Hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, derrigor, rol aktiboa jokatu behar duzu. Horrek esan nahi du zeure ikasketaren ardura hartu behar duzula. Euskaltegira etortzea eta irakasleak ematen dizkizun ariketak egitea ez da nahikoa izango zuk nahi dituzun emaitzak lortzeko. Ordea, arrakasta lortzeko hurrengo gauzak egin behar dituzu:

Zeure ikasketa programatzen ikasi behar duzu:
  • Erabaki behar duzu zenbat denbora emango diozun astean etxean ikasteari.
  • Erabaki behar duzu nola burutuko duzun ikasketa denbora horretan.
  • Ikasteko helburuak hartu behar dituzu. Horretarako, zeure gabeziak detektatu eta zerrendatu behar dituzu eta hortik helburuak aukeratuko dituzu.
  • Ikasi behar duzuna ikasteko, materiala bilatu behar duzu.
  • Behar izanez gero, irakaslearen edo ikaskide baten laguntza bilatu ahal duzu.
  • Ariketak egin ondoren, ebaluatu behar duzu egin duzun lana. Erabaki behar duzu puntu horretan gehiago sakondu behar duzun ala gauza berri bat ikastera pasatuko zaren.

Aholku hauek mesedegarriak izango zaizkizu:

  • Ordenatua izan behar duzu. Egiten duzuna karpeta batean gorde ezazu, txukun eta ordenatua. Erabil itzazu atal ezberdinak. Koaderno bat ere eduki ezazu, oharrak hartzeko, irakasleari egin nahi dizkiozun galderak apuntatzeko, edo ikasi behar duzuna programatzeko. Gero ohar hauek karpetan gorde. Hartzen ari zaren informazioa ordenatzen eta gordetzen ez baduzu, ezin izango duzu informazio honekin lan egin eta, hortaz, nekez joango zara aurrera.
  • Zenbait gauza buruz ikasi behar izango dituzu (lexikoa, lexikalizazioak, egiturak...); beraz, komeni zaizu gauzak buruz ikasteko teknikak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Ikasitakoa praktikatu behar duzu. Horretarako zeure inguruko aukera guztiak aprobetxatu behar dituzu. Zuk ezagutu behar dituzu zein diren zeure behar komunikatiboak eta praktikatzeko aukerak bilatu behar dituzu.
  • Ez zaitez lotsatia izan. Erroreak ez dira txarrak. Erroreak esan nahi du hizkuntzaren zati bat ikasi duzula  (hori ona da) eta beste zati bat oraindik ez duzula ikasi (eta horregatik egiten duzu errorea), baina hori ere ona da ezen erroreak adierazten baitizu zer ikasi behar duzun: errorea zure ikasketaren gidaria da.
  • Ez zaitez ardurabakoa izan: gauza bat solturaz komunikatzeko gai zarenean, saia zaitez zuzen esaten. Ikasi nola esaten den ondo, galdetu, bilatu liburuetan, eta buruz ikasi (dela aditza, lexikoa, egitura, esamoldeak…)
  • Ikasteko erabili ahal duzu eskura daukazun guztia: kaleko txartelak, autobidekoak, iragarkiak, telebista, irratiak, aldizkariak…Batez ere, zure lanari dagokionez, egin ezazu hiztegitxo bat eta sartu bertan zure lanari buruzko lexikoa:  hitzak, aditzak, esamoldeak…)
  • Ikasteko lana zuk zeuk egin behar duzu, eta ezin du beste inork zure ordez egin. Beraz, hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, zure gain hartu behar duzu ikasteko ardura. Lortuko duzuna egindako lanaren kantitatearen araberakoa izango da, baina are eragin handiagoa izango du lanaren kalitateak kantitateak baino.