Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

17. alea, 2003ko urria

237 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Han-hemenka: El aula de autoformación. Aitor Etxebarria

2. Hausnarrean: Ikasturte berriak, berri pozgarriak!. Pedro Lonbide

3. Zera jakin dugu

4. Zenbat buru...

5. Lotura interesgarriak

6. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Han-hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
EL AULA DE AUTOFORMACIÓN
 

Ikastaroaren izena: El aula de autoformación: integración de los contenidos de la programación y el trabajo de autoaprendizaje

Irakaslea: Olga Esteve Ruescas (Universitat Pompeu Fabra. Barcelona)

Tokia eta data: Donostia, HABEren egoitza nagusia, 2003ko ekainaren 25ean eta 26an.

Olga Esteve oinarrizko bereizketa batetik abiatu zen: autoikaskuntza eta autonomia ez dira gauza bera. Autonomia ikastalde arruntean bertan landu ahal eta behar da. Are gehiago, autonomia klase presentzialean (= ikastalde arrunta) landu ezean, zail ikusten du Estevek autoikaskuntza-gelan modu autonomoan lan egitea. Aukeren artean, honako hauek aurreikusten ditu: a) klase presentziala soilik, b) autoikaskuntza soilik, eta c) klase presentziala eta autoikaskuntza-gela elkarrekin loturik.

Berak iradokitzen duen egoera ideala hirugarren hau da da: autonomia bultzatzen duen klase presentzial baten elementu osagarri gisa autoikaskuntza-gela. Baina inondik inora onartzen ez duen egoera honako hau da: nor bere aldetik dabilen klase presentziala eta autoikaskuntza.

Ikaskuntza-teoria bera egon behar da bi guneetan: talde presentzialean eta autoikaskuntza-gelan. Eta bi gune hauek lotuko dituen lan-proposamena edo lan-ildoa Ataza bidezko irakaskuntza izango litzateke. Atazak, dakigunez, helburu komunikatibo bat du azken helburu gisa. Testu batetik abiatu (aurrez emandako ereduak...) beste testu batekin bukatzeko (produktua). Hasierako testuan aurkitzen diren elementuak, produktua izango den testua sortzeko erabiliko dira.

Atazetan badira taldearen premia duten faseak:

Hasierako instrukzioak
Batera jartze saioak. Elkarreragina.
Atazak izan dezakeen zailtasun mailaren sondeoa eta beroni aurre egiteko laguntza-tresnen aurkezpena.
Autoikaskuntza-gelan landuko denaren berri ematea.

Autoikaskuntza-gelan atazan planteatzen diren lanak burutzeko materialak aurkituko dira:

Sortu beharreko testuaren tankerako beste testu eredu batzuk.
Egoera komunikatibo jakin bati dagokion hiztegia (bai hitz jakin batzuk, bai esamoldeak...)
Sortu nahi den testuari dagokion gramatika.

Autoikaskuntza-gelako material hauek ikasgelako edukiak lantzen lagunduko dute, baina, bestalde, ikasgelako lana autoikaskuntzan egingo den lanaren gidari izango da, helburua komuna izanik, baina ikasle bakoitzaren indibidualtasuna errespetatuz.

Hauxe da, beraz, ikastaroan landu ziren bestelako kontzeptu eta orientabideen markoa. Oinarrizko kontzeptu batzuk  (autonomia, ikasten ikastea edo teoria sozio-konstruktibista) berrikusi ostean, ikas-prozesua erraz dezaketen zenbait tresna aipatu zituen Estevek, hala nola:

Materialen antolaketa egokia. Baliabideen kudeaketa

Ikastaroan zehar askotan aipatu zen hipertestua materialen antolaketaren lagungarri gisa. Gogora dezagun lehenengo atalean aipatu dugun Atazetan oinarritutako lana. Dakigunez, lan egiteko era honek hizkuntzaren ikuspegi globala eskaintzen du: hizkuntzaren elementuak elkarrekin lotuta eta elkarren zerbitzuan aurkezten ditu: eduki linguistikoak, testu motak, genero testualak, hiztegia, esakuneak... Bada, atazak inspiratzen dituen irizpide nagusi honen arabera antolatzea proposatzen du Esteve irakasleak. Horrela, sartzen garen bidetik sartzen garela, elementu batek berarekin lotutako beste elementu batera eramango gaitu: testu mota baten bila ari bagara, testu mota hori sortzeko egokiak izango diren eduki linguistikoekiko lotura aurkituko dugu; eta alderantziz.

Bide honetan, bi kontu izan behar dira gogoan, beti ere ikaslea gogoan:

Link edo lotura gehiegi ez ezartzea, mataza horretan ikaslea gal ez dadin.
Link-ak izendatzeko erabiltzen den terminologia ulergarria izatea, kontzeptu gramatikalekin ohituta ez dagoen ikasle helduak ulertzeko arazorik izan ez dezan.

Materialekin lotuta ditugu baliabideak. Hauen artean honako bereizketa hau egin dezakegu:

Ikasketara bertara zuzendutako baliabideak: gramatikak, hiztegiak, bideo didaktizatuak, testu idatzi didaktizatuak... eta ikaskideak eta irakaslea bera.
Laguntzarako baliabideak: testu idatziak (egunkari eta aldizkariak, liburuak) ikus-entzunezkoak (telebista, bideo eta irratia), jatorrizko hiztunak...

Irakasleak baliabideen managerra izan behar du: ondo ezagutu behar ditu eta ikasleei berauek erabiltzen irakatsi eta lagundu behar die. Honetarako gakoa hauxe izan daiteke: une egokian baliabide egokia aurkezteko gaitasuna izatea.

Autoerregulaziorako tresnak. Port-folioa

Ikasle autonomoa defini dezaketen ezaugarrien arteko bat izan daiteke bere ikas-prozesuari aldikako txekeoa egitea: zenbat eta zertan aurreratu duen, non dituen zailtasun edo gabezia nabarmenenak... Hau, beste era batera esanda, autoerregulazioa dugu.

Nola egin dezake ikasleak autoerregulazio hau? Honetarako bide ezberdinak ditu:

Irakasle, tutore edo aholkulariaren bitartez.
Bere mailako edo goragoko mailako ikasleen bitartez
Maila baxuagoko ikasleen bitartez.
Ikaslearen beraren bitartez: esperientzien eta bizipenen inguruko hausnarketa, memoria...

Azken honi dagokionean, Europa mailan entzute eta sona handia eskuratzen ari den baliabidea da port-folioa izenarekin ezagutzen den tresna. Tresna hau hiru atal nagusik osatzen dute:

  1. Biografia linguistikoa. Dokumentu hau hizkuntza bat ikasten hasi bezain pronto idazten hastea komeni da, ikaslea bera eroso sentituko den hizkuntza batean. Hauxe izan liteke lehen dokumentu honen izenburua: Euskara eta ni (Yo y el euskara) Bertan islatu beharko ditu ikasten ari den hizkuntza horrekiko hasierako usteak, beldurrak, klixeak...

    Dokumentu honen originala ikaslean berak gordeko du port-folioan eta kopia bat emango dio irakasleari.

  2. Pasaportea: Ikasten hasi den hizkuntza horretan (eta bestelako hizkuntza batzuetan) dituen agiri, titulu, edo gaitasun-maila. Gaitasun mailei dagokienez zera izan behar dugu gogoan: gaitasun-maila ez duela zertan bera izan hizkuntza-maila guztietan (hau da, gaitasun-maila maila jakin bat izan dezake ahozko ekoizpenean eta beste bat, esate baterako, idatzizko testuen ulermenean eta beste bat ahozko ulermenean...) Kontu hau nahiko argi geratu da Marko Europarrean.
  3. Dossierra: bertan gordeko dira ikasleen ahozko (zintak, kontrolerako taulak...) zein idatzizko (zirriborroak, eskemak, idazlanak...) ekoizpen guztiak

Honekin batera, garrantzi handiko kontua da ikaslea edozein ataza egitean erabilitako estrategia eta errekurtsoen jakitun kontziente izatea (pauta metakognitiboak) Ikaslea ataza bat burutzeko erabili dituen pauta edo estrategia guztien deskribapen zehatza egitera gonbidatuko dugu. Are gehiago, bateratze saio batzuetan komenigarria da komunean jartzea ikasle guztiek jarraitutako pauta edo estrategiak. Hauek guztiak port-folioan gordeko dira eta noizean behin ordura arte gordetakoen berrikusketa egingo da.

Port-folioak ikaslearen esku egon behar du eta bere ikas-prozesuaren berri zehatza eman beharko du: prozesu honetan gertatu den ororen lekukotasuna eman behar du eta ondo antolatuta, gainera.

Ikaskuntza-ibilbideak

Jarraian proposatuko ditugunak erabilera autonomorako nahi ditugun material eta aktibitateen antolakuntzaren zerbitzurako dira. Hona hemen Esteve irakasleak proposatutako batzuk:

  1. Hizkuntza ibilbideak

    Bere izenak adierazten duen bezala, eduki linguistikoak ditu oinarritzat. Bereziki, bere helburuen artean, gramatikaren ezagutza lehen mailakotzat dutenen ikasleentzat pentsatuak dira. Edonola ere, hauetariko ibilbide bakoitzak betebehar komunikatibo jakin bat, testu mota bat dauka. Eta eduki linguistikoak multzoka aurkezten ditu (adibidez, kausa adierazteko baliabide linguistikoak. Honen barruan aurkituko ditugu menpeko esaldiak, deklinabide kasua, aditz lagun kausalak, lokailuak...) eta berauen azalpenetarako zein ariketetarako bibliografia.

    Esteve irakaslearen gomendioa honako hau da: material berria sortu beharrean, egokiagoa litzatekeela dugunean oinarritutako ibilbideak antolatzea. Ibilbide oso baten barruan ikasleak erabaki txikiak hartu beharko ditu.

  2. Sekuentzia didaktiko batean oinarritutako ibilbideak: atazak. Hauxe da, hasieran bertan azaldu dugunez, lehenesten dena, autoikaskuntza eta ikastalde presentziala konbinatuz.
  3. Ibilbide interaktiboak, euskarri informatikoetan aurkeztuak, aurreko bien aldagaiak baino ez direnak. Abiapuntua testu genero bat da (gutun formala, kurrikulua...) Eredua/k aurkeztuta, indukzioaren bidez, atazaren pareko lan-prozesua hasten da, hipertestuen arteko loturek gidatuta.

Aitor Etxebarria

Santurtziko Udal Euskaltegia
gora

Hausnarrean

 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 

IKASTURTE BERRIAK, BERRI POZGARRIAK!

Hasi da 2003-2004 ikasturtea eta berarekin ekarri ditu hainbat eta hainbat berrikuntza. Gehienak ezagutzen genituen azken hilabeteetan askotan agertu zaizkigulako han-hemenka. IKEIk egindako euskaltegien bideragarritasunari buruzko txostenean definitzen ziren batzuk. Beste batzuk, berriz, hartatik eratorritakoak dira. Zalantza ugari sortu zuten ez genekielako nola gauzatuko ziren eta zein ondorio izango zuten gure jardunean. Dena dela, adibide batzuk ematearren ondorengoak aipa ditzakegu, berrikuntzen artean:
 

Euskaltegien finantziaziorako irizpideak azaltzen dituen agindua.

Autoikaskuntza zentroen erregistroa arautzen duena.

Ikasmoduluak aldatzen dituen zirkularra.

On-line materialak egiteko deialdia.

On-line ikastaroak ematekoa.

Mailak egiaztatzeko prozesua arautzen duen agindua.

 

Kexu ginen aspalditik, HABEk ez zigula jaramonik egiten eta aldaketak derrigorrezkoak zirela esanez. Hemen ditugu, bada. Labur-labur esan nahi genuke bakoitzaren inguruan bi hitz.
 
Finantziazioa izan da eta da euskaltegien arazo larrienetako bat. Euskaltegi batek, beste edozein enpresak bezalaxe, bi zutabe bete behar ditu: diru-sarrerak eta ordainketak. Diru-sarrerei dagokien atalean daude euskaltegien arazoak. Matrikuletatik jasoko duten dirua zehaztea zaila da ez baitakigu zenbat ikasle izango dugun eta, hori gutxi ez balitz, zenbat kobratu behar diogun ere ez. Administrazioak eman ditzakeen diru-laguntza batzuk osatzen dute diru-sarreren kopuru handiena. Eta hauen zenbatekoa argitu baino lehen hasi behar dugu lanean izango denaren aurreikuspen bat eginda. Orain arte, gomendioa aspaldi jaso bagenuen ere, bestelako diru-iturriak bilatzeak ez gaitu gehiegi kezkatu. HABEk euskalduntze-alfabetatzeari dagozkion diru-laguntzak banatzeko irizpideak ez dira oraindik nahikoa zehatzak gure jardunari ziurtasunez ekiteko. Jakina, arazoa geurea da nahiz eta erantzukizuna askoren artean banatu behar den.
 
Autoikaskuntza-zentroak ere arautu dira, neurri batean. Badirudi atal honetan zentro pribatuak izan dituztela gogoan batez ere baina ez dugu ahaztu behar euskaltegi publikoak ere ari direla autoikaskuntza garatzen edo gutxienez abian jarri nahian. Jakin badakigu dagoeneko batzuek etsi ere egin dutela. Beraz, erregistroa sortu bai, baina bide horretatik abiatzeko helduleku gutxi.
 
Aspaldiko eskaera da ikasmoduluen moldaketarena eta badirudi ikasturte honetan abian jarriko dela. Diru-laguntza deialdia egin aurretiko moldaketa da eta ez dago batere argi zer eta nola lagunduko den diruz eta are gutxiago autoikaskuntza kontuetan. Agian honen ondorio dira gorago aipatutako autoikaskuntza-zentroak ixteko erabaki horiek.
 
On-line ikasbidea ere, autoikaskuntzarekin batera eta zenbaitetan nahastuta, indarrean da. Horretarako bi deialdi izan dira eta HABEk diru-laguntzak emango dizkie materialak eta ikastaroak prestatzen dituztenei. Lehenengo aldia da eta, asko hobe daitekeela uste badugu ere, esperientziaren emaitzak ikusi arte itxaron beharko dugu hurrengoetarako proposamenak egiteko.
 
Euskaltegien garrantziko beste errebindikazio bat ere abian da: mailak egiaztatzeko prozesua. Ikasturte honetan egiaztatu ahal izango dute gure zenbait ikaslek lortutako maila. Ez guztiek eta ezta ordura arteko maila guztiak ere, baina prozesu honi hasiera emateko lehen pausuak behintzat emango dira. Egiaztatze horren balioa ere oraindik zehaztu gabe dago eta itxaron egin beharko dugu oso prozesu konplexuak izaten baitira hauek baina, abian jartzea pozgarria da berez.
 
Ondorioetara jota, hainbat puntu argi geratzen dira:
 

HABEk aldaketa asko jarri ditu abian eta aldi berean gainera. Horrek poza sortzen du alde batetik nabari delako duen ardura eta hobetu nahia, baina bestaldetik kezka ere sortzen du. Ez ote da erronka handiegia, gure errealitatea eta orain artekoak kontuan izanda, prozesu horiei guztiei aldi berean heltzea? Ez dugu zalantzarik HABEk ondo neurtu dituela indarrak eta eginbeharrak. Izan ere, benetan penagarria eta etsigarria litzateke hain proiektu garrantzitsuak ezerezean geratzea edo behar bezalako ondorioak ez izatea.

Aldaketa hauek guztiak batera asimilatzea oso zaila izango da euskaltegientzat. Gure jarduna egokitu beharra izango dugu eta urteetako inertzia eta une honetako presa oztopo handiak izango dira.

Euskaltegien arazo larrienetako bat, menpekotasun ekonomikoa eta antolakuntzakoa, ez da konpontzen. Aldatu egiten da baina berriz ere kanpoko parametroek ezartzen dituzte gure mugak. Guztion helburua behar luke izan zentro bakoitzaren autonomia garatzea eta hartzen ditugun neurriek helburu hori lortzen lagundu beharko lukete.

Aurreko puntuarekin lotuta dago, gure ustez, euskaltegiek proiektu hauetan izango duten partaidetza. Zenbateraino bultzatzen den elkarlana ez dago argi eta zenbaitek pentsa lezake berriz ere agindupean ari garela beste eginkizun eta molde batzuetan.

Ziurtasun-eza ikaragarria da ez dakigulako zein ondorio izango duen hauetako berrikuntza bakoitzak. Urteetan izan dugun jarduteko era bat utzi eta berrian sartu gara nora garamatzan eta bidean zer aurkituko dugun oso ondo ez dakigula.

Pedro Lonbide

Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
Zera jakin dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 

EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA SAILAK EUSKARAREN EZAGUTZA EGIAZTATZEKO SISTEMA JARRIKO DU MARTXAN IKASTURTE HONETAN

 
2003-2004 ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskararen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko sistema jarriko du indarrean, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko kurrikuluak dioenarekin bat etorrita.
 
Aipatutako mailen ziurtagiriak lortzeko, maila bakoitzari dagokion azterketa gainditu beharko da.
 
Azterketek hainbat zati izango dituzte hizkuntzaren komunikazio-gaitasuna neurtzeko, bai idatziz eta bai ahoz egitekoak. Hizkuntzaren alderdi hauek neurtu ahalko dira: idatzizko ulermena, hizkuntzaren erabilera, entzutezko ulermena, idatzizko ekoizpena eta ahozko ekoizpena.
 
HABEren erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta autoikaskuntza zentroetako ikasleek izango dute deialdietan parte hartzeko eskubidea.
 
Informazio zehatzagoa lor dezakezu Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko aginduan (EHAA, 2003ko irailak 10).
 EUSKAL HERRIKO III. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA

Argitaratu berri da euskararen egoera zertan den aztertu nahi izan duen inkesta. Dirudienez, euskarazko hiztunen kopuruak gora egin du Euskal Herrian, baina erabilerak behera.

Nahi izanez gero, hemen duzu informazio gehiago.

EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA SAILBURUAREN AGERRRALDIA EUSKO LEGEBILTZARREAN

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Miren Azkaratek eskatu berri du agerraldia Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordean. Agerraldiaren helburua da Euskaltegien Bidegarritasunari buruzko txostenean aurreikusitako neurrien garapena azaltzea. Momentuz agerraldirako data zehaztu gabe dago.

gora
 
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
EUSKALTEGIEK EUSKALDUN OSOAK LOR AL DITZAKETE?
 
Orain gutxi egin didate izenburuko galdera hori, hau da, euskaltegiek (direnak direla eta gaurko baliabide, antolaketa eta metodologiarekin) euskaldun osoak lor al ditzaketen (Jakin aldizkariko 137 zenbakian). Momentuz, hona ekarri ditugu han esanikoak, bere laburrean. Agian beste batean helduko diogu gaiari patxada handiagoz eta merezi duen luzeraz.
 
Oso ezaguna da Txepetxen ikasketen teoria. Horren arabera, hiru dira hizkuntzak ikasi ahal izateko oinarrizko faktoreak: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Faktore horiek berezkoak ala induzituak izan daitezke, eta horren arabera, beraz, bi ikas-prozesu bereiz daitezke: primarioa, bizitzaren lehenengo urteetan, eta sekundarioa edo kulturala, hezkuntza sisteman. Hiztun edo euskaldun osoa izateak esan nahi du hizkuntzaren gaineko bi ikas-prozesuak gertatu direla, naturala edo berezkoa eta kulturala edo sekundarioa.
 
Txepetxen teoria honek arrakasta handia lortu zuen eta Helduen Euskalduntzean ere sekulako oihartzuna izan zuen. Askoren iritziz, euskaltegien azken helburua euskaldun osoak sortzea zen eta horretara bideratu behar ziren ikuspuntu metodologikoa, materialak eta gainontzeko aribide guztiak ere. Emaitzak, ordea, ez dira gehienetan espero bezalakoak izan. Kasu horietan motibazioa hartu izan dugu porrotaren arrazoitzat, ikasle askoren motibazio falta, alegia. Motibatu gabeko ikasleak ezagutza lortuko du ziurrenik, baina ez du hizkuntza erabiliko, eta beraz, ez da euskaldun osoa izatera iritsiko.
 
Gure ustez, ordea, oinarrizko arazo bat gertatu da euskaldun osoaren kontzeptua sostengatu duen teorizazioan. Zoritxarrez, hizkuntza bat ikastea ez da Txepetxek irudikatutakoa bezain sinplea, askozaz konplexuagoa da eta hori argi eta garbi frogatu dute azken hogeita hamar urte hauetan hizkuntzalaritza aplikatuaren alorrean hizkuntzen jabekuntza-prozesuak aztertu dituzten ikerketek. Hizkuntzaren jabekuntza-prozesuan eragina duten aldagaiak, beraz, asko eta askotarikoak dira, besteak beste, adina, trebetasun linguistikoa, aldagai psikosozialak, nortasuna, estilo kognitiboak, ikas-estrategiak... Baina, jakina, instrukzio formaleko testuinguru batez ari bagara, horiei gaineratu behar zaizkie irakaskuntza eta aukeratutako ikuspegi metodologikoarekin erlazionatutako beste hainbat aldagai, hizkuntzaren gaineko ikuspegiari dagozkion guztiak... Ondorio argia atera behar dugu: errealitatea ukatzen duen helburua lortu nahian ibili gara urtetan Helduen Euskalduntzean, lortu ezin daitekeena lortu nahian, alegia.
 
Gaur egun bigarren hizkuntzaren didaktikaz ari garela, eta eleaniztasunaren aldeko ikuspegi batetik abiatuta, ez da gomendagarria jatorrizko hiztun idealaren ereduari jarraituta, hizkuntzen ikas-prozesuaren gaineko ikuspegi hertsi bat izatea, hasiera eta amaiera dituen prozesua balitz bezala hartzea, alegia. Iruditzen zaigu horrelako ikuspegi batek ateak ixten dizkiola lorgarri izan daitezkeen hainbat helburu planteatzeari. Ikasleak errealitatean burutu behar dituen eragiketa linguistikoei erreparatuta, zergatik ez bultzatu naturala den trebetasun linguistikoen arteko oreka eza?
 
Gure ustez, Helduen Euskalduntze eta alfabetatzearen misioa hiritarrei beren behar linguistikoak ase ahal izateko bitartekoak eskaintzea da. Horrek, ezinbestez, euskararen normalizazio-prozesuari eragin behar dio, baina beti ere, bigarren hizkuntza bat ikasteak inplikatzen dituen aldagaien kontzientzia edukita.
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
 

Lotura interesgarriak

 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 

EUSKALTEGIAK SAREAN

 

AEK: http://www.aeknet.net

AEKk aspaldian zuen web gunea, baina aipatzekoa da uda aldean egin duen berriztatzea.

HEZKUNTZA

 

Language Resource Centres: http://www.lrcnet.org/

LRC proiektuan 13 herrialdeetako 17 erakundek hartzen dute parte. Helburua Hizkuntzen Baliabide Zentroen bidez gertatzen den ikas-prozesua mesedetzea da. Ildo horretan, oso interesgarria da idatzi duten Baliabide Zentroen Eskuliburua: http://www.lrcnet.org/html/es/ES.pdf

ISEI-IVEI: http://www.isei-ivei.net/ 

Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI) web gunean dokumentazio eta baliabide zerbitzua aurkituko dugu.

gora
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria16. alea 
 
Online ikastaro berriak:
Musubero mon amour liburuaren lanketa
Nire kuleroak liburuaren lanketa
 
Urriko zozketa: Ezetz asmatu!
 
gora
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
www.santurtzieus.com
 
ă Santurtziko Udal Euskaltegia