Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

11. alea, 2003ko urtarrila

216 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
 
Aurkibidea
 
1. Han-hemenka: Hiznet. Aitor Etxebarria
2. Hausnarrean: Urtebete geroago. Pedro Lonbide
3. Hizketan... Mari Jose Latorrerekin
4. Zera irakurri dugu
5. Zera jakin dugu
6. Zenbat buru...: Hizkuntza eskakizunen azterketak direla-eta. Aitziber San Roman 
7. Lotura interesgarriak
8. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
 
 
Han hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
 
HIZNET
1. Zer da HIZNET?
 
Hizkuntza Plangintzarako Ikastaroa. Halaxe definitzen dute internet bidez garatzen den ikastaro hau antolatu eta bultzatzen dutenek: Eusko Ikaskuntzak, EHUko Soziologia Fakultateak, UEUk eta SEI elkarteak. Euskararen normalkuntzarako lagungarri izan daitekeen ezagutza kualifikatua eta sistematikoa eskaintzea da ikastaro honen helburu nagusia.
 
Helburu honen azpian azaltzen dira helburu zehatzago hauek:

 

Soziolinguistikaz oinarrizko ezagutza eskaini.

Hizkuntzaren egoeraren berri zehatza jaso ahal izateko beharrezkoak diren metodologiez eta teknikez jantzi.

Hizkuntza egoera hobeto ulertzeko eta normalkuntzarako bidean hartu beharreko estrategiak finkatzeko lagungarriak diren oinarri teknikoak eskaini.

Euskararen normalkuntzaren plangintzarako metodologiez eta lanabesez jantzi.

Hizkuntza gutxituei teknologia berrien eskutik datozkien erronkak eta eskaintzen zaizkien aukera berriak ezagutu.

Euskararen egoeraren berri zehatza eskaini.

 
Programa oparo hau bost jakintza-sailetan integraturiko irakasgai ezberdinetan garatzen da. Hona hemen, adibide gisa, irakasgai batzuen izenburuak: Hizkuntza gutxituak nazioarte mailan, Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak, Ikerketa soziolinguistikorako metodologiak eta teknikak, Gizarte psikologia: Motibazioak, hizkuntza jarrerak, Normalkuntza saioak administrazio publikoan, Euskara eta teknologia berriak...
 
Bi eratara buru daiteke ikastaroa:

 

Ikastaro osoa eginez. Honek zera suposatzen du: programa osotik 200 orduko irakasgaiak jarraitzea, gehi ikastaro bukaerako sakontze egitasmoa burutzea (50 ordu inguru)

Moduluka: ikasturte bakoitzean gutxienez 70 orduri dagozkion modulu edo irakasgaiak osatu behar dira.

Ikastaro hau hartzaile askori dago zuzendua: zer esanik ere ez, gaur egun euskara teknikari lanetan dihardutenei edo egunen batean horretan aritzeko asmoa dutenei, unibertsitate ikasketak burutu dituzten ikasleei, euren formazio eta titulazioaren osagarri gisa, eta baita euskalgintzako euskaltzale edo euskararen inguruan dihardutenei ere.

 

2. Lan egiteko prozedura
 
Lehenengo lerroetan esan dugun bezala, internet bidezko ikastaroa dugu HIZNET. Lanean hasteko, programa osatzen duten irakasgaien zerrenda aurkeztu ziguten, izenburua, irakaslea eta ordu kopurua zehaztuta. Batzuk (gehienak) derrigorrezkoak dira eta 120 orduko dedikazioa suposatzen dute; gainontzeko 80ak aukerako irakasgaien artean osatu behar ditugu. Aukerako hauen hautaketa egin behar izan genuen matrikularekin batera (ikastaro osoa egiteko aukera eginez gero, noski).
 
Hautatutako gai guztiek beren bidalketa eguna dute. Lehenengoa, jakina, ikasturte hasieran bidali ziguten, denoi batera. Gainontzekoek ere badute egutegi estandar bat, baina berauek jasotzeko aurretik duten irakasgaiaren ebaluazioa burutu behar da. Hau egin ezean, ez dago hurrengo irakasgairik. Irakasgai bakoitzerako, eskuarki, bi asteko epea izaten da.

2.1. Irakasgaiaren ebaluazioa

Bi ariketa motak osatzen dute ebaluazioa:

Testa, 10 galderakoa, a), b), c), d) itxurakoa. Irakasgaiaren tamainaren arabera, test bakarra edo bi izan dezake. Dena den, ebaluazio ariketa mota hau irakasgairen baten batean falta izan da.

Ariketa praktikoa, elaborazio pertsonalagoa eskatzen duena. Irakasgaian planteatzen den kontu nagusiaren nolabaiteko sintesia izan daiteke edo irakasgaian planteatzen den harira, kasu praktiko bati eman beharreko erantzuna.

 

2.2. Irakasgaien planteamendua

Gaia posta elektronikoz bidaltzen da. Baina bada web orrian irakasgaiei eskainitako tartea. Bertan irakasgai bakoitzaren azpian honako atal hauek daude:

 

Irakasgaiaren laburpena

Ebaluazioa (arestian aipatu ditudan atalez osatua: testa, ariketa praktikoa, lan hoberenak ikusi)

Material osagarria: irakasgaiaren laburpena, bibliografia

Irakasgaia ebaluatzeko bidea (oso sinplea: oso ona, ona...)

Irakasleari galderak egiteko aukera

Bestelako materiala: dokumentu ofizialak, adierazpenak...

2.3. Sakontze egitasmoa

Ikastaroa bukatu aurretik egin beharreko lan praktiko sakonagoa da sakontze egitasmoa, 60 bat orrialdekoa. Antolatzaileek gai zerrenda bat eta gai bakoitza zuzenduko lukeen irakaslearen izena proposatzen ditu, baina norberak nahi duena proposa lezake.
 
Egutegi finko bat dago egitasmo hau aurrera eramateko: gabonak orduko 3 gai proposatu, ondoren erabaki, lan proposamena bidali, berau zuzendu - onartu eta burutu.
 
2.4. Saio presentzialak
 
Lau izango dira guztira ikastaro osoan zehar. Momentuz bakarra izan dugu eta lerro hauek irakurtzen dituzuenerako bigarrena ere egina izango da. UEUk Eibarren duen egoitzan burutzen dira larunbat goizetan. Bertan, hasieratik (edo saiotik saiora) eman diren irakasgaien inguruan antolatzen dira lan-taldeak (irakasgaiko bat). Irakasgai bakoitzari dago(z)kion irakasleak/ek sarrera bat egin ondoren, ikasleon galdera, iradokizun eta eskaerei erantzuten saiatzen dira.

3. Orain arteko balantzea

Oso inpresio ona dugu orain arte jasotako gaien eta egindako lanaren gainean. Badakigu balantzeak eta iritziak ematerakoan pisu handia daukala gai edo arlo horrekiko norbere zaletasunak, interesak... Eta, alde horretatik begiratuta, oso interesgarria eta aberasgarria iruditu zaigu orain arteko lana; bereziki, abenduaren bukaeran izan genuen saio presentziala. Irakasleek bertan aurkeztutakoak eta, jarraian, irakasle eta ikasleon artean sortutako elkarrizketak arlo akademikoan gutxitan sentitu izan dugun satisfazioa eskaini ziguten.
 
Ikastaroak baditu, gure ustez, zenbait gabezia, nagusiena irakasgai bakoitzari dagokion ebaluazio osteko irakasleen feedback urri samarra...; baina, akatsen gainetik, beronen interesgarritasuna eta etorkizunerako izan dezakeen erabilgarritasuna azpimarratu nahi genituzke.
 
Eta, honen haritik, zera planteatu nahi genuke: Euskaltegiok badugu honetan ezer irabaztekorik? Erantzuna: bai. Eta erantzun borobil hau azkenaldian bizi dugun krisialdian kokatu nahi genuke. Asko idatzi da krisialdi honen arrazoiez, zergatiez...; eta diagnostiko honetan asmatzeak pisu handia izango du balizko konponketa batean. Baina, honekin batera, argi dagoelakoan gaude etorkizunari begirako irtenbide berrien bila hasi beharra dagoela. Hauetariko bat, dudarik gabe, merkatu eta demanda berrien bila aritzea; hau da, orain arte izan ez ditugun ikasleen bila abiatzea orain arte egin ez dugun eskaintzarekin. Hau guztia herri mailako balizko hizkuntza plangintza batekin izango luke lotura: inguruaren diagnosia, euskaldundu beharreko sektore garrantzitsuen identifikazioa, berauei begirako eskaintza berezitua... Euskaltegien berezko zeregina beharko lukeen hau gure gain hartzera bultzatzen gaitu bizi dugun egoerak.
 
Honetarako guztirako HIZNET programa tresna oso baliagarria da. Aurtengoa bigarren edizioa da. Orain arteko arrakasta ikusita, hirugarrena ere izango dugulakoan gaude.
 
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
URTEBETE GEROAGO
 
Ilusioa eta beldurra elkarrekin ibiltzen dira bizitzan zehar ibilbide berri bati ekiten diogunean eta ilusioa gailentzen denean lortzen dugu bidean aurkitutako oztopo guztiei aurre egitea.
 
Horrela egin dugu guk ere urtebete! Bai, lagunok, urtebete egin du gure aldizkari honek. Helburuak oso argiak ziren, bitartekoak ere bai; jendearen erantzuna ez, ordea. Eta urtebeteren buruan, gure egitekoa osatzen duten gainontzeko ataletan egin ohi dugun bezalaxe, prozesuaren eta emaitzaren ebaluazioa egiteko garaia iritsi zaigu. Izan ere, ebaluatu ezean ezingo genuke jakin zer hobetu behar den; eta hobetzekoak izan, badira, jakina!
 
Gure asmoa irakasleon komunitateari tresna berri bat eskaintzea zen. Gure arteko komunikazioa areagotzeko tresna, Helduen Euskalduntzean ez ezik, hizkuntzen irakaskuntzan zer gertatzen ari den errazago jakiteko eta azken finean, gure lana hobetzeko. Tresna aldizkari elektroniko labur bezala planteatzean, hurbiltasuna eta erosotasuna genituen gogoan, nahiz eta jakin asko direla oraindik posta elektronikoa sarriegi erabiltzen ez dutenak. Hilabetekaria izatea nahi genuen gainera, maiztasun horrek bitartekoen eta helburuen arteko oreka mantenduko zuelakoan. Gora behera asko izan dira bidean baina harro esan dezakegu genituen helburuak bete ditugula eta datuen arabera, 216 harpidedunek jasotzen dute hilero-hilero gure aldizkari hau.

Harpidedun-kopurua garrantzitsua da baina ez luke guretzat inolako esanahirik izango ez bageneki jasotze horrek baduela berarekin erabilera. Izan ere, erabiltze horrek ematen baitio tresna izaera gure aldizkariari. Gure komunitatea txikia eta hurbilekoa izaki, ez dugu inolako zailtasunik izan irakasle askoren iritzi eta usteak jasotzeko, eta horietan oinarriturik esaten dugu erabilerara iritsi garela. Erabilera horren nolakotasuna ere garrantzizkoa da ez baitzen gure helburua ezer irakastea, hainbat ideia eta hausnarketarako puntu eskaintzea baizik. Irakasleongan zer pentsatu eta zer eztabaidatu sortu badugu, geure helburua bete dugu.

Lan handia ekarri digu eta ez diogu inori azaldu behar ez dela gurean bereziki lan honetan ari denik. Bestelako lanak egin eta lan berri hau ere gure gain hartzeak askotan nekea eta hainbat haserre ere ekarri dizkigu, jakina. Hala ere, bidean aurrera egiteak sortzen duen ilusioarekin gainditu ditugu oztopoak eta horrelaxe segitzeko asmoa dugu. Ziur gaude izango direla bidean lagunduko digutenak eta ez dugu zalantzarik gauza gehiago eta hobeto lortuko ditugula.
 
Dena ez da nahi bezain ona, ordea. Kontziente gara oso gutxi izan direla kanpokoen ekarriak, hainbat gairen trataerak ez duela behar besteko sakontasunik izan... Horren adibide izan daiteke gorago aipatutako iritziak ez ditugula aldizkariaren bidez jaso, ahoz baizik. Argi erakusten du horrek oraindik ere ohitura eskasa dugula bitarteko berriak erabiltzeko eta horri ere eragin beharko zaio, berandu baino lehen. Hitz batean, oraindik ere kontu asko hobetu behar dugu baina orain arteko esperientzian oinarrituta aurrera egingo dugu. Hori bai, guztion laguntzarekin; azken finean, Helduen Euskalduntzean ari garen guztion behar bati erantzun nahian ari gara eta elkarren berri izatea, gure eremuan gertatzen ari denaz jabetzea, eztabaidarako guneak bilatzea eta ideia trukaketak sortzen duen aberastasuna lortzea guztion kezka eta aldi berean akuilu da.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Hizketan... Mari Jose Latorrerekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
 

Mari Jose Latorre Trapagarango Udal Euskaltegiko zuzendaria dugu iaztik aurrera. Lehenago, ordea, bertako eta Santurtziko Udal Euskaltegiko irakasle izan da. Zuzendaritzan beste hiru urte ere egin zituen. Beraz, euskaltegi bat eta zuzendaritza-lanak zer diren ondo baino hobeto daki.

Zein da zuzendari baten lana udal euskaltegi batean?

     

Puntu honetan oso garrantzitsua da udal euskaltegiaren zenbait berezitasun aldez aurretik zehaztea. Neurriak, adibidez, zerikusi ikaragarria du kontu honetan. Euskaltegia handia, ertaina edo txikia izateak aldagai piloa ipintzen du dantzan: idazkari akademikoa izatea edo ez izatea, irakasle guztiak elkartu ahal izatea, ardurak banatzea, koordinazioa egin ahal izatea...
 
Zuzendariaren lanaren aurrean, ordea, bada aurrekoak baino eragin handiagoa duen puntu bat: euskaltegia autonomiadun erakundea izatea edo udalaren pean zuzen-zuzenean egotea.
 
Nik neureaz baino ezin dudanez hitz egin, esan behar dut gure euskaltegia txikia dela (dimentsionamendua sei irakaslekoa da) eta ez daukala autonomiarik. Honelako zentro batean zuzendariak udala, euskaltegia eta HABEren arteko zubi izan behar du, irakasle batzaren bozeramale, arlo pedagogikoa eta administratiboaren koordinatzaile... eta ahaztu ezineko zeregina eskolak ematea da.
 
Ohikoa hiru urtez aritzea da. Epe hori egokia iruditzen al zaizu?
 
Uste dut epe hori egokia dela; kontuan hartu behar dugu lehenengo urtea zeregin berria ezagutzen joaten dela. Behin tokian zentratuta, egindako ahaleginari errentagarritasuna eman behar zaio.
 
Bestalde, laburragoa izateak denborari pasatzen utzi eta egin beharrekoak hurrengoari lagatzeko tentazioa ekar dezake; luzeagoa izatea... ez, mesedez!
 
Zeintzuk izaten dira arazo nagusiak?
 
Eguneroko jardunari lotutako erabaki gehienak udaletxean hartzen direnez eta hauek irakaskuntza munduaz ezer gutxi dakitenez, udaletxekoei gure lanaren ezaugarriak transmititzea da, segur aski, lanik nekezena.
 
Zer laguntza-mota behar izaten du zuzendariak?
 
Laguntza mota guztiak dira ondo etorriak edozein lanetan. Zuzendariarenean oso-oso garrantzitsua da bulegariarena, hau delako arlo burokratikoaren jarraipena egiten duena eta arlo burokratikoa delako irakasleoi arrotzen egiten zaiguna. Gainontzeko irakasleen aldetik eskertzekoa izaten da erabakiak hartzen laguntzea; zerbait egiteko konpromisoa hartzen denean, akuiluarekin atzetik ibili barik egitea; udalaren aurrean jokatu behar duzun papera ulertzea...
 
Formazio berezia izan al duzu? Beharrezko izango litzateke?
 
Prestakuntza berezirik ez dakit behar ote den, azken finean epe baterako lana izaten da-eta. Hala ere, uste dut ikasturte hasieran egon beharko litzatekeela nolabaiteko hitzaldi edo jardunaldiren bat zuzendari berriei lan honen berezitasunak jakinarazteko.
 
Dena dela, badago ezjakintasuna konpontzeko nik sarri erabiltzen dudan bide erraz-erraza: dakienari galdetzea.
 
Alde onik ere izango du lan horrek, ezta?
 
Galdera planteatuta dagoen modua ikusita, badirudi zuzendaritza era ezkorrean ikusten dugula, ez dut uste nik hain beltz jarri dudanik. Harira etorrita, baditu alde onak eta bat baino gehiago gainera:
Gure lana eguneroko eskola prestatu eta ematea baino gehiago dela jakitea.
 
Geure euskaltegitik kanpo gertatzen denaren berri izatea.
 
Bestearen lekuan jartzen ikastea.
 
Lan ordutegi malguagoa.
 
Soldata.
 
Alde onak eta txarrak baloratuta, merezi al du lan horretan aritzeak?
Uste dut zuzendaritzatik pasatzea ona dela norbere buruarentzat eta euskaltegiarentzat. Ezagutzen ez den lana kritikatzea oso erraza da; baina paper horretan gaudenean zer egiten dugun jakiteak, agian errazegi hitz egiteko tentaziotik urruntzen gaitu.
gora

     

 
Atal honetan helduen euskalduntzea hizpide hartuta, argitara emandako iritziak eta usteak ekarriko ditugu, ezagutzea eta gurean eztabaidatzea mesedegarria izango delakoan
 
 
2003ko urtarrilaren 17an Deia egunkariak Helduen Euskalduntzeari dedikatu zion erreportaje luzea. Hor, besteak beste, Andoni Iturbek HABEko Zuzendari Nagusi Jokin Azkueri egindako elkarrizketa irakurtzeko modua izan genuen. Daukan interesagatik hona ekarri ditugu aipatu elkarrizketaren pasarte batzuk. Hona hemen:

 

DEBIDO AL DESCENSO paulatino de matrículas en los euskaltegis, HABE afronta los retos del futuro a corto plazo a la espera de los resultados de un plan de viabilidad de los euskaltegis que saldrá a relucir en marzo. Según el director general de HABE, los nuevos retos de euskaldunización y alfabetización de adultos requieren una mayor flexibilidad para adecuarse a las exigencias del alumno. Si en el curso 95/96 se matricularon casi 45.000 alumnos, el curso pasado atrajo la atención de 34.000 alumnos. Las posibles causas de este descenso podrían ser la influencia de los modelos de educación, la edad de los alumnos, algunos cambios demográficos como el flujo migratorio o la tasa de paro y estudios académicos.

 

¿Nos encontramos ante una crisis cíclica?
Llevamos tres años consecutivos con el descenso de matrículas y el nuevo contexto nos debe llevar a una estrategia más flexible. Es verdad que siempre ha habido ciclos pero los nuevos variables indican que después de tocar techo el descenso es paulatino.
¿Cuál sería la estrategia para atraer al alumnado?
Los alumnos piden más flexibilidad. En la vorágine actual, la gente programa su vida y para aprender euskera es necesario un proceso de aprendizaje largo. El alumno debe tener la posibilidad del autoaprendizaje, acceso a las nuevas tecnologías. Se trata de una tendencia que va en aumento. Los euskaltegis deberán adecuar su oferta a las necesidades específicas del alumnado: con cursos para la administración pública, a comerciantes,... Si antes nos venían los alumnos, ahora debemos atraerlos nosotros.
(...)
Tras la diversificación de la enseñanza en euskera (euskaltegis, autoaprendizaje...), ¿la calidad de la oferta también ha aumentado?

La calidad es esencial, la forma de enseñar, cubrir las expectativas del alumno... en base a ello se tomarán las decisiones. El alumno es cada vez pragmático.

Para muchos alumnos el autoaprendizaje y la oferta multimedia son demasiado caros.
Sí, pero ofrecen otras variables. Se ha invertido bastante en esa oferta que debe ir renovándose cada año. Es un servicio que también permite el contacto semanal con el profesorado y refuerza la autonomía del propio alumno. El que requiere este servicio ya sabe de antemano sus características.
(...)
Todos los euskaltegis ya están homologados. ¿La profesionalización del profesorado es real?

Sí, los tiempos de la militancia ya quedaron atrás. Los profesores trabajan con un mínimo de condiciones de trabajo.

Los resultados de los planes estratégicos y de euskaldunización (el de Osakidetza, etc.) son a largo plazo. ¿Es cuestión de tiempo?

Es cuestión de previsión y capacidad de viabilidad. En el próximo acuerdo de colaboración con los euskaltegis deberíamos establecer algunos indicadores de calidad y decidir los objetivos.

Mientras tanto, los euskaltegis sufrirán recorte de plantilla. ¿Qué se hará para paliarlo?
Los representantes de euskaltegis se han puesto en contacto con nosotros, habrá recortes y se buscarán acuerdos para que haya la menor cantidad de perjudicados. Hay algunos euskaltegis que compiten con el que están a su lado, y no pueden llenar los grupos.
gora
 
 
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
Barearen ostean omen dator ekaitza. Ez dakigu gurean ere horrelakorik esateko moduan ote gauden, baina 2002ko urritik abendura bitartean izandako artikulu, adierazpen, bilera eta agerraldien ostean isiltasuna abaildu zen Helduen Euskalduntzearen egoeraren inguruan.
 
Orain, berriz ere, hasi gara albisteak jasotzen. Hona hemen horietako batzuk:
 

2003ko urtarrilaren 24an bildu zen aspaldiko partez HABEren Batzorde Akademikoa.

2003ko urtarrilaren azken astean IKEIk (eukaltegien bidegarritasunaren gaineko ikerketa burutzen ari den enpresa) EUDELekin, euskaltegi pribatuetako titularrekin eta hainbat aditurekin izango ditu bilerak.

2003ko otsailerako HABEren Zuzendaritza Batzordea ere biltzekotan da (hau ere urtetan deitua izan gabe egon ostean).

Euskaltegien Bidegarritasunaren gaineko ikerketa martxoaren hasierarako egongo da amaituta

(...)

gora
 
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
HIZKUNTZA ESKAKIZUNEN AZTERKETAK DIRELA-ETA
 
Aurreko asteetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE-IVAP) hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko 2002ko bigarren deialdia antolatu du. Deialdiari zegozkion probak burutu eta, azken deialdietan ohi bezala, oso azterketari gutxik gainditu dute hirugarren hizkuntza eskakizunaren azterketa-proba; Donostiako azterketetan, esaterako, Atariko Proba gainditu zuten 100 lagunetatik 2k gainditu zuten idatzia. Aztertzaile-lanetan aritu garen batzuei kezka sortzen digu emaitzak hain kaskarrak izateak; baina, kezkak kezka, deialdiak joan deialdiak etorri, ez dirudi egoeraren atzean zer dagoen jakiteko inork ezer egiten duenik. Horrexek larritzen nau ni gehien eta hori dela-eta ari naiz lerro hauek idazten.
 
Aurrera egin aurretik, ordea, zilegi begit ohar bat egitea. Hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko proben emaitzez arituko naiz eta delakoak noizbait zuzendu ditugunok ongi dakigu idazlanaren bitartez frogatzen dutela azterketariek maila duten ala ez ¾azken deialdian, kasu, ez dakit cloze-testa gainditu ez zuenik egon ote zen eta, egotekotan, oso gutxi izan ziren¾ . Hortaz, azterketak edo probak aipatzean, idazlanez jardungo dut.
 
Esan dut ez dudala ikusten egoera aztertzeko saiorik egiten denik. Aztertzaileek komentatu egiten dugu mailarik ez duen jendea aurkezten dela, baina hortxe uzten dugu kontua. Hau da, idazlanek maila eskasa erakusten dute, bai, baina... zergatik? Gaiak ikerketa sakona merezi duela uste dudanez, arakatu beharko liratekeen hainbat ildo aipatuko ditut.
 
Ukaezina da mailarik ez duten azterketariak aurkezten direla. Hauen artean, seguraski gehiegi sinplifikatuz, bi multzo bereiztu behar direla uste dut: lehen multzoan, aurreko deialdian bigarren hizkuntza eskakizuna gainditu (zenbaitetan konpentsazio-sistemaren bidez) eta froga egin nahi izaten dutenak lekutuko nituzke eta bigarrenean, hirugarren hizkuntza eskakizuna denbora luzez prestatu ondoren aurkezten direnak. Lehenengo multzokoei buruz pare bat galdera: zerk bultzatuta aurkezten dira? Eta, behin aurkeztuta, nola liteke horiek atariko probak eta cloze-testak gainditzea? Ez dakit zenbat diren lehen multzo horretako azterketariak ¾datuek berehala utziko lukete agerian¾ , baina ni gehiago larritzen naute bigarren taldean kokatu ditudan horiek. Hauen inguruan, berriz, hona hemen galdera: zergatik ez da nahikoa jaso duten prestakuntza?
 
Baina, aurrekoekin batera, egon badaude maila izan eta proba gainditzen ez duten azterketariak ere. Zergatik? Berriro diot aztertzeko moduko auzia deritzodala, hala ere, hipotesi bat aurreratzera ausartuko naiz. Ez dakit ez ote ditugun nahasten maila eta maila egiaztatzeko proba. Hirugarren hizkuntza eskakizuna EGAren baliokidea da eta, beraz, berau egiaztatzeko idazlana taxutzeko gauza izan behar du azterketariak. Baina... horrela behar al du? Hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko probak administrazioko langileentzat propio sortutakoak izaki, ez al genituzke horiek langileak buruan prestatu beharko? Hau da, maila frogatzeko, ezin dira lanean sortzen dituzten bezalako testuak erabili? Horrela jokatzera, hirugarren hizkuntza eskakizunak ez luke EGAk duen agiri-balio bera izango, baina... hori al da bilatzen ari dena?
 
Eta... maila izanagatik, proba gainditzen ez dutenen artean aztertzaileen irizpideengatik gainditzen ez duten bakar batzuk ere baditugu. Gai honi nolabait heldu bazaio ere ¾eta horretarako, hain zuzen, antolatzen dira bateratze-saioak¾ honetan ere denok ahalegin handiagoa egin behar dugulakoan nago.
 
Ikusten denez, galderak mahaigaineratu besterik ez dut egin. Jakin badakit zeregin hori oso dela erraza, baina, egiten ez badira, ez zaie sekula erantzuna bilatzen hasiko.
 
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia
gora
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
Bilbo Zaharra: http://www.bilbozaharra.com/
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA
 
Euskaraz izeneko atariahttp://www.euskaraz.com/
 
Kaixo atariko arduradun Aitor Lopez de Aberasturik atari berri bat jarri du martxan.
 
 
ARTIKULUAK SAREAN
 
Euskararekin interneten: http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0195zbk/gaia19504eu.html

Josemari Velez de Mendizabalek Euskonews & Media aldizkari elektronikoan (195. zbk., 2003ko urtarrilaren 17tik 24ra) argitara emandako artikulua
 
Norma y diversidad en la lengua vasca: http://www.juandegaray.org.ar/fvajg/docs/Norma_y_diversidad_en_la_lengua_vasca
 
Henrike Knörr euskaltzainak 2003ko urtarrilean Juan de Garay web gunean argitara emandako artikulua
 
gora
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Atal berriak:
 
Albisteak: Euskararen eta euskalduntzearen munduko albisteak aurkituko dituzu hemen
 
Olentzarori gutunak lehiaketa: irabazleak
 
Irakasleon Aldizkaria: 10. alea
 
gora
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia