Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

13. alea, 2003ko martxoa

218 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 

1. Ekitaldiak

2. Hausnarrean: santurtzieus.com-ek 5 urte bete ditu. Jose Miguel Arnaiz

3. Zera irakurri dugu: Euskonews & Media aldizkaria: 201. alea. Aitor Etxebarria

4. Zera jakin dugu: Autoikaskuntzarako Batzordea

5. Zenbat buru...:

Hizkuntza Eskakizunen azterketak direla-eta (eta II). Aitziber San Roman

HAEEko Hizkuntza Eskakizunen emaitzak. Pilar Montoya

6. Lotura interesgarriak

7. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Ekitaldiak

Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu

 

IX Trobada de Centres d´Autoaprenentatge. Barcelona.  2003ko apirilaren 3an eta 4an

 
Kataluniako Generalitat-eko Departament de Culturak antolatua, autoikaskuntzari buruzko jardunaldi hauek Universitat Autònoma de Barcelonako Bellaterra kanpusean izango dira. Beste hainbat aditurekin batera, Helduen Euskalduntzea ere han izango da hainbat komunikazioren bitartez
 
Informazio gehiago: http://cultura.gencat.net/llengcat/aprencat/trobada.htm
 

Informatikari euskaldunen IV. Bilkura. Donostia. 2003ko apirilaren 4an

UEUko Informatika Sailak antolatuta, Donostiako Miramar jauregian Informatikaria gizarte elektronikoan izenburupean informatikari euskalduen IV. Bilkura izango da.

Informazio gehiago: http://www.ueu.org/groups/informatika/courses/one?id=5&scope=group&group_id=26
 
gora
 

Hausnarrean

 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 

SANTURTZIEUS.COM-EK 5 URTE BETE DITU

Santurtziko Udal Euskaltegiaren web guneak dagoeneko bost urte egin ditu euskara ikasi eta irakasten dutenen zerbitzuan. 1998ko otsailean eman zituen lehenengo pausuak amaraunean eta hasieratik izan du garbi bere helburua: ikasleei eta irakasleei baliabideak eskaintzea.
 
Bost urteotan askotxo aldatu da gunea, bai itxuraz bai eskainitako zerbitzuei begira, eta asko ere ikasi dugu diseinuan eta edukien sortze-lanetan ibili garenok. Apurka-apurka euskaltegi birtualera hurbiltzeko pausuak eman ditugu: hasieran web xume bat eta e-posta ziren gure tresna bakarrak eta gaur egun, berriz, web osoagoa eta euskara ikasteko aukera ematen duen ingurune birtuala eskaintzen dizkiogu internautari gel@irekia Autoikaskuntzarako Zerbitzuaren barruan.
 
Bestalde, euskararen presentzia Internet-en izugarri hobetu da arlo guztietan. Helduen euskalduntzeari dagokionez, 1998an Ilazki euskaltegia zen bakarra amaraunean eta gaur egun, berriz, hainbat euskaltegik zabaldu dute orria. HABEk berak ere 2000an zabaldu zuen berea eta arestian Irakaslearen gunea jarri du martxan.
 
Hau guztia pozgarria da zalantzarik gabe eta ederki erakusten du hemendik aurrerako bidea: euskaltegion ohiko esparrua mundu osora zabaltzen zaigu eta ikasleekiko harremana dagoeneko hain berri ez diren teknologien bitartez osatzen da, idazkaritza eta ikasgela gaindituz.
 
Hala ere, oraindik ez gaude ohituta teknologia hauekin eta hamaika buruhauste sortzen digute egunerokoan. Teknologia erabiltzen, dena dela, ikasi egiten da eta horretara jarri beharko dugu denok goizago edo beranduago.
 
Arazo handiago bat badugu nire ustez. Interneteko tresnak norabide bikoak dira, hau da, aldi berean izan gaitezke informazio-jasotzaile eta jartzaile, baina orohar jaso besterik ez dugu egiten. Honen adibide argia buletin hau bera izan daiteke: sortu genuenetik 12 ale bidali ditugu eta pare bat iradokizun baino ez dugu jaso. Paperezko aldizkari baten aurrean bageunde bezala jokatzen dugu oraindik ere; irakurri bai, aldamenekoarekin komentatu ere bai, baina feed-backa bidaltzea...
 
Arazoak arazo, denboraz seguru nago Interneteko teknologiak geureganatu egingo ditugula eta lan didaktiko sendo baten osagarri gisa erabiliko ditugula euskal gizarteari taxuzko zerbitzu eraginkor bat eskaintzeko. Geure xedea horixe baita finean.
 
Jose Miguel Arnaiz
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Zera irakurri dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzea hizpide hartuta, argitara emandako iritziak eta usteak ekarriko ditugu, ezagutzea eta gurean eztabaidatzea mesedegarria izango delakoan
 
 
EUSKONEWS & MEDIA ALDIZKARIA: 201. ALEA
 
 
Lehenago ere aipatu izan dugu hemen Eusko Ikaskuntza-k argitaratzen duen Euskonews & Media izeneko astekari elektronikoa. Martxoko lehenengo astekoa (201. zbk., 2003ko otsailaren 28tik martxoaren 7ra) oso-osorik dago eskainia euskarari.
 
Ale guztietan bezala, elkarrizketa bat azaltzen zaigu lehenik eta behin. Oraingo honetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Patxi Goenaga dugu elkarrizketatua eta, besteak beste, euskarak dituen erronka nagusiak nabarmentzen ditu: teknologia berrien mundua (eta, berauen barruan, itzulpen automatikoarena), telebista eta orain arte landu gabeko edo gutxi landutako esparruak (hizkuntza paisaia eta, bereziki, dendetako publizitatea, jatetxeetako menuak, publizitatea, aisiarekin lotutako esparruak...)
 
Ondoren, hizkuntzaren esparru edo arlo ezberdinak aztertzen dituzten hainbat artikulu aurkituko ditugu: lan-mundua (Jose Ramon Elorza), eskola (Erramun Osa), lege-esparrua (Andres Urrutia), Nafarroa (Aingeru Epalza)... Hauetatik bi nabarmendu nahi ditugu orriotara ekartzeko.
 
Bata, HABEren Zuzendari Nagusi Jokin Azkuek idatzitakoa dugu: Euskalduntzearen eta Alfabetatzearen erronkak. Artikuluaren hasieran beste zenbait hedabidetan argitaratutako artikuluetan egindako antzeko diagnosia egiten du azken urteotan izan den ikasle-beherakada azaltzeko (hezkuntza-ereduen eragina, ikasleen adina, langabezia-tasa...) Eta honekin lotzen du Bideragarritasun Plana, oraindik bere emaitzen berri ez badugu ere.
 
Artikuluaren bukaeran etorkizunerako helburu nagusia euskararen kalitatea hobetzea dela azpimarratuz, honako lan-ildo hauek markatzen ditu: materialgintza-proiektu berriak, teknologia berriak eta autoikaskuntza-sistemak, irakasleen prestakuntza, Euskaltegien eta euskara irakasten duten gainontzeko zentroen jardueraren erregulazioa. Azken honi begira Araudiaren eguneratzea eta Autoikaskuntza-zentroen homologazioa eta lankidetzarako Akordio Marko berriak finkatu beharra azpimarratzen du: EBPNan parte hartzea, finantziazio publikorako irizpide berriak finkatzea (emaitza akademikoak eta kalitatearen beste parametroak kontuan hartuz), teknologia berrietan oinarritutako proiektuen garapena eta... Euskaltegien mapa berrikustea.
 
Azpimarratu nahi dugun bigarren artikulua Kike Amonarrizek idatzitakoa da: Euskararentzat lur berri bila. Hasierako lerroetan euskararen ibilbidearen berri laburra ematen du: diktaduran bizi izandako urte ilunen ondoren, eta askoren esfortzu eta ahaleginei esker, aurrera egin izanaren sentsazio nabarmena gelditu zen. Baina urteak aurrera egin ahala galderak eta kezkak pilatzen ari zaizkigu: horrela iritsiko al gara inora? Nora iritsi nahi dugu, nora irits gaitezke daramagun abiaduran... Bidelagun nahi genuen asko zergatik ez dator gurekin? Zergatik utzi dio bidea egiteari horrenbeste jendek...? Impasse batean, bidegurutzean ikusten du Amonarrizek gaur egun euskara.
 
Impasse honetatik ateratzeko hainbat lan ikusten ditu premiazko: euskararen aldeko diskurtsoa aberastu, findu; estrategia orokorrak, eta politikoak bereziki errebisatu, aldatu... Azken batean, euskararekiko gogoa eta motibazioa sendotu hizkuntzaren ikuspegi integratzaile batetik (...) euskara gizarte kohesiorako izan dadila eta ez banaketaren elementua (...); euskararen aldeko diskurtsoa hedatu eta erdaldunengana iritsi, euskararen aurkako diskurtsoak neutralizatuz.
 
Honetaz aparte, beste neurri material edo fisikoago batzuk ere planteatzen ditu euskal produktuen kalitate, berezitasun eta eskuragarritasunarekin lotuta. Horretarako merkatuan dagoen eskaintza detektatu eta aztertu beharra dago, hutsuneak eta gabeziak non dauden erreparatuz.
 
Eta bukaera gisa, eta aurreko guztiaren oinarrian, ezinbestekoa ikusten du erakundeen eta gizarte eragileen arteko kooperazioa.
 
Formaz eta edukiz, ikaragarrizko gaurkotasuna duen artikulua dugu Kike Amonarrizen hau, azkenaldian bizi ditugun jazoerak gogoan izanik.
 
Aldizkariaren azken atalean Euskararen bilakaera soziolinguistikoa izenburupean, azken 20 urteetan eginiko errolda eta Inkesta Soziolinguistikoen berri ematen digute HPSko teknikari Miren Mateok eta Xabier Aizpuruak (azken hau, hain zuzen ere HPko Sailburuorde ohia). Artikulu biziki interesgarria eta mamitsua, baina zaila hitz gutxitan eduki osoaren berri ematea eskaintzen dituen datu ugariengatik.
 
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Zera jakin dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
Jakin berri dugu Autoikaskuntzarako Batzordea berriz ere martxan jartzekotan dela HABE. Guztiok jakingo duzuenez, 99an hasi zen lanean Autoikaskuntzarako Batzordea orduan hastapenetan zegoen ibilbide bat antolatu nahian. Hainbat euskaltegitako ordezkariak biltzen ziren bertan HABEren gidaritzapean eta azken bilera 2001eko ekainean egin zen.
 
Gaur egun bide horretan aurrera egin dugu batzuek eta beste asko hasi egin dira. Beste hainbat arlotan gertatzen den bezala Helduen Euskalduntzeak behar beharrezkoa du gai honetan indarrak batzea eta guztion arteko lana.
 
Lanean hasi baino lehen, ordea, komeni da hainbat puntu ondo zehaztea gerora beste askotan gertatu dena gerta ez dadin. Batetik batzordearen beraren helburuak zehaztu beharko dira zer egin nahi dugun jakiteko eta indarrak behar bezala fokalizatuta ahalik eta eraginkorren aritzeko. Helburu horiek adieraziko dute partaideak nortzuk izango diren eta bakoitzaren egitekoa zein izan daitekeen. Bestetik, aurreko ekitaldian izandako arazoak ere aztertu beharko dira, zergatik gertatu ziren eta nola ekidin jakiteko. Epeak, prozesua bera eta lortu nahi den produktua ondo zehaztu beharko dira, ez dadin gerta bukaeran inongo frustrazio-sentsaziorik.
 
Azkenik, komenigarria izango litzateke prozesu honek eta lortuko den emaitzak zer-nolako eragina izango duen zehaztea. Esan nahi baita HABEk horrelako tresna bat baliatu egin behako lukeela bere asmotan. Adituen txostenak eskatu eta kontuan hartzen baditu bere jarduna diseinatzerakoan, gauza bera egin beharko luke Helduen Euskalduntzean ari diren profesional-talde baten iritziarekin.
 
gora
 
 
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
HIZKUNTZA ESKAKIZUNEN AZTERETAK DIRELA-ETA (eta II)
 
Aldizkari honen 11. alean (2003ko urrtarrila) Hizkuntza Eskakizunen azterketetara joaten diren ikasleez eta erakusten duten mailez aritu nintzen. Zehatzagoa izateko duten maila erakusteko dituzten arazoez esan beharko nuke. Oraingo honetan hizpide berari jarraitu nahi diot baina aztertzaileen izariari berari erreparatuta.
 
HAEEk deialdi bakoitzeko epaimahaia izendatzen du baina aurkezten den azterketari kopurua ikusita, ezinezkoa da epaimahaikoek guztiak aztertzea. Hori dela-eta HABEko teknikariak, HAEEko langileak eta Euskaltegietako irakasleak aritzen dira azterketak egiten. Proportzio zehatza ezagutzen ez badut ere, argi dago askoz ere irakasle gehiago aritzen dela bestelakoak baino. Maila bereko azterketak egiten arituko direnen arteko bateratze-saioak egiten dira aurrena eta, behin azterketak eginda, zuzenketak taldeka egiten dira emaitzei objektibotasuna eman nahirik. Gainera, aztertzaile bakoitzari aldez aurretik ematen zaio aztergai izango dituenen zerrenda, norbait ezagun-edo izanez gero, aztertzailez aldatzeko. Horrelako askotan izan naiz eta asko hobetu direla onartu behar badut ere, aurreko aleko artikuluan agertzen nituen nire zalantzak.
 
Kontua da azkenean azterketa egiteko unea iristen dela eta hara non elkartzen diren aurrez-aurre azterketaria eta aztertzailea. Azterketa egin eta ondorio bezala azterketariak egiaztatu egingo du ala ez dagokion Hizkuntza Eskakizuna.
 
Badirudi egindako deskribapen honetan ez dagoela arazorik baina bada nahita azaldu ez dugun ezaugarri bat: azterketari gehienak, eta hemen ere ez dut proportzioa aipatuko, gaur egun euskalduntze prozesuan ari dira euskaltegi bat edo bestean. Eta, beraz, administrazioko langileak izaki, euskaltegiak ikasturtean zehar hainbatero eman beharko dizkio ikasle horri dagozkion datuak (jasotako orduak, lortutako maila...) Administrazioari. Nork ematen ditu datuok? Irakasleak, jakina! Gero aztertzaile arituko den irakasleak, alegia!
 
Bi kasuren aurrean egon gaitezke euskaltegietan ari direnekin:
 
  1. Ikasturtean zehar egindako lanaren ondorioz, euskaltegiko irakasleak onartutako mailarekin bat etortzea Hizkuntza Eskakizunak egiaztatzeko frogan lortutako emaitza.
  1. Bi emaitzok bat ez etortzea.

 

Lehenengo kasuak prozesua behar bezala gertatu dela esan nahiko luke eta nolabaiteko proba izango litzateke ikasturtearen ebaluazioa ondo burutu dela frogatuko lukeena. Baina, bestalde, indarrak eta diruak alferrik galtzea ere esan nahi du. Izan ere, aldez aurretik irakasleak ikasle jakin bati aitortutako maila bera aitortzeko garatzen dugun prozesuan inbertitzen diren denbora, esfortzu eta diruak ez dira nolanahikoak. HAEEk irakasleari edo euskaltegiari ordaintzen dizkio aztertzaile lanetan sartutako orduak eta deialdiko orotara zenbat diru ematen duen esaterik ez badut ere, kontu egin diru-kopuru handiaz ari garela.
 
Are grabeagoa izango litzateke bigarren kasua. Irakasleak aitortutako maila ez badio aztertzaileak aitortzen bi ebaluazio-prozesuetatik bat ez dagoela ondo ulertu behar da. Ebaluazio-prozesuak aztertuta begi bistakoa da askoz ere sakonago eta osoagoa dela euskaltegian burutzen dena eta beraz horrek izan beharko luke egiatasun handiena. Gaur egun, ordea, ez da horrela eta azterketa-saioan burutzen denari bakarrik aitortzen zaio balioa.
 
Hainbat arrazoi aipa daitezke egoeraren azalpena egiteko eta aldi berean egoera hobetzeko oinarri izan daitezkeenak.
 
Batetik, Helduen Euskalduntzea HABEri dagokio orokorrean baina horretatik kanpo geratzen da Administrazioko langileen euskalduntzea. Azken hau HAEEk eta IRALEk daramate aurrera. Kanpo geratzen da, era berean, Hizkuntza Eskoletako ikasleen euskalduntzea, eskolok Hezkuntza sailaren menpe daude-eta.
 
Euskalduntze prozesuan lortutako mailak egiaztatzeko orduan, euskaltegien eskumena oso-oso eskasa da. Hizkuntza Eskolek bi agiri ematen dituzte, Hezkuntza sailak EGA ematen du, HAEEk Hizkuntza Eskakizunak egiaztatzen ditu eta aspaldi dago erabakita horien guztien arteko baliokidetasuna. Euskaltegiek ezin dute ordea, inongo mailarik egiaztatu eta oraindik aztertzeko dago ustezko baliokidetasuna. Duela urte batzuk izan zen saiakera bat EGA titulua emateko orduan euskaltegien parte-hartzea bultzatzeko eta horren arabera euskaltegi bakoitzak egiten zuen EGA azterketaren lehen froga. Emaitzak ikusita bertan behera utzi zuten prozesua.
 
Norbaitek egoera hau arazotzat hartuko balu, eta benetan ez dut ulertzen oraindik ere nola ez den hartu, konponketa oso-oso erraza da. Nahikoa litzateke irakasleek euskaltegian burututako ebaluazioaren ondorioz aitortutako mailei benetako balioa ematea eta horixe izatea bestelako azterketarik egin beharrik izan gabe Administrazioko langileei aitortutako Hizkuntza Eskakizuna. Arazoak ere ekarriko lituzke konponketa erraz honek, jakina. Irakasle eta euskaltegien arteko lehia sor litekeela entzuna dugu dagoeneko, ebaluazio-irizpideak batu egin beharko lirateke eta hitz batean, irakasleen esku utzi beharko litzateke azken erabakia.
 
Badakit kosta egingo zaigula baina egunen batean heldu beharko diogu lan honi guztiari, bestela orain arteko egoera xelebrean segituko dugu eta bitartean beste nonbait hain beharrezko diren indar eta diruak alferrik xahutuko ditugu.
 
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia
 
gora
 

HAEEko HIZKUNTZA ESKAKIZUNEN EMAITZAK

Aldizkaria honen urtarrileko alean Aitziber San Romanek idatzitako artikuluaren gaiari lotuko natzaio, beste hausnarketa batek eztabaidari on egingo diolakoan. Izan ere administrazioaren hizkuntza eskakizunen azterketen emaitzak ikusita, zaila da isilik egotea. Hala ere, gaiari oso ekarpen xumea egiteko asmoa dut: irakasle naizen aldetik eman nahi dut nire ikuspuntua, ikuspuntu metodologikoa, alegia.

 
Irakasleok erabiltzen ditugun praktikek eta prozesuek teoria psikopedagogikoetan dute oinarria. Gaur egun euskararen irakaskuntzan ildo komunikatiboaren barruan, ikaslea egoeraren, asmoaren eta kanalaren garrantziaz ohartarazten dugu; alderdi hauek berebiziko garrantzia baitute jarduera komunikatiboan. Era berean, horretan dihardugunok ondo ikasi dugu ikasleak bere ezagutza-mundutik hurbilago dagoena azkarrago ikasiko duela; eta azkenik, heldu orok bigarren hizkuntza ikasteko 1H erabiltzen duela etengabean eta ezinbestean, horrek eusten baitio bere ezagupenari. Hiruki horretan oinarrituko naiz hurrengo lerroetan: alderdi pragmatikoan —hiztunek zelan erabiltzen duten hizkuntza, duten ezagutza eta egoeraren arabera — 1Hren garrantzian — ezagupen berriaren galbahe eta euskarria— eta Krashenen inputaren teorian —eskurapena bermatzeko ikasleari eman beharreko inputa bere konpetentzietatik oso hurbil egon behar du—.
 
Langileontzat etsigarria da azterketa behin eta berriro suspenditzea. Etsigarria da, era berean, euskaltegian hainbat ordu emanda eta agiria eskuratuta, lanean euskaraz aritzeko gaitasunik ez izatea. Zergatik, baina? Haiek oso gai dira bere eguneroko lanean (2HE eta administrazio laguntzailea, kasu) telefonoz informazioa jaso eta emateko, postaz eskabideak tramitatzeko, mostradorearen atzean daudela kontsultak bideratzeko... Langileek esparru horretan erabiltzen dute hizkuntza. Bigarren hizkuntza, euskara, helburu berarekin ikasi beharko lukete. Eta horretarako, irakasleok, ikasleak jada dituen gaitasunetatik abiatuko gara.
 
Errealitatea bestelakoa da, tamalez; irakasleontzat etsigarria da 1Hn ikasleak dituen gaitasunak gehiagotan baliatu ezin izana eta 2Hn gaitasun batzuk garatu beharra. Horrek eskatzen duen ahalegin fisikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, gainera. Guretzat are etsigarriago da jakitea hainbeste lanez lortutako gaitasun horiek lanean ez dituela zuzenean aplikatuko, eta bere kabuz beste batzuk garatu beharko dituela gero euskaraz jarduteko. Adibide bat: langileak —administrari laguntzailea, kasu— Hizkuntza Eskakizuna egiaztatzeko 35 lerroko eskutitza idazten ikasi beharko du, eta ikasi diot agian bere 1Hn horrelakorik egiteko premiarik inoiz ez duelako izan. 
 
Premia komunikatiboez ari bagara, administrazioan garatzen diren ekintza komunikatiboen premiez mintzo behar. Administrari laguntzaileek seguru asko lanaldian zehar argibideak, aginduak, iradokizunak, azalpenak... emango dituzte. Hau dena aurrez aurre, telefonoz eta postaz, hau dena, premia zehatz batzuk dituen herritar baten aurrean. Kafe orduan, ordea, iritziak, azalpenak, usteak, txisteak... egingo dituzte. Baina imajinatzen duzu, irakurle, gure langilea bere iritzia bost minututan azaltzen hasiko balitz? Bakarrik geratuko litzateke kafe makinaren ondoan.
 
Ez, hori ez da administrazioak behar duen hiztun mota. Elkarreraginean trebea behar du izan gure langileak.
 
Beste adibide bat: eskaera bati erantzuna ematea postaren bidez; beste bat, aurrez aurre elkarrizketa burutu zerbitzu baten inguruan... Horiek dira administrazioko langileen jarduerak; hori dakite egiten eta ondo egiten bere lana delako.
 
Eskurapena bermatzeko ikasleari eman beharreko inputak bere konpetentzietatik oso hurbil egon behar du. Baina gaur egun indarrean dauden teoria psikopedagogikoetatik oso urrun ari gara jokatzen hizkuntz eskakizunen kontuetan; ikasleak ebaluatzeko erabiltzen den proba ikasleen lan premietatik eta gaitasunetatik kanpo baitago. Ikasleen eta irakasleon ahaleginek emaitza zoriontsuagoa izango lukete baldin eta bi zutabe horiek (errealitatea eta ebaluazioa) elkarren ondoan jarriko balira. Administrazioan zenbait zerbitzu euskalduntzeko modu bat baino gehiago dagoke eta agian luzeena eta etsigarriena erabiltzen ari gara: gure herrikideak lanerako behar dituen jarduerak ebaluatu beharrean, azterketa-ereduak ikasleak behar ez dituen gaitasunak garatzera garamatza-eta. Dirua eta denbora soberan bagenu, oso ondo legoke langileok iritzia garatzen ikasiko balute; baina hori ez da inongo administrari laguntzaileren premia.
 
Pilar Montoya
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
Korrika 13: http://www.korrika.org/
Korrika ere sarean da. Gune honetan ez ezik, www.nontzeberri.com orrian ere aurkituko dugu Korrikaren inguruko informazioa.
Euskal Fonetikaren Ataria: http://www.fonatari.org/
Deustuko Unibertsitateak bultzatuta, web gune honetan euskararen fonetika da arretagune nagusia. Hotsak eta transkribaketak euskalkiz euskalki aurkituko ditugu
Euskal Idazleen Elkartea: http://www.idazleak.org
Euskal Idazleen Elkarteak berrikitan jarri du abian bere web gunea. Hainbat informazio, albiste eta datu jakingarri ditugu eskura hemen.
VTrain: http://www.paul-raedle.de/vtrain/home-eu.htm
VTrain hiztegia ikasteko programa da. Hiztegiari buruzko galderak egiten ditu eta norberak erantzun ahala, erantzunak sailkatzen ditu egindako hutsen arabera. Berrogei bat hizkuntzatako testak daude, euskara barne.
Udako Euskal Unibertsitatea: http://www.ueu.org
UEUk zeharo berritu du web gunea.
Euskaldunon Ataria: http://www.aurkitu.com
Euskarazko beste atari bat.
Euskalingua Aldizkaria: http://www.mendebalde.com/euskalingua/
Mendebalde Kultura Alkarteak argitara ematen duen aldizkaria duzue hau. Artikulu interesgarriak aurkituko ditugu lehen alean.
gora
 
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria: 12. alea
 
Produktuak eta zerbitzuak: atal berria
 
 
Martxoko zozketa: irabazlea
 
Apirileko zozketa: Ezetz asmatu!

 
gora

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia