Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 
4. alea, 2002ko apirila
 
 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igorriko dizuen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
  1. Ekitaldiak
  2. Liburuak eta artikuluak: 
Cómo se escribe. Alfonso Sanchez;
Lo gramatical y lo pragmático. Begoña Escudero Bizkarguenaga
  1. Lanak eta esperientziak: Barnetegian. Enrike Cenitagoia
  2. Hausnarrean: Zuzentzea erraza, ezta? (eta II) Lupe Ugarte
  3. Zenbat buru...: Gutxi bai; zergatik, baina? Pilar Montoya
  4. Lotura interesgarriak
  5. Irakurleen ekarriak
  6. Zer berri www.santurtzieus.com-en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
Irakasleen formazioari begirako ikastaroak. 2002ko uztailean eta irailean
 
Santurtziko Udal Euskaltegiak Helduen Euskalduntzean ari diren irakasleei zuzendutako hainbat ikastaro eskainiko ditu 2002ko uztailean eta irailean zehar. Ikastaro horien planteamendua zeharo praktikoa izango da, nahiz norberaren esperientzian oinarrituta, hausnarketarako bide ere emango duten.
 
Hiru dira aurreikusitako ikastaroak:
 
1A mailarako orientabide metodologikoak
1B mailarako orientabide metodologikoak
2. mailarako orientabide metodologikoak
 
Irakasleak 2001-2002 ikasturtean maila horietan ibilitakoak izango dira eta beren esperientzia eta lanetik abiatuta helduko diote gaiari.
 
Hemendik gutxira zabalduko dugu informazio zehatza. 
 
 
Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak. 2002ko maiatzak 10
 
Matrikula egiteko epea dagoeneko zabalik dago. Honako helbide honetan egin daiteke:
 
http://www.ueu.org/ueuren_jarduera/jarduera_akademikoa/jardunaldi_topaketak/gloto_jar.htm

 
Uda ikastaroak. Miramar Jauregia, Donostia
 
Euskal Herriko Unibertsitateak dagoeneko aurtengo uda ikastaroen eskaintza egin du. Aurtengo programan bi ikastaro azpimarratuko ditugu:
 
B.1. Nuevos retos en la enseñanza de segundas lenguas: la mejora de parámetros. Ekainaren 24tik 26ra bitartean
B.2. Evaluación formativa en las áreas lingüísticas. Ekainaren 27tik 29ra bitartean
 
Ikastaroekin batera, hainbat biltzar eta topaketa ere programatu dira. Honako hau nabarmenduko dugu:
 
X.1. Communicative competence in language pluralistic environments. Ekainaren 27tik 29ra bitartean
 
Informazio gehiago: http://www.sc.ehu.es/cursosverano
 
 
Espezialitateko hizkerak eta terminologia Jardunaldiak. 2002ko irailaren 16tik 18ra bitartean
 
Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuak 2002ko irailean Espezialitateko hizkerak eta terminologia izenburuko jardunaldiak antolatu ditu, Leioako Campusean. Euskara Institutuak dei egin nahi die euskara-tekniko edo, oro har, hizkera espezializatuan eta terminologian lanean edo ikertzen ari direnei jardunaldi horietan parte har dezaten, komunikazio edo lanak aurkeztuz. Komunikazioak aurkezteko epea maiatzaren 17an amaituko da. Jardunaldietan entzule modura parte hartzeko deia aurrerago egingo da.
 
Informazio gehiago: http://www.ehu.es/euskara-institutua/jardun.html

 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.
 
 
Liburua: Cómo se escribe
Egilea: Serafini, Maria Teresa
Argitaletxea: Paidós
Urtea eta hiria: 1994, Barcelona
HABE Liburutegian: P11E48 signatura
 
Cómo se escribe Maria Teresa Serafinik idatzitako liburu baten gaztelaniazko itzulpena da. Jatorrizko liburua italieraz argitaratu zen 1992an.
 
Izenburuak adierazten digun bezala, idazten ikasteko metodoa da. Bertan testu bat ekoizteko egin behar diren faseak (idatzi aurrekoa, idazketa eta idatzi ondokoa) azaltzen dira, baita etapa bakoitza burutzeko teknika espezifikoak ere. Idazleak azalpen argiak eta adibide ugari emateaz gain, kapitulu bakoitzaren bukaeran zenbait ariketa eskaintzen digu, irakurri ahala teoria praktikarekin osatzeko.
 
Lan hau hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoan idatzi aurrekoaz aritzen da: ideiak nola sortu, bildu eta antolatu; baita dokumentazioari buruzko kapitulu bat ere, maila altuagoko testuak idatzi behar dituenarentzat. Bigarrenean testua eraikitzeko prozesua aztertzen du: paragrafoak osatzeko zenbait tipologia ematen dizkigu, sarrerak eta bukaerak barne; estiloak deskribatzen ditu eta nola pasatu batetik bestera; puntuazioarekin jarraitzen du eta, azkenik, kapitulu bat eskaintzen dio lexikoari. Hirugarren atalean idatzi ondokoaz jarduten du: nola egin testua argiago eta trinkoagoa.
 
Oso liburu egokia da idazten irakatsi behar duenarentzat, idazteko prozesu osoa aztertzen duelako, ezeren falta sumatu gabe. Gainera, oso erraz irakurtzen da, azalpen argiak, adibide asko eta ariketak egiteko aukera ematen digulako. Hauek guztiak gaztelaniaz badaude ere, edonork atera dezake ideia franko euskaraz horrelako testu-tipologiak eta ariketak prestatzeko.
 
 
Alfonso Sánchez
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Artikulua: Lo gramatical y lo pragmático: del conocimiento a la habilidad en las clases de E/LE
Egilea: Iglesias Casal, Isabel
Liburua: Tendencias actuales en la enseñanza del español como lengua extranjera: actas del VI Congreso Internacional de ASELE (León, 1995)
Argitaratze-urtea:1996
HABE liburutegian:G17B8 signatura
 
Azken urteetan, Psikolinguistikak ikerketa ugari egin ditu bigarren hizkuntzen irakaskuntzan aukera daitezkeen ereduei buruz, eta argi dagoena hauxe da: hizkuntza kode huts gisa ikustetik, hizkuntza ekintza delako ikuspegi pragmatikora aurreratu dugula.
 
Dena dela, irakasleok zalantza ugari izaten dugu ikasgelara eraman behar dugun ereduaren aurrean; zelan uztartu behar diren ikasgelan gramatika arauak eta erabilera edo zein gramatika irakatsi behar den. Askoren ustez, arauak, kode formal hori, ezinbestekoa da hizkuntza bat ikasteko, baina, irakasleok ondotxo dakigu zein zaila izaten den arau horiek egoera natural batean errepikaraztea.
 
Jatorrizko hiztunen artean, askotan, eskatu gura dugunean galdetu egiten dugu, baietz esateko ezetz esaten dugu; beste askotan, esan nahi dugunak ez du esaten dugunarekin zer ikusirik izaten eta, hala ere, komunikazio-helburua lortu egiten da..., gure jardunaren jasotzailea ulertzeko gauza izaten da. Hau ikasitako eredu kultural batzuk tartean daudelako bakarrik gerta daiteke, eta horretaz arduratzen da pragmatika, hain zuzen ere.
 
Arauak nekez aldatzen dira; hizkuntza bizia, berriz, etengabe, inguruaz gain erabiltzaileen nortasunak ere anitzak direlako. Horregatik, ezin da arau-sorta hutsa bailitzan aurkeztu, bizia denez gero ezin da bere osagai psikiko eta afektiboengandik banandu.
 
Pragmatika, beraz, estrategia-multzoa da, berauen bitartez igorlearen asmoari buruzko inferentziak egin ahal izateko estrategia multzoa. Hizkuntza bizia bada, komunikatzeko bada, alderdi hau irakatsi eta ikasi egin behar da, komunikazioarena, hain zuzen. Gaitasun pragmatikoz hornitu behar dira ikasleak, bestela, gerta liteke zer esaten zaien jakitea, baina, zer esan nahi zaien ezin ulertu izatea.
 
Begoña Escudero Bizkarguenaga
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
 
BARNETEGIAN
 
Euskaltegietan aspadidanik ari garenontzat oso ohikoa izan da ikasleekin barnetegia antolatzea. Orain gutxira arte ohikoa izanagatik ere, gaur egun gero eta arraroagoa izaten da, hain dira gutxi antolatzen diren barnetegiak. Berrikitan 1B mailako nire ikasleekin egindako barnetegiak zer pentsatua eman dit horretaz. Hona hemen, labur-labur, ateratako hainbat ondorio.
 
Euskaltegi batean aritzen den ikasleak aukera anitz eta probetxugarriak ditu euskararen ikas-prozesuan aurrera egiteko. Aukerak aipatzen hasita honako hauek bururatzen zaizkit; klaseko jarduna, klasetik kanpo euskaltegiak eskaintzen dion zerbitzua (liburuen mailegu-zerbitzua, autoikaskuntzarako zerbitzua, euskaltegiak eratzen dituen ikastaro bereziak...) eta honen barruan barnetegiaren aukera.
 
Orain arte barnetegiak antolatu direnean ez zaie benetako beharrik ikusi, euskaltegiaren beste aukera bat gehiago izan dira. Alabaina ohartu gara barnetegiaren onura kontuan hartzekoa dela gelan ikasitakoa berezko bizimoduan aplikatzeko.
 
Honen ondorioz barnetegiaren aldeko apustua egitea beharrezkoa iruditzen zait errentagarria delako bai ikaslearentzat eta baita irakaslearentzat ere. Ikaslearentzako onurak lau puntu nagusitan banatuko nituzke:
 
Lehenengo puntua; ikasleen artean, elkarren arteko jarduna euskaltegitik at, hau da, klaseko ekintzen garrantzia gutxietsi gabe eta hauek aprobetxatuz era natural, lasai eta erosoago batean aritzea; baina gehigarriekin, inguru ezezagunean, ordu gehiagotan, gai desberdinez hitz eginez... eta elkarri zuzentzea eta auto-zuzenketa egitea / bultzatzea baina askoz presio gutxiagorekin.
 
Bigarren puntua; klaseko jarduna eta kalekoaren arteko konparaketa. Klasean ikasleak jasotzen duen eredua eta kalean ohiko jardunean jendeak erabiltzen duen ereduaren arteko erkaketaz ohartzea. Gelan erabiltzen den hizkuntzaren probetxua, hartu-emanetan eta kalean erabiltzen den hizkuntzaren praktikotasuna.
 
Hirugarren puntua; barnetegi baten antolaketak ikaslearen ikas-prozesuan izan dezake garrantzia batez ere bi arlo nagusitan. Alde batetik, hizkuntzaren malgutasunaz kontzientzia piztea, hau da, hizkuntza ez dela soilik eredu itxiak ikastea / jakitea, baizik eta eredu malguetan erreparatzea ere beharrezkoa dela. Bestetik, tokian tokiko hizkeraz ohartaraztea eta aldi berean kontuan hartzea jasotako ereduak... Kaleko jardunean jendeak zer eta nola erabiltzen duen hizketaldian eta ezberdintasunak jasotzea.
 
Laugarren puntua; ikasleak bere ikas-prozesuaren kontzientzia hartzea. Ikasleak barnetegian zehar izan zituzten asmoak, oztopoak, zergatiak, konponbideak eta ateratako ondorioak baloratzea eta hausnarketa egitera bultzatzea. Hausnarketa ez bakarrik joan zirenen artean baizik eta joan ez zirenek ere galdu zutenaren berri izatea eta hurrengo baterako animatzea.
 
Irakaslearentzat goian aipatutakoak zenbait onura dakartza. Hiru puntutan laburbilduko nituzke:
 
Lehenengo puntua; klaseko giroan nabaritzen da, irakasleak ikaslearengandik parte hartze handiagoa eta hizkuntzarekiko jarrera aktiboagoa sumatzen ditu.
 
Bigarren puntua; hartu-emana osatuagoa da, bai ikasle-ikasle artekoa eta baita ikasle-irakasle artekoa ere.
 
Hirugarren puntua; irakasleak ikasleari buruzko ahalik eta datu gehien jasotzen ditu ikasgelan bakoitzari dagokion laguntza eskaintzeko.
 
Hau guztia aintzat hartuta, barnetegien aldeko jarrera indartu behar litzateke. Izan ere, ikasleekin barnetegia antolatzeko nahiko arrazoi badirela uste dut. Hori bai, ez genuke antolatu beharko denbora pasa gisara baizik eta ikas-helburu jakin batzuekin.
 
 
Enrike Cenitagoia
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
ZUZENTZEA ERRAZA, EZTA? (eta II)
 
Ez neuretzat behintzat! Argi dago muga bat jarri behar dela idazlan baten kalitatea neurtzerakoan; baina nola jar daiteke muga hori?
 
Horretarako jakin beharko genuke, eta ondo jakin ere, zeintzuk diren kontuan hartu beharreko atalak. Lehenengo eta behin zuzentasuna, bigarrenik aberastasuna, hirugarrenik naturaltasuna, laugarrenik koherentzia, bosgarrenik kohesioa, diskurtsoaren progresioa litzateke hurrengoa... Lehenengo arazoei aurre egiteko hortxe ditugu edozein testu liburu, zeintzuetan aurki baitaiteke muga hori gramatika-zuzentasunari, eta abarri dagokienean.
 
Baina, beste maila bateko zuzentasunaz ari garenean, kohesioa, koherentzia, diskurtsoaren progresioa..., alegia, gauzak ez daude horren argi. Hobeto, logikoago, lotuago, osoago eta era honetako hitzak erabiltzen ditugu irakasleok eta kontzeptuok definitzea zaila izaten da oso. Hori dela eta, askotan eztabaidak eta adostasun ezak agertzen dira eta horiexek konpontzea izaten da askotan, zailtasun handiena, batez ere ikaslea irakaslearekin ados ez badago edota eztabaidatzen hasten bazaio, maiz gertatzen zaigun bezalaxe. Ez al zaizue zuei horrelakorik inoiz gertatu, ala?
 
Adostasun horretara iristeko bidea negoziazioa izan daiteke. Esanahiaren negoziazioa, batetik: irakaslea eta ikaslea kontu berari buruz ari direla eta era berean ulertzen dutela ziurtatu behar da ¾ikasleak zer jarri nahi zuen eta benetan zer jarri duen¾; bestetik, edozein komunikazio-prozesutan gertatzen den negoziazioa: ikasleak onartu ez ezik, ulertu ere egin behar du, gainera bi prozesuok aldi berean gertatzen dira eta elkarren arteko loturak oso hestuak dira.
 
Hortaz, negoziazio prozesu honen lehen aldi bat ikaskideen idazlanetan atzematen eta definitzen zailagoak diren arazo horiek identifikatzea izan daiteke: kohesioa, koherentzia, diskurtsoaren progresioa...baina, baldin eta gai badira hurkoaren idazlanetan erroreak identifikatu eta zuzentzeko, berau norberaren idazlanetara ekartzea lortzea litzateke arazoa. Nola? Hausnarketara eta eztabaidara bultzatuz, galderak eginez, idazlana gustatu al bazaie , zergatik gustatu zaien eta ez bazaie gustatu zergatik ez, zer aldatuko luketen, zer dela eta, zertan egiten dituzten errorerik nabarmenenak, kohesioan, gramatikan, koherentzian, ala delako diskurtsoaren progresioan, zeintzuk diren erroren artean zuzentzen zailen egiten zaizkien kontuak...
 
Bestetik, nola lortu ikasleek irakasleen hitza ezbaian ez ipintzea? Arazo hauei aurre egiteko biderik hoberena, zein izango litzateke? Hauxe izan liteke: ikasleari oinarrizko proposamen desberdin batzuk mahai gaineratu, hausnarketara bultzatu eta negoziazioari ekin, harik eta haiek berek, aukerarik egokienak zeintzuk liratekeen adostu arte. Are gehiago, ez ote genioke aldi berean bigarren galderari ere erantzungo, baldin eta adostasunera heldu ahal izateko ezinbestekoa den, eta bide batez, ikasle-irakasleen arteko komunikazio harremanak, erraztuko lituzkeen esanahiaren negoziazioaz baliatuko bagina?
 
Horrekin batera joango lirateke,hain zuzen ere, irakasle-ikasleen arteko komunikazioa hobetzeko prozesuak. Ikasleek pixkanaka ikusten eta ulertzen ikasi beharko dute idazlanak zuzentzeko irizpide berriak daudela eta ez direla arbitrarioak.
 
Jakina, prozesu guzti hauek gela jakin batean, ikasle jakin batzuekin eta irakasle jakin batek jarriko ditu abian eta nork bere errealitatean aurkitu beharko ditu erantzun egokiak. Arazo honetan, gehienetan bezalaxe, ez dago errezetarik eta norberaren lana izango da bidea aurkitzea! Edota, beharbada, beste bide proposamen batzuk eskaini hausnarketa eztabaida, eta adostasunerako.
 
Lupe Ugarte
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
GUTXI BAI; ZERGATIK, BAINA?
 
Urte berriarekin batera Euskara Irakatsi posta-zerrendan, Santurtziko Udal Euskaltegiak duen irakasleentzako posta-zerrendan alegia, mezu triste bat irakurri nuen (115. mezua); bertan foroaren partehartze eskasa komentatzeaz gain, irakurleengan idazteko gogoa piztu nahian, idazleak lankidetza aktiboagoa eskatzen zuen aukera polita galtzen ari garela azpimarratuz.
 
Argi dago foro hau ideia interesgarria dela; baina, era berean ¾ausartuko naiz esaten¾ erabat ezezaguna. Egia ere bada eztabaida-gune birtualen arrakasta epaitu nahi izanez gero, aldez aurretik izan ditzaketen erabiltzaile kopuruaz hausnarketa txiki bat egin beharko genukeela. Eta horretarako, irakurle, galdetegi labur honi erantzuna emateko gonbitea luzatu nahi dizut:
 
Euskaltegian
  1. Zenbat ordenagailu dago?
  2. Non daude?
  3. Zenbatek du interneterako sarbidea?
  4. Zein da konekxio horren kalitatea?
  5. Erosotasuna, baliagarritasuna, erabilgarritasuna, e.a. kontuan izanda, eskolak prestatzeko zenbatek erabiltzen dute?
  6. Irakasleen prestakuntzaren arloko ekintzetan, zenbatek erabiltzen du?
  7. Zenbat irakaslek du idazteko ohitura?
  8. Eta horietatik, zenbatek idazten du irakaskuntzarekin lotutako gaiez?
Etxean:
  1. Zenbatek du interneterako sarbidea?
  2. Irakasleen prestakuntzaren arloko ekintzetan, zenbatek erabiltzen du?
  3. Zenbat irakaslek du idazteko ohitura?
  4. Eta horietatik, zenbatek idazten du irakaskuntzarekin lotutako gaiez?
Nik neuk galdera hauei erantzuna eman ondoren, konturatu naiz internauten taldean oso gutxi garela, eta benetan xumea dela irakasle-internauten kopurua, hau da, gure irakasle formakuntza hobetzearren konektatzen garenon taldea.
 
Espero dut zuenean kopurua altuagoa izatea; baina, EUSTAT-ek emandako datuen arabera, konexioen kopurua ez da iristen %25era, eta erabiltzaile gehienak 30 urtetik beherako gizon gazteak ditugu, zehazki, informazio bila eta aisialdia igarotzeko modu arinez jarduten direnak.
 
Beraz, argi dago ekimen birtual hauek entzule edota erabiltzaile jakin batzuk izango dituztela. Dena den, foro birtualen tamaina handituko badugu, irakasleon gogoa eta motibazioa zaintzeaz gain, gure esku ditugun baliabide informatikoek erabilera erabat baldintzatzen dutela ezin dugu, momentuz, ahaztu.
 
Pilar Montoya
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
Arrigorriagako Udal Euskaltegia: http://www.arrigorriaga.org/euskaltegi.htm
 
Udal Euskaltegiak: http://www.udaleuskaltegiak.net/
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA SAREAN
 
Materiales de estudio de euskera: http://www3.uji.es/~ruiz/typol/euskera.htm
 
J. C. Ruiz Antón-ek (Universitat Jaume I, Castelló) egindako gramatika-oharrak.
 
Euskalterm: http://www1.euskadi.net/euskalterm/indice_e.htm

Duela gutxi Euskalterm Terminologia Bankua eskaintzeko ardura Eusko Jaurlaritzak hartu du, eta ondorioz, aurerrantzean www.euskadi.net gunetik eskainiko da zerbitzu hau.
 
UZEI: http://www.uzei.com 
UZEIk 1900etik dokumentatu diren 4,5 milioi hitz jaso ditu bere web-gunean. Proiektu horretan Euskaltzaindiak eta Euskaltelek hartu dute parte. Beraz, corpus estatistiko ikaragarria hor bildu dutena.
 
 
BESTELAKOAK
 
Bizkaie!: http://www.bizkaie.biz/
 
Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa duzue hau.
 
Euskara Institutua: http://www.ehu.es/euskara-institutua/
 
EHU-UPVko Euskara Institutuaren orain arteko ibilbidean hiru eginkizun nagusi hauei eman zaie lehentasuna: a) EHUko irakasle elebidunentzako euskarazko hobekuntza-ikastaroak antolatzea; b) ikastaro horietako langaiak biltzen dituzten argitalpenak bultzatzea, eta c) unibertsitate-mailako ikasliburuak hizkuntzaren aldetik ikuskatzea.
 
Jakin: http://www.jakingunea.com/
 
Jakinkizunak SL euskalgintza eta kulturgintzarako enpresa da. Gaur egun hiru lerrotan mamitzen du bere lana: aldizkarigintzan, Jakin-ekin; liburugintzan, Jakin irakurgaiak sailarekin; eta bibliografian, XX. mendeko euskal liburuen katalogoarekin. Katalogo hau sarean da dagoeneko (http://www.jakingunea.com/grafikoak/katalogoa.htm).
 
Galtzagorri Elkartea: http://www.galtzagorri.org
 
Elkarte honen  helburu nagusiak euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea eta ezagutaraztea dira.
 
 
 
Irakurleen ekarriak
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta
lankidetzak  gogo onez jasoko ditugu.
 
Jaso berri dugu Olatz Bourgeaud-ek (Arrigorriagako Udal Euskaltegiko irakaslea) bidalitako Kolonen garaikoak izeneko ikas-materiala. Honako helbide honetan duzue: http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/klaserako/ekarriak.htm
 
Eskerrik asko Olatz.
 
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean 2002ko martxoan egindako aktualizazioa
 
 
Irakasleentzako atala
 
Artikuluak: Urratsetik mailara: erronkak eta lan-ildoak
 
Irakasleon Aldizkaria: 3. alea
 
 
Ikasleentzako atala
 
Laguntza: Sinonimoen hiztegia
 
Ariketak: 1A1B23
 
Testuak: Testu-bilduma

 

 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia