EDUKI KULTURAK, BAI. Baina zer da hori?
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
UEUko Helduen Euskalduntzearen III. Jardunaldiak 2000
Hizkuntzaren deskribapen berriak helduen euskalduntzean: alderdi pragmatikoa![]() | Sarrera |
![]() | Kultura |
![]() | Lanaren ezaugarriak |
![]() | Adibideak |
![]() | Testuetako adibideak |
![]() | Ondorioak |
Lan honen asmoa ez da inola ere aurkikuntzak edota ezeren konponbiderik eskaintzea. Kezka bat, urtetan askorekin konpartitu duguna plazaratu eta argitzeko balizko bide bat erakutsi nahi dugu. Aldez aurretik esan behar dugu ez dugula inongo ikerketarik egin; inpresio eta sentipen-mailan besterik ez gara arituko eta gure hausnarketa hauek konpartitu egin nahi ditugu norbaitek guk erakutsitako hariari tira eginez, ondorio zehatzagoak aterako dituelakoan.
Eduki kulturala onartutako kontzeptua izaki, gaur egungo material eta programa guztietan ageri da. Hizkuntza gramatika hutsa baino gehiago dela ikusi denetik, gero eta gehiagotan aipatzen dira eduki kulturalak. Beldur gara, ordea, definitzen eta adibideak ipintzen hasiz gero ez ote genukeen onartu beharko ez dakigula oso ondo zer den, zer suposatzen duen eta zein ondorio dituen euskararen ikas-irakaskuntzan.
Gaitasun komunikatiboaren definizio guztietan aipatzen dira, modu batera edo bestera, kultura, gaitasun kulturala, gaitasun soziolinguistikoa... Termino hauen guztien azpian eduki kulturalak daude eta modu askotara definitu badira ere, hartu-emanen ezaugarri kulturalekin egokia zer den eta zer ez bereizteko ahalegina egin da.
Hizkuntz irakaskuntzan era askotan integratu izan dira. Zenbaitetan programetan atal berezi bat hartu dute gainontzekoetatik aparte; beste askotan, berriz, gainontzeko edukiekin lotzeko saioa egin da. Batera edo bestera jokatu, guztietan onartzen da hizkuntza ikasi nahi duenak derrigorrezkoa duela hizkuntza hori sostengatzen duen kultura ezagutzea eta kultura horren legepean aritzea.
2. KULTURA
Zer da, ordea, kultura? Zein lege ezartzen ditu? Ez gara ari maiuskulaz idatziko kulturaz, baina ezta dantza eta folklore hutsari buruz ere. Izan ere, askotan hain garrantzitsu diren eduki kulturalak gelaratzerakoan folklore, tradizio eta ohitura jakin batzuk erakustearekin konformatu da irakaslea eta ikasleei ez zaie ikustarazi zein lotura duen kulturak hizkuntzarekin.
Kultura mundua interpretatzeko modua da eta kultura bakoitzak errealitatea modu batera erakusten du. Asko eztabaidatu da zer den lehenago, kultura ala hizkuntza. Interesgarri izan badaiteke ere, eztabaida hori irakasle-lanetarako hain garrantzitsua ez denez, ez gara horretan sartuko; hizkuntzan kulturaren nolakotasunak aurkitu nahi ditugu guk. Ez dugu konformatu nahi hizkuntza pragmatikaren ikuspuntutik aztertzearekin, ez dugu esan nahi zertarako eta noiz erabiltzen den forma bat edo bestea; erabileratik harantzagoko pauso bat eman nahi dugu erabilera horren atzean dauden usteak aztertuz. Norbaitek esan dezake erabilera aztertzea nahikoa dela ondoren hizkuntza era egokian erabiltzeko. Gu ordea konbentzituta gaude hizkuntza horren kulturan murgildu ezean ikaslea ez dela inoiz jabetuko bigarren hizkuntzaz eta atzerritar hizkuntza ikasiko duela. Badirudi gaur egun bereizketa hau ere eztabaidatik kanpo geratu dela. Gure ustez, ordea, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan sortzen diren arazo askoren iturria hortxe dago. Baina, ez da hau gai honi heltzeko momentua eta segi dezagun aurrera.
Gaur egungo beste tentazio bat globalizazioarena da. Gero eta sarriago entzuten dira mendebaldeko kultura, kulturen arteko nahasketa, kultura europarra eta horrelako kontzeptuak. Nahasketa ukaezina da; baina, azken finean galdera hau da: ezberdinak al gara? Kultura ezberdina al dugu?
Horra gure asmoa. Eta ez makala, alajaina. Hiztunek mezuak trukatzeko erabiltzen dituzten formak aztertu nahi ditugu, horiek zein kultura, munduaren zein ikuspegi erakusten duten aztertzeko.
Jakina, gauza hauek berez dira oso eztabaidagarriak eta are gehiago gure gaur egungo egoeran. Horregatik aldez aurretik esan nahi dugu hipotesi bat egingo dugula eta, gainera, azterketa sakonegia egin gabe aurkezten dugula. Arazo larri baten irtenbidea nondik etor daitekeen erakutsi nahi dugu eta nola abia gaitezkeen bide horretatik. Seguruenik, ez dugu asmatuko; baina, ondoren beste norbaitek gauzak hobeto egiteko lehen oinarria ezarri nahi dugu lan honetan.
Lanerako tresna bezala, eta hemen ere arazoak izango ditugula aurreikusten dugu, analisi kontrastiboaren teknikak erabiliko ditugu. Ez dut uste justifikatu behar denik eta, urteetan hizkuntzen arteko aldeak aztertzeko erabili bada ere, oraingo honetan kulturen arteko aldeak aztertzeko erabili nahi dugu. Lado-k analisi kontrastiboaren teoria planteatu zuenean hizkuntzak bere osotasunean alderatzea proposatu zuen; hasiera-hasieratik hizkuntzen alderdi linguistiko eta gramatikalak alderatzeko erabili zen eta ustez, alde horiek hizkuntzen ikaskuntzan izango zuten eragina aurreikusteko erabili bazen ere, Lado-k hori baino gehiago nahi zuen eta ez bereziki ordena horretan. Sistema osoak konparatzea proposatzen zuen. Sistema horien alderik ilunen eta ezkutuena kulturarena da, dudarik gabe. Ez dugu ordea, lan-tresna honen ezaugarrietan sakonduko ez baita hori gure oraingo asmoa.
Has gaitezen, bada, lanaren nondik norakoak azaltzen. Defendatzen dugun hipotesia hauxe da: hizkuntza batean ari direnek erabiltzen dituzten hizkuntz formek hizkuntza horri dagokion kultura deskribatzen dute.
Lana egiteko, Euskaldunon Egunkaritik hiru berri labur eta HABE aldizkaritik artikulu bat hartu ditugu. Hartu esan dugu eta ez aukeratu, hain zuzen ere, erakutsi nahi dugun fenomenoa edozein testutan gertatzen dela frogatu nahi baitugu eta aukeratu egin bagenitu, interesatzen zaizkigunak aukeratu izana lepora bailiezagukete.
Gazteleraren kulturarekin egin dugu alderaketa, gertuen dugulako eta ondoen horixe ezagutzen dugulako. Ez da, ordea, derrigorrezkoa eta saiatuko gara frantsesarekin ere alderatzen egin daitekeela erakusteko.
Testuetan agertzen direnez gain, beste hainbat adibide ere emango ditugu. Adibideok bata bestearen atzetik agertuko dira eta inongo sailkapenik ezarri ez badugu ere, ziur gaude sailkapen egoki bat osa daitekeela. Horretarako, zein irizpide erabili behar den ez dugu oraindik erabaki adibideen korpusa laburra delako.
4. ADIBIDEAK
Has gaitezen adibideak banan-banan aztertzen. Testuetatik ateratakoak aztertu aurretik, urteetako eskarmentuak eskaini dizkigunak ekarri nahi ditugu hona. Adibide hauetan ez dugu erantzunik ematen; askotan galdera baino ez dugu egiten. Hauexek dira:
Aurreko adibideak ikusita, testuetan markatutakoak aztertuko ditugu:
1. TESTUA: ANBULANTZIA BATEAN
Anbulantzia batean zihoazen bost gaiso eta beste lagun bat hil dira auto istripuz Toledon
Sei lagun hil ziren atzo goizean Esquivias (Toledo) herriaren parean anbulantzia batek eta auto batek elkar talka egin ondoren. Antza denez, euriaren ondorioz, anbulantziak irrist egin zuen eta bere atzeko aldeak kontrako norabidetik zihoan auto bat bete-betean harrapatu zuen. Bi ibilgailuak irauli egin ziren gero. Autoan zihoan pertsona bat berehala hil zen, anbulantzian zihoazen lau gaisorekin batera. Beste gaiso bat ospitalean hil zen. Anbulantziako gidaria onik dago, baina beste hiru lagun larri daude. Anbulantziak garraiatzen zituen Toledoko Virgen de la Salud ospitalera errehabilitazioa egitera zihoazen gaisoak.
2. TESTUA: PINTURAK EZ ZUEN LAPURRETA ESTALI
Ertzaintzak 23 urteko mutil gazte bat atxilotu du Zumarragan, obra batzuetan zerabilten dumper bat lapurtzeagatik. Trenbidearen parean egiten ari ziren obra batzuetan ostu zuen. Etxera eraman eta berehala, inork ezagut ez zezan, pintatu egin zuen makina, berez laranja kolorekoa. Urdin-urdin utzi zuen eta baserriko lanetarako zerabilen. Pinturak, ordea, ez du makinaren jatorria ezkutatu, eta atzo ertzainek amaiera ipini zioten zumarragarrak ekintza arrakastatsu biribiltzeko egindako ahaleginari.
3. TESTUA: AHUNTZA BORTXATU
Ahuntz bat bortxatu zuen gizonari bost eguneko
ARRESTATZEA EZARRI DIOTE
Donostiako baserri bateko lurretan bazkan ari zen ahuntz bat bortxatzeagatik bost egun arrestatua egotera zigortu dute 43 urteko gizonezko bat. Horretaz gain, 6.000 pezetako (240 libera inguru) kalteordaina eman beharko dio ahuntzaren jabeari; hain zuzen ere, bortxaketaren ondorioz abereak zituen zauriak sendatzeko albaitariari ordaindu behar izan zitzaiona. Donostiako 1. Instrukzio auzitegiak epaitutako gertaerak azaroaren 4an jazo ziren. Fernando Andreu epailearen arabera, frogatuta geratu da arratsaldeko 17:00ak aldera Etxeberria baserriko lurretan , Miguel V.D. ahuntz batengana hurbildu zela eta zakila sartu ziola baginan. Halaber, frogatutzat eman du ahuntza ernai zegoela eta, bortxaketaren ondorioz, abortoa izan zuela. Akusatuak gertaera guztiak ukatu ditu, baina epailearen iritziz, lekukoek emandako xehetasunek eta ahuntzak zituen zauriek argi eta garbi adierazten dute delitua egin zuela.
Euskaldunon Egunkaria
4. TESTUA: ANOREXIA, NERABEEN GAITZA
15 eta 25 urte bitarteko neskek jasaten dute, batez ere
Anorexia nerabeen gaisotasuna izan ohi da. Batez ere, 15 eta 25 urte bitarteko neska gazteena. Ez dute ezertxo ere jaten eta, jakina, argaldu eta gaisotu egiten dira.
Buruko anorexia gorabehera askoren ondorioz sortzen da: familia, kultura, gizartea eta arazo pertsonalak izaten dira errudunak.
Arrazoiak asko
Gaur egun, argi eta garbi dago gorabehera askoren ondorioa dela. Gehienetan, emakumezkoak (gizonezkoak % 10 besterik ez dira), 15 eta 25 urte bitartekoak eta ondorengo ezaugarriak izaten dituzte bataz beste:
![]() | Nortasuna: buru argia eta hizketarako erraztasun handia. Adimena bataz bestekoa baino maila altuagokoa. Bizitzaren alderdi intelektual eta izpiritualak hartzen dituzte batik bat aintzat. |
![]() | Biologia: Umetan, jankarrak izaten dira. Sarritan urdaileko arazoak edukitzen dituzte eta gorabeherak hilekoarekin. |
![]() | Familia: Oro har, maila oneko familiakoak dira. Nerabe horiek askatasun gutxi izaten dute, gurasoek lotuegi dauzkatelako. Amek gehiegi babesten dituzte eta, horrela, gazteek ezin konpondu izaten dituzte adin horretako arazoak. Horrelako amek eragotzi eta oztopatu egiten dute beren alaben heldutasun-prozesua. |
![]() | Gizartea: Emakumezkoek, arrakasta izango badute, argal-argal egon behar dute ezinbestean. |
Egoera horretan, beti izango da gaitzari bidea zabalduko dion arrazoiren bat: argaltzeko errejimenen bat, maitasun-harremanen batek porrot egin duela, ikasketak burutzeko familiatik banandu beharra, gizartean onartua izateko oztopoak...
Gaitzaren sintomak
![]() | Askoz ere gutxiago jaten eta edaten hastea, baita den-dena egosita edo plantxan erreta jateko obsesioa ere. |
![]() | Otorduetan oso jokabide bitxiak. Adibidez, zutik jaten hastea, oso zati txikiak eginda, erraz betetzea... |
![]() | Errejimena hastearekin batera, hilekoa ere galtzen dute. |
![]() | Ordu gehiago ematen dute ikasten eta ariketa fisikoa egiten. Beraz, lo gutxiago egingo dute. |
![]() | Gezurretan aritzen dira: jaten dutelako planta egin ondoren, komunera joan eta oka egiten dute, edota libragarri eta diuretikoak erabiltzen dituzte argaltzeko. |
![]() | Beren gizartetik eta familiatik gero eta gehiago urrutiratzen dira. |
![]() | Nahiz eta hezur eta azal egon, ispiluan lodi ikusten dute beren burua. |
![]() | Izugarrizko beldurra diote loditzeari. |
![]() | Ez dute inoiz aitortuko gaisorik daudela, nekaturik, egarriak, edo goseak. |
![]() | Depresioak jota eta obsesionatuta egoten dira. |
HABE aldizkaria
6. ONDORIOAK