da.

HABEren azterketa egiten ez badut, hurrengo kurtsoan ezin izango dut hurrengo maila egin?

Ez dauka zer ikusirik. Euskaltegian maila bat gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan hurrengo maila egingo duzu nahiz eta HABEren azterketara ez aurkeztu. Adibidez, aurten B1 maila gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan B2 maila prestatzen hasiko zara, nahiz eta HABEren azterketa ez egin.

HABEren azterketa suspenditzen badut, hurrengo kurtsoan ezin izango dut hurrengo maila egin?

Ez dauka zer ikusirik. Euskaltegian maila bat gainditu baduzu, hurrengo ikastaroan hurrengo maila egingo duzu nahiz eta HABEren azterketa suspenditu. Adibidez, aurten B1 maila gainditu duzu, azterketara aurkeztu zara eta suspenditu duzu; hala ere, hurrengo ikastaroan B2 maila prestatzen hasiko zara.

HABEren azterketa egiteko matrikula euskaltegian egin dezaket?

Ez, matrikula guk ezin dizugu egin, zuk zeuk egin behar duzu HABEren web-gunean sartuta: www.habe.euskadi.net

Noiz egin behar dut matrikula HABEren azterketara aurkezteko?

Azterketa bat egiteko garaia denean, Santurtziko Udal Euskaltegiaren web gunean, www.santurtzieus.com , azterketa guztiei buruzko informazioa ematen dizugu. HABEren web-orrian ere aurki dezakezu azterketa egiteko behar duzun informazio guztia: www.habe.euskadi.net

Zer da EGA?

EGA, berez, ez da euskaltegiaren maila bat, baizik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen ziurtagiri bat. HABEren C1 mailaren ziurtagiria, IVAPen 3. Hizkuntza Eskakizunaren ziurtagiria, Irakasleen 2. Hizkuntza Eskakizunaren ziurtagiria eta EGA ziurtagiria baliokideak dira.

EGA ziurtagiria EGAren azterketetan lortzen da. Urtean bi deialdi daude eta irekiak dira; hau da edonor aurkez daiteke, euskaltegi batean ikasi edo ikasten ari dena zein sekula ikasi ez duena, mailaren bat gaindituta daukana zein bat ere ez daukana.