Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

10. alea, 2002ko abendua

210 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
 
Aurkibidea
 
1. Liburuak eta artikuluak: ¿Qué hago yo mañana en clase? Begoña Ruiz Kortadi
2. Lanak eta esperientziak: Irakaslearen trebetasun komunikatiboak (I). Pedro Lonbide
3. Hausnarrean: Erreferentzi Marko Europar Bateratua. Abel Camacho
4. Zenbat buru...: Bizkaieraren irakaskuntza. Belene Salazar
5. Lotura interesgarriak
6. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen
 
 
Artikulua: ¿Qué hago yo mañana en clase?
Egilea: Isabel Santos
Liburua: Español como lengua extranjera: aspectos generáles (Actas de las primeras Jornadas Pedagógicas y Primer Congreso de ASELE)
Argitaratze-urtea: 1998
Argitaletxea: ASELE
 
Etxean egunero jateko zer jarri kezka nagusienetakoa den bezalaxe, irakasleok klasean, zer egin dugu ardura.
 
Galdera hau egitean, saiatuko gara hausnartzen zeintzuk diren klasearen arrakasta eragiten duten faktoreak. Gure kasuan, irakaskuntzan, gero eta beharrezkoagoa da. Alde batetik, ikastea boluntarioa da eta bestetik, praktikoak izanik, pozik ez dagoen ikaslea beste zentro batera joan daiteke, gaur egun aukera zabala baitago.
 
Edozein irakaslek ondo baino hobeto daki noiz eman duen klase on bat eta noiz ez. Kontua da klase ona zer den jakitea. Programaren edukiak betetzen dituena? Ikasleen helburuak asetzen dituena? Atsegina eta dibertigarria dena? Galdera honen erantzuna gurpil zoroaren antzera, ezarritako programaren araberakoa dugu, eta programazioa ikasleen helburuen araberakoa.
 
Programak maila bakoitzean ikasleak ikasi behar dituen funtzioen hurrenkera izango du.
 
Zein da, bada, programazioaren ardatza? Gramatika ala funtzioak? Metodo komunikatiboaren ikuspegitik, funtzioak, noski. Baina azpimarratzekoak dira gramatikari lotutako bi puntu. Lehenengoa, gramatika programazioaren ardatza bada ere, funtzio komunikatiboetan islatzen da; bigarrena, modu esplizituan behar beharrezkoa denean baino ez da agertuko.
 
Programa behin ezarririk, eguneroko programazioa dugu, hainbat faktore kontuan hartu behar dituena: ikasleen maila, kopurua, ezaugarriak, ordutegia... Hurrengo galdera izango da programazioaren abiapuntua: zer jakingo du ikasleak klase amaieran? Klasearen helburua ikasleari jatorrizko hiztunekiko interakziorako baliabideak ematea da, xede-hizkuntzaz gai izateko. Ernesto Perisek dioen bezalaxe hizkuntza giza eginkizun bat da, giza interakziorako tresna.
 
Aipaturiko programaren alderdi estralinguiskikoak ezarrita, eguneroko programazioak kontuan edukiko ditu azpigaitasun komunikatiboak (linguistiko, soziolinguistiko, diskurtsibo, zein estrategikoa) lantzeko burutuko diren jarduerak.
 
Honela izanik, klasearen programazioak kontuan edukiko ditu: ikasleen maila, helburua, iraupena, materiala, ikasleen zailtasunak eta prozedura pausuz pausu. Horrelako sistematizazioaz, teorian behintzat, klaseak baditu ondo ezarririko helburuak lortzea bermatuko duten teknikak.
 
Arrakasta klasearen prestaketa eta gogoan edota ilusioan oinarritzen baita.
 
Funtsezkoa da teknika eta jarduera ezberdinak erabiltzea, ikasleen jakingurari eutsiz, eta denbora kontrolatuz. Hobe da jarduera bizi bizian dagoela etetea eta ez ikasleak nekaturik daudela ikustean.
 
Profesional gisa, gogotsu eta sortzaile izateko betebeharra dugu.
 
Begoña Ruiz Kortadi
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
gora
 
 
Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu

IRAKASLEAREN TREBETASUN KOMUNIKATIBOAK EDO ZERTAN JAKIN BEHAR GENUKEEN (I)

 

Konturatu gara azken urte hauetan, hizkuntza irakastea ez dela bakarrik hizkuntza horren osagaien azalpen egokia egitea. Osagaien arteko loturak eta horien erabilera zertan den ikasi behar du ikasleak. Hori dela-eta, gure programak aldatu eta klaseko jarduerak helburu hauetara egokitu ditugu.

 
Bada, ordea, askotan kontuan hartzen ez dugun zerbait. Ikasleak ikasi behar duena praktikan ipini behar du irakasleak. Hau da, benetako komunikazio-prozesuak gertatuko dira klasean eta ikasleak horretan ikasi bitartean irakasleak benetako abilezia erakusteaz gain ikasleak izan ditzakeen gabeziak konpentsatu beharko ditu.
 
Izan ere, komunikaziorako trebetasuna ahoz edota idatziz ari denaren gaitasun gisa ulertu da eta irakatsi eta ikasteko prozesuetan bereziki honek arazoak ekarri ditu. Komunikazioa biren arteko prozesua da eta osotasuna behar duena. Parte hartzaileen ekarpenek osatuko dute komunikazioa eta zenbat eta txikiagoa izan ikaslearen komunikazio-gaitasuna orduan eta handiagoa izango beharko du irakaslearen ekarpenak.
 
Bi osagai aztertu beharko genituzke beraz, ikasle eta irakasleen arteko benetako komunikazioa lortu nahi badugu: ekarpenen kopurua eta ekarpenen izaera. Oraingo honetan bigarren honi buruz aritu nahi dugu, ikasleek egiten dituzten ekarpenez eta, batez ere, irakasleek egin beharko dituztenez.
 
Ekarpenok asko eta askotarikoak direla badakigu eta horrelako lan batean ezinezkoa dela guztiak behar bezala aztertzea ere bai. Horregatik, gure ustez garrantzia berezia duten batzuk azaltzen saiatuko gara irakasleei hausnarketarako bidea eskainiz. Bestalde, ikasgeletan izandako esperientzietan oinarrituko garela adierazi nahi genuke, askotan komunikazio-arazoak gertatzen direnean sintomak nabaritu bai, baina arazoa zein den ez baitugu jakiten.
 
Irakasleak zerbaiten inguruko azalpenak eman eta handik eta egun batzuetara ikasleak oso bestela azaldu zuela esan eta egun hartan idatziz hartutako oharrak erakutsi. Nork ez du horrelako esperientziarik izan? Argi dago horrelakoetan irakasleak benetako informazioa eskaini duela baina, hala ere, ikasleak ez du mezu bera jaso. Gogorra bada ere, onartu egin beharko genuke irakasleak ez duela azalpen ona eman ez delako ikaslearentzat egokia izan eta egokitasun horrek neurtu beharko luke komunikazioaren arrakasta. Azalpena, zalantzarik gabe, benetakoa ez ezik jantzia, osoa, arrazoitua, adibideduna izango zen baina ez du kontuan hartu komunikazioan etengabe gogoan izan behar dena: hartzailea. Nor dugu aurrean?
 
Gure mezuen hartzaileen adinaren arabera moldatzen ditugu mezuak komunikazio-egoera errealetan, baita ere ezagutza mailaren arabera eta askotan sexuaren arabera. Oso ezberdina izan daiteke, eta izaten da, mezu beraren interpretazioa. Ez da harritzekoa: bakoitzak aurrez dituen eskemen arabera egingo du mezuaren interpretazioa eta eskemok oso ezberdinak dira dugun sexu, adin, ezagutza, egoera eta abarren arabera.
 
Hori dela eta, ondo adieraztearen beste definizio bat beharko genuke, gaitasun komunikatiboarekin lotuago dagoena. Zerbait ondo adieraztea ez da gure baitako zerbait, gure aurrean dagoena ezagutu eta dituen ezaugarrien araberako moldaketa egokia egitea baizik.
 
Konparaziorako forma alokutiboen erabilera har daiteke. Ondo adierazita al dago etorri duk? Ondo dagoen ala ez jakiteko, mezutik at eta mezua sortu duenarengandik at jo beharko genuke, nor dugun aurrean aztertu (sexua, adina, harremana...) eta mezu horren egokitasuna erabaki.
 
Hizkuntzaren erabiltzaile gisa ari garenean eten gabe erabakitzen dugu egokitasuna lortzeko zer-nolako mezua sortu behar dugun eta horren arabera moldatzen ditugu gure ekarpenak; irakasle gisa ari garenean, ordea, ezin gara konformatu horrekin eta desegokitasunak zerk sortuak diren aztertu beharko genuke. Izan ere, desegokitasun gehienak ikaslea sortzen ari den sistemaren osotasun faltaren edota eraikuntzaren okerren baten ondorio dira.
 
Askotan entzundako beste adibide bat hauxe izan daiteke, nahiz eta mutur-muturrekoa izan: nola azaldu zer den ordenadoreko artxibo bat, 70 urteko alfabetatu gabeko bati? Ulertzea nahi badugu bere errealitatea ezagutu beharko dugu eta errealitate horretatik abiatu gure mezua ondo moldatuz; bere ezagutza-eskemetan erabilgarri diren elementuak hartuta lortu beharko dugu elementu berri bat txertatzea.
 
Kontua ez da beraz informazio-kantitatea, ezta kalitatea ere. Informazio hori zenbateraino den txertagarria aurreko ezagutzekin aztertu beharko dugu. Ezagutzaz ari garenean ez gara ezagutza deklaratiboez bakarrik ari, jakina; ezagutza-sistema osoaz ari gara, askotan lortu nahi duguna ez baita informazio zehatz bat eskuratzea, prozesu baten garapenean aurrera egitea baizik.
 
Ikasle bakoitzak munduaz, hizkuntzaz, ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz hainbat ezagutza du eta horiekin guztiekin ez ezik horiek lortzeko izandako prozesuekin du osatuta berezkoa duen ezagutza-eskema jakina. Neurri batean ondoko ikaslearen antzekoa izango da baina ez bera. Kontua hitz batean hauxe da: irakasleak ezagutza-eskema horiek ondo ezagutu behar ditu zer ulertuko dioten aurreikusteko batetik eta bestetik, ezagutza horiek osatzeko zer falta den eta nola ekin dakiokeen lan horri erabakitzeko.
 
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
ERREFERENTZI MARKO EUROPAR BATERATUA
 
Aldizkari honen aurreko alean Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektuaz jardun genuen. Izan ere, euskaltegiotan ari garenok 2003ko otsailera arteko epea dugu Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren argitan (HEOK) kurrikulu-egokitzapena burutu eta HABEren zuzendari nagusiari aurkezteko.
 
Artikuluaren amaieran aipatu genuen, hori gutxi balitz, horren tamainako beste erronka baten aurrean ere bagaudela: Europako Kontseiluak bultzaturiko Erreferentzi marko europar bateratua izeneko dokumentua hor dugu, urte gutxiren buruan erabateko eragina izango duena hizkuntza europarrak irakatsi, ikasi eta ebaluatzeko moldeetan. Aipatu ere aipatu genuen gugandik hurbil dauden beste hizkuntzen irakaskuntzan ari diren asko eta asko (espainola, katalanera, frantsesa...) dagoeneko hasiak direla marko europarraren lehen analisia eta interpretazioak egiten, geroagoko egokitzapenak egin ahal izateko.
 
Erreferentzi Markoaz zehatzago beste batean jardungo badugu ere, orain iruzkin batzuk baino ez ditugu egingo.
 
Dakigunez, Markoaren ekarrien artean erreferentzi maila bateratuak dira azpimarratzekoak. Denera sei maila ezarri dira: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Tarteko mailak ere posible dira (A2+, B1+...).
 
Ondo aztertuz gero, banaketa klasikoa dela ikusiko dugu:
 
Oinarrizko erabiltzaileari dagokiona edo hasiera-maila (A1 eta A2)
 
Bere kasako erabiltzaileari dagokiona edo maila ertaina (B1 eta B2)
 
Erabiltzaile gaituari dagokiona edo goi-maila (C1 eta C2)
 
Markoaren proposamena da maila horiek Europako hizkuntzen irakaskuntzan eta ebaluaziogintzan aplikatzea. Benetan interesgarriak dira maila bakoitzerako eskaini diren deskriptore argigarrien eskalak, gaitasunez gaitasun eta mailaz maila, HEOKak eskainitakoen lagungarri suertatuko zaizkigunak. Izan ere, markoaren atzean ikaragarrizko lan enpirikoa dago, hainbat erakunderekin eta unibertsitaterekin elkarlanean burututakoa. Besteak beste, azpimarratzekoa da ALTE-k (Association of Language Testers in Europe) egindako ekarria.
 
Jakin badakigu, bestaldetik, zenbait Hizkuntza Eskola Ofizialetan (Santanderren, Iruñean, Katalunian...) kezka badela eta hainbat interpretazio egiten hasiak direla. Labur-labur honetara ekar ditzakegu:
 
Markoari esker, Hizkuntza Eskola Ofizial guztietan darabiltzaten irizpideen (metodologikoak, ebaluaziorakoak...) homologazioari ekiteko modua egon litekeela sinetsita, lan horretan hasiak dira.
 
Markoa egokitzeak Hizkuntza Eskola Ofizialen egiaztatze-agiriak Europako gainontzekoekin baliokidetzea ekar dezake.
 
Baliokidetze horrek, era berean, Portfolio europearrarekin lotzeko modua eskainiko lieke.
 
Hizkuntza Eskolen adibidea ipini dut zeren gure egoerarekin parekatzeko modukoa izan daiteke. Agian horien adibideari segitzea onuragarria izan daiteke Helduen Euskalduntzean ari garenontzat.
 
Amaitzeko hainbat helbide ekarri ditut, baliagarri edo izan daitezkeelakoan:
 
Erreferentzi Markoaren euskal bertsioa ez dago oraindik Interneten kontsultagai baina HABEk egina du eta eskuratzeko moduan.
 
Erreferentzi Markoa espainieraz: http://cvc.cervantes.es/obref/marco/
 
Hizkuntzen Portfolio europearra: http://culture2.coe.int/portfolio
 
 
Hizkuntza Eskolen gunea: http://www.eeooiinet.com
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
BIZKAIERAREN IRAKASKUNTZA
 
1891n bere lehen lanak burutu eta hil zen arte (1951), ardatz erraldoia dugu R. M. Azkue euskararen batasunerako joan-etorrietan. Bere izena aipatu eta hasieran jorratutako bizkaiera idatziaren bateratzerako lana hona ekarri beharra sumatu dugu; bizkaitarra izanik bazuen horretan jarduteko interesik eta, ez al dugu bide beretik lanean segitzeko interes, asmo, kezka edo dena delakorik euskararen irakaskuntzaren mundu honetan ari garenok? Nik neuk gustura asko idatziko nuke artikulutxo hau bizkaieraz, neure Ugaoko aiton-amonek erabiltzen zuten hizkeraz. Orduan aukerarik ez baina; ikastolan hasi ginen urte haietan euskaraz aritzea zen garrantzitsuena, hobe esanda, batez ere gure gurasoek euskararen aldeko keinua azaltzea.
 
HAEE-IVAP erakundearen web gunean aurkituriko artikulu batean, bestelako galderen artean bada Andres Urrutia euskaltzainari gaiarekin zerikusi zuzena duen itauna. Bizkaitarra izanik, Euskaltzaindian bizkaiera aldarrikatu beharrik ikusten ez al duen galdetu eta hasiera batean aldarrikatzea beharrezkoa ez dela erantzunda ere, bizkaitarrok bizkaitar izatearen harrotasuna berreskuratu ez ezik, Mikel Zarateren esanari jarraitu beharko geniokeela ere aipatzen du; Dakigunetik ez dakigunera, alegia, lehenengo bizkaiera eta ostean batura, ez da zertan bata bestearen kontra erabili.
 
Euskalkien erabilera dela eta, bazterrak nahastu samar daude aspaldi honetan, Bizkaian batik bat. Badirudi azken urteotan indarberritzen hasia dela bizkaieraren irakas-ikaskuntza. Jakin badakigu zenbait ikastetxetan bizkaieraz aritzen direna ikasgai orotan, eta gero eta gehiago dira hara hurbiltzen diren ikasleak (gurasoak). Adin horretako ikasleak ez ezik, bada nagusiagoa izan eta euskalki aberats horren bitxiak aztertu eta bereganatu nahi duenik ere. Bada bizkaiera lantzeko parada eskaintzen duen makina bat ikastaro teoriko-praktikorik. Aurten esate baterako, bat baino gehiago izan da Bilbo, Durango eta Eibarren besteak beste. Beste maila batean, unibertsitatean alegia, asko izan dira eta egun oraindik dira, herriz herri euskara bizia jasotzen dihardutenak.
 
Bizkaieraz aritzen diren ikastetxeez gain, bada egunero inolako ahalegin berezirik gabe eskura dezakegun bizkaieraz aritzeko tresnarik, Bizkaia Irratia, besteak beste. Bertan Bizkaiera batua da darabilten hizketa eta bera da bizkaiera hutsez dauan bakarra. Euskara hutsean emititzea bada euskara sustatzeko baliagarria oso. Saio tarteetan azaltzen den publizitatea ere euskaraz pentsatu eta gauzatzen dute eta hori oraindik inportanteagoa den lana dela esatera ausartuko nintzateke. Euskaldunon Egunkariak ere egunero izan ohi du Bizkairako eranskina; bertan azaltzen diren artikuluak bizkaieraz idatzirik dituzte.
 
Horren guztiaren haritik esan beharra dago, iritzi ezberdinak (1) daudela bizkaiera / batua bikotearen inguruan, alegia, Euskaltzaindiak aspaldi bultzatzen duen euskara ereduarekin zenbait ados agertu ez, eroso sentitu ez edo, eta euren etxeko, auzoko... betiko euskara erabili nahiago dute; beste askok, aldiz, Mitxelenaren garaian aldarrikatzen zen euskaldun guztion elkargune gisa aurkezten zen batua nahiago du, bertan, euskalki guztiek nolabaiteko presentzia badutela sinestuta. Hala al da?
 
Gutxi batzuk dira bizkaierak gure artean izan behar duen lekua edo, zein den edo izan daitekeen agertzen dituzten iritziak.
 
Nik neuk ez dakit zein izan daitekeen bizkaiera eta batua uztartzeko erarik egokiena.
 
Zailtasunik izango al du etorkizun ez oso urrun batean bizkaiera hutsean aritzen den ikastolako ikasle batek hizkuntza eskakizunen bat eskuratu beharra duenean? Zailtasunik ezean, erabat baztertuko al du bere etxeko hizkera lanean, irakaskuntzan kasu, batua erabili behar duenean? Horrelako zailtasunik gerta ez dadin, gerturatu behar al ditugu bizkaiera eta batua, biak bat (2) egin arte? Bizkaierak bizkaitarren ondarea izan behar al du?
 
Garrantzitsua oso bada Euskaltzaindiak burutzen duen lana ere, batez ere idatzi beharrekoen gainean, ez zaio zertan inolako beldurrik izan lagun artean, etxean... mintzatzen ari garenean amamari edota aitonari entzundako berbak, esaerak eta abar erabiltzeari. Are gehiago, nik esango nuke gure eguneroko beharrean, eskolan alegia, etxeko berbape bota beharko genduzala, bildur barik, ostantzien, non parauko leike gure aiton-amonek eginiko erregalu politenetako bat (3)?
 
Esan bezala, batzuon eguneroko jarduera den irakaskuntzan zenbait berba erabili ez ezik, beroriek era formal, serio batean nola klaseratu ere aztertu beharra dugu. Ez da gauza erraza, batez ere irakasle asko eta asko euskaldun berria dela kontuan izanik. Argi dago haur diren ikasleek edozein hizkuntza bereganatzeko gai direla inolako eragozpen, buruhauste, kritika ez bestelako ezer barik, baina helduok? Benetan prest egongo al ginateke euskaldun garen oro geure klaseetan bizkaiera ere irakasteko? Edo hobe esanda, bizkaiera ikasteko, gero irakatsi ahal izateko? Ez dut uste jadanik hainbat lan egiten duten irakasleak horrelakorik egiteko prest azalduko liratekeenik; baliteke betidanik bizkaiera ezagutu eta etxean erabili izan duenak ahalegintxoa egiteko gogoa, zergatik ez, azaltzea.
 
Egoera hainbat tokitan hori izan daitekeela aurreikusirik, ba al du planteatutako egoerak aurrera egiteko nola edo halako aukerarik? Lehenago aipatu dugun zenbait lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxetan bizkaiera hutsean aritzen dira irakasle eta ikasleak, segur aski horiek guztiek txikitatik dute bizkaieraren gaineko ezagutza edota haur izanik eta benetako gogoa eta beharra azalduta ikasi egin dute. Lekurik gehienetan horrelakoetan hasteak lekarkeen konplexutasunak, akaso, beste nonola bideratzekotan emaitza probetxugarriak emango lituzke.
 
Eta klaseetan, goi-mailetan, batik bat, bizkaierari tartetxoren bat eskainiko bagenio noiz edo noiz? Bizkaia irratia, Egunkariko ataltxoa, bertsoak, bizkaieraz idatziriko liburuak ... eta beste makina bat gauzatxo erabil liteke klaserako material gisara; arras aberasgarri suertatzeaz gain, erabat ahaztuta eta erdi hilik dauden geure jatorria, sustraiak hurbilago daudela senti genezake. Hobeak al dira, agian, egunero gurekin inolako zerikusirik ez duen jendearen gaineko berrien gaineko berbaldiak, artikuluak, irratsaioak...? Egia esan, ziurta dezakegu ia edozein gauza erreal baliagarri gerta dakigukeela geure hizkuntza irakatsi eta ikasteko, baina horiekin guztiekin batera bere txokotxoa izan beharko luke bizkaierak, dudarik ez.
 
Konforma gaitezen, zenbait egitura erraz, esapide ezagutzera ematearekin, momentuz bederen. Berba in deiela geroak!
 
 
Belene Salazar
Santurtziko Udal Euskaltegia

OHARRAK

(1) Ikus Gogoetarako puntu batzuk

(2) Ikus, Bizkaierari buruzko aurrekontsiderazio batzuk

(3) Barkatu esandako azken hauek, gustatuko litzaidake modu askoz egokiago batean egitea, baina amama gogoan dodala eskribidu dodaz. Berba eitean eztot bildurrik izaten, baina...
 
gora
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA
 
Eleka: http://www.eleka.net/
Eleka bi talderen ekimenaz sortutako enpresa da (IXA Taldea eta Elhuyar Fundazioa). Web gunearen helburua ingeniaritza linguistikoa zer den, eta horren inguruan era errazean zer egiten ari diren  aurkeztea da.
Philippe Etxegorrik sortutako web gunea duzue hau. Bertan, Iparraldeko, eta zehazkiago, Zuberoako albisteak, euskararen gaineko oharrak, dokumentazioa eta abar aurkituzko dituzue.
Euskara ikasteko gunea duzue hau, frantsesez.
HEZKUNTZA
 
Educanet: http://www.educanet.net/
Irakasleen lanerako baliabideak eskaintzen dituen web gunea da Educanet.
gora
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleon Aldizkaria: 9. alea
 
 
Lehiaketak: Olentzerori gutunak
 
gora
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia