Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

18. alea, 2003ko azaroa

238 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak:

2. Lanak eta esperientziak: Internet euskara ikasi eta irakasteko tresna. Jose Miguel Arnaiz

3. Hausnarrean: Adio krisiari? Pedro Lonbide

4. Hizketan... Juxto Egañarekin

5. Lotura interesgarriak

6. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 

XII Encuentro práctico de profesores de ELE

2003ko abenduaren 12an eta 13an, Bartzelonan

 

gora

Lanak eta esperientziak

 
Asko dira Helduen Euskalduntzea burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 

INTERNET: EUSKARA IKASI ETA IRAKASTEKO TRESNA

Internet edozertarako tresna dela esaten digute gaur egun eta, jakina, baita hizkuntzak ikasteko ere. Baieztapen borobil horren aurreko erantzunak ere borobilak izaten dira: ezezko borobilak —horiek txotxolokeriak dira, hizkuntza bat bizi egin behar da...— eta baiezko erabatekoak —nahi duzunean eta edonon zaudela, klik egitea bezain manera errazean...—.
 
Ohi bezala, ez bata ez bestea. Sagua mugitzea errazago egiten da hizkuntza bat ikastea baino eta, jakina, hizkuntza baten inguruko bizipenak ez dira zertan sagardotegiko afalostekoetara mugatu behar. Eta tresnak tresna dira, ez besterik. Erabil ditzagun eraginkor suerta daitezkeenean eta alboratu estrategia egokiagorik baldin bada momentu horretan. Baina, nola erabili? Zer egiteko?
 
Edozer ikasteko orduan, eta bereziki hizkuntza bat, bi kontu dira beharrezko: informazioa eta komunikazioa. Ikus dezagun orain behar horietako bakoitza nola gara daitekeen Internet sarearen bitartez modu erraz samarrean.
 
Inongo euskaltegian sartzea erabaki aurretik, ikasleak hainbat datu behar ditu: non ikas dezakeen, nolako ikastaroak dauden, ordutegiak, dauden mailak, prezioak... Matrikulatzeko erabakia hartzen lagungarri ere izan dakizkioke euskara-agiri ezberdinak eskuratzeko proben egutegia, datak eta abar.
 
Euskaltegian sartu aurretiko informazio hori zelan eskaini Internet bidez? Argi dago guk geuk ere ez dugula momentu oro ikasleak behar izan dezakeen guztia, baina bai geure euskaltegiari dagokiona eta gurean izena eman aurretik zer eskaintzen diogun jakin beharko du. Eman diezaiogun bada!
 
Hori egiteko modu estatiko samarra, baina balekoa, euskaltegiaren web orria da. Bertan nahiko iraunkorra den informazioa jar dezakegu eta gurea ez dena (Hizkuntza Eskakizunetarako deialdiak, EGArakoak...) loturen edo esteken bitartez jarri ikasleen eskura.
 
Zenbait gauza ia inoiz ere ez dugu aldatu beharko; beste batzuk, berriz, maizago eguneratu beharko ditugu: ikastaro bereziak, prezioak, taldeetan dauden plaza libreak... Azkeneko horietarako eta, oro har, momentuan momentuko abisu eta deialdietarako dinamikoagoak diren sistemak erabili beharko ditugu.
 
Horietako bat, buletina da eta aldizkari hau berau izan daiteke horren adibide. Hileroko maiztasuna du eta erabiltzaile-talde jakin batentzat interesgarri izan daitezkeen berriak biltzen ditu. Arazo edo berezitasun bat badu, hala ere: jasotzaileak bere e-posta helbidea eman behar digu buletina bidal diezaiogun. Bestela ezin, baina ikasleen kasuan matrikulatzen direnean e-posta helbidea eskatu eta izango dugu modua euskaltegian diren kontuen berri helarazteko.
 
Buletina igortzeko, alde teknikotik begiratuta, bi bide nagusi erabili izan dira orain arte: e-posta programa edo horrelako zerbitzua eskaintzen duten web guneak. Nik azkeneko horien alde egingo nuke abantaila haundi bat dutelako: igorleak mezu bakarra bidali behar du eta ondoren web guneak zabaltzen du buletina, jaso behar dutenak hamar izan edo ehun izan.
 
Bide horrek, beraz, euskaltegiko ikasle diren eta izan direnei informazioa bidaltzeko balioko digu, baina nola garatuko dugu ikaskuntzaren beste gakoa, komunikazioa alegia? Kasu honetan, norabide bakarreko prozesuaz harantzago, parte hartzaile anitz egongo dira aldi berean eta denak izango dira, segun eta momentua, igorle eta hartzaile: irakaslea, ikaslea eta ikastaldea.
 
Hiru elementu horien arteko komunikazioa ahalbidetzeko sistemak bi kategoriatan bereizi izan dira: sinkronoak, parte hartzaileak aldi berean Internetera konektatuak egotera behartuta daudenean, eta asinkronoak, mezuen elkartrukaketa une ezberdinetan gerta daitekeenean. Bestela esanda, sinkronoaren adibide ezaguna telefonoa izan liteke eta asinkronoarena, posta.
 
Posta esan dugu eta berdin zaigu elektronikoa edo tradizionala, baina internetez ari garenez lehenengoa aztertuko dugu hemen. Jende askok erabiltzen du gaur egun eta biderik errezena da gorago aipatutako alde anitzeko komunikazio hori garatzeko, baina aldi berean arazoak ere baditu. Talde irakaskuntzan ari bagara, irakasleak eta ikasleek txukunak eta ordenatuak izan beharko dute ikastaro osoan sortuko den mezu pilari erabilera eraginkorra eman ahal izateko: fin antolatu beharko dituzte mezuak, zeinek zeini zer eta noiz esan zion jakin nahi badute.
 
E-posta, gure eskarmentuaren arabera, egokiagoa da bakarkako ikastaroak aurrera eramateko, irakaslearen eta ikasle bakar baten arteko komunikaziorako alegia. Talde irakaskuntzarako, berriz, badira beste tresna eraginkorrago batzuk: foroak.
 
Mezu-biltegiak dira foroak. Parte hartzaileek nahi dutenean bidali eta irakur ditzakete mezuak: datorren asteko klasea gaur jar dezake irakasleak eta ikasleek bihar irakurri eta datorren astean zehar jarriko dituzte egindako ariketak eta izandako zalantzak. Prozesu horretan zehar sortzen diren mezu guztiak toki bakar batean daude, normalean dataren arabera antolatuta, eta edozein ordenagailutatik kontsulta daitezke.
 
Foroen beste aldaera bat posta-zerrendak dira. Bidaltzen den mezu bakoitza, foroan agertzeaz gain, parte hartzaile guztiei heltzen zaie e-postaren bitartez. Foroen eta e-postaren funtzionamenduak biltzen ditu, irakasle-ikasleei nola erabili erabakitzeko aukera emanez.
 
Tira, klasea jarri du irakasleak eta ariketak egin ikasleek, baina zerk edo zerk huts egin du nonbait: irakasleak emandako konsignak eta ikasleek egindako lanek ez dute ia zerikusirik. Nola konpondu komunikazioan gertatu den akatsa? Nola argitu irakaslearen helburua?
 
Berriz ere mezua idatz lezake irakasleak, baina oraingoan zuzen-zuzenean ikasle guztiekin hitz egitea erabaki du eta horretarako bide bakarra eskaintzen dio internetek: txat-gela. Aldez aurretik hitzordua jarri eta egun eta ordu jakin horretan gelan elkartuko dira denak.
 
Txat-geletan aurrez aurreko komunikazioa gertatzen da neurri handi batean: feed-back arina eman daiteke, esandakoa birformulatu, bat-batean sortutako zalantzak agertu... Faltan duen gauza bakarra, eta ez da gutxi, elementu paralinguistikoen aberastasuna da: aurpegikerak, keinuak, hizketaren tonua eta abar.
 
Baina irakasleak lortu egin du bere helburuak argitzea eta hemendik aurrera ikastaroa bideratuta dauka, nahiz beste batzuetan ikastalde osoarekin edo ikasle jakin batekin berriro ere tresna hau erabiliko duen. Eta, jakina, ikasleek berek ere aukera izango dute txat-gela beren kabuz erabiltzeko, taldekako lanak egin behar dituztenean adibidez.
 
Honaino azaldutakoak ikas-prozesuan izaten diren informazio eta komunikazio jarduera ohikoenak Interneten bidez nola garatu irudikatu nahi izan du. Ez gara hasi jarduera horietako edukia aztertzen, ezta era birtualean nolakoa izan beharko lukeen esaten. Beste baterako utziko dugu garrantzi handiko gai hori.
 
Espero dugu zertxobait argitu izana Interneten erabilera hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako. Dena dela, amaieran ere badira zenbait helbide gai honen inguruko ezagutzan sakondu nahi duenarentzat. Animo, lankideok!

Interneten erabilera didaktikoa:

Universitat Oberta de Catalunya (Canal Educación): http://www.uoc.edu/web/esp/canals/educacio/educacio.html

Centro Nacional de Información y Comunicación Educativa (MEC): http://www.pntic.mec.es/index1.html

XTEC (Xarxa Telemàtica Educativa de Catalunya): http://www.xtec.es/

AreaTIC.com (Punt de Trobada de Projectes, Experiències i Formació en TIC): http://www.xtec.es/~jrosell3/areatic/

Usos educativos de Internet. ¿La revolución de la enseñanza? (Pere Marquès – 98 Departamento de Pedagogía Aplicada – UAB): http://www.ciberespiral.org/bits/usosred.htm

 
Jose Miguel Arnaiz
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
 

Hausnarrean

Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!

ADIO KRISIARI?
 
Iritsi zaizkigu 2003-2004 ikasturtean matrikulatutako ikasleen datuak. Beldur ginen zer erakutsiko ote zuten. Beldur ginen erakutsiko zuten galera jasateko moduan egongo ote ginen. Guztion gogoan eta zenbaten ahotan zebilen "krisia": gero eta ikasle gutxiago 95-96 ikasturtetik aurrera eta esku artean genituen datuek joera horrek bere horretan segituko zuela adierazten zuten. Egoera horri aurre egin behar zitzaiolakoan hasi ginen Helduen Euskalduntzean azterketak egiten eta hartu beharreko neurriak aztertzen.
 
Horien guztien buru izan da IKEI enpresak HABErentzat egindako ikerketa-lana. Bertan adierazten zenez, hiru eszenatoki hartzen zituzten kontuan: irreala, helburutzat hartzen zutena eta jarraipena deiturikoa. Helburu izenekoa lortzeko neurriak ere proposatzen zituen.
 
Tira, bada, bukatu da krisia. Bukatu baino, desagertu egin da. Ez dago. Joera aldatu eta, egunkarietan irakurri ahal izan dugunez, iaz baino ikasle gehiago dago euskaltegietan. Jakina, joera ezberdina izan da lurraldeka eta sareka; baina, guztira, ikasle gehiago dugu.
 
Bi aukera ditugu orain:lehenengoa, arnasa hartu eta bidean pasatutako zulo honekin ahalik eta arinen ahaztu; bigarrena, zer gertatu den eta zergatik aztertu. Krisian sinetsi ez genuenok eta beraz, krisiaren desagerpen mirakulosoan ere sinesten ez dugunok bigarren honi heldu beharko diogu, zalantzarik gabe. Izan ere, krisian ez sinesteak ez du esan nahi ahalik eta azkarren eta derrigorrez konpondu behar diren arazoak ikusten ez ditugunik. Izan badira, guztiok ezagutzen ditugu, eta konpondu beharrekoak dira.
 
Interesgarria izango da krisiaz aritu direnak zer-nolako interpretazioa egiten duten ikustea. IKEIk bere lanean planteatutako estrategien eraginez atera garela krisitik esango digute, zalantzarik gabe. Ikus ditzagun zeintzuk ziren 2003an burutu beharrekoak eta nola landu diren:
 
Euskaltegiei dagokienez:

Bezeria/merkatuaren ikerketa eta segmentazioa. Posizionamenduaren analisia. Irudiaren eta posizionamenduaren hobekuntza: promozioa. Produktu eta zerbitzuen garapena. Euskaltegi sarearen antolaketa. Kudeaketa eta gaitasun komertziala indartzea. Zein/zenbat euskaltegik/sarek egin dute? Zein erabaki hartu da horien argitan? Ezagutzen ditugula, behintzat, oso gutxi eta ez dugu uste horien ondorioa izan denik ikasleen gorakada hau.

HABE eta Administrazioa:

Diru-esleipen sistema berritu. Euskararen erabilera sustatu: motibazioa landuz. Hemen lan handiagoa egin dutelakoan gaude eta azken egunotan izan dugu horren berri. Sustatze-lanez ere asko hitz egin da. Baina, hauen ondorio izan al daiteke ikasleen gorakada?

Beraz, zergatik oso ondo ez badakigu ere, krisitik atera gara eta konturatu gabe IKEIk bere lanean planteatzen zuen eszenatoki irrealean gaude, hau da ikasle-kopuruak gora egin du.
 
Ondorioak? Garbiak, gure ustez, eszenatoki irreal honetan:
 
Egin den lanarekin horrelako emaitzak lortu badira, ez dugu kezkatu beharrik. Zertxobait gehiago saiatzen bagara, 95-96 ikasturteko egoerara buelta gaitezke, lasai asko. Hori, edo onartu gure zerbitzuak benetan hobetu eta dibertsifikatu beharra dagoela. Euskara ikasi orokor horretatik beste helburu eta eginkizun batzuk kontuan izanda proiektu berriei ekin behar diegula. Molde berriak garatu behar ditugula behar eta egoera ezberdinetara egokituta.
 
Errazegi larritzen gara. Gauzei beren bidea egiten utzi behar zaie beren onera buelta daitezen eta bitartean lasaitasuna mantentzea da onena. Begira, bestela, herritarrengan inolako arrazoirik gabe sortu dugun kezka. Hori edo onartu arazoak ditugula. Urte luzez egon garela behar besteko moldaketak egin gabe. Gizarteak errealitate berrira egokitzeko arlo guztietan aurrera egin duen bitartean gu errealitatea gurera egokitu nahian ibili garela. Aldaketa guzti horiek ez direla urte betean egiten, prozesu luze bati eman beharko diogula hasiera.
 
IKEI bezalako enpresek egin ditzatela urtero horrelako ikerketak. Lortutako emaitzek ondo justifikatzen dituzte emandako diruak nahiz eta bat ere ez duten asmatu. Hori edo onartu kanpotiko laguntza beharko dugula baina lan handiena geuk egin beharko dugula. Inork ez duela guk besteko ezagutza Helduen Euskalduntzeaz. Geuk eta ez beste inork egin beharko dugula egin beharrekoa eta zenbat eta lehenago hasi errazago izango dela.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
Hizketan... Justo Egañarekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
 

Justo Egaña urte luzez ari da HABEko Didaktika sailean lanean eta euskaltegi munduan pertsonaia ezagunenetakoa dugu. Urte hauetan guztietan proiektu askotan aritu izan da eta gutxi izango dira Helduen Euskalduntzea berak bezain ondo ezagutzen dutenak. Azkenetako proiektuetako bat, euskara mailak egiaztatzeko azterketa-sistemarena dugu eta horren inguruan aritzea eskatu diogu.

Urte asko eta proiektu asko HABEn, ezta?

    Banaka batzuk bai. Karpeta urdinak egiten ari ziren garaian heldu nintzen HABEra eta orduz geroztik pasa dira bai urteak eta burutu proiektuak. Horien artean aipatuko nituzke batetik 89ko alfabetatzerako programa eta horren ondoren argitara eman ziren materialak: Murgilduz eta Sortuz, horietan zuzenean parte hartu nuelako eta geroko proiektu zenbaitetarako lehen oinarriak ezarri zituztelako. Baina dudarik gabe, proiekturik nagusiena Kurrikuluarena izan da, horren harian eta berori bideratzera zuzendu baitira HABEren azken urteotako egitasmoak, bai Kurrikuluaren beraren zabalkunde eta euskaltegiratze saioetan, bai euskaltegiak bere Kurrikulu Proiektua diseinatzerakoan, bai materialgintzan baita irakasleen etengabeko eguneratzean. Eta horren ondorio ere bada ikasturte honetan indarrean jarri nahi den mailen akreditazio-sistemaren egitasmoa.

Sailburuaren Aginduaren ondoren, zein pauso eman dira ezagutza-mailak egiaztatzeko azterketa-sistema martxan jartzeko?

    Agindua argitaratzearekin batera euskaltegiei horren berri eman zitzaien, hiru lurraldeetan egin ziren zuzendari bileretan. Azterketa Batzordearen eraketa izan zen hurrengo pausua, eta HABEren zuzendariak izendatu ditu jadanik partaideak euskaltegien proposamenak jaso ondoren. Une honetan, aztertzaile-taldearen osaketan ari gara eta euskaltegien proposamenak jasotzen. Bestalde, HABEko zenbait teknikarik azterketa-ereduaren diseinuan dihardute, Azterketa Batzordeari aurkezteko eta eztabaidatu ondoren, onartzeko.

Zein izango dira aurrerantzean egin beharrekoak?

    Hasi besterik ez dugu egin eta lan eskerga aurreikusten dugu. Batetik, azterketa eredua bera proposatu, adostu eta erabaki behar da. Horrekin batera, azterketarientzako gida bat prestatuko dugu, azterketaren xehetasunak azalduz. Halere, aztertzaileen irizpideak bateratzea izango da eginkizunik nagusienetakoa. Bateratze saioak, aztertzaileak izendatzeko gutunean adierazi bezala, on-line erara bideratuko dira, urtarrila-otsailean hasita. Bitartean, kudeaketarekin loturik dauden hainbat puntu zehazten joango gara, deialdia argitaratu, egutegia zehaztu, matrikulak, azterketen zuzenketak, emaitzak, agiriak, dirulaguntzak...

Zein izango da euskaltegien egitekoa prozesu horretan?

    Aginduaren arabera, azterketarako batzordekide izango dira euskaltegiko ordezkariak, aztertzaile izateko eskumena ere aitortzen die irakasleei eta euskaltegian bertan azterketak egingo direnez, horien kudeaketa ere euskaltegiaren esku joango da 16. artikuluan zehazten den bezala. Halere, kontuan izan behar da akreditazio-sistema hau kanpo ebaluazioan eta azterketan oinarritzen dela, eta aztertzaileek ez dituztela euren euskaltegiko ikasleak ebaluatuko. Atxikitzen zaizkien euskaltegietako azterketak zuzenduko dituzte, eta ahozkoetan, beti ere, epaimahai mistoak sortuko dira. Non geratzen da, hortaz, euskaltegiaren partaidetza eta autonomia? Itxura batean, hizkuntz eskakizunetan eta EGAn egiten denaren parekoa litzateke. Ziur naiz, ordea, euskaltegiaren partaidetzak baduela zeresanik, eta handia gainera, akreditazio-sistemaren norabidean. Mailekiko ebaluazio-irizpideak bateratze-lana aztertzaile "espezializatuengana" mugatu ordez, ezinbestekoa da euskaltegi osora heltzea eta hedatzea. Gainera, euskaltegien joera eta jarreraren arabera, gaur egun kanpo ebaluazio bezala planteatzen dena, barne ebaluazioa izatera irits daiteke. Horretarako, urrats sendoak eman behar direla uste dut.

Zer-nolako emaitzak espero dituzue?

Badakigu erronka handi baten aurrean gaudela, baina zalantzak zalantza, itxaropentsu heldu diogu egitasmo honi, kurrikulua indarrean jarri zenetik aldarrikatzen genuen egitekoa zelako. Eta egitasmo honen egitekoa izango da, besteak beste, orain arte euskaltegien artean ikas-prozesuaren baitan eta urratsen artean egon den irizpide sakabanaketa murriztea eta EGAtik beherako 1. eta 2. mailetan gutxienez euskaltegien artean irizpideak bateratzea. Horrekin batera, ikasleei EGAraino zain egon gabe bitarteko mailak aitortu ahal izatea. Eta gauzak txukun ateratzera, beste erakundeen onarpena eta mailei dagokien baliokidetza edo aitortza ofiziala lortzeko bidea egingo genuke. Horretarako, sinesgarritasuna eta bermea egiaztatu behar ditugu. Sinesgarritasuna, ezarriko diren frogetan eta kudeaketan, sinesgarritasuna emaitzetan.Eta ez hori bakarrik; espero dugu mailen akreditazio-frogetan lortuko diren emaitzak EGAn edota HEetan lortutakoak baino hobeak izatea, euskaltegiak gainditutzat emandako ikasleek bakarrik hartuko baitute parte azterketetan. Horrek euskaltegien ezinbesteko/erabateko partaidetza eskatzen du. Neurri handi batean, euren esku egongo da, beraz, egitasmo honen arrakasta edo porrota, eta lehen esan dugun bezala, aurrera begira euskaltegiak izan dezakeen autonomia. Eta horixe da gure desiorik behinena.

gora
 

Lotura interesgarriak

 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 

ARTIKULUAK SAREAN

Hika tratamenduaren balore sozio-afektiboak: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1057320285

Xabier Alberdik 2003ko urriaren 24an Azpeitiko Euskara Patronatuaren web gunean argitara emandako artikulua.

Hitanoa non eta nork erabiltzen duen: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1055937391
Xabier Alberdik 2003ko urriaren 27an Azpeitiko Euskara Patronatuaren web gunean argitara emandako artikulua.

 

BESTELAKO LOTURAK

Eusko Bibliographia: http://bibliotecaforal.bizkaia.net:81/screens/mainmenu.html

Jon Bilbaoren lanak sarean dira Bizkaiko Foru Aldundiaren web gunean.

Eibarko Udalak eta Eibarko Euskera Mintegixak aekarlanean egindako web gunea duzue hau. Bertan, Eibarko euskararen corpusa jorratzeko aukera izango dugu.

gora
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria17. alea 
 
Olentzarori Euskarazko gutunen VII. Lehiaketa: Oinarriak
 
Azaroko zozketa: Ezetz asmatu!
 
 
gora
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia