Irakasleon Aldizkaria
 
ALE BEREZIA
 
Euskaltegien Sektorerako Bidegarritasun Plana
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

15. alea, 2003ko maiatza

227 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea

1. Euskaltegien sektorerako bidegarritasun plana

2. Bideragarritasun plana eta aktoreak. Pedro Lonbide

3. Zalantzak, kezkak, beldurrak... Abel Camacho

4. Interneten ote dago helduen euskalduntzearen etorkizuna? Jose Miguel Arnaiz

5. Zenbat buru... 

Gurutze Arrieta (Hernaniko Udal Euskaltegia)

Isabel Celaá (PSEko Eusko Legebiltzarkidea)

Galdakaoko Udal Euskaltegia

Izaskun Gallastegi (Durangoko Udal Euskaltegia)

Onintza Lasa (EAko Eusko Legebiltzarkidea)

Mertxe Mujika (AEK)

Isidro Yoldi (Urrats Euskaltegia - Batuz)

 

Euskaltegien sektorerako bideragarritasun plana 
2003ko apirilaren 14an Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren agerraldia izan zen Legebiltzarrean, IKEIk EAEko euskaltegien bidegarritasunari buruz egindako planaren berri emateko asmoz. Idazki honetara ekarri ditugu plan horren zertzelada nagusiak. Dena dela, zehatz-mehatz zertan den jakin nahi duenak HABEk banatutako jatorrizko dokumentura jo beharko du, hori baita laburpen hau egiteko erabili dugun iturria.

 1. ESKEMA METODOLOGIKOA

Plana burutzeko eskema metodologikoaz esan behar da bi alditan gertatu dela: a) Prospekzio eta diagnostiko aldia, eta b) Bidegarritasun planaren diseinua.
 
Prospekzio eta diagnostiko aldian sektorearen eboluzio historikoa aztertu dute eskaera (ikasleak), eskaintza (euskaltegiak eta irakasleak) eta ingurunean (aldagai kritikoak) izan diren aldaketen berri emanez, eta kanpo eta barne azterketa burutuz.
 
Horrez gain, etorkizun aurreikuspena ere egin dute inkesta analisiaren bidez (ikaslegai izan daitezkeenen artean). Amia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) eta kontraste-komisioak etorri dira gero, proiekzio eta eszenatokien eraikuntza egite aldera.
 
Azkenik, sektorearen bidegarritasuna ziurtatzeko estrategiak eta lan planaren diseinua burutu dute.
 
2. BARNE ETA KANPO ANALISIA

Hainbat alderditako faktoreak aztertuta, honako ondorio hauek formulatu ditu IKEIk.

 FAKTORE SOZIALAK 

Euskalduntze-eskaera orokorra urriagoa da Hezkuntzaren Hizkuntza Ereduen eragina eta egoera soziolinguistikoaren ondorioz
Eskaera txikiagoa da gazte-taldeen artean batik bat. Gero eta gazte gutxiagok ikasi behar du euskara euskaltegian.
Euskara-ikasleak gero eta helduagoak dira, aipatutako arrazoiagatik eta biztanleriaren zahartzea ere gero eta nabariagoa delako.
Ikasleen hasiera-maila gero eta altuagoa da, elebidun hartzaileen proportzio handiagoaren ondorioz.

 FAKTORE EKONOMIKOAK

Langabezi tasa gero eta gutxiagoa dela-eta, gero eta jende gehiago ari da lanean. Honek esan nahiko luke gero eta zailago suertatzen dela Euskaltegietara joatea denbora gutxiago baita. Beraz, Euskaltegietako eskaera potentziala murriztuko litzateke.

 IKASLEAK

Eboluzioa 

Kopurua: 1995/1996 ikasturtetik aurrera ikasle-kopurua EAEn jaitsi egin da.

Ikasle berrien kopuruaren beherapen garrantzitsua. 

Profila

Adina: ikasleen batez besteko adinaren igoera nabarmena da.
Lanean ari diren ikasleen ugaritze nabarmena ageri da. Aitzitik, ikasleek eta, batik bat, langabetuek, gero eta neurri proportzional txikiagoa dute.
Hasiera-mailak: maila altuetan hasten diren ikasleen etengabeko gorakada.
 
EUSKALTEGIAK

 Mapa

Gaur egun dauden 115 euskaltegien %46a Bizkaian kokaturik dago, %42a Gipuzkoan eta gelditzen den %12a Araban.
1993-1994 ikasturtetik 2001-2002 ikasturtera Euskaltegi-kopurua %30a jaitsi da (49 euskaltegi gutxiago) Aipatzekoa da euskaltegi publikoen (-%27) eta pribatuen (-%31) kopuruaren beherakada hiru lurraldeetan gertatu dela.
Bestalde, guztiarekiko euskaltegi publiko eta pribatuen pisu erlatiboa nahikoa mantendu da 93-94 eta 01-02 ikasturteen artean. Lehen ikasturtean publikoek %34 eta pribatuek %66ko pisua bazuten, 01-02 ikasturtean %35 eta %65eko pisuarekin mantentzen dira. Hau da, oraindik ere, pribatuen kopurua publikoen kopuruaren ia bikoitza dela esan daiteke.
Euskaltegi-kopurua urtez urte behera badoa ere (93-94tik 01-02ra %30ko jaitsiera), gero eta lokal gehiago dago helduen euskalduntze eta alfabetatzerako (93-94tik 01-02ra %18 gehiago).
Beraz, euskaltegiek duten hedapen geografikoa gero eta handiagoa da, euskalduntze eta alfabetatzeko lokalak gero eta herri gehiagotan aurkitu baitaitezke (01-02an %37 herri gehiago, 91 herritatik 125 herrietara pasatuz).

Talde-orduak

Orokorrean, %19ko beherapena jasan da, 93-94 eta 01-02 ikasturteen artean, eta euskaltegiak motaren arabera sailkatuz, Udal euskaltegietako talde-orduek izan duten %31ko beherapena nabarmentzen da (100.000 talde-ordu galduz). Pribatuek ostera %13ko beherapena izan dute bakarrik, zenbaki absolututan 95.000 ordu inguru galduz.
Sare ezberdinetan talde-orduek izan duten eboluzioari dagokionez, AEK eta BERTANen talde-orduak %16 eta %17 jaitsi dira. Pribatuen barnean hauek duten pisua kontsideratzen badugu, 93-94an %37a bakoitzak, guztiaren beherapena esplika daiteke. IKAko talde-orduek, ordea, %23ko igoera izan dute, Araban euskararen inguruan eman den suspertzearen ondorioz.
Bien bitartean, Barnetegietako talde-orduek, %24ko jaitsiera izan dute 93/94 eta 01/02 ikasturteen artean.
 

IRAKASLEAK 

 Profila eta eboluzioa

Kopurua: etengabeko beherapena 1995/96 ikasturteaz geroztik, Gipuzkoan batez ere.
Adina: irakasleen adinaren igoera argia.
Ikasketak: unibertsitate-mailako ikasketadunen handitzea.
Ogibide nagusia eta esperientzi urteak: irakasleen espezializazioaren (irakasletza ogibide nagusitzat) eta esperientzi urteen igoera nabarmena.
Kontratazio-motak: Euskaltegi pribatuetako langile gehienak bestek kontratatuak dira; Euskaltegi publikoetan, ordea, gehiengoa bere postuaren jabe da.
 

DIRU ESLEIPENA 

 Euskaltegi Pribatuak

Urtez urte, talde-ordu erreal bakoitzeko diru-laguntzak igotzen joan dira, 12 eurotatik 93-94 urtean (matrikulak barne), eguneko 17,8 eurotaraino. Era berean, diru-laguntza osoak gora egin du (8 ikasturteen artean %38).
Diru-laguntzen eboluzioak, oro har, gora egin du lehen esan bezala, baina honek ez du bat egiten talde-orduen eboluzioarekin, 95-96 ikasturtetik behera baitoa. Konkretuki, %6ko beherapena antzeman daiteke talde-orduei dagokienez, 93-94 eta 00-01 ikasturteen artean.
Hau honela, diru-laguntzen gorakada euskaltegi moduluen gorakadak ekarri duela esan behar dugu.
BERTAN sarea da homologatzen lehena eta modulua lehenengo igoarazten duena, horregatik da diru-laguntza gehien jasotzen duena. IKA eta AEK-k geroago homologatzean, geroago ere igotzen dute modulua.

Euskaltegi Publikoak

Aztertutako 8 ikasturteetan diru-laguntzak %12,4 igo dira, 94-95tik 97-98rarte behera eginaz eta berriro 97-98 ikasturtetik aurrera igoz. Eboluzio honen arrazoi nagusiak, HABE-EUDELen arteko akordioek ekarritako aldaketak dira.
Azken batean, Udal Euskaltegiei loturiko diru-laguntzen azterketan ikusten da, aipatutako igoera eta 95-96tik aurrera, euskaltegien lan-bolumenari baino gehiago ordainketa-irizpideei esker, gora egin duela. Hain zuzen ere, Udal Euskaltegien talde-orduak %27 jaitsi dira 93-94 ikasturtetik 00-01 ikasturtera.
Horren ondorioz, talde-ordu erreal bakoitzeko udal euskaltegiek jasotako diru-laguntza %57,6 igo da, 93-94 eta 00-01 ikasturteen artean; 00-01 ikasturtean, kopuru hori ia 35 eurokoa da orduko.

 3. AMIA

 Kanpo Analisia - Ikasleak eta errendimendua

Aukerak

Eskaera aldatzeak eta aniztasun igoerak, dibertsifikaziorako aukerak ematen ditu. Badira kolektibo berriak euskara beste modu batean ikasiko luketenak: merkatariak, etorkinak, gurasoak, profesionalak (abokatuak, teknikariak...), A ereduko ikasleak, B/D ereduko ikasleak...

 

Mehatxuak

1995/1996 ikasturtetik aurrera ikasle kopurua EAEan jaitsi egin da. Etengabeko igoera 1995/96 ikasturte arte (gehiena: 44.855 ikasle). Handik aurrera, murrizpen garrantzitsua, batez ere 00/01 eta 2001/02 ikasturteetan: -%11,22 eta -%8,5eko beherapena, hurrenez hurren. (01/02 ikasturtean 33.993 ikasle).
Ikasleen profilean aldaketa nabaria gertatu da.
Eskaeraren aldaketa, profilaren aldaketarekin bat eginez: trinkotasun txikiagoko ikastaroak eta ikasle berrien hasiera mailak altuagoak izatea.
Ikasle berrien kopuruaren beherapen garrantzitsua eta bere adinaren igoera.

Kanpo Analisia - Euskaltegiak eta irakasleak

Aukerak

Irakasleek behera egin dute merkatuarekin bat, egokitzapen handiena euskaltegi pribatuetan eman delarik. (Publikoek ordea, beren ikasle/irakasle ratioa jaitsi dute). 1995/96tik (2.039 irakasle), irakasle kopurua etengabe murriztu da (1.531 irakasle 01/02).
Euskaltegietan homologazio sakona eman da; irakaskuntza profesionalizatuz.
Irakasleen espezializazioaren (irakasletza ogibide nagusitzat) eta esperientzi urteen igoera nabarmena. Irakasletza geroz eta irakasle gehiagorentzat ogibide nagusia da (%95,9a 01/02an). Gainera, gero eta gehiago dira unibertsitate mailako ikasketak dituzten irakasleak. Euskaltegietako langile gehienek egun osoz lan egiten dute.
Kontratazio iraupena: behin-behineko eta behin betiko kontratatuen banaketa orekatua, behin-betiko kontratuen alde, Bizkaian, Udal Euskaltegietan eta Barnetegietan batez ere. Euskaltegietako langile gehienek (%53,6) behin betiko kontratuak zituzten 2001/02 ikasturtean.

 

Mehatxuak

Euskaltegien antolaketa: Kudeaketa hobetzeko potentziala > merkatu-ikuspegi eta estrategia-falta. Gestio proaktiboa falta da, merkatuaren zain egoteko joera merkatura atera beharrean.
Beste hizkuntza-zentroekin alderatuz, euskaltegien prezioak merkeagoak dira (5 aldiz merkeagoa euskaltegia akademia baino, €/ordu). Hala ere, HEOak dira prezio merkeenak dituzten zentroak.
Irakasleen adinaren igoera argia eman da. Irakasleen batez besteko adinaren igoera nabaritu da. 2001/02 ikasturtean multzo handiena 36-40 urte tartekoa izan zen: %28,5.
Irakastorduen murrizketa 1995/96 ikasturteaz geroztik. Irakasleen irakastorduen (emandako orduak) bilakaera ikasle kopuruaren eta ikastaroen trinkotasunaren eboluzioekin estuki lotuta dago. 1995/96 ikasturteaz geroztik (1.093.102 ordu) etengabeko beherapena eman da (835.071 ordu 2001/02an).

 

 Kanpo Analisia - Aldagai kritikoak

Aukerak

Faktore sozialak: EAEko biztanleriaren euskararen aldeko joera. Honek eragin positiboa eduki dezake helduen alfabetatze-eskaeran.
Faktore politikoak: Arau, Erakunde, Plan eta Aurrekontuen eragin positiboa euskalduntze-eskaera eta eskaintzan. Euskararen inguruan sortutako erakunde eta egitasmoek honen sustapena laguntzen dute.
Faktore teknologikoak: Informazio eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) heziketa aukera berriak sortu dituzte. Teknologia berrien eragina heziketan gero eta handiagoa da. Abantailak eta eragozpenak alde batera utzita, heziketa-modu berrientzat aukerak sortzen dira.

Mehatxuak

Faktore ekonomikoak: langabezi tasaren murriztapena. Langabeziaren murriztapenak biztanleriaren denbora librea (stock totala) gutxitzen duenez, euskalduntze-eskaeraren beherapena ekar lezake ikasleen osaketan.
Faktore sozialak: a) biztanleriaren zahartzea, b) inmigrazioaren garrantzia etorkizunean, c) Hezkuntzako Hizkuntza Ereduek gero eta pisu handiagoa EAEko irakaskuntzan eta d) EAEko biztanleriaren euskalduntzearen areagotzea.
Faktore teknologikoak: Inkestaren analisian jaso denaren arabera, nahiz IKTak ondo ikusi, horiek erabiltzeko joera nahikoa mugatua da oraindik.

Barne Analisia - HABE erakundea orokorrean

Aukerak

HABEk bere helburu estrategikoak Euskararen Biziberritze Planean markatuak dauzka. .
Eguneroko operatiboaren eta egitasmoen jarraipena egin, eta hau epe luzerako helburuekin lotu ahal izateko, kudeaketa eta lan-sisteman hobekuntza potentzial handia dago.
Antolaketa-mailan, hobekuntza-proiektuak hasiak dira: HABEko langileen egoerari lotuak eta euskalduntzearen kontrol beharrari ere lotuak.

Mehatxuak

Nahiz helburu estrategiko orokorrak markatuak egon, hauek lortzeko kudeaketa eta akzio-planen zehaztapen esplizitua komenigarritzat jotzen da.
Zerbitzu eta Atal-buruen arteko elkarlana indartu beharra, proiektuak garatzeko eta helburuen lorpenera egokitzeko.
HABEren komunikazio-akzio guztiak koordinatzeko atal / arduradun espezifiko baten beharra.
 

4. SEKTORERAKO AURREIKUSPEN ETA ESTRATEGIAK

Aurreikuspena - Ikasle-kopuruaren eraldaketa eta proiekzioa

Proposamen honetan, hiru eszenatoki agertzen dira: 

  1. Irreala: ikasle-kopuruaren igoera etengabea da;
  2. Jarraipena: kopuruaren jaitsiera etengabea da, eta
  3. Helburua: 12 urteko ziklo osoa 90/91 - 01-02 kontuan hartuz.
     
Ikus daitekeen bezala, proiekzioen arabera eboluzioa oso ezberdina da hiru eszenatokien artean. Zehazki, 02/03 ikasturtetik 07/08ra ematen den eboluzioa honakoa da: eszenatoki irrealean %16,4ko igoera (urtero %3), eszenatoki helburuan %2,9ko beherapena (urtero -%0,6), eta jarraipen eszenatokian ia %20ko beherapena (urtero -%4,3).
Araban, etorkizunerako aurreikuspena positiboa da ia kasu guztietan. Gipuzkoa eta Bizkaian ordea, baita HELBURU eszenatokian ere merkatuak behera egitea espero da.
Hona hemen egindako proiekzioak. Kontuan hartu azken datu errealak 01/02 ikasturtekoak direla. Hortik aurrerakoak aurreikusitako eszenatokien araberakoak.
 

Ikasle-kopurua

 

01/02

02/03

03/04

04/05

05/06

06/07

07/08

Eboluzioa 02/03 – 07/08

Irreala

Bariazio absolutua

Bariazioa (%)

34.500

-3.211

-%8,5

35.503

1.003

%2,9

36.555

1.052

%3,0

37.660

1.105

%3,0

38.822

1.161

%3,1

40.043

1.222

%3,1

41.330

1.286

%3,2

 

%16,4

Helburua

Bariazioa absolutua

Bariazioa (%)

34.500

-3.211

-%8,5

34.252

-248

-%0,7

34.021

-231

-%0,7

33.806

-215

-%0,6

33.608

-198

-%0,6

33.427

-181

-%0,5

33.263

-164

-%0,5

 

-%2,9

Jarraipena

Bariazio absolutua

Bariazioa (%)

34.500

-3.211

-%8,5

33.002

-1.498

-%4,3

31.579

-1.423

-%4,3

30.227

-1.352

-%4,3

28.942

-1284

-%4,2

27.722

-1.220

-%4,2

26.562

-1.160

-%4,2

 

-%19,5

ESTRATEGIAK

Euskaltegien sektorerako estrategien bilduma ondoren azaltzen dena da:

 BEZEROAK (eskaintzaren hartzailea, nori?)

 b1. Bezeria potentzialaren segmentazioa

 ZERBITZUA (eskaintzaren objektua, zer?)

 z2. Zerbitzu espezifiko eta espezializatuen garapena

z3. Zerbitzu berrien garapena

z4. Dibertsifikazioa

 MERKATUA (eskaintza-lekua, non?)

 m5. Optimizazio-estrategia

 EUSKALTEGIAK (eskaintzaren subjektua, nork eta nola?)

 e6. Balio-katearen indartze-estrategia

e7. Kooperazio-estrategia

 HABE eta EUSKARA (administrazioa, noren laguntzarekin?)

 h8. Diru-esleipen sistema egokitu eta malgutzea

h9. Motibazioak landuko dituen estrategia

h10. Planifikazio eta komunikazioan erroturiko tresnak

h11. Pertsonalaren formazio, motibazio eta komunikazioa

h12. Planifikazio tresnen bigarren mailako erremintak

h13. Zerbitzu espezifikoen garapena Kudeaketa eta Didaktikan

 Bestalde, ondoren, estrategia hauen inguruan definituko den lan-plana aurrera eramateko izendatu diren arduradunak azaltzen dira:

Arduradunak:

  1. Euskaltegiak eta bertako zuzendariak
  2. Sareak eta bertako zuzendari / ordezkariak (sare bezala Udal Euskaltegiak hartuz)
  3. HABE
  4. HABE - Didaktika Zerbitzua
  5. HABE - Kudeaketa Zerbitzua
  6. EUSKO JAURLARITZA – Kultura

 

5. LAN-PLANA

EUSKALTEGIAK 

1. Bezeria/merkatuaren ikerketa eta segmentazioa

Helburua: eskaintza-eskaera anitzari egokitzeko lehen pausoa burutu, merkatu segmentatu eta kolektibo desberdinetan zatitu; enpresa mundua, EGAtik gorako maila, jubilatuak, etorkinak, kirol mundua, osasuna, gazteak (A, B eredukoak), etxeko andreak...

2. Posizionamenduaren analisia

Helburua: euskaltegi bakoitzak, bere egoeraren arabera, estrategia propioa definitu ahal izatea.

3. Irudiaren eta posizionamenduaren hobekuntza: promozioa

Helburua: bezero, segmentu eta beste sektore-kideekiko posizionamendua hobetu, hau da, bakoitzaren egoera konpetitiboa indartu.

4. Produktu eta zerbitzuen garapena

Helburua: eskaera anitzari zerbitzu eta produktu espezializatuak eskaini, euskaltegien lan esparruak irekitzeaz gain.

5. Bezeriaren profilaren jarraipena

Helburua: ikerketa honetan egindako profil azterketaren jarraipen historikoa egin, sektorearen egokitzapen eta eboluzioak eskaeraren beharrekin bat egin dezan.

6. Bezeroekiko feed-back sistema antolatu (CRM)

Helburua: bezeroei gertuko zerbitzua eman eta eskaintza ahalik eta gehien beraien momentuko beharrei egokitu. Bezeroen fidelizazioa da CRMaren azken helburua.

7. Euskaltegi sarearen antolaketa

Helburua: euskaltegi sektorearen mapa (hedapen geografiko eta baliabideak) egungo eta etorkizuneko merkatuaren behar eta tamainari egokitu.

8. Kudeaketa eta gaitasun komertziala indartzea

Helburua: euskaltegien kudeaketa orokorra profesionalizatu enpresa-ikuspegitik eta merkatu ikuspegitik, batez ere lan komertziala eta merkatu-filosofia azpimarratuz.

HABE ETA ADMINISTRAZIOA

 1. Diru esleipen sistema berritu

Helburua: sektoreko diru-esleipena euskalduntze eta alfabetatze helburuei eta irakaskuntzaren kalitateari lotu.

2. Euskara-agiriak homogeneizatu eta ireki

Helburua: Euskara-agiriak homogeneizatu, zentroen arteko aldeak berdinduz eta titulazio esparrua EGAtik behera nahiz gora irekiz.

3. Euskararen erabilera sustatu: motibazioa landuz.

Helburua: euskararen izena eta irudia hobetu gizarte osoan, orokorrean, honen erabilera motibatuz eta euskarari atxikirik dauden konnotazio politiko eta ideologikoak garbituz.

4. HABE eta euskaltegien eta sektoreko agenteen (ikasle, irakasle, aditu...) arteko komunikazio bideak eta elkarlan-bideak indartu

Helburua: Sektoreko agenteek HABErekin dituzten erlazioak arindu eta erraztu, kanal bakar eta burokrazia gutxikoarekin.

6. SEKTORERAKO HELBURUAK

Ondorengo laburpen taulan ikusten denez, HELBURU eszenatoki batean, non ikasleak lortu eta mantentzeko esfortzu berezia egin beharko den (azaldu den lan-plana inplementatuz), ikasle kopurua mantentzea lortu daiteke, egungo egoeran (JARRAIPEN eszenatokia) ikasleak %23an murriztu ordez.

 Ikasleak mantentzea helburu bezala markatu arren, modulazioaren jaitsierak (beharrezkoa bestalde eskaintza eskaerari egokitzeko), talde-orduak murriztuko ditu (%11) eta baita irakasleak ere (%16), nahiz eta horrekin batera enplegu-bide berriak Euskararen erabilerarekin lotuak atzematen diren.

 

01/02 ikasturtea

Eboluzioa (%)

07/08 ikasturtea

IKASLE KOPURUA

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

34.500

6.109

18.456

9.935

(-) %4

(+) %23

(-) %7

(-) %13

33.263

7.551

17.133

8.580

 

TALDE ORDUAK

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

 

834

143

454

237

 

(-) %11

(+) %16

(-) %16

(-) %19

 

739

166

382

191

 

IRAKASLEAK

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

 

1.550

274

826

450

 

(-) %16

(+) %6

(-) %19

(-) %25

 

1.299

291

672

336

Laburbilduz, inkestan ikusi da badagoela jendea euskara ikasteko prest, baina beste modu eta zerbitzu batzuen bidez.

Eskaeraren aldarrikapenei egoki erantzuteak ikasle-kopurua mantentzea ekar lezake eszenatoki onenean, nahiz, egokitzapen eta zerbitzu malgutzeak sektorean talde-ordu saturazioa gutxituko duen, baliabide eta azpiegitura egokitzapen bat beharrezkoa izanik.

Azkenik, lurraldeka, aipatu beherakada handiena Gipuzkoan eta Bizkaian espero dela, Araban bai ikasle eta baita talde-orduak eta irakasleak ere igoko direlarik.

gora

Euskaltegien Bideragarritasun Plana eta eszenatoki berrian arituko diren aktoreak

Duela gutxi Miren Azkarate Kultura Sailburu eta HABEren Presidenteak aurkeztu digun txostenaren 4. puntuan zehazten dira sektorerako aurreikuspen eta estrategiak. Estrategia horiek garatuta lortuko dugu bezeria potentzial handiagoa izatea eta zerbitzuak dibertsifikatu eta garatzea, hitz batean euskalduntzeari eutsi eta indarberritzea.

Lan guzti hori nork egingo duen ere agertzen da eta baita horretarako 6 arduradun ere:
 
Euskaltegiak eta bertako zuzendariak.
Sareak eta bertako zuzendari / ordezkariak.
HABE
HABE – Didaktika Zerbitzua
HABE – Kudeaketa Zerbitzua
EUSKO JAURLARITZA – Kultura

Estrategiak zein epetan garatuko diren eta noren esku geratuko den hurrengo puntuan zehazten da, Lan planean alegia.

Azken egunotan jasotako hainbat berrik gogora ekarri digute agian IKEI enpresakoei beste aktore bat ahaztu egin ote zaien: EUSKO JAURLARITZA, bere osotasunean. Izan ere, sail eta atal asko dira Eusko Jaurlaritzan euskararen irakaskuntzan, sustapenean eta normalkuntzan ari direnak eta horiek guztiak barne hartuko dituen eszenatokia ez da aurreikusi. Azken finean, guztiok ari bagara euskara sustatu, euskararen erabilera bultzatu eta ezagutza garatzen, egokiena litzateke lana ahalik eta era koordinatu eta eraginkorrenean burutzea.

Zenbaitek honi hizkuntza-politika deituko dio baina guk politika ekonomikoan bakarrik geratu nahi genuke. Hona hemen horretarako datu batzuk. Duela gutxi atera du lehiaketara Barne-sailak Arkauten eskolak emateko kontratua. HAEEk urtean lau aldiz gutxienez hartzen du Hizkuntza Eskakizunak egiaztatzeko frogak egiteko irakasle-taldea. Hezkuntza Sailak urtero ordaintzen ditu euskara ikastaroak bertako langileentzat. Jaurlaritzak urtero ateratzen du administrazioko langileek euskara autoikaskuntza-sistema bidez ikasteko kontratua emateko deialdia. Laster emango omen diote euskara on-line irakasteko dirulaguntza BOGA sistemaren jabeari. Argitaratu berri da Unibertsitatean euskara sustatzeko plangintza nork egin aukeratzeko deialdia. Eta abar eta abar. Ez dugu hemen esango bakoitzak zenbat diru hartzen duen baina interesa duenak, ez du lan handirik hartu beharko jakiteko. Hauek guztiak diruak dira, bestelako erabilera izan ditzaketen diruak, gainera.
 
Batzuk baino ez ditugu hona ekarri nahi izan askotan ahazten zaigun puntu bat gogora ekartzeko: Administrazio osoa hartuta, euskararen inguruan egin behar direnak ikusita oso zail iruditzen zaigu Administrazioaren beraren beste atal bat, Udal Euskaltegiak alegia, lanik gabe dagoela onartzea. Jakina, lanok beste norbaiten esku uzten badira eta diruak beste nonbait banatzen badira krisia ezinbestekoa da. Eta bitartean, Udal Euskaltegietako langileak normalizazio planak egitera?
 
Zer normaldu asko dago hemen! Baina oinarrizko kontu batzuekin hasi behar dugulakoan gaude. Baldin eta ez bada, zenbaitek dioen bezala, sektore publikoa itotzeko eta hiltzen uzteko estrategia baten beste pausu bat. Egia da planteatu nahi dugun osoko berrikusketa honek aldaketa sakonak ekarriko lituzkeela baina askotan esan badugu ere ez gara nekatuko esaten: berrikusketa beharrezkoa da, orain arte indarrean egon diren egiturak alde batera utzi eta berriak behar ditugu egoera berri bati aurre egiteko. Goitik behera aldatu behar dira, ahalik eta azkarren, kendu beharrekoa kenduz eta sortu beharrekoa sortuz.
 
Azken berria HABE lantzen ari den eta Euskararen Aholku Batzordeari aurkeztuko dion Euskalduntze-Alfabetatzearen etorkizunerako oinarria, eraginkortasunari eta kalitatea hobetzeari begira izeneko dokumentua da. Hizkuntza-politikaz ari da txostena eta nondik norakoak argitu nahi ditu. Ez da ordea sartzen nola garatuko den hori guztia eta ezta eszenatokiko zein aktorek izango duen protagonista-lana.
 
Beraz, zertan ari gara? Zeintzuk dira benetako asmoak? Oinarrizko kontzeptu batzuk ahaztu egin al ditugu? Kontziente al gara ondorioez?

Pedro Lonbide

Santurtziko Udal Euskaltegia

gora
Zalantzak, kezkak, beldurrak...
 
Ez da lan makala IKEIk egin berri duen euskaltegien sektorerako bidegarritasun plana. Izan ere, Helduen Euskalduntzea inoizko kinka larrian dago eta egoeraren larriari dagokion tamainako analisia burutu dute. Analisi horrekin batera, orobat, irakurri berri dugu hemendik gutxira HABEko Zuzendari Nagusi Jokin Azkuek Euskararen Aholku Batzordearen aurrean aurkeztuko duen Euskalduntze-Alfabetatzearen etorkizunerako oinarriak, eraginkortasunari eta kalitateari begira izeneko txostena.
 
Aipatu bi dokumentuen lehen irakurketa baten ostean, egia esan behar badugu, zalantzak, kezkak, beldurrak... baino ez zaizkigu sortu. Artikulu honetan saiatuko naiz bi txostenen haritik gogora etorritako batzuk mahai gainean jartzen.
 
Lehenik eta behin, konstatazio bat: Euskaltegi publikoetako titularrek ez dute Bidegarritasun Plana modu zuzenean edota ofizialean ezagutzen. Dakigunez, EUDEL da Udal Euskaltegietako azken titularra, baina HABEk planaren nondik norakoak azaltzeko biltzera deitu duenetan (behin baino gehiagotan) ez da azaldu ere egin. Euskaltegi publikoetan ari garenok kezkatuta ikusi dugu utzikeriaren seinale hau, lehen aldia izan ez bada, azkena ere izango ez delakoan.
 
Planaren berri emateko, ordea, HABEk euskaltegietara zabaldu du Kultura Sailburu Miren Azkaratek Legebiltzarreko agerraldian erabilitako aurkezpena. Planaren laburpena ailegatu zaigu, beraz, baina egia da ez dugula Bidegarritasun Plana bere osotasunean ezagutzen. Horra hor gure lehen beldurra: laburpenean azaldutako datuek ikaragarrizko egoera konplexuan gaudela adierazten badute, zer-nolako egoera islatuko ote dute esan gabe geratu direnek?
 
Alderdi zehatzago batzuetara etorrita, Bidegarritasun Planean azaltzen da oso modu nabarian eskaeraren aldaketa gertatzen ari dela, ikasleen profilaren aldaketarekin bat eginez (langabetu gutxiago, ikasleen bataz besteko adinaren igoera nabarmena...). Hartara, ikastaroen trinkotasuna txikitzea mehatxutzat jo dute planean. Horrekin batera, lan-planean zehaztu da diru-esleipenak, irizpideak eta modulazioa berritu beharra 2003ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan. Beste alde batetik, ordea, Azkuek Euskararen Aholku Batzordean aurkeztuko duen txostenean azpimarratzen da ikas-prozesua luzea denez, ikastaro trinkoak sustatu behar direla, bereziki hasierako mailetan eta helburu zehatza duten ikastaroetan. (4. atala, 396-396). Galderak asko dira: ezkontzen al dira bi planteamenduak? Errealak al dira? Zein da HABEk bultzatuko duena?
 
Beste alderdi harrigarri bat da irakasleei dagokiona, agian Helduen Euskalduntzean horrelakorik inoiz ere planteatu ez delako hain modu gordinean. Irakasleen profesionaltasuna azaldu ondoren (ogibide nagusia euskara-irakaslea izatea delako eta 11 urte edo gehiagoko esperientzia dutelako), ondoko baieztapen hau aurkitu dugu: sektoreak baliatu beharreko aukeretako bat irakasle-kopuruak behera egiten segitzea da, merkatuarekin bat. Bestela esateko, 1995-1996 ikasturtetik 2001-2002ra 508 irakasle gutxiago arituta, beheranzko joera hori are gehiago bultzatu beharra sujeritu digute. Ederra panorama!
 
Aurreikusitako eszenatokiek ere sortu digute zer pentsatua. Izan ere, ikasle-kopuruaren eraldaketa eta proiekzioa egitean hiru eszenatoki aurreikusi dituzte: irreala, helburua eta jarraipena. Helburu izeneko eszenatokian 2002-2003 ikasturterako 34.252 ikasle izan behar genituen, 2001-2002an baino 248 gutxiago, eta horrela -%0,7koa izango zen galera. 2003-2004 ikasturteari begira 34.021 ikasle izatea da helburua (-%0.7), beste 231 ikasle galduta. HABEk berak aitortzen duenez, aurtengo otsaileko datuen arabera, beherakada dagoeneko %4,3koa izan da. Galderak, beraz, ageri-agerikoa dirudi: nolatan lortuko dugu 2007-2008 ikasturtean ikasleen %2,9 baino ez galtzea, dagoeneko hori baino dezente gehiago galdu badugu?
 
Beste alde batetik, lan-planean zehaztu dute aurrera begirako estrategia-multzoa. Horien artean azpimarra daiteke euskara-agiriak homogeneizatzea, zentroen arteko aldeak berdinduz eta titulazio esparrua EGAtik behera eta gora irekiz. HABE da estrategia horretako arduradun bakarra. Euskaltegiok ez al dugu horretan zeresanik ezta zereginik ere? Zein egoera aurreikus daiteke? Gaur egun gutako asko ibiltzen gara han eta hemen bost minutuko proba baten ostean euskara-agiriak banatzen (hizkuntza eskakizunak, EGA...) baina ikasturte oso baten ostean ezin eman diegu ezer ere gure ikasleei. Eredu hori dute gogoan aurrerantzean tarteko mailen egiaztatzea planteatzeko momentuan? Gu geu sinetsita gaude bestela planteatu ezean, estrategia horrek bide laburra egingo duela, are laburragoa HABEk euskaltegien lankidetza bilatzen ez badu, bai diseinuaren garaian, bai aplikazioarenean. Benetako lankidetza, ordea, ez orain arte beste hainbatetan gertatu denaren modukoa.
 
Lehenago ere aipatu dugu. diru-esleipen sistema berritzen ari direla HABEn. Zer berritu behar dute, baina? Gaur egun euskaltegi publikoen egitura ezin zurrunagoa denean, azaleko kontu batzuk baino ez dira berrituko, egitura horrek inondik ere bere egin ezin dituena. Gauza handirik esateko daturik ez dugun arren, sentsazioa dugu ezertxo ere ezin alda dezakeen guztia berrituko dutela, lehengo moduan egon gaitezen. Badakigu, gainera, honelakoetan ez mugitzea atzera joatea dela.
 
Beste hainbat galdera, kezka... sortu bazaizkigu ere, ez dugu amaituko ondokoa aipatu gabe. Badira euskaltegi baten funtzionamenduan sortzen diren prozesuak bideratzeko eta hobetzeko euskarri idatziak. Horietako bat Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektua (EKPa) dugu. Azken urteotan ibili gara nork berea diseinatzen eta dirudienez, hemendik gutxira HABEk dekretu bidez tokian tokikoa onartuko du. Beste euskarri bat urteroko planak eta memoriak osatzen dute, eta azkena Bideragarritasun Planak dakarren lan-plana. Iruditzen zaigu ikaragarrizko arriskua izango litzatekeela hiru tresna horiek modu isolatuan interpretatuta, aurrera egin nahian ibiltzea, elkarren interakzio-prozesurik bultzatu gabe.
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
Interneten ote dago Helduen Euskalduntzearen etorkizuna?
 
 
Edo autoikaskuntzan? Edo xede bereziko ikastaroetan? Zertara dedikatu behar dugu euskaltegiok hemendik aurrera? Ohiko ikastaro presentzialak taldean amaitu al dira? Non dago euskalduntzearen etorkizuna?
 
Horrelako galderak egin zizkidan lehengoan lankide batek eta orduan ez nuen jakin nola erantzun. Saiatuko naiz orain.
 
Lehenengo eta behin, kontuz! Non dagoen galdetzeak etorkizunik badela esan nahi du nonbait eta hori sineste hutsa da: ehunka lanbide eta jarduera desagertu dira aurreko mendean zehar, beste asko guztiz eraldatu eta bizitzak aurrera darrai. Aldaketak, bestalde, inoiz baino arinago gertatzen dira gaur, nire irudiko behinik behin.
 
Hala ere, eman dezagun badela etorkizunik. Eta zertan izango da hori? Nolakoa oraingoaren aldean? Galderoi erantzuteko oraingo hori definitu beharra dago. Helduen euskalduntzea ekonomia eta hezkuntza jarduera da, erabaki politiko orokor batzuetan oinarrituta sortua eta lege jakinen bidez garatua.
 
Hezkuntza helburuak ditu, baina ehunka milioi mugitzen ditu urtean. Langileak daude, kontratu mota asko, diru publikoak eta pribatuak, enpresa hornitzaileak, bezeroak... Eta sistema hau guztia, gehien bat, dirulaguntza publikoek sustatu dute orain arte, zuzenean edo zeharka. Segituko dute erakundeek horretan? Edo pribatizaziorako pausuak emango dituzte, arlo ekonomiko askotan gertatu den bezala?
 
Gogoan izan dezagun goian esandakoa: erabaki politiko orokor batzuetan oinarritzen da helduen euskalduntzea. Horiek aldatuz gero, sektorearen egoera erabat alda daiteke, baina erabaki oinarrizko horiek bere horretan jarraituta ere, asko alda daiteke egoera baldin eta helduen euskalduntzearen jarduera garatzen duten legeek orain artekoa ez bezalako norabide bat hartzen badute.
 
Bestela esanda, herri honetan euskarak duen garrantzia ikusita nekez aldatuko dituzte politikariek epe labur-ertainean hizkuntza politikaren nondik norako nagusiak, baina bai ordea, eta hala adierazten bide dute ditugun azkeneko berriek, finantziazio-ereduak eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko osagarritasuna, publikoaren kaltetan seguruenera.
 
Eta Internet? Eta ikaskuntza antolatzeko modu berriak? Goian azaldutakoari dagokionez, horiek bigarren mailako kontuak dira. Euskaldunako langileei, enpresa ixteko zorian, orduko untzigintzan ziren aurrerakuntza teknikoez galdetzea bezala.
 
Hala ere, helduen euskalduntzearen etorkizuna beste alde batetik ikusita badute Internetek eta hizkuntza/ikaskuntza ulertzeko modu berriek zeresan handia. Erakundeak alde batera utzita, bezeroa bera dugu euskalduntzearen beste oinarria eta behar berriak azaltzen ditu, orain hogei urte ez bezalakoak.
 
Behar horiek gehien bat bi puntu nagusirekin dute zerikusia: euskara-tituluen premiarekin eta, aldi berean, ugaltzearekin eta gaur egungo bizimoduaren konplexutasunarekin. Batak zein besteak orain arteko eskaintza orokorra, presentzial hutsa, estatikoa eta trinkoa berraztertzera garamatzate, bezeroak egoki atendituko baditugu, eta euskararen ikas-prozesua bizitzan zeharreko etengabeko formazioaren ikuspuntutik begiratzera behartzen gaitu.
 
Ez dakit hala behar lukeen izan, baina hala da eta errealitateari eraginkortasunez erantzutea bada edozein politikaren helburua, ezinbestean hartu beharko dira kontuan arestian aipatutako behar horiek eta asetzeko bideak ahalbideratu.
 
Eta, jakina, horretarako bai, premiazkoak ditugu Interneteko protokoloetan oinarritutako teknologiak, ikasbide malguak eta norbanakoari egokitutakoak. Epe ertainera ohiko taldeek hortxe segituko dute, baina bestelako eskaintzen ondoan eta ikasleak erabakiko du, bere egoeraren arabera, noiz euskaltegira normal etorri, noiz tutore bat hartu berarentzako, noiz etxetik bere kabuz ikasi eta noiz barnetegira joan.
 
Beste kontu bat da zein prezio ordaindu beharko duen hiritarrak zerbitzu horien truke eta honekin estu lotuta daude sektore publikoak eta pribatuak izango duten tamaina eta ezaugarriak.
 
Euskaltegi izena gordetzen duten izari pribatuko zentruek, Hezkuntza Sailaren menpeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroek eta Hizkuntza Eskolek osatuko duten eszenatoki batera abiatzen gara? Ala oraindik izango da bien artean Kultura Sailaren eta udalen menpeko euskaltegi-sare bat?
 
Galderak eginez hasi dut artikulu hau eta berdin amaitu behar dut. Nire lankide horri inork argituko dio inoiz nora abiatzen den helduen euskalduntzea?
 
Jose Miguel Arnaiz
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu

 
Hernaniko Udal Euskaltegia
 
Nire ustez, estudioaren aurreneko atalak alde batera utzi eta azken orriei egin beharko genieke kasu, lan-plana zehazten duten orriei hain zuzen ere.
 
Lan-plan hori dela eta, ordea, irtenbide eta aldaketa ederra dela esango nuke!
 
Hainbat urtetan ez HABE-k ez HPS-k egiten jakin ez dutena, lortu ez dutena, euskaltegien eskuetan utzi nahi dute, zuzendari eta titularren eskuetan. Izan ere, lan-plan horretako 12 helburuetatik 4 baino ez ditu bere gain hartu HABE-k eta gainera lau horiek hauexek dira: elkarlana indartzea, euskararen erabilera sustatzea, euskara agiri berriak ateratzea eta diru esleipen sistema berritzea.
 
Elkarlana indartzea, esan beharrik ez dago, beti landu eta eskaini beharreko kontua da, ez da oraingo beharra, beraz.
 
Euskararen erabilera sustatzen saiatu izan gara urtetan euskaltegietako langileok, bai gure lanaren bitartez bai gure jarreraren bitartez, eta askotan eskatu diogu HABEri berari publizitate munduan sartzeko puntu hori ere, Eusko Jaurlaritzak euskal eskola publikoarena sartzen duen bezalaxe. Ez da hau ere beraz, gaurko egoerari egokitu ahal izateko punta-puntako gaia.
 
Agiri berriak eskaini ahal izatea euskaltegietako EKPetan proposatutako gaia da, euskaltegietan sentitu baitugu behar hori bai ikaslearen motibazioari begira bai irakaskuntzaren kalitateari begira. Eta arlo horretan euskaltegietako irakasleekin harremanetan izan ezean, HABEk jai daukala ere esango nuke. Ez du, ordea, arduradunen artean euskaltegirik aipatu.
 
Diru-esleipen sistema berria zehaztea da nire ustez, HABEk bere gain hartu dituen lanen artean gaurko egoerari dagokion gai bakarra. Ekin diezaiola, beraz, baina sektoreak alde batera utzi gabe eta sektoreen aldetik iritziak baino gehiago onartuz.
Nik zera ikusten dut, alde batetik gaurko egoerari egokitzera berandu dator HABE, lan gutxi xamar hartu du bere gain eta ikerketa beharrik ez zegoen ondoriootara iristeko. Gainera, kontutan hartzekoa da eta aztertzekoa, euskaltegi, sare eta zuzendarion eskuetan utzitako lanak...

ISABEL CELAÁ

Parlamentaria Vasca. Portavoz Educación y Cultura del PSE

Al nacionalismo gobernante no le interesa la Educación Pública. El desarrollo de Escuelas Infantiles 0-3 lo deja en manos de la Red Privada y de los Ayuntamientos y ha perdido el equilibrio de cuota pública-privada que fue un objetivo del Pacto Escolar para la Educación No Universitaria.

Los Euskaltegis Públicos también han sido abandonados a su suerte por el Gobierno Vasco. Hoy son los Ayuntamientos - y entre estos particularmente los socialistas que atienden a poblaciones, mas numerosas- los que están sosteniendo el andamiaje de la Euskaldunización de adultos.
 
Los compromisos adquiridos con la Ley de Habe de 1.983 por los que el gobierno se comprometía a financiar hasta un 70% y los municipios un 30% se han visto alterados hasta llegar a proporciones inversas o casi. Se ha depositado toda la responsabilidad en los Ayuntamientos a los que se pretende mantener como meros entes financiadores sin que opinen respecto a planificación, modalidades de Enseñanza u otros aspectos. No se cuenta con los Ayuntamientos para nada ni siquiera están estos representados en el Patronato Rector tal y como el artículo 4 de la Ley de HABE planteaba y a nuestra insistencia la del Grupo Socialista en la Cámara Vasca la de los Ayuntamientos y la del propio rector se contesta con un "estamos de acuerdo con la filosofía aunque tenemos dificultades para llevarla a la práctica".
 
Pero no es verdad, tampoco se está de acuerdo con la filosofía, si no ¿por qué cada vez se apuesta menos por los Euskaltegis Públicos?
 
Todos somos conscientes del descenso general de alumnado. Es cierto que nuestros jóvenes salen del sistema escolar bilingües pero ¿no es posible hacer una apuesta seria por distintas modalidades de enseñanza?. Las aulas de autoaprendizaje, la enseñanza multimedia, internet, requieren apuestas serias. Las nuevas necesidades de una sociedad que quiere organizar su tiempo de manera flexible no encuentran respuesta adecuada por parte de HABE a diferencia de la enseñanza de otras lenguas en otros lugares.
 
El Plan de Viabilidad para el sector recientemente presentado en el Parlamento el 14 de Abril de 2.003 nos describe una situación que ya conocíamos. No está mal formalizarla, pero seguimos pendientes de saber cuál va a ser el grado de implicación del gobierno en su apuesta por recorrer los nuevos caminos.
 
¿Racionalizará plantillas en el sector público con convocatorias de concurso-oposición e incluso con jubilaciones anticipadas o no?
 
¿Asegurará la presencia de los Ayuntamientos en el Patronato Rector o no?
 
¿Apostará de verdad por las nuevas modalidades de enseñanza o no?
 
Y sobre todo ¿Será capaz de hacer un ejercicio de racionalidad y de justicia extrema deslindando el euskera de la ideología que legítimamente tiene cada uno?
 
¿Admitirá que el socialismo está haciendo una apuesta fuerte por el desarrollo del Euskera y que está legitimando para criticar cualquier aspecto de su gestión?
 
¿Será capaz el nacionalismo gobernante de abandonar la propaganda en torno al Euskera para centrarse honestamente en una política que lo favorezca sin excluir a nadie?
 
gora

GALDAKAOko UDAL EUSKALTEGIA

Azkenean heldu zaigu Euskaltegien Sektorerako Bideragarritasun Plana eta laburpen exekutiboa baino izan ez bada ere, hainbat dira planean ematen diren datuak, hauen irakurketa eta erabileran sakondu gabe, hainbat dira eragiten dizkiguten galderak:

… euskaltegi publiko (- %27)…beherakada hiru lurraldeetan gertatu dela… Zeintzuk izan dira desagertu diren euskaltegi publiko hauek? Pilotoak, akaso? Ikasle ezak zarratu zituen ala erabaki politikoren batek?

…talde–ordu bakoitzeko udal euskaltegiek jasotako diru-laguntza %57,6 igo da,… ikasleen jaitsiera, hainbat irakasle-plazaren amortizazioa, HABEk eta EUDELen arteko akordioak ekarritako aldaketak ( matrikularen %31,25eko igoera ekarri zuen 96/97an, 97/98 %14,28koa…) eta soldatetan KPIa beste igoerarik aplikatu ez bada, nondik ateratzen da igoera hori?
 
Ikasleria 96/97tik jaitsi dela diote. Non dira ordura arteko transmisio kanpainak? Osakidetza, HAEE?…
 
Teknologia berrien eragina heziketan gero eta handiagoa da. Abantailak eta eragozpenak alde batera utzita, heziketa-modu berrientzat aukerak sortzen dira. Habek zertarako bultzatu zituen autoikaskuntza gelak, gero ordurik eta ikaslerik ez onartzeko? Non daude islatuta ikasle horiek?
 
Hala ere, datuak datu eta irakurketak irakurketa, ikasle-kopuruaren jaitsiera ukaezina da. Bideragarritasun azterketa honetan ikusten den bezalaxe, sektorearen bilakaera, erakundeek ezarritako baldintzek mugaturik askotan, ez da bat etorri gizartearen eta honen beharren bilakaerarekin, hau izan daiteke jaitsieraren arrazoietariko bat; beraz, eraldatze lana beharrezkoa da. Honekin batera, oraindik ere oso merkatu zabala dugu… enpresa mundua, EGAtik gorako maila, jubilatuak, etorkinak, kirol mundua, osasuna, gazteak (A, B eredukoak), etxeko andreak… azter ditzagun dituzten beharrak eta egin diezaiegun egokitutako eskaintza.
 
Badira arrazoi gehiago ere, gizartean hutsunea nabarmena da euskararen benetako beharrari dagokionean. Haatik, EAEko biztanleriaren euskararen aldeko joera hori egiazkoa baldin bada, aprobetxa dezagun eta aprobetxa dezala administrazioak euskararen aldeko kanpainak eta apustua egiteko, motibazio instrumentala ez ezik, integratzailea ere bultzatuz, joera hori ikasle eta etorkizuneko euskaldun bihur dadin.
 
Era berean, gizartea euskalduntzeak euskara edozein herritarren esku jartzea eskatzen du eta honek diru-inbertsioa dakar. Honela administrazioak euskararen eta gizartea euskalduntzearen aldeko benetako jarrera baldin badu, ezin ditu euskaltegiak gainerako hizkuntza-zentroekin alderatu, Beste hizkuntza-zentroekin alderatuz, euskaltegien prezioak merkeagoak dira, eta euskal gizartearen eskubideen artean euskara ikastea aurkitzen bada, publikotasunaren aldeko apustua ezinbestekoa da.
 
Planak adierazten duen bezala, ezin da ukatu zeregin handia dagoela eta guztion borondatea eta elkarlana beharrezkoa dela.
gora

IZASKUN GALLASTEGI UZKUDUN

Durangoko Udal Euskaltegia

IKEI-k bete du bere lana. Ez dugu parte hartu, ez dute gurekin kontatu. Planaren emaitzak esku artean dauzkagu baina ez dugu inolako azalpenik jaso. Hasieran bazirudien guk ere parte hartuko genuela, talde-saioak antolatuko zirela eta iritzia emateko aukera izango genuela. Baina gure partehartzea ikasleei egindako galdeketara mugatu da. Harrezkero ez dugu berririk izan. Jakin genuen euskaltegiren bat gonbidatu zutela aurkezpen-bilera hartara, baina besterik ez.
 
HABEk urteetan mugak jarri izan dizkigu eta hori dela eta modulazio itxi eta estuak eskaintzera behartuta egon gara. Orain euskaltegietako jardunaren egokitzapena dator eta horrek badirudi modulazio aldetik malgutasuna ekarriko duela, urteetan eskatzen gabiltzana. Hori guztia arautu egin beharko da, baina.
 
Ikasleen jaitsiera 95-96 ikasturtetik aurrera izan dugu eta aurreikuspenen arabera jaitsiera izaten jarraituko dugu Bizkaia eta Gipuzkoan, baina helburuak betez gero ikasleen mantentzea gerta liteke. Arabako kasua bestelakoa da.
 
Txostenak lan plana dakar eta bertan eginkizunak zehazten dira. Gaur egungo merkatua aztertu behar dugu eta gure lana berbideratu behar dugu behar horiek betetzera; erabilera sustatzea edo erabileren eragitea izango da gure lanaren ardatza eta talde bereziak izango ditugu. Guk talde horiek izango dituzten premiei erantzun behar diegu.

ONINTZA LASA

Eusko Alkartasuna taldeko legebiltzarkidea Gasteizen eta Hezkuntza eta Kultura Batzordekidea

Euskararen Normalkuntzarako Legeak, seigarren artikuluan, herritar orori onartzen dio euskara eta gaztelera erabiltzeko eskubidea eta horretarako Herri Administrazioari eskatzen zaio hartu beharreko neurriak hartzeko eta eskubidea bermatzeko bitartekoak ipintzeko.

 
Bere aldetik, HABE sortzeko Legea, zioen azalpenean agertzen den bezala, herritarrak elebidun izateko helburua lortzeko urratsa da.
 
Gure komunitateko elebidunen kopuruak euskararen ezagutzan aurrera egin dugula adierazten du baina eguneroko erabileran ehunekoak ez datoz bat; izan ere, euskara dakiten guztiek ez dute eguneroko komunikazio-beharretarako erabiltzen.
 
Euskararen ezagutzan eman den gorakadan eragile asko izan dira, Hezkuntzan izan den politika egokitik hasita. Gaur egun Erkidegoan 35etik 39 urtera bitartekoen artean lautik bat da elebidun, hirutik bat 25 eta 34 urte bitartekoen artean eta erdia 16tik 24ra bitartekoen artean; urrun gaude, hala ere, gorago aipatutako gizarte erreal elebidunetik.
 
Egia da, bestalde, euskalduntzearen sektorearen garapena ikusita nabaria dela eskariaren beherakada eta aurreikuspenen arabera, joera horrek bide horretik segituko du. Errealitate hau ilusio eta kezka iturri ere bada, euskaldunen gorakada islatzen duelako baina oraindik euskaraz ez dakien kopuru handia dagoelako.
 
Egoera honen aurrean, erantzukizun politikoagatik, egoeraren diagnosia egitea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak euskaltegien sektorearen aldaketak azal ditzaketen ezaugarri kritikoak ezagutu eta horren arabera jokatzeko, euskaltegien bideragarritasuna estabilitatea lortzeko estrategia egokiak gauzatuz.
 
Hainbat euskaltegirekin lankidetzan IKEI enpresak egindako diagnosia hori Dicho ondorengo lan-ekitaldiak gidatuko dituzten datu eta errealitateak erakusten ditu. Horrekin euskaltegien eskaintzaren egokitzapen handiagoa lortu nahi da, bideragarritasunari eutsiz. Euskalduntzean eta alfabetatzean oraindik eginkizun handia dagoelako eta gizarteari begirako neurri eta politikak unean uneko beharrei egokitu behar zaizkielako.
gora

MERTXE MUJIKA

AEK

Jakina da azken urteetan Helduen Euskalduntze-Alfabetatze arloa krisia bizitzen ari dela. Asko hitz egin eta idatzi da zergatien inguruan; eskaeraren inguruan, hezkuntzako eredu euskaldunen eragina, sustapen lanaren hutsunea, beharren eta eskaintzaren arteko jauzia... HABEk aurkeztu berri duen Bideragarritasun Planean hainbat datu agertzeaz gain, etorkizunean lanerako izango diren ekintzen berri eman zaigu. Gure ustez, ekintza horien gauzapenean dago gakoa. Izan ere, aterabide eraginkorrak jartzeko garaia da. Euskaltegiok kalitatearen apustu sendoa egiten dugu baina horretarako baliabideak behar beharrezkoak dira eta bestetik, baliabideak bai baina ikasleak ez badira euskaltegira hurbiltzen ezer gutxi egin daiteke, horretarako, sustapen lana egin behar delarik.
gora

ISIDRO YOLDI ITURBIDE

Urrats Euskaltegia / BATUZ

Euskaltegion eginkizun nagusia helduak euskalduntzea eta alfabetatzea da. Beraz, euskaltegiok bideragarriak ote garen aztertzen denean, benetako galdera zera da: Helduak euskalduntzea eta alfabetatzea bideragarria al da?

Kontuan hartzen badugu hizkuntz ofizialaren ikaskuntza herritar ororen eskubidea dela, eskubide baten bideragarritasun plana egin du berriki Eusko Jaurlaritzak. Eta, gainera, nahiko emaitza ezkorrak atera zaizkio.

Ekonomiaz gutxi dakigunok bideragarritasunaren kontzeptua beti aldagai ekonomikoekin lotu izan dugu: enpresa jakin baten produktu edo egitasmo berria, zabaltze prozesu bat... Baina, hizkuntz ofizial baten irakaskuntzaren bideragarritasuna auzitan jartzea, beste edozein eskubideren (etxebizitzaren, lanaren, osasunaren...) bideragarritasuna zalantzan jartzea bezain sinesgaitza iruditzen zaigu.

Euskaltegiok ez garela bideragarriak aspalditik dakigu bertan aritzen garenok; eta honen adierazle ugari ditugu: dirulaguntzen bilakaera, langileen dedikazioa eta egonkortasuna, baliabide materialak, egitasmo berrien garapena... Hauek guztiak aspaldiko aldarrikapenak dira. Baina euskararen irakaskuntzaren beraren bideragarritasuna aztertzea kontraesan nabaria dela iruditzen zaigu.

Bideragarriak al dira, akaso, hezkuntza sistema edo osasun zerbitzua? Zerbitzu hauek Administrazioak finantziatzen ditu herritarrok ordaintzen ditugun zergak baliatuz. Ez zaie autofinantziazioa eskatzen. Baina euskaltegioi bai. Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ahalegina guk bakarrik egin behar omen dugu; eta dirua ikasleei eskatu. Non dago, bada, Administrazioaren ahalegina?

Bideragarritasun Planaren emaitzetan ondokoak aipatzen dira: euskaltegiok gure ingurunearen analisia egin behar dugula eskaera berrietara egokitu ahal izateko, berariazko estrategiak eta produktu berriak garatu behar ditugula, kudeaketa eta gaitasun komertziala indartu behar ditugula. Ados; neurriko jantzia eskaini behar da, eskaintza pertsonalizatua eta gaurkotua, alegia.

Administrazioari dagokionez, berriz, hauek aipatzen ditu Bideragarritasun Planak: diru esleipen sistema berritu behar dela, euskara-agiriak homogeneizatu eta ireki behar direla, eta, azkenik, euskararen erabilera sustatu behar dela, motibazioa landuz.

Azken batean, zerbitzua hobetu behar dela, eskaintzak gaurkotu, eta helduen euskalduntze eta alfabetatzea sustatu, erabilera areagotuz.

Ongi. Egindako datu bilketatik ondorioztatzen diren zentzuzko neurriak dira. Eta beste daturik izan ezean, edozein herritarrek esango luke modu egokian bideratu nahi dela Helduen Euskalduntze-alfabetatzea. Baina, hasierako galderak erantzunik gabe dirau: Helduen Euskalduntze-alfabetatzea bideragarria ote den, alegia. Izan ere, erantzuna ezin da analisi horretan bilatu, hor ez baitago.

gora

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

     

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 

www.santurtzieus.com

ã Santurtziko Udal Euskaltegia