Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

16. alea, 2003ko ekaina

229 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

OHARRA: Irakasleon Aldizkaria-k udan zehar izango du etena. Ondo pasa oporretan eta bueltan izango gara berriro ere zuekin.   

 
 
Aurkibidea
 

1. Liburuak eta artikuluak

Hizketako egintzak vs. isiltasun egintzak. Enrike Cenitagoia

Testu-antolatzaileak. Begoña Gómez Abrisketa

2. Han-hemenka: Euskaren premiak. Aitor Etxebarria

3. Hausnarrean: Irakasle-ikertzaile. Pedro Lonbide

4. Hizketan... Alberto S. Etxebarriarekin

5. Zera irakurri dugu

6. Irakurleen ekarriak: Alberto González

7. Lotura interesgarriak

8. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Liburuak eta artikuluak

Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.

Artikulua: ¿Actos de habla vs. Actos de silencio?

Egilea: Rosa M. Mateu Serra

LiburuaLa lingüística aplicada a finales del siglo XX 

Editoreak: Isabel de la Cruz Cabanillas et al

Argitaratze-urtea: 2001

Argitaletxea: Universidad de Alcala de Henares

HABE Liburutegian: F5 LIN

Rosa Maria Mateu Serrak gure eguneroko ekintzetan isiltasunaren garrantzia nabarmendu du kontraesan bat plazaratuz; alde batetik, isiltasuna hizketaren ukazioa bezala definitzen da baina bestetik hizketaren ukazio honetan behar beharrezkoa da isiltasuna hizketaren erabilerarako. Hizkuntzaren linealtasunak etena behar beharrezkoa egiten du ulergarria izateko. Orokortasun batean isiltasunak diskurtsoaren eraketan eta hitzaren makuluan bere balioa izan du, baina ez entitate autonomo gisara. Isiltasuna azter ezintzat jo izan da linguistikaren barnean testuinguruaren beharragatik. Aipatutako guztiarengatik ez da isiltasunaren balio komunikatiboan gehiegi sakondu ez eta bere egitura sistematizatzean eta oinarrizko funtzioan elkarrizketan.

 
Gallardok isiltasuna hondoko fenomeno gisara definitzen du. Eta hondo honetan hizketa sumatzen da intuitiboki, beraz ez du isiltasunaren ikaskuntza giza komunikazioaren osagarri bezala. Dena den, isiltasunaren garrantziaren hazkundea ikerketa linguistikoen baitan, gaiari buruzko idazkietan ikuspuntu berrien agerkeran sumatzen da, pragmatika eta diskurtsoaren analisiaren arloan, batik bat. Rosa Maria Mateu Serrak dionaren arabera, ez da soilik isiltasunaren funtzio komunikatiboan datuak jasotzea baizik eta hizketaren osagarri bezala aldarrikatzea eta ez fenomeno aurkari bezala. Komunikazio-jarduera interpretazio eta suposizioen joko bat da. Hizkuntzaren bidez ere oker gaitezke, hizkuntza bera erabiltzeak ez du esan nahi derrigorrean txarto ulerturik ez egotea eta alderantziz hizkuntza desberdinak erabiliz komunika gaitezke. Orduan, gakoa ulertze proiektu baten egotean datza edo ez egotean hizkuntzatik harantzago doana.
 
Isiltasunaren baitan ezaugarririk nagusienetakoa intentzioa da. Intentzioa bestalde pragmatikaren oinarrizko kontzeptuetako bat delarik, irakaslearen nahia hausnarketara bideratzea da, hizketa ezaren aberastasunak interakzio komunikatiboari ezar dakiokeen aberastasuna eta honen defentsa egitea. Eta ondorio honetara heltzea: isilik gaudenean zenbaitetan hitz egiten ezezik ekinean ere ari garela.
 
Intentzio kontzeptuarekin erabat lotuta dago egintza kontzeptua. Mateu Serrak, Escandell hizkuntzalaria aipatzen du eta honen ustez kausa/efektu baten aurrean gaude, hau da, egintzaren emaitzei eta markei erreparatuz intentzioa deduzi daiteke. Isiltasun-egintza intentzio jakin batez egina du hizlariak, honek aukeratutako eta hartutako jarrera bat adierazten du. Hizketa egintzak suertatzeko ezinbesteko baldintza intentzioak behar du izan. Kontuz, ordea, baieztapen kategoriko honekin: denok ezagutzen baitugu intentziorik ez duten hizketa-egintzarik.
 
Escandellek esaten duenaren bidean, orokorrean ez hitz egiteko erabakia geldoago hartzen da hitz egitekoa baino. Afirmazio horrek harridura sor lezake intuitiboki uste baitugu hitz egiteko erabakian aukeraketa hausnartua dagoela prozesua modu espontaneoan eramaten delarik.
 
Mateu Serrak lingüista desberdinen proposamenak aurkezten ditu elkarrizketan isiltasunaren presentziari dagokionez.
 
Bilmes-ek bi isiltasun mota ezberdintzen ditu. Lehena, isiltasun objektiboa (erabatekoa) eta bigarrena, isiltasun nabarmena (esanguratsua). Azken honek hizketaren eza du bere baitan azpimota gisa. Lehenengo isiltasun mota doinu ezaren sinplekerian datza. Bigarren isiltasuna, ordea, doinu mota jakin baten ezean datza. Isiltasun nabarmenaren barnean hizkuntzalari honek, bi azpimota azaltzen ditu (elkarrizketaren isiltasunean). Lehenengoa, esplizitua deitzen duena ezer ez esatea, hitzezko estimulu baten aurrean, interes falta azaltzen duelarik. Eta bigarrena, inplizitua; hitzen bidez erantzuten denean baina zer edo zer esateagatik. Mateu Serra Escandellekin bat dator arlo honetan; Escandellek dio inguruaren aurrean norbanakoak jarreraren bat azaldu ohi duela komunikazioa aukeratu beharrean isiltasuna aukeratzen duenean eta isiltasun honen bidez jarreraren berri izan dezakegu. Hitzaren erabileraren benetako ordezko gisara aurkezten denean isiltasunak balio komunikatiboa du.
 
Tannen-ek bi ezberdintasun nagusi egiten ditu. Lehena, esanahia duten isiltasunak baina ez proposiziozko edukirik. Adibidez, etenak, zalantza uneak... Bigarreneak proposiziozko edukiak ditu eta gainera indar ilokutiboa eta perlokutiboa, hau da, igorleak mezuan, intentzioan jartzen du arreta eta zenbaitetan hizkuntzan kodifikatuta aurkitu ahal da, hala nola, galderen bidez, esklamazioen (harriduren) bidez... Bigarren ezberdintasuna kontestuaren eraginean dator eta baita hizkuntza ez hitzezkoan. Ezberdintasun bi hauek ikusita argi geratzen da isiltasunak pragmatika teoria batean sartu behar ditugula.
 
Haverkate-ren iritziz, komunio fatikoa deritzona azaltzen du honek. Tentsio psikosozial bat gertatzen ari denean hitzezko interakzioa ez da garatzen, beraz une honetan kortesiaren mekanismoa sortzen da giza harremanak irauteko eta isiltasuna ekiditeko. Kasu honetan agertzen dira hondo gabeko hitzak, hitzaren agerpena baina benetan hitz eza dena.
 
Castilla del Pinok, pragmatika ikuspuntu batetik definitzen du isiltasuna. Isiltasuna egite bat da, isiltasuna ez da ez esatea, isiltzea baizik. Isiltzea, baina, zer ordea? Isiltzea nahi ez dena, esan behar ez dena. Isiltasunarekin komunikatzen ari gara ez dugula nahi, ezin dugula komunikatu edota ez dugula komunikatu behar.
 
Kurzon-ek isiltasun linguistikoa (intentziokoa) eta ez linguistikoa (ez intentziokoa) ezberdintzen ditu. Lehenak, hizkuntza zeinuan bere baitan adierazle huts bat du eta esanahia ere bai. Proposizioen bidez hizlariak intentzioa adierazten du. Ez intentziokoa aldiz, adierazle huts bat esanahi huts batez osatua dago eta ondorioz ez litzateke hizkuntza zeinu bat izango. Kurzonek berak erantzun isilaren interpretazioa ere aztertzen du, honako ondorio honetara helduz: hizketarako estimulu bati erantzun isila ematea izan daiteke intentzionala edota ez intentzionala. Ez-intentzionala bada, psikologia aldetiko inhibizioetan bilatu beharko dugu. Intentzionala bada, modalitate desberdinetako interpretazioak eduki ditzake; adibidez, barruko modalitatea eta kanpoko modalitatea. Kasu honetan isiltasuna ez dago baimenduta, beraz hitz egitera behartuta dago. Orain arte isiltasun desberdinen inguruan aritu izan gara. Inplizituki jakintzat eman dugu isiltasuna eta isiltzea fenomeno berari buruz ari direla. Baina Bajtinen arabera bi termino horiek ezberdintzea garrantzitsua da. Isiltasuna zera da: doinurik eza eta isiltzea hitzen falta (hitzak ez egotea). Isiltasuna apurtzea doinu baten aldetik mekanikoa da eta fisiologikoa ere bai; aldiz, isiltzearen apurtzea hitz baten bidez, pertsonala da eta zentzuz jarria. Azken hau beste mundu desberdin bat da. Isiltasunean zenbaitek zarata/edo ez zarata ateratzen du. Isiltzean, berriz, inork ez du hitz egiten edota norbaitek ez du hitz egiten.
 
Isiltasunaren kontzeptua beraz, Bajtinen aldetik doinuaren eta hizkuntzaren atal batean lotuta dago. Isiltzearen kontzeptua aldiz, hitzaren eza, enuntziazio ekintzei dagokie. Horren ondorioz linguistikak soilik isiltasuna ikertzea izango luke betebehar. Ponzioren hitzetan, isiltzea ez da mututze hutsa. Isiltzea ez da hizkuntzatik irtetea baizik eta zeharkako hizketa ere bada; urrutiko hitza, hitz ironikoa, irribarrea, parodia.
 
Sobkowia-k pragmatika ikuspuntu batetik hipotesia hau plazaratzen du: isiltasuna giza komunikazioan hizketarekin konparatuz sakonki markatuta dago. Autore honek lau irizpide kontuan hartzen ditu bi fenomenoak erkatzeko: esanahia, forma, distribuzioa eta funtzioa. Egun isiltasunaren ikuspuntua gero eta sendotze handiagoa hartzen ari da. Linguistikaren barnean, isiltasunari buruzko ikaste saiakerak izatea gero eta arrazoituago daude.
 
Isiltasunaren fenomenoa garrantzi handikoa da giza komunikazioa hobeto ulertzeko eta, arlo hau irekita dagoela, pragmatikaren inguruan lan esanguratsuak ekoizteko. Denok gara kontziente isiltasunaren izaeraz baina oraindik ez da gehiegi ikertu hizketaren aurkariaz aldenduta bederen. Definizio ezkor bat dagoelarik bere baitan. Isiltasunak kultur fenomenoak diren neurrian baiezko/ezezko moduan interpreta daitezke baina inolaz ere elementu hutsalak bezala. Hein berean hitzek beti ez dute ekiten elementu beteek bezala. Estereotipoetan barneratuz ez dugu nahi isiltasuna izatea soilik intuizioari eta subjektibotasunari lotuta eta ondorioz ikuspuntu linguistiko batetik aztertu ezin dena, ezinezkoa dena.
 
Enrike Cenitagoia
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Artikulua: Testu-antolatzaileak
Egilea: Esnal, Pello
Aldizkaria: Hizpide
Alea eta urtea: 50, 2002
Argitaletxea: HABE
Artikulua: Testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa
Egilea: Esnal, Pello
Aldizkaria: Hizpide
Alea eta urtea: 51, 2002
Argitaletxea: HABE
 
Pello Esnalek bi artikulu hauetan Euskaltegietako Kurrikulu Proiektuen garapena helburu izanda, testuaren eraketan ezinbestekoa den konexioa gauzatzeko euskal testu-antolatzaileei buruzko hausnarketa egin du.
 
Lehenengo artikuluan, lan eta hizkuntzalari batzuk azterturik, 5 sailetan banatu ditu testu-antolatzaileak, bere ustetan, sail bakoitza zein lanetan ondoen landuta dagoen adieraziz:

 

Lokailuak zerrendatzeko oinarrizko lana EGLU III dela dio.
Testu-markatzaileak zerrendatzeko María Antonia Martín eta José Portolesen Gramática descriptiva de la Lengua Española lanean agertzen den taula gomendatzen du.
Goikoetan ez bezala, lokailuak eta testu-markatzaileen funtzioa betetzen duten esapide eta sintagmen zerrenda itxirik ezin dela egin dio.
Juntagailuentzat oinarrizko lana EGLU IV da, bere ustez.
Amaitzeko, menderagailuak lantzeko EGLU IV eta Euskal Gramatika Osoa (2000) jotzen ditu komenigarritzat
 
Bigarren artikulua, zehatzagoa den neurrian, interesgarriagoa ere bada, bertan azpimarratzen baitu euskarazko testu-markatzaile eta lokailuen erabilgarritasuna hizkuntzaren erabileran, egon daitezkeen komunikatzeko oztopoei aurre egiteko.
 
Komunikazio aldetiko arazo hauek aztertu eta irtenbidea nola eman esaten hasi baino lehen, argi uzten digu testu-antolatzaileek testu-zatiak lotu ez ezik, iragarri ere egiten dutela, ondoren zer datorren adieraziz.
 
Honez gain, gogorarazten digu testu-antolatzaileen funtsezko bi ezaugarriak hauek direla: batetik, eta intonazioari dagokionez, bi pausaldiren arteko tartekiak direla eta komen artean idazten direla (salbuespenak ere / zeren...) eta, bestetik, nolabaiteko mugikortasuna dutela, hau da, esaldiaren barruan kokagune desberdinak izan ditzaketela.
 
Hau honela, euskara idatzian eman daitezkeen joskeraren aldetiko bi arazo aztertzen ditu, testu-markatzaile eta lokailuen bidez konpon daitezkeela frogatuz, honetarako behar diren adibideak emanez:
 
Atzerakarga da lehena; izan ere, euskarak badu informazioa atzeratzeko joera, eta hau arintzeko, testu-antolatzaileak erabiltzeko estrategia batzuk proposatzen ditu.
Era berean, batzutan, eta batez ere esaldi luzeetan, elementuen arteko pausaldiak (subjektu eta predikatuaren artekoak edota aditzaren eta osagaien artekoak ere) non dauden ez da argi ikusten eta honetarako ere oso argigarriak gerta daitezke testu-antolatzaileak.

Azken batean, Esnalek adierazi nahi digu testu-markatzaile eta lokailuen bidez, hizkuntza-errekurtsoak modu oso desberdinetan konbinatzeko aukerak eskaintzen dizkigutela eta horiek erabiltzen ikasi behar duela hiztunak, komunikazio argi eta egokia lortzeko.

Ildo beretik, artikulu hauetan zenbait ideia argigarri agertzen zaigu:

Hasteko, azpimarratzen du testu-antolatzaileen azterketa ikuspuntu diskurtsibo-testualaz egin behar dela, hau da, testu osoaren eremuan, eta ez gramatikaletik soilik, ohi bezala; izan ere, esaldi-esparrua baino askoz zabalagoa den testua hartzen du aztergai.
Honekin lotuta, gaitasun komunikatiboen baitako bi azpi-gaitasun bereizten ditu: batetik,gramatikako hizkuntza-arauen mundura garamatzan gaitasun linguistikoak, eta bestetik, hizkuntzaren erabilerarekiko erabakien mundura hurbiltzen gaituzten gaitasun estrategikoak; gaitasun estrategikoak baliatuz, hain zuzen ere, hizkuntza-erabiltzaileak jakin beharko luke non kokatu mezua ahalik eta argien gera dadin.

Esnalek berak gogorarazten digunez, EGA azterketarako Esaldiak berridatzi ariketan azaldutako gaitasun estrategiko hauek neurtzen dira.

Ondorioz, euskararen irakaskuntzan ari garenok oso kontuan eduki behar dugu hizkuntzaren orokorragoa den ikuspegi diskurtsibo-testuala, ikasleek ahozko zein idatzizko ekoizpenetan islatu nahi dituzten ideiak koherentzia eta kohesioaz lotzen ikas dezaten. Bestera esanda, testuen azalekoak ez ezik (zuzentasun gramatikalarekikoak), hizkuntza-erabiltzaile onak jakin beharko luke sakonean ere zer dagoen: azaltzen diren ideiez gain, hauen arteko loturak, hierarkizazioa eta antolaketa ere ulertu behar ditu, testua bere osotasunean harturik.
 
Eta, Pello Esnalen bi artikuluetan ikusi dugunez, xede honetarako ezinbestekoak dira testu-antolatzaileak.
 
Begoña Gómez Abrisketa
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
EUSKARAREN PREMIAK
 
HERRIA 2000 ELIZA erakundeak, aurten bere XXV. urteurrena ospatzen duela-eta, gure herriarekin lotutako funtsezko zenbait gairen inguruko jardunaldi bana antolatu du urtean zehar burutzeko. Euskararen ingurukoa, Euskararen Premiak izenburupearekin, maiatzaren 31n burutu zen.

Jardunaldi hau bi mahai inguruk eta hainbat komunikaziotarako tarte zabal batek osatu zuten. Lehenengo mahai-inguruan EAJren Euskara Arduradun Miren Josune Ariztondok, Kontseiluko Idazkari Nagusi Xabier Mendigurenek eta EKEren Lehendakari Erramun Baxok parte hartu zuten. Nor bere ardura eta ikuspegi soziopolitikotik, euskararen egoeraren diagnostiko laburra egiten eta aurrera begirako lehentasunak azpimarratzen saiatu zen. Interesgarria izan zen ondoren, entzuleen galderen txandan, sortutako eztabaida: Administrazioa eta Herri Ekimenaren arteko lankidetza eta honetarako leudekeen ustezko oztopoak, lan munduan egiten ari den normalizazio lana, euskararen inguruan sor litekeen oinarrizko kontsensu baterako dauden aukerak, Europako Kontseiluak bultzatzen duen Port-Folioa...

Komunikazioen tartean hainbat errealitate ezagutzeko aukera izan zen: lan munduan Elai enpresan egiten ari diren esperientzia normalizatzailea, Justizia munduan euskarak bizi duen egoera eta egiten ari den lana, Profesional Euskaldunen Elkargoa sortzeko egitasmoa; Berria proiektua; euskal prentsa kontzeptuaren argitzea; UEUk sarean jarri duen Inguma (Euskal komunitate zientifikoaren produkzioa); Elhuyarrek ere sarean jarri duen Berbagune izeneko zerbitzu berria, hizkuntza gutxituek interneten duten presentzia neurtzeko; EIZIEren proiektu berrien informazioa: Itzulpen Politikagintza arautu eta itzulpen literarioa bultzatzeko fundazio baten sorrera; Mendebalde Elkartearen komunikazioa... eta beste hainbat.
 
Bigarren mahai inguruan AEKko Mertxe Mugikak, Berbalaguna esperientziaren arduraduna den Benito Fizek eta Demo-en ordezkari Gorka Torrek parte hartu zuten. Galderen txandan ere ukitu zen gai interesgarririk; besteak beste, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egungo egoera.
 
Honelako Jardunaldi gehienetan gertatzen den bezala, euskararekin lotutako hamaika konturen berri ezagutzeko parada izan genuen, honek daukan muga jakinarekin: zenbat eta gai eta esparru gehiago ukitu, orduan eta aukera gutxiago dago berauek sakon aztertzeko.
 
Bukatzeko, partaide batek mahaigaineratutako ideia bat ekarri nahi dugu orriotara: zerbait lortu nahi badugu, jendeak gure helburuez hitz egin dezala, eta ez helburu hori lortzeko erabili ditugun bideez. Aukera ditzagun, beraz, zuhurki bideok.
 
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora

Hausnarrean

 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 

IRAKASLE-IKERTZAILE

Hizkuntzen irakaskuntzan gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketak ikaragarriak izan dira azken urteotan. Gurera ere iristen ari dira eta horren lekuko dira HEOK, Erreferentzi Marko Europarra eta beste asko. Aldaketak, oro har, hiru eremutan eman dira: hizkuntza bera nola ulertzen dugun, ikas-prozesua zertan den eta bi horien ondorioz, irakaslearen lana zein den.
 
Ondorio esan dugu, azken finean landu beharrekoaren eta hartzailearen araberakoa izango baita irakasleon egitekoa. Askotan hitz egin dugu aldizkari honetan hizkuntzaren izaera berriari eta baita ikasleak egin beharrekoari buruz. Gutxiagotan, ordea, irakaslearen zereginaz; eta are gutxiago, irakaslearen eginkizunaz alderdi zehatz bati dagokionean: ikerketa.
 
Irakaslearen lanaren alderdi sortzaile eta dinamikoaz luze hitz egin daiteke eta ez dugu uste gaur egun horren justifikaziorik behar denik. Unean-unean egokitu beharko du hartzaileen behar eta ezaugarrietara eta etengabeko hobekuntza-bideak bilatu beharko lanaren etekinak ahalik eta onenak izan daitezen, hau da, ikasleak ahalik eta azkarren, ondoen eta errazen ikas dezan.
 
Bide horiek, ordea, erabili, aztertu eta ebaluatu egin beharko ditu eta horretan zientifikoaren jokabideak erabili beharra nahitaezkoa da. Jokabide horien ezaugarri nagusietako bat kontrola daitezkeen aldagaiekin esperimentatzea da. Askotan aipatzen da hizkuntzen irakaskuntzan irakasleen esku ez dauden hainbat aldagai daudela, eta horien garrantzia azpimarratzen da prozesuaren arrakasta edo porrota justifikatzeko. Ezinbestekoa dugu onartzea irakasleak kontrola ditzakeen aldagai bakarrak bere lanean erabiltzen dituen ekintzak eta jokamoldeak direla, eta zergatik ez esan, usteak eta iritziak.
 
Horietako bat edo batzuk aldatzeak zer aldaketa ekartzen dion ikas-prozesuari aztertzea izango litzateke gaur egungo ikerketa-bidea. Jardunerako ikerketa deituriko prozesuak defini dezake planteamendu hau oso era errazean: ikas-prozesuan aldaketa bat eragin nahian irakaslearen jardunean aldaketa bat planteatzen da, ikerketa-aldia bukatutakoan bilatzen zen aldaketa gertatu denentz ikusteko.
 
Ikerketarako joera hori gehiegi landu gabe dugunez, irudi dakiguke ur handiegitan sartzea dela. Prestakuntza eta ohitura-ezak indar handiegia hartzen du eta arituta bakarrik lor daitezke horiek. Baina ez gara hemen beste munduko ikerketa-lanez ari. Ez dugu adibiderik ipiniko baina oso kontu sinplea ere izan daiteke eta, gainera, gehienetan horrelakoak izango dira emaitza onenak eskainiko dizkigutenak.
 
Ezinbestekoa da, hori bai, egindakoa zehatz aztertu eta ebaluatzea. Horrela bi emaitza lortuko dugu: batetik, lorpenak areagotuko ditugu eta bestetik, hobetze-prozesu bat hasiera emanda, gure lanari bestelako izaera emango dion amaierarik gabeko bide bati ekingo diogu.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Hizketan... Alberto S. Etxebarriarekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
Alberto S. Etxebarria esanez gero, askok ez du nortaz ari garen jakingo. Tito esanda, ordea, dexente argigarriago suertatuko zaio askori. Tito urte luzez aritu da Helduen Euskalduntzearen hainbat alorretan, hala nola, UEUko Glotodidaktika Sailean, ELE didaktika-aldizkariaren editore, euskara-irakasle eta gaur egun Indautxuko AEK Euskaltegiko zuzendari.
 
Zein da zuzendari baten zeregina AEKko euskaltegi batean?

Oro har, zuzendariaren lana euskaltegiaren funtzionamendu ona ziurtatzea da. Alde horretatik ez dut uste sektoreko beste euskaltegiekin aparteko desberdintasunik dagoenik. Gure euskaltegietan euskaltegiko batzarrak, irakasle guztiok osatuta, urterako ildoak markatzen ditu eta ikasguari dagozkion erabakiak hartzen ditu; arduradunok, azken batean erabaki horien kudeaketa egiten dugu. AEKko beste euskaltegi eta egiturekiko koordinazioa ere gure gain izaten da era berean. Horrek ikuspegi globalagoa ematen dizu agian, baina azken finean, euskaltegian gauden guztiok gure eginbeharra gustura eta behar bezala egin ahal izateko, ikasi zein irakatsi, baliabide aproposak eskaintzea da gure zeregina. Zoritxarrez, baliabide horiek ziurtatzea ez da beti gure esku izango eta orduan duzunarekin moldatu behar duzu. Horrek gure lanari ez dagokion hainbat lan egin behar izatea dakar, garbiketa esaterako, baina aipatu dudan bezala, denon artean moldatu behar.

Zeintzuk dira arazo nagusiak?

Ikasle jaitsiera hortxe dugu, garaiak aldatu egin dira eta egokitu egin behar dugu, ez dago dudarik. Aurten luze hitz egin dugu sektorearen arazoez eta horien arrazoiez eta horretan dihardugu oraindik ere, sektoreko sare guzietatik baliabide gehiagoren eskaera egin da, sustapen lan handia falta da… Teknologia berrietara moldatu beharra dagoela behin eta berriz aipatzen da leku guztietatik salbazioa izango balitz bezala; baina ez dakit, teknologia berrien erabilpena garrantzitsua da ezbairik gabe, hala ere, ez totem bihurtzeraino arazo guztien soluzioa izango bailitzan.

Beste alde batetik, HEOK-ak aldaketak ekarri ditu, administraziotik bertatik proposamenak egiten zaizkigu, mailaketa berria, moduluen egokitzea, lehen aipatu teknologia berrien erabilpena eta abar, baina horiek guztiak martxan jarri ahal izateko administraziotik bertatik eman beharreko aldaketen zain gaude oraindik. Esate baterako, zaila da ulertzea mailaketa berria martxan jarri behar dela esatea eta era berean ebaluaketa eta ikasleen datuen eta emaitzen kudeaketarako urraskako sistema erabili behar izatea, eta okerragoa dena, moldaketak nondik nora eta noiz etorriko diren ez jakitea. Horrek noraeza sentsazioa eragiten du eta proiektu berrietarako galga dela uste dut. Nolabait esatearren, gauza bat predikatu eta beste bat egiten da.

AEKren aldetik begiratuta, esfortzu handia ari gara egiten dauzkagun baliabideak albait ondoen erabiltzeko gure helburuak betetzeko. Jakin badakigu gure funtzionamenduan gauza asko dugula hobetzeko, baina administrazioari ere esfortzu hori ere eskatu behar zaio eta batzuetan dudan sentsazioa da zer gertatzen den esperoan daudela besterik gabe, ea zenbat geratzen garen, aldaketak haiek egin beharrean denborak egin zain baleude bezala.

Horri guztiari Madriletik jaso ditugun erasoak gehitu behar zaizkio, gaur egungo egoera politikoari buruz ez dut ezer berririk esango denon begi-bistan dago eta, baina eraso horien zama oraindik ari gara ordaintzen. Egotzi zitzaigun guztia bertan behera geratu ondoren oraindik ere badugu Gizarte Asegurantzarekin argitu beharreko auzia, gure ustez oinarririk ez duena, baina bitartean gure urteroko aurrekontuan izugarrizko eragina duena; gure ondasun gehienak bahiturik daude-eta epaia izan artean.

Zer nolako aldaketak jasan ditu AEKk azken urteotan?

Asko izan dira azken urte hauetako aldaketak, 1995en Jaurlaritzarekin sinatu genuen itunaz geroztik normalizazio prozesu baten barruan murgildu gara, gure egiturak moldatzen eta egokitzen aritu gara eta horretan gabiltza oraindik ere, horren amaiera kooperatiba sortzea izan da. Arestian aipatu dudan bezala, horrek esfortzu handia egitea suposatu digu eta bide horretan oztopoak ere bat baino gehiago izan dira. Sektoreko partaideekin parekatu ahal izateko asko falta badugu ere, irakasleon lan baldintzak hobetu ditugu azken urteotan. Didaktika arloan gure betiko filosofiari jarraitu diogu eta aurrerako pausoak etengabean ematen gabiltza; hori betidanik izan da AEKren kezka, metodologiaren gaineko hausnarketa gure eguneroko lanaren zati bat da. Egia da, baina, izandako aurrerapen asko eta asko barneratze fasean daudela oraindik. Azken batean, gure ahalegina arlo guztietan etengabeko hobekuntza da eta oraingo erronka nagusia lan-sistema hori barneratzea da.

Horretarako, 2000-2001 ikasturtean zehar hurrengo 4 urteetarako Plan Estrategikoa burutzea lortu genuen. Horrek berebiziko garrantzia du gure eguneroko jarduera zehazteko orduan eta, garrantzitsuagoa dena, etorkizuneko AEK irudikatzeko orduan ere.

Zein rol jokatu behar du AEKk, zure ustez, Helduen Euskalduntzearen etorkizunean?

Aurreko galderan esan bezala Plan Estrategikoak gure jarduera zehazten du. AEKren zeregina hiru zutabetan bana dezakegu. Batetik, euskalduntzea, gure eginbehar nagusia dena; bestetik, erabilera dela-eta, berreskurapen eta normalizazioan eragitea; eta azkenik, kulturgintzaren parte izatea bai sormena sustatuz bai eta transmitituz ere.

AEK bereizten duen ezaugarri bat bere izaera nazionala da; alde horretatik, sektoreko bakarrak izanik, ikuspegi globalago bat ematen dizu. Laurogei bat euskaltegi ditugu Euskal Herrian; horietaz aparte, hainbat eta hainbat gela desplazatu, errentagarriak ez diren taldeei erantzuten saiatzen gara edonon izanda, hori izan da gure betiko filosofia eta kosta ala kosta, horri eutsi behar diogula uste dut. Euskara ikasi nahi duen edonork aukera izan behar du. Beste alde batetik, aipatzekoak dira urteetan metatutako esperientziak eta nazio mailako izaerak ematen dizkigun aukerak, edozelako proiektuak aurrera eramateko aukera.

Horrek guztiak nahitaez nolabaiteko aitzindaritza suposatzen du eta AEKren ardura horri erantzutea da. Azken finean, erakunde pribatua kontsidera badaiteke ere, AEKk ez du noiz irabazi asmorik izan. Gure konpromiso bakarra euskara da.

 
gora

 

Zera irakurri dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzea hizpide hartuta, argitara emandako iritziak eta usteak ekarriko ditugu, ezagutzea eta gurean eztabaidatzea mesedegarria izango delakoan
 
 

EUSKARAREN ERABILERAN ERAGIN JARDUNALDIA

 

Iaz kaleratu zituen SEI elkarteak aurreko urtean eginiko Kale Erabileraren IV. Neurketaren emaitzak. Emaitza hauetaz gogoeta egiteko 2002ko abenduaren 20an Erabileran Eragin Jardunaldia antolatu zuen. Jardunaldi honetan hitz egin eta hausnartutakoaren laburpena aurki dezakegu SEIren web orrian.
 
Bertan azaltzen diren edukien garrantziaz ohartzeko orriotara ekarri ditugu baieztapenik nabarmenenak. Laburpena oso modu trinkoan egina dago, eta bi atal nagusi ditu: Zer ikasi dugu? eta Zer egin behar dugu? Ondoren datorrena atal bakoitzean aurkitu ditugun baieztapen deigarri batzuk baino ez dira. Osorik irakurtzera gonbidatu nahi zaituztegu, beraz.

ZER IKASI DUGU?

Badira erabileraren inguruko egoera deskribatzen duten baieztapen batzuk:

Erabilera eragiten duen indarra ez da indibiduala, kolektiboa baizik.
Hiztunik aktiboenak euskara etxean ikasi dutenak dira.
Hala ere, gure herrian hiztunaren inguru hurbila euskalduna izatea ez da nahikoa euskararen transmisioa ziurtatzeko.
Bestalde, gauza nabaria da euskaldunok gero eta erosoago sentitzen garela erdaraz hitz egiten; ez zaigu arrotz egiten geure burua erdaraz hitz egiten ikustea. Honekin lotuta beste baieztapen bat: gutxi dira euskara erabiltzea eskatzen duten egoerak. Eta honetan berebiziko garrantzia du hiztun sarean dagoen euskaldun dentsitateak; hau da, edozein inguru eta esparrutan euskaldunen presentziaren neurrikoa izango dira erabilerarako aukerak.
Edonola ere, gizarte egituran gertatzen ari diren aldaketek berebiziko eragina izango dute euskararen erabileran. Arretaz jarraitu behar dira familian edo lagunartean gertatzen ari diren aldaketa sozialak. Gainera, euskaldungoa bera ere asko aldatu da azken urteetan. Gaur egun komunitate gazte, kaletarra eta eskolatua da.
Eskola bidez euskaldundutakoak formazio maila altukoak eta hizkuntza gaitasun txikikoak dira. Are gehiago, gaur egun gazte gehienek duten hizkuntza gaitasunarekin nekez izango dira euskararen aldeko hiztun aktibo.

Lehen atal honetan badira egin beharreko lanaren ildo nagusiak markatzen dituzten zenbait ondorio ere.

Alde batetik erabilerara zuzendutako diskurtsoa arretaz zaindu beharreko kontua da. Alde batetik, mezu eta kanpaina berezituak zabaldu behar dira, hartzailea nor izango den kontuan hartuta; ezin da, beraz, mezu berarekin zuzendu guztiengana.
Oso garrantzi handia eman behar zaio errepertorio aniztasunari: hau da, hiztun gehienek euskararen errepertorio oso murritza dute. Irakaskuntza eredu normatiboaz arduratzen da, nagusiki, baina aldaera informal eta kolokialak ez dira apenas lantzen. Behar-beharrezkoak dira erregistro gabeziak edo hutsuneak gainditzera bideratutako egitasmoak.

ZER EGIN BEHAR DUGU

Astian egindako diagnostikoan oinarrituta, hona hemen aurreikusten diren zenbait lan ildo:
 
Diskurtsoa: erabilerara bideratutako mezuak ondo neurtu, hartzaileei egokitutako mezuak definituz. Honekin lotuta, euskara eskuragarri eta erakargarri bihurtuko duten kultur sorkuntza eta produktuen eskaintza zabala, atsegina eta erakargarria sustatu. Honekin guztiarekin euskararekiko atxikimendua indartu. Eta azkenik, euskarari etorkizun balorea (balore erantsia) eman behar zaio
Hartzaile nagusien identifikazioa: alde batetik erdal elebidunak, elebidun orekatu bihurtzeko asmotan; bestetik, nerabe eta gazteak. Honen inguruan, gazteen errealitatea osatzen duten esparruetan eragin behar da: irakaskuntza, lan mundua, komunikabideak, aisia, lagunartea...
Ume eskolatuen kasuan, eskolaz kanpo euskara erabiltzeko aukera atseginak bilatu behar dira. Zeregin honetan, eta bereziki euskarak presentzia txikia duen eremuetan, guraso euskaldunei (zahar zein berri) transmisio lanetan lagunduko dieten baliabideak eskaini behar zaizkie.
Eta, azkenik, euskararen ezagutza sozialki orokortu beharra dago. Honekin estuki lotuta, ezagutza eta zuzentasunaz gain, komunikagarritasunari eta egokitasunari ere erreparatu behar zaie, aurreko atalean aipatutako erregistro aniztasunaren bidetik.

Ikus daitekeenez, baieztapen batzuk nahikotan entzundakoak; beste batzuk, ordea, berrixeagoak. Edozein kasutan, euskararen normalizazio-eragile garen aldetik eta aurrerantzean gure lana ere izan daitekeenari begira, kontuan hartu beharrekoak.

Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta lankidetzak gogo onez jasoko ditugu
 
Euskaltegien Bideragarritasun Planaren inguruko alea jaso eta Pedro Lonbideren artikulua irakurri ondoren, esan behar dut guztiz ados nagoela hor esandakoarekin. Azken finean sare publikoari azkenetako kolpea eman ahal izateko baldintzak ari dira prestatzen eta gure esku uzten Eusko Jaurlaritzari dagozkionak. Sare Publikoa osatzen dugula aitortzen ez diguten bitartean, denok ama beretik gatozela sinestarazi nahi diguten bitartean ezer gutxi konponduko da. Dauzkaten baliabideak era egokian erabili ezean, zail da konpontzen denok ezagutzen genuen egoera hau. Artikuluaren amaieran jartzen duena ekarri nahi dut gogora: kontziente al gara ondorioez?
Alberto Gonzalez
Trapagako Udal Euskaltegia
 
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
ARTIKULUAK SAREAN
 

Nerea Areta Azpirik Euskonews & Media aldizkari elektronikoan (209. zbk., 2003ko maiatzaren 9tik 16ra) argitara emandako artikulua.

Eleaniztun eta kulturaniztuna. Irakaslearen eginkizun eta gaitasunak: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1052843387

Matilde Sainz Osainagak (Mondragon Unibertsitatea) 2003ko maiatzaren 29an Azpeitiko Euskara Patronatuaren web gunean argitara emandako artikulua.

Ikastolen hizkuntz proiektua zehazteko oinarriak: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053993045

Erramun Osak (Ikastolen Elkartea) 2003ko ekainaren 5ean Azpeitiko Euskara Patronatuaren web gunean argitara emandako artikulua.

HEZKUNTZA

 

1995ean sortu zenez geroztik, HIK HASIk hainbat proiektu gauzatu ditu Euskal Hezkuntzaren alorrean: aldizkaria, udako topaketa pedagogikoak, hezkuntza gaiei buruzko monografikoak, Euskal Herriko baliabide pedagogikoen gida... Azken ekinbidea web orria duzue.

Etengabeko Ikaskuntzarako ataria: http://www.hiru.com/

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ekimenez, herritar guztiei etengabeko ikaskuntza emateko jaio den webgunea duzu hau.


BESTELAKO LOTURAK

 

Euskal internauten elkartea duzue hau, komunikazio eta informazio teknologi berrietan euskararen erabilpena bultzatzeko asmoz sortua.

gora
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria15. alea 
 
 
Sarean kontari II. Ipuin-lehiaketa: Saritutako ipuinak
 
Maiatzeko zozketa: Irabazlea
 
Ekaineko zozketa: Ezetz asmatu!
gora
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia