Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

8. alea, 2002ko urria

208 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Lanak eta esperientziak: SUEren plataformarako material-proiektua. Abel Camacho
3. Hausnarrean: Bakoitzari berea. Pedro Lonbide
4. Zera jakin dugu: Zorionak Mastitxu!
5. Lotura interesgarriak
6. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
Ikasketa birtualak unibertsitatean eta hezkuntza iraunkorrean. UEU. Donostia. 2002ko azaroaren 8an
 
Irakaskuntza telematikoa bigarren mailako hezkuntza-era izatetik hezkuntza-sistema eta irakaskuntza-maila guztiek onetsia izatera pasatu da azken urteotan. Udako Euskal Unibertsitateak Miramar Jauregian gai hori aztertzeko jardunaldia antolatu du.
 

Informazio gehiago: http://www.ueu.org/ueuren_jarduera/jarduera_akademikoa/jardunaldi_topaketak/jardunaldiTelematikoak/Egitaraua.cfm


 

Lanak eta esperientziak

 

Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 

SANTURTZIKO UDAL EUSKALTEGIAREN PLATAFORMARAKO MATERIAL-PROIEKTUA 

Santurtziko Udal Euskaltegiak 1999ko urrian jarri zuen martxa gel@irekia izeneko auto-ikaskuntzarako zerbitzua modu esperimentalean. Ordutik hona asko aldatu dira zerbitzuaren ezaugarriak eta aribideak, nahiz gela sortzeko gogoan izan genituen ildo nagusiak bere horretan diren. Hona hemen horiek labur-labur adierazita.

Auto-ikaskuntza moldean ikasten duen ikasleak hainbat gaitasun garatzea ezinbestekoa da (baita beste ikasleek ere, kontua da premiazkoagoa duela), modu autonomoan lan egitea ahalbidetuko dutenak, alegia. Holec-ek (1979) honako zeregin hauek formulatu zituen:

Helburuak erabakitzea.

Eduki eta aurrerabideak erabakitzea.

Metodo eta teknikak erabakitzea.

Lorpenaren martxa kontrolatzea (erritmoa, unea, lekua, etab.).

Ikasitakoa ebaluatzea.

 
Horrekin batera, ikasleak euskararen funtzionamendu komunikatiboari buruzko ezagutzak ere garatu beharko ditu, ahozko zein idatzizko hizkuntzaren ezaugarriak ezagutuz eta ulermenak eta ekoizpenak dituzten aldeak bereiziz (Villanueva, 1997).
 
Aipatu alderdi hauetatik hainbat inplikazio eratortzen diren gure proiektuaren diseinuan, hala nola:
 
Gaitasun orokorrak —ezagutza deklaratzaileak, trebetasunak, gaitasun existentziala eta ikasten jakiteko gaitasuna— garatu ahal izateko bitartekoak eskaini behar dizkiogu ikasleari.
Era berean, gaitasun komunikatiboak —linguistikoa, soziolinguistikoa eta pragmatikoa— garatzea ahalbidetu behar du gure jardunak.
 
Hasiera batetik, gel@irekia-k bi moldetan jardun izan du, presentzialean eta on-line. Oso emaitza positiboak lortu arren, zer hobetu asko ere izan dugu. Era presentzialean, esaterako, ikasleek eskura zuten baliabide-zentroa apenas erabiltzen zuten. On-line moldean zenbaitek internet bidezko irakaskuntza deituriko moduan hasi ginen, hau da, gehienbat posta elektronikoaz baliatuz baina ikasteko ingurune birtualik (edo plataformarik) izan gabe.
 
Azken urte honetan egindako lanari esker, 2002-2003 ikasturtean jauzi kualitatiboa eman dugu geure hezkuntza-jardunaren kalitatea hobetzeko. Hiru dira ahalegin horretan eragina izan duten gertaerak: a) eskaintza akademiko berria diseinatu izana; b) materialgintza-proiektuaren lehen aldia amaitutzat ematea, eta c) dagoeneko plataforma propio bat erabilgarri izatea.
 
 
1. ESKAINTZA AKADEMIKO BERRIA
 
Egin dugun aldaketa nabarmenena baliabide-zentroaren erabilera bultzatzeko saioa izan da, ezbairik gabe. Esan bezala, ikasleek aukera hori bazuten ere, gutxi batzuek baino ez zuten erabiltzen eta gehienbat tutore batek gidatutako saioa aukeratzen zuten.
 
Gaur egun aukera horiek baldin badira ere, baliabide-zentroak du lehentasuna. Hemen ez gara luze arituko eskaintza akademikoaz, baina inork interesa izanez gero, honako helbide honetara jo besterik ez du: http://www.santurtzieus.com/gela_irekia/info/informazioa_0203.rtf
 
 
2. MATERIALGINTZA-PROIEKTUA
 
Eskaintza akademiko berriaz gain, materialgintza-proiektuaren lehen aldia amaitutzat eman dugu eta egun eginkizunen zerrenda egindakoena baino handiagoa izan arren, irudi aski argia dugu aurrerantzean gure lana gidatuko duten irizpide- eta zereginen multzoaz.
 
Ikas-materialen bankuak sarbide ezberdinak eskainiko dizkio ikasleari baina sartzen den lekutik sartzen dela, gainontzeko trebetasun edota ezagutzak lantzeko materialetara ailega daitekeela ziurtatu behar dugu.
 
Ikasleak, beraz, modua izan beharko du ikas-ibilbide propioak sortu ahal izateko, baina era berean, aldez aurretik diseinatutakoak burutzeko ere.
 
Azter dezagun ikas-materialen bankuaren diseinua hiru alderditatik: a) ikaslearentzako sarbideak eta egitura; b) ikaslearen ibilbideak, eta c) aldez aurretik diseinatutako ibilbideak

2.1. Sarbideak eta egitura

Hiru dira sarbide nagusiak:

Ariketak eta testuak
Laguntza
Ikastarotxoak

Ikus dezagun zehatzago:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ARIKETAK ETA TESTUAK

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ariketa-bankua

 

 

 

 

 

 

 

 

Mailaka

 

1A

Entzumena

Idazmena

Irakurmena

Lexikoa

 

1B

Entzumena

Idazmena

Irakurmena

Lexikoa

 

2

Entzumena

Idazmena

Irakurmena

Lexikoa

 

3

Entzumena

Idazmena

Irakurmena

Lexikoa

 

Trebetasunka

Entzumena: helburuka

Idazmena: helburuka

Irakurmena: helburuka

Mintzamena: helburuka

 

Gramatika-edukiak

Itemka (linguistikoak, soziolinguistikoak eta pragmatikoak)

Laguntza-orriak

Unitate didaktikoekiko lotura

Ikasten ikastekoak

Testuak

Alfabetikoki

Testu-motak / testu-erak

 

Azterketa ofizialak

EGA

Irakasleen hizkuntz eskakizunak

Administrazioko hizkuntz eskakizunak

Hizkuntza Eskola

 

Unitateak

 

1A

Unitate didaktikoak: Komunikazio-egoerak

Ikasten ikasteko unitateak

Laguntza-unitateak

 

1B

Unitate didaktikoak: Komunikazio-egoerak

Ikasten ikasteko unitateak

Laguntza-unitateak

 

2

Unitate didaktikoak: Komunikazio-egoerak

Ikasten ikasteko unitateak

Laguntza-unitateak

 

3

Unitate didaktikoak: Komunikazio-egoerak

Ikasten ikasteko unitateak

Laguntza-unitateak

 

 

 

 

 

Laguntza

 

 

 

Nola ikasi

Ikaskuntza: oinarrizko kontzeptuak

 

Ikasteko aholkuak

Estrategien auto-ebaluazioa

Entzumena

Idazmena

Mintzamena

Irakurmena

Lexikoa

 

 

 

Kontsultak

Hizkuntza: oinarrizko kontzeptuak

Hiztegi txikia

Sinonimo-hiztegia

Zalantza-hiztegia

Euskaltzaindiaren arauak: laburpenak

Nola idatzi zenbait hitz

Bibliografia

 

 

 

 

 

Ikastarotxoak

 

 Nivel 1A maila

Iniciación al euskara

Verbos

La comprensión en niveles iniciales

Evaluación del BAKARKA 1 y 2

Iparragirre

 

Nivel 1B maila

 

Kortesia eta harridura esapideak

Lehenengo euskal idazleak

Dorian Grayren erretratua

Nivel 2 maila

Irakurmena lantzen goi-mailetan

Kultura hizkuntzan

 

Nivel 3 maila

EGAko idazlana

Amodioa itsua da

Silvia Mauriren heriotza

Jose Nazarethekoak munduko eritzi publikoari

 

2.2. Ikaslearen ibilbideak

Lehenago zirriborratu dugun egiturari eta sarbide-motei esker, ikasleak modua izan dezake era askotako ikas-ibilbide propioak sortu ahal izateko. Hemen, adibide moduan, aurreikusitako batzuk zerrendatuko ditugu.

Lehen ibilbide estandarra
 
Zenbait ikaslek aukera dezakete bere mailari dagozkion ariketak egitea. Bada, honelako ibilbidea gerta liteke: ariketa eta testuak ariketa-bankua mailaka 2. maila irakurmena ariketa jakin baten aukera. Ariketa horretan informazio hauek aurkituko ditu:
  1. irakur-helburu bereko beste ikas-material batzuetarako sarbidea (ariketak eta unitate didaktikoak);
  2. Bigarren mailako beste trebetasunetarako sarbidea;
  3. testu-genero bereko beste testu batzuetarako sarbidea;
  4. laguntza-unitateetarako sarbidea (estrategikoa, formala edo diskurtsiboa);
  5. Irakurmena langai duten ikasten ikasteko unitateetarako sarbidea...
Bigarren ibilbide estandarra
 
Zenbait ikaslek aukera dezakete trebetasun jakin bati dagozkion ariketa egitea, idazmena, kasu. Bada, honelako ibilbidea gerta liteke: ariketa eta testuak ariketa-bankua trebetasunka idazmena helburuak ariketa jakin bat. Ariketa horretan informazio hauek aurkituko ditu:
  1. idazketa-helburu bereko beste ikas-material batzuetarako sarbidea (ariketak eta unitateak);
  2. idatzi beharreko testu-genero bereko beste testu batzuetarako sarbidea;
  3. laguntza-unitateetarako sarbidea (estrategikoa, formala edo diskurtsiboa);
  4. Idazmena langai duten ikasten ikasteko unitateetarako sarbidea...
Hirugarren ibilbide estandarra
 
Zenbait ikaslek aukera dezakete gramatika-item formal jakin bati dagozkion ariketak egitea, erlatiboa, kasu. Bada, honelako ibilbidea gerta liteke: ariketa eta testuak ariketa-bankua gramatika-edukiaren arabera erlatiboa ariketa jakin bat. Ariketa horretan informazio hauek aurkituko ditu:
  1. Item formal bereko beste ikas-material batzuetarako sarbidea (ariketak);
  2. Item formal hori alderdi soziolinguistikoa eta pragmatikoarekin erlazioan jarriko duen unitate didaktikoetarako sarbidea;
  3. laguntza-unitateetarako sarbidea (gramatika formaleko azalpenak, gramatika diskurtsiborako azalpenak);
  4. Item hori bereziki azaldu hori deneko testu-multzorako sarbidea...
Laugarren ibilbide estandarra
 
Zenbait ikaslek aukera dezakete proposatutako ibilbideren bat (unitate didaktikoak) egitea, 1B mailako Publizitatea ulertzen: turismo gida izenekoa, kasu. Bada, honelako ibilbidea gerta liteke: ariketa eta testuak unitateak Nivel 1B maila unitate didaktikoa Publizitatea ulertzen: turismo gida sarrera. Sarreran informazio hauek aurkituko ditu:
  1. Unitate horretako helburuak eta edukiak;
  2. Unitate horretako laguntza-atala (estrategikoa, formala edo diskurtsiboa)
  3. Unitatea osatzen duten ariketetarako sarbidea;
  4. Ariketa horietako bakoitzean zer landu nahi den eta horrekin erlazioan izan daitezkeen beste ikas-materialetarako sarbidea (ariketa-bankuaren alderdi jakinen batera/batzuetara nahiz beste unitate didaktikoetarakoa);
  5. Landu nahi den helburu edo edukiaren arabera, ikasten ikasteko unitate baterako/batzuetarako sarbidea;
  6. laguntza-unitateetarako sarbidea ...

Aipatutako lau ibilbide horietaz gain, beste hainbat burutu ditzake ikasleak. Iruditzen zaigu proiektuaren asmoa zein den ikusteko nahikoa izan daitekeela agertutakoa.

2.3. Aldez aurretik diseinatutako ibilbideak (unitateak)

Ibilbide hauek mailaka antolatuta daude eta bi motakoak dira: a) unitate didaktikoak eta b) ikasten ikasteko unitateak.

Unitate didaktikoak

Ikus dezagun zertan diren unitate didaktikoak. Honako osagai hauek dituzte:

Unitatearen sarrera

Sarreran unitatean zehar landu nahi diren helburuen azalpen laburra agertuko da: zer planteatzen den eta zertarako, zein baliabide eskainiko diren... Horrekin batera, ondokoak ere agertuko dira: unitatea osatzen duten ariketen zerrenda, zein ordena proposatzen den, laguntzarako sarbidea...

Komunikazio-egoera

Unitate bakoitzaren izena komunikazio-egoera jakin bat izango da (adib.: Egunkaria irakurtzen). Horrela, modu esplizituan azalduko dira unitatean zehar izango den erabilera-testuingurua nahiz burutu beharreko zeregin komunikatiboak.

Egoera horiek behin eta berriz agertuko zaizkigu maila guztietan, baina osagai berriak tartekatuz. Ikus dezagun aipatu adibidearen hurrenkera posiblea:

1A MAILA: Egunkaria irakurtzen: laburrak

1B MAILA: Egunkaria irakurtzen: albisteak

2 MAILA: Egunkaria irakurtzen: kronika

3 MAILA: Egunkaria irakurtzen: iritzi-artikuluak

Testu-mota eta testu-era

Esan bezala, komunikazio-egoera zehazteak aukera emango digu langai izango diren testu-mota eta testu-era modu kontestualiazatuan jorratzeko.

Hiztegia

Egoera komunikatibo bakoitzari dagozkion testu-era kanonikoek bideratuko dute lexikoaren aukeraketa. Dagokion lanketaz gain, unitatean zehar aterako diren hitz guztien bilduma egin daiteke.

Trebetasunak

Ulermena eta ekoizpenerako ariketak planteatuko dira hemen. Kanala komunikazio-egoeraren araberakoa izango da.

Gramatikari buruzko ikuspuntua

Unitate hauetan hizkuntzaren gaitasun soziolinguistikoa eta pragmatikoa hartuko dira kontuan. Beraz, proposatutako lanketa eta prozedurek erlazioan ipini beharko dituzte hainbat aldagai:

Komunikazio-egoera jakin batean sorturiko testu-erak
Testu-era horietan eragina duten aldagaiak (igorlearen asmo komunikatiboa, hartzailearekiko harreman-mota eta horren arabera erabilitako erregistroa...)
Testualtasun-ezaugarriak (koherentzia, kohesioa...)
Aurreko aldagai guztiek alderdi morfosintaktikoaren duten lotura
(...)

Ebaluazioa

Atal honetan unitatean egindakoaren ebaluazioa (autoebaluazioa zein kanpo-ebaluazioa) agertuko da.

Laguntza

Langai direnei buruzkoa.

 
Ikasten ikasteko unitateak

Ikasten ikasteko unitateek ikaslearen autonomizatze-prozesuari eragitea dute helburu. Beraz, trebakuntza estrategikoa bultzatuko dute baina beti ere komunikazio-zeregin batekin erlazioan. Egiturari dagokionez, unitate didaktikoen oso antzekoak dira eta horregatik ez ditugu hemen berriro ere aipatuko. Ikus ditzagun unitateetako batzuk:

 

1A MAILA

 

La comprensión en niveles iniciales (I)
Ezagutu zeure burua
Hiztegia lantzen
Cómo mejorar mi rendimiento

 

 1B MAILA

 

La comprensión en niveles iniciales (II)
Planifika ezazu zure lana
Aukera ezazu zuretzat egokiena
Zer gehiago egin dezaket?

 

 2 MAILA

 

La comprensión en niveles intermedios
Aukera itzazu bitartekoak
Ebaluatu zeure burua
Nola gorde informazioa
La expresión oral

 

3 MAILA

 

Idazmena lantzen
Prozesuak aztertzen
Bitarteko bila
Irakaslerik gabe ikasten

 

3. PLATAFORMA

Eskaintza akademiko berriaz eta materialgintza-proiektuaz gain, 2002ko urritik aurrera gure ikasleek ikasteko ingurune birtualerako sarbidea dute. Ikasleak plataformatik bi aukera nagusi izango ditu: ikasmaterialen bankua eta komunikazio-tresnak

Aurrerago hitz egin dugu materialez, eta beraz, komunikazio-tresnak labur-labur deskribatuko ditugu.

Baliabide-zentruan ari denarentzat:

Ikasleon foroa: foro orokorra da tutore baten gidaritzapean funtzionatuko duena. Neurri batean euskara-ikasi  posta-zerrenda ordezkatzera dator.
Txat-gela: astean bi saio izango dira, tutore baten gidaritzapean.

Talderen batean ari denarentzat:

Instrukzio-foroa (arbela)

Foro honetan tutoreak lan-proposamenak eskegiko ditu. Proposamen bakoitzak honako atal hauek izango ditu:

Helburuak

Egin beharreko jarduerak (deskribapena)

Jarduera horiek burutzeko baliabideak

Erabiliko den ebaluazio-moldea

Plana burutzeko aurreikusitako denbora

Lan-proposamenez gain, tutoreak ikasle guztiei begirako instrukzioak edota azalpenak emango ditu foro honen bidez.

Interakzio-foroa (ikasgela)

Foro honetan ikasleak zalantzak eta kezkak aurkezteko modua izango du (materialei buruzkoak eta hizkuntzari buruzkoak). Tutoreak zalantza eta kezka horiei erantzungo die. Horrez gain, ikasleen arteko elkarreragina bultzatuko du.

Txat-gela

Komenigarri ikusten denetan, saio sinkronoa planteatu du tutoreak txat-gelaren bidez. Saio hauetan ikas-prozesuan sortutako arazoen inguruan jardungo dute tutoreak eta ikasleek.

Posta elektronikoa

Posta elektronikoaren bidez, tutoreak ikasle jakinen zalantzak argituko ditu edo eskariei erantzungo die.

BIBLIOGRAFIA

HOLEC, H. (1979): Autonomie et apprentissage des langues étrangères. Strasbourg, Conseil de l’Europe. (Euskaraz: Autonomia bigarren hizkuntzen irakaskuntzan. Donostia, HABE, 1984)
VILLANUEVA, M.L. (1997): "Estilos cognitivos y estilos de aprendizaje. Autonomía y aprendizaje de lenguas" in M.L. Villanueva eta I. Navarro (ed.): Los estilos de aprendizaje de lenguas. Publicacions de la Universitat Jaume I, Col·lecció Summa, Série Filológia nº 16
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
BAKOITZARI BEREA
 

Hori omen da giza legea nahiz eta askotan lortzen ez dugun!

Udal Euskaltegietako irakasleok bide luzea egin dugu helduen euskalduntzean eta gertakari askoren lekuko izan gara. Izan ditugun ezaugarrietatik txarrena, nire ustez, pasibotasuna izan da. Horrek ondorio asko izan ditu eta konponbiderik ez zegoenean entzun dira kexak.
 
Badirudi une honetan bertan ari garela bizitzen aldaketa-une bat. Guztiok sumatu dugu zerbait gertatzen ari dela: euskaltegiez hitz egiten da legebiltzarrean, telebistan, egunkarietan...
 
Badakigu euskaltegien egoera ez dela ona; arazo asko izan ditugu urte hauetan guztietan baina agian nagusia definizio-eza izan da. Ez naiz hemen hasiko gogoratzen nola sortu ziren euskaltegi publikoak, nork sortu zituen; gogoratu nola sortu ziren udal euskaltegiak eta nola desagertu ziren HABE euskaltegiak. Hor daude dokumentuak aztertzeko eta agian momentua da esan eta egin direnak berraztertzeko.
 
Egoera ez dela ona esaten dudanean, ordea, ez naiz ari matrikula-jaitsieraz. Hori gutxienekoa da udal euskaltegien kasuan. Gu ez gara dirua irabazteko enpresak; helduak euskalduntzeko enpresa publikoak gara eta gure etekina ez da eurotan neurtzen. Baina, euroak behar ditugu lan hori behar bezala egiteko eta ez dugu ahaztu behar administrazio publikoak hainbat arlotan inbertitzen duela dirua etekin ekonomikoak espero izan gabe. Horretarako enpresa pribatuak daude eta, ematen duten zerbitzua garrantzizkoa bada ere, jabe bat dute, inbertitutako diruaren truke irabazi batzuk nahi dituena.
 
Konparatzea besterik ez dago: osasun publikoa eta pribatua, irakaskuntza publikoa eta pribatua, kirol-instalazio publikoak eta pribatuak; inork imajinatzen al du helduen euskalduntzean gertatzen den bezalako egoerarik horietako batean? Baina gurean bai.
 
Hainbat gauza badakigu; beste hainbat, antza, gogoratu egin behar ditugu. Ba al dakigu, ordea, zer gertatzen ari den benetan? Zergatik ari den orain gertatzen eta ez lehenago? Zeintzuk izango diren ondorioak?
 
Ezetzean nago eta horrek beldurtu egiten nau. Izan ere, gure izenean hainbat gauza entzun dira gurekin zuzeneko harremana ez dutenen ahotan. Guk egiten ditugun hainbat eta hainbat ekintzaz eztabaidatu da gure partaidetzarik gabe. Hainbat erabaki hartuko direla ziurtatu da gure iritzia entzun gabe. Gure iritzia diot eta ez naiz irakasleez bakarrik ari. Gure enpresa publikoetako nagusiez ere ari naiz, jakina. Zer nahi dute udal euskaltegietako titularrek? Zer ari dira egiten egoera honi aurre egiteko?
 
Txarrena da gu ohituta gauden bezalaxe, beste batzuk ere gure isiltasunarekin ohituta daudela eta urteetako eskarmentuaren ondorioz, ziur daudela ez dugula oraingoan ere ezer esango. Baina, agian, zerbait esateko ordua iritsi da. Foroak badira: udal bakoitzak du berea, HABEren foroetan ere ordezkatuta gaude, EUDEL ere hor dugu...
 
Egoera ez da ona, guztiok gatoz bat baina arrazoiak eta konponbideak aztertu behar dira; HABEk egingo omen du bere azterketa, euskaltegi pribatuak ere hasiak dira lanean, eta gu?
 
Maila askotatik heldu behar zaio arazoari eta bakoitzak izango du bere eginkizuna: ikasleak, irakasleak, zuzendariak, euskaltegi bakoitzeko titularrak... Gero bakoitzak hartutako erabakien ondorioak ikusiko ditugu eta ezin izango dugu esan: begira zer egin duten!
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
  Zera jakin dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
ZORIONAK MASTITXU !
 
Abesteko aukera ere izan genuen, bai horixe! Izan ere, aurreko astean zehar izan dira Leioako Udal Euskaltegiaren 20 urteurrena ospatzeko ekitaldiak.
 
Hilaren 18an izan zen ospakizun-ekitaldia eta bertara bildu ziren Leioako Udaleko eta HABEko arduradunak, urte hauetan guztietan euskaltegiarekin zer ikusi zuzena izan duten hainbat eta hainbat lagun, eta Bizkaiko udal euskaltegietako zuzendari gutxi batzuk.
 
Zorionez gain, berrikuntza honek beste 20 urterako indarra eman diezazuela opa dizuegu. 
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA
 
Euskal esamoldeak: http://www.geocities.com/gontzalma/nireweborria.html
 
Hiztegi Batua on-line: http://www2.euskaltzaindia.net/Temas/Pro/Arauak/HiztegiBatua.htm 
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua sarean da kontsultagai
 HEZKUNTZA
 
Ciberteca: http://www.ciberteca.net
Zer ikasi nahi duzu sarean? Saia zaitez webgune honetan bilatzen!
Emagister: http://www.emagister.com 
Ez duzu nahi zenuena aurkitu? Bilatu honetan!
  
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleon Aldizkaria: 7. alea
  
Ikasteko Ingurune Birtuala: Sarrera
 
Sartu ahal izateko, erabiltzailea delakoan invitado ipini eta pasahitza atalean ere invitado.
 
  

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia