Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

6. alea, 2002ko ekaina

198 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
OHARRA: Irakasleon Aldizkaria-k udan zehar izango du etena. Ondo pasa oporretan eta bueltan izango gara berriro ere zuekin.   
 
 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Liburuak eta artikuluak: La facilitación en las clases de idioma. Begoña Ruiz Cortadi
3. Lanak eta esperientziak: Analisi Kontrastiboa (eta II). Abel Camacho
4. Hausnarrean: Ikasturte bukaera dela-eta. Pedro Lonbide
5. Hizketan... Aitziber San Romanekin
6. Lotura interesgarriak
7. Zer berri santurtzieus.com -en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
XIII Congreso Internacional de ASELE. 2002ko urriaren 2tik 5era
 ASELE-k (Asociación para la enseñanza del español como lengua extranjera) XIII. Kongresua antolatu du Murcian. Ponentziez gain, hainbat komunikazio eta mintegi izango dira.
 
Informazio gehiago: http://www.aselered.org/
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.
 
 
Artikulua: La facilitación en las clases de idiomas
Egilea: Underhill, Adrian
Liburua: La dimensión afectiva en el aprendizaje de idiomas
Egilea: Arnold, Jane
Argitaratze-urtea: 2000
Argitaletxea: Cambridge University Press
HABE liburutegian: G17B51 signatura
 
"La facilitación en las clases de idiomas" izeneko artikulua Adrian Underhill-ek idatzitako artikuluaren gaztelaniazko itzulpena da, Alejandro Valero-k 2000n eginikoa.
 
Azken urteotan hizkuntzen irakaskuntzan afektibitateak eta faktore emozionalek duten eraginaz jabetzen hasiak gara. Afektibitateari dagozkion zenbait kontzeptu hartzen ditu kontuan liburuak, betiere hiru ikuspegi ezberdinetatik: ikaslearena, irakaslearena eta ikas-egoerarena.
 
Ikertzaile batzuen ekarpenek hiru alderdi arakatzen dituzte: a) irakatsi eta ikasteko dinamikan sortzen den arlo afektiboa; b) ikaslea bere ikas-prozesuaren jabe izateak bultzatzen duen irakaslearen rol berria eta c) gelan elkarreraginaren mesedean erabiltzen diren ariketak, materialak eta jarduerak (eremu afektiboaren garrantzia kontuan harturik). Artikuluaren izenburuak adierazten digun moduan, hizkuntzen irakaskuntzan erraztasunari begirako ideiak eta praktikak dira aztergai. Hizkuntzak irakasteko sistema zaharra alde batera utzita, gaur egungo irakaslearen rol berriaren mamia eta funtsa eta zenbait pausu praktiko aztertzen dira, gelan oso erabilgarriak direnak.
 
Irakaslearen hiru rol mota ezberdintzen ditu edo irakaslearen bizitzan izaten diren eboluzioko hiru etapa: igorle, irakasle eta bideratzaile.

 

Igorlea: irakasten duen gaiaz ondo jantzita dagoena, irakasteko prozedurak eta teknikak alde batera uzten dituelarik.

 

 

Irakaslea: (eta ez zentzu zehatzaz) gaiaz jantzia izateaz gain, teknikak eta prozedurak zaintzen ditu, baina ez du kontuan hartzen ikasteak sortzen duen giro psikologikoa (barruko prozesu pertsonalak...), ezta ikaslearen autoebaluazioari eta autonomiari begirako arloa.
Bideratzaileak, berriz, gaiari, teknikari, prozedurari eta ikas-prozesuak sortzen duen giro psikologikoari erreparatzen die, betiere ikaslea gero eta autonomoagoa izateko.
 
Oso interesgarri suertatzen da amaieran duen erraztasun alderako pausu praktikoena. Iradokizun jakin asko ematen ditu, urratsez urrats guk geuk geure rola aztertzeari ekiteko, eta ez zer egiten dugun, nola baizik. Hor dago koska!
 
Underhill-ek aipatzen duen bidea Le Doux-ek eta Golenman-ek jorraturiko bidea dela esan dezakegu: ikas-prozesuan, animoak, emozioak eta sentipenak duten garrantziaz jabetzeko, kognizioa eta emozioa lotzeko garaia da (Le Doux, 1996).
 
Ezjakintasun emozionalaren biktima gara eta hutsune hori betetzeko premiazkoa da (gure kasuan) ikaslea, pertsona den aldetik, bere osotasunean (arlo kognitiboa zein afektiboa) kontuan hartzea. Afektibitatea eta hizkuntza irakaskuntzaren arteko harremana bidirekzionala dela azpimarratzen du Goleman-ek.
 
Oso artikulu probetxagarria, irakaskuntzan errutinaren ihesari emateko aukera zabalak seinalatzen baititu eta irakasten ikasteko gogoa duenarentzat benetako tresna lagungarria, ikaslearen perspektiba gero eta hobeto ulertu ahal izateko. Azken finean horrexek laguntzen digu lana hobetzen, ezta?
 
Begoña Ruiz Cortadi
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
 
ANALISI KONTRASTIBOA (eta II)
 
Aurreko alean agindu bezala, analisi kontrastiboa oinarri dituzten hainbat ariketa aurkeztuko ditugu segidan.
 
Ez dugu ahaztu behar, baina, ariketa guztietarako balio duen printzipioa: ez gara ikasleek gerora egin ditzaketen errore posibleez ari, ezta horiek ekiditeko prozedurez ere (Ikus Analisi kontrastiboa (I)izenekoa).
 
Hiru ataletan banatu ditugu ariketak eta prozedurak: a) formari erreparatzekoak; b) alderdi testualaren ingurukoak eta c) funtzio linguistikoak ardatz dutenak.
 
a) FORMARI ERREPARATZEN DIOTENAK

ESALDI-BIKOTEAK

Lee atentamente estos pares de frases. Comenta con tu compañero las diferencias entre el castellano y el euskara.
 

LA DECLINACIÓN

DIFERENCIAS

El niño es delgado
Umea argala da
 
La niña es delgada
Umea argala da
 
El niño tiene el juguete
Umeak jostailua dauka
 
El perro es de Mikel
Txakurra Mikelena da
 
Voy a casa
Etxera noa
 
Vengo de casa
Etxetik nator
 
Luis es de Bilbao
Luis Bilbokoa da
 
 
 
Comentad en grupo las diferencias y similitudes que habéis encontrado. Para terminar, podéis rellenar este esquema con las conclusiones que hayáis formulado.
 

En castellano...

En euskara...

 

 

 

 

 

 

 

 
Horrelako ariketak oso egokiak izaten dira euskara ikasten hasi berriak diren ikasleentzat. Hizkuntza-analisia egiteko ikuspuntu formala hartzen bada ere, ariketan erabilitako prozedurek gramatikaren lanketa induktibo batera eramaten gaituzte. Besteak beste, honako ezaugarri hauek aipatuko genituzke:

 

 

Talde-lanaren garrantzia, interakzioa mesedetze aldera: ikas-prozesua aurrera doa baina elkarren laguntzaz.
Adibidetik araura joateko proposamena, bide induktiboa mesedetuz: hizkuntza-ereduak aurkeztu, hausnartu, hipotesiak formulatu eta egiaztatzeaz ari gara.
 

b) ALDERDI TESTUALARI ERREPARATZEN DIOTENAK

Bi prozedura-mota bereiziko dugu hemen. Alde batetik, euskaraz ekoizturiko bi testuen analisia eta, beste aldetik, euskaraz eta gaztelaniaz sorturikoak.
 
Lehen prozedura-multzoari dagokionez, esan behar da analisi kontrastiboa, berez, bi hizkuntzen arteko alderaketan oinarritzen dela, baina alderdi testual batetik begiratuta, hori bezain eraginkorra izaten da hizkuntza berean sorturiko testu-era ezberdinen alderaketa egitea. Horrela, konbinazio posible asko izan dezakegu:
 

 

 

Testu-mota berean (narrazioa, adibidez), sailkatutako bi testu-era ezberdin (gertaera —egunkariko laburrak— eta ahozko pasadizoa) alderatzea.
Testu-mota ezberdinei (argudioa eta azalpena, adibidez) dagozkien testu-erak (gai baten inguruko azalpen laburra) alderatzea.
Beste hainbat aldagairen araberako konbinazioak: erregistroa, gaia, komunikazio-kanala...
Horietako edozein aukeraren alde egiten dugula ere, kontuan hartu behar genuke helburua testu horien konfigurazio diskurtsiboan eragiten duten unitate linguistikoen analisia egitea dela.
 
Aurrekoaz gain, bigarren prozedura-multzoan sartzen da gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako testuak (egunkarietan agertu ohi diren gertaera-albiste laburrak, adibidez) alderatzea. Ikus dezagun horren adibide bat.

Irakur itzazu albiste labur hauek. Ikusiko duzuenez, bi testuek gertaera bera narratzen dute, batak gaztelaniaz, eta besteak euskaraz.

Recuperan el cadáver del camionero que cayó en el Bidasoa el viernes

 

Equipos de rescate de la Ertzaintza recuperaron ayer el cadáver del camionero que se precipitó el pasado viernes con su vehículo al río Bidasoa después de haber sufrido un accidente. Efectivos de la brigada de submarinistas lograron recuperar hacia las 11.30 horas de la mañana el cadáver del camionero F.P. de 54 años y vecino de la localidad alicantina de Elche, que se encontraba en el interior de la cabina del camión a unos siete metros de profundidad. Los buzos, equipos de rescate en montaña, diversas embarcaciones y un helicóptero participaron desde que se registró el siniestro en la búsqueda del transportista y de la cabeza tractora del camión, que fue localizada en la tarde del pasado lunes a diez metros del punto en que se precipitó al río. Las adversas condiciones del Bidasoa, que bajaba con un gran caudal de agua turbia motivado por la lluvia de los pasados días, dificultaron las labores de rescate de los buzos, que ayer no pudieron confirmar si el cuerpo del camionero se encontraba en el interior del vehículo. El cadáver fue trasladado al Instituto de Medicina Legal de Donostia, donde le será practicada la autopsia. El accidente se produjo hacia las 20.30 horas del pasado viernes cuando, por causas que aún investiga la Ertzaintza, el camión colisionó con un turismo en la N-121 a la altura de la localidad guipuzcoana de Irun y se precipitó posteriormente al río Bidasoa.

(GARA, 2002-06-12)

Kabinaren barruan topatu dute Bidasoa ibaira eroritako kamioi gidariaren gorpua

 

Ertzaintzak atzo goizeko 11:30 inguruan aurkitu zuen ostiralean kamioiarekin Bidasoa ibaira eroritako kamioi gidariaren gorpua. Kamioiaren kabinan zegoen gorpua, zazpi metro ingurura sakonean. Bidasoak daraman ur emariak nahiko zaildu ditu salbamendu lanak eta herenegun gauera arte ez zuten aurkitu kabina. Hala, kabina sokaz lotu zuten eta atzo ekin zioten gorpua bilatzeko lanei. Hildakoa Elxekoa zen (Alacant) eta 54 urte zituen.

 

(Euskaldunon Egunkaria, 2002-06-12)

 

Testuak irakurri dituzula, erantzun iezaiezu honako galdera hauei:

  1. Zein artikuluk eman du datu gehiago?

  2. Zein informazio agertzen batean eta bestean?

  3. Gaztelaniazko testuan oso nabaria da erlatiboaren erabilera-maiztasuna. Zertarako erabili du egileak?

  4. Euskarazko testuan zein baliabide erabili du egileak horretarako?

 
 
c) FUNTZIO LINGUISTIKOEI ERREPARATZEN DIETENAK

NOLA EGIN ESKARIAK

Erantzun iezaiezu bakarka aukera anitzeko galdera hauei:

1. Gaur ez dut egunkaririk erosi...

  1. uzten didazu zurea pixka batean?
  2. utziko bazenidake pixka batean?
  3. utziko didazu pixka batean?
  4. utz diezadakezu zurea pixka batean?

2. Norabait sartzeko eskaria, oro har:

  1. Mesedez, utziko didazu sartzen?
  2. Tira, utzi sartzen!
  3. Aizu, uzten didazu sartzen?
  4. Mesedez, uzten al didazu sartzen?

3. Gelan isiltasuna lortzeko, zer dio andereñoak?

  1. Isiltzen zarete?
  2. Isiltzen zaudete?
  3. Isilduko zarete?
  4. Isiltzen zaitezte?

4. Taldeka jarrita, errepara iezaiezue aurrekoen soluzioei. Asmatu duzue? Zein bai eta zein ez? Komenta itzazue Ikaskideekin erantzunak eta arrazoiak bilatu. 

  1. Utziko didazu pixka batean?
  2. Mesedez, utziko didazu sartzen?
  3. Isilduko zarete?

5. Bikoteka zaudetela, itzul itzazu behekoak:

  1. ¿Me das fuego, por favor?
  2. ¿Me puedes pasar el pan?
  3. ¿Empezamos, o qué?
  4. ¿Me puedes decir la hora?
6. Atera ditzagun ondorioak! Saia zaitezte galdera hauei erantzuten:
  1. Gaztelaniaz zerbait eskatzeko erabiltzen ditugun baliabide linguistikoen artean poder aditza dugu. Zein kontestutan? Zein erregistrotan?
  2. Nola adierazi behar genituzke euskaraz horrelakoak?
  3. Euskaraz ahalera erabil dezakegu zerbait eskatzeko?
 
Ariketa-molde hori hizkuntzaren deskribapen pragmatikoan oinarritzen da, hau da, bi hizkuntzen arteko alderaketa proposatzen da baina beti ere hiztunok egunerokoan betetzen ditugun komunikazio-funtzioak hizkuntza bietan linguistikoki nola gauzatzen diren aztertzera zuzenduak.
 
Amaitzeko bi hitz. Artikulu labur honetan saiatu gara frogatzen Analisi Kontrastiboa euskararen irakaskuntzan ari garenontzat tresna baliagarria izan daitekeela. Ariketa eta prozedura bakar batzuk baino ez ditugu hona ekarri, orientagarriak-edo izan daitezkeelakoan.
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
IKASTURTE BUKAERA DELA-ETA

 

Ikasturte hasieran oso urrun ikusten bagenuen ere, azkenean uste baino lehenago iritsi zaigu ekaina. Eta ekainak berarekin dakar ikasturte bukaera. Beste edozein ziklo ixten denean bezalaxe, atzera begira eta egindakoaz hausnarketa egiteko garaia da hau.
 
Garai honek neke eta tentsio asko sortzen du irakasleongan sarritan. Izan ere, ikasturtean zehar egindakoa ebaluatzeko garaia da eta oraindik ere askotan ebaluazioari halako beldur batez begiratzen diogu. Batetik ikasleak ebaluatu behar ditugu, errealitatearen aurrean jarri eta non dauden erakutsi. Horrek gatazkak ekartzen ditu ezinbestez eta horren ondorio izaten dira irakasle askok izaten dituzten arazoak. Bestetik irakasleak bere lana ere aztertu behar du eta horrek ere sor ditzake ezinegonak.
 
Berez egoera gogor samarra izanik, are gogorrago bihurtzen da korrika eta presaka egin behar denean. Paperak bete behar dira, fitxak eta txostenak egin... eta jakina horrek areagotu egiten du garai honetako tentsioa.
 
Ebaluazioaren ikuspegi zehatz batek eragindako egoera sufritzen dugu. Oraindik ere, ebaluazioa une jakin batean eta helburu jakin batekin burutzen den eginkizun bezala ikusten dugu. Ikasturte bukaeran egiten da eta neurtzea du helburu. Lortuko bagenu ikuspuntu hori aldatu eta gauzak beste modu batera egiten hastea, ebaluazioa ez litzateke inondik inora etsai eta ezinegonen iturburu bezala ikusiko.
 
Zein da, ordea, bestelako ikuspuntu hau? Erreferentzi Marko Europar Bateratuan aipatzen denez, ebaluazio hezitzailea etenik gabeko prozesua da eta bere helburu nagusia ikaskuntza hobetzea da. Beraz, ebaluazioa edozein ikas-prozesuren lehen unetik bukaerara arte eman behar da, egindakoa eta egin beharrekoa hobetzeko asmoz. Jakina, egindakoa zenbateraino ondo egin den eta zenbateraino hobeto egin daitekeen aztertu beharko da horretarako eta neurketa, beraz, erabili beharreko tresna bat izango da. Ez ordea, bakarra eta hortik etorriko zaizkigu aldeak. Bestalde, lehen unetik esaten denean aurreikuspenak eta hipotesiak egin behar ditugula esan nahi da. Zer lortzeko, zein bitartekorekin, zein prozedura erabilita, hitz batean zer egingo dugun jakin beharko dugu. Egindako horiek zein ondorio dituzten eta zein emaitza lortzen duten ikusita hartu beharko dira ondorengo erabakiak; eta prozesu hori etengabea izango da.
 
Ebaluazioaren ikusmolde honek lan handiagoa eskatzen du baina bestalde ezin da ukatu prozesua erraztu eta hobetzen duen heinean, lana banatu eta orekatu egiten duenez, irakasleontzat ere hobea dela. Eta irakasleon lana hobetzen duen guztiak irakatsi eta ikasteko prozesuak hobetuko ditu.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hizketan... Aitziber San Romanekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
Aitziber San Roman Pasaiako Udal Euskaltegiko irakaslea dugu. Urte luzez aritu da irakasle eta baita zuzendari lanetan ere. Duela hainbat urte hasi zen irakasleen formazioan eta gaur egun on-line ikastaro bat prestatzen dihardu, besteak beste.
 
 
Irakasle izatetik, irakasleen irakasle izatera salto handia dago. Zerk bultzatu zintuen eta zer suposatu du zuretzat pausu horrek?
 
Ez dut uste saltoa horren handia denik. Jakina, bere momentuan ikaragarria iruditu zitzaidan, baina aitortu beharra daukat erronkak gustuko ditudala eta lankideei ikastaroa ematea proposatu zidatenean, aukera ona iruditu zitzaidan; izan ere, ikastaro bat prestatzean, hamaika buelta ematen diozu gaiari eta horrek lagundu egiten dizu gaiaz hausnartzen.
Zer suposatu duen niretzat? Batetik, hainbat gairi beldurra galtzea: konturatu naiz sekulako potentzialtasuna dagoela gurean, baina berriaren aurrean uzkur agertzen garela, askotan gure jardunean berri horretatik hainbat kontu aplikatzen ari garela ikusi gabe; bestetik, eta hori da, nire ustez garrantzitsuena, lankide pilo bat ezagutzeko zein haien eta gure jarduerez hausnartzeko aukera izan dut. Azken hori izan da, dudarik gabe, aberasgarriena.
 
Zer nolako formazio-beharrak ikusten dituzu irakasleengan?
 
Inpresioa dut gurean euskararekin zerikusi duen orok garrantzi handiagoa duela ikaskuntzarekin lotura duenak baino; eta nik, berriz, uste dut irakasleak behar dugula izan ezeren aurretik eta, hortaz, ikas-prozesuari txertatutako gaietan trebatu behar dugula: direla ikas-estiloak, dela estrategiak, dela autonomia, dela erroreen analisia eta trataera, dela motibazioa, dela talde-dinamika...
 
Ikaskuntzaz sakontzeak ekarriko du berez hizkuntzan sakontzea, baina sakontze hori ikasleen beharrei begira egin behar dugu. Hizkuntzaren alderdi pragmatikoa ezagutu behar dugu: zergatik eta noiz erabiltzen dugu adierazpideren bat eta zergatik eta noiz beste bat? Horrelako galderak gidari, hausnarketa egin behar dugula uste dut. Niri, behintzat, zer pentsa ematen dit kalean entzuteak euskaldun berriek (gure ikasleek, alegia) euskara bizigabea eta traketsa erabiltzen dutela, askotan horren errudun izango balira bezala, gainera. Uste dut hor lan handia dagoela eginkizun, baina beti, eta lehengo harira nator, ikasleei euskara erabiltzen nola lagun diezaiekegun buruan dugula.
 
Zeintzuk dira, zure ustez, euskaltegietako irakasleek dituzten erronkak?
 
Batez ere, egiten dugunaz hausnartzeko ohitura hartzea: geure buruari galderak egitea eta egindakotik ikasten saiatzea. Txalogarriak dira horretara bideratuta egin diren eta egiten diren hainbat saio (ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, besteak beste). Dena dela, inpresioa dut oraindik ere ez diegula behar besteko gogoz heltzen. Agian, ohitura eta kultura arazoa izango da. Bestalde, gure mundutik harantzago dagoenari begiratzen ere hasi behar dugu. Zer gertatzen ari da hizkuntzen ikaskuntzan gainontzeko herrialdeetan? Zertan ari dira ikerlariak? Zeintzuk dira Europa mailan egiten diren planteamenduak? Horretaz guztiaz kezkatzen hasi behar dugula uste dut, atzean geratzeko arriskua baitugu.
 
Eta euskaltegienak?
 
Erronka ezberdin ugari dituztela iruditzen zait, baina, garrantzitsuena, egiten dena ebaluatzea. Ikasleen ebaluazioaz hitz egiten da, zenbaitetan irakasleenaz ere bai baina oso gutxitan kezkatzen gaitu euskaltegiaren ebaluazioak. Horretaz aparte, irakasleei lanean laguntzeko bitarteko egokiagoak bilatzen saiatu beharko genuke eta hori ere, neurri handi batean, euskaltegiaren lana da.
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
 
Pentsamendu unibertsaleko klasikoak sarean dira euskaraz.
 
 
Bizkaiko Foru Aldundiak bere web-gunean jarri berri duen hiztegia duzue hau.
 
 
Euskaltzaindiak normalizatutako hainbat toponimo edo leku izen biltzen dituen datutegia da hau. 
 
 
Bizkaiko herrietan egiten den euskararen berri aurkituko dugu hemen hainbat modutara: grabazioak entzunez, testuen transkribapenak eta barriemalearen datuak ikusiz, eta abar.
 
Euskararen Hobekuntza: http://www.ehu.es/PAT/hobekuntza.html
 
Iñaki Ugarteburuk sortutako ikastaro birtuala duzue hau.
 

GIAPEL (Grupo de Investigación y Aplicaciones Pedagógicas en Lenguas) Jaume I unibertsitateko irakasle-talde batek osatzen du. Talde honen ikerketa-ildo nagusiak hizkuntzen ikaskuntza eta autonomia dira.

 
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleentzako ikastaroak: 2002ko uda; programa
 
 
Irakasleon Aldizkaria: 5. alea
 
 
 
Lehiaketan aurkeztutako ipuinak dituzue hemen.
 
  

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
© Santurtziko Udal Euskaltegia