Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

21. alea, 2004ko otsaila

243 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Han-hemenka: Konkordatzien ustiapena ikasgelan. Aitziber San Roman
3. Lanak eta esperientziak: Ikasmaterialen analisirako gida. Abel Camacho
4. Hausnarrean: Bi urte geroago. Pedro Lonbide
5. Zera jakin dugu
6. Lotura interesgarriak

7. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

 

Ekitaldiak

Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu

XI. Jardunaldi Pedagogikoak
 
2004ko martxoaren 10etik 12ra Europa Jauregian (Gasteiz)
Antolatzailea: Ikastolen Elkartea
Gaia: Ahozkotasuna (Testuingurua eta esperientziak)
 
Bases en la enseñanza de lenguas: el Marco Común Europeo de Referencia y el portfolio
 
2004ko martxoaren 12an eta 13an, Iruñean
 

EXPOLINGUA: XVII. Kongresua - Erakusketa

2004ko martxoaren 25etik 28ra bitartean, Madrilen

Didáctica del español como L/E

gora
Han-hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
Ikastaroaren izenaLa explotación didáctica de las concordancias en el aula
Irakaslea: María del Rosario Caballero (Universidad de Extremadura. Cáceres)
Tokia eta data: Donostia, HABEren egoitza nagusia, 2003ko uztailaren 7an eta 8an
 
 
Ikastaroaren helburuak hauexek ziren: corpusa eta konkordantzien programak zer diren mugatzea, batetik, eta, konkordantzien programek eskaintzen dizkiguten aukerak ikusi ondoren, horietako bat erabiltzen ikastea (beti ere, Corpusaren linguistikaren markoan lan eginez), bestetik.
 
Caballero irakaslearen txostenak oso ondo biltzen ditu ikastaroan aztertutako eduki teorikoak. Dena den, honako hauek azpimarratu nahi ditut:
 
Corpusa
 
Hizkuntza baten eredutzat hartzeko pentsatuta dagoen testu bilduma. Testu bilduma hau euskarri informatikoan izango dugu. Helburuen araberako korpusak daude (nolako helburua, halako korpusa sortuko dugu). Korpusek hizkuntzaren ikerketa kualitatibo zein kuantitatiboa egitea ahalbideratzen dute.
 
Konkordantziak
 
Corpusekin lan egiteko diseinatutako programa informatikoak dira. Hizkuntza guztietan hitzek hitz edo estruktura sintaktiko jakinekin agertzeko joera dute eta hori azter dezakegu programa hauek erabiliz.

 

CONCORDANCES PROGRAMAREN ERABILERA
 
1. CORPUSA OSATU
 
Lehenik eta behin corpus bat osatuko dugu. Horretarako nahi ditugun testuak karpeta batean gordeko ditugu (testuak aukeratzeko irizpidea geuk mugatuta). Testuak testu soila moduan (hau da, izena.txt) gorde behar ditugu.
 
Behin corpusa dugula, Concordances izeneko programan kargatuko dugu. Corpusa programa honetan kargatzeko:
 

A unitatean sartu eta Wconcord.exe ikonoari sakatu.

File-n bi hauek egin ditzakegu: edo corpus berri bat sortu (New list) edo sortutako corpus bat kargatu (open list)

2.1. Corpus berria sortzeko:

 

File-n New list aukeratuta, File List Settings izeneko koadro bat agertuko zaigu. Koadro horretan Add izeneko botoia dugu, berorri sakatuz honako pantaila hau agertuko zaigu.

 

Unidades leihoan mugituz, testuak gordeta ditugun unitatera eta karpetara joango gara, bertan nahi ditugun testuak hautatuko ditugu dokumentuaren (izena.txt) gainean jarrita, add-i sakatu ondoren, OK-ri emanez. Concordancer izeneko leihoko ezkerreko lehen sei botoiak aktibatu egingo dira. Corpus hauek izena.ctl edo izena.cfl moduko artxiboak izango dira eta horiekin egingo dugu lan.

2.2 Aldez aurretik sortutako corpusa kargatzeko:

File-n Open list aukeratuta, Open List File izeneko leihoa agertuko da, unidades leihoan mugituz, lehendik sortuta eta landu nahi dugun corpusa aukeratuko dugu eta Concordancer izeneko leihoko ezkerreko lehen sei botoiak aktibatu egingo dira.

 

2. CORPUSA ERABILI

Corpusean hitz bat bilatzeko linternak erabiliko ditugu . Ezkerreko linterna sakatuta honako pantaila agertuko da:

 

Mask izeneko leihoan bilatu nahi dugun hitza jarriko dugu. Behin hitza aukeratuta, OK botoiari sakatuko diogu bitan. Euskaraz hitzak deklinatu egiten direnez, eta hitz bat kasu diferenteetan aurkitu nahi badugu, hitza* jarriko dugu. Adibidez corpus batean gaixo hitza agertzen den kotestu guztiak aurkitu nahi izanez gero, mask leihoan gaixo* ipiniko dugu eta horrela gaixo- hasiera duten hitz guztiak zerrendatuko ditu programak.
 
Programak bost hitz bila ditzake aldi berean.
 
Hau da zerrenda baten itxura:

 

 

Kontuan hartu:

ni* eskatu dugu
Programak hitza agertzen den esaldia ez ezik, agertzen den testua ere zehazten du.

Zerrendaren hitz baten gainean jarrita, eskuineko botoiari sakatuta honako pantaila hau agertuko zaigu. (Copy = kopiatzeko; Sort = ordenatzeko).

Eskuineko linterna hitz gehiago bilatzeko erabiliko dugu, bilaketa zehatza izeneko aukera ematen du.
 
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia
gora
gora
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzea burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
IKASMATERIALEN ANALISIRAKO GIDA
 
Irakasle-lanaren ezaugarri nabarienetako bat, eguneroko bizimoduan bezalaxe, etengabeko erabakiak hartu beharra da. Ikasgelan zein irakasle-gelan erabakitzen dugun konturik ñimiñoenak ere (ariketa jakin bat fotokopiatzea dela, azalpena modu batean ala bestean ematea dela...) inplikazioak izango ditu didaktikaren alor batean baino gehiagotan.
 
Eskolara daramatzagun prozedura metodologikoek, beraz, bat etorri beharko dute irakatsi eta ikasteko printzipioei buruzko iritziekin. Honetaz gain, gure programan nahikoa modu argian agertu beharko dute esplizitatuta egunez eguneko programazioa eta post-programazioa diseinatzeko irizpideek. Kontu hauek guztiak erabakitze-prozesu kontziente baten ondorio besterik ezin dira izan, eta erabakiak, jakina, koherentziaren printzipioak gidatu behar ditu. Hartara, atalen batean hartzen dugun erabakiak gainerakoetan izango du elkarreraginik.
 
Ondoren aurkezten dugun gida honek klasera eramango duen materiala aukeratzeko laguntza eman nahi dio irakasleari. Bi zatitan banatu dugu azterketa-aldia: lehenengoan azterketa orokor eta azaleko bat egiteko lau punturi erreparatzea proposatzen dugu. Aldi honetako emaitzak materialaren ezagutza orokor bat eskainiko digu eta materialarekin aurrera egiteak merezi duen ala ez erabakitzen lagunduko. Bigarren aldia, berriz, askoz sakonagoa da eta bertan material bat edo beste bat klaseratzeko orduan garrantzizko izan daitezkeen 16 atali erreparatu beharko diegu. Honek, jakina, materialaren xehetasun guztien berri emango digu eta, era horretan, ikasleen esku jarriko dugun materialak izan ditzakeen ezaugarri eta erabileren berri izango dugu era kontzientean.
 
1. LEHEN ALDIA: GAINETIKO AZTERKETA

HELBURUA: zertarako da ariketa? Zer landu / lortu nahi du?

PROZEDURA: nolako zereginak planteatzen dira? Nolako sekuentziazioa agertzen da?

EZAUGARRIAK: ariketa komunikatiboa da? Zer egin behar du irakasleak? Eta ikasleak? Nola planteatzen du ebaluazioa?...

BALORAZIOA: aurrekoak kontuan hartuta, eskolara eramango zenuke? Zergatik bai? Zergatik ez? Zer aldatuko zenuke? Zertarako?

2. BIGARREN ALDIA: AZTERKETA SAKONA

HIZKUNTZA

1. INPUTA: ikasleei aurkezten zaien hizkuntza nolakoa da? Komunikazioa mesedetzen du?

Gaitasun linguistikoa

2. HIZKUNTZA ANALISIRAKO UNITATEA: Zein da unitate minimoa? Esaldiaren esparrua? Testua?
3. ARAUAK: kode linguistikoa tresnatzat jotzen du ala helburutzat? Egiturak modu isolatuan aurkezten ditu? Nola sistematizatzen ditu arauak?
4. KOMUNIKAZIO-ESTRATEGIAK: komunikazio-eginkizunetan izan ditzakeen zailtasunak ekiditeko biderik eskaintzen zaie? Ahozko ekoizpena, ahozko eta idatzizko ulermena eta idatzizko ekoizpenaren baitan diren prozesuak esplizitatzen dira?

Gaitasun estrategikoa

5. TESTU-GENEROAK: zein testu-era landu nahi du? Testuen ezaugarriak lantzen dira?

Gaitasun diskurtsiboa

6. TESTUALTASUNA: koherentzia eta kohesio-baliabideak lantzen dira?
7. KONTESTUA: kontestu zehatza agertzen da? Honi dagokion erregistroa erabiltzea mesedetzen du?

Gaitasun soziolinguistikoa

8. INGURUAREKIKO LOTURA: ba al da erreferente kulturalik? Gelaz kanpoko erabilera bultza dezake?

IKASKUNTZA- IRAKASKUNTZA

9. IKAS-ESTRATEGIAK: ikasleari ikastean dituen modu eta ohiturei buruz hausnarketa egiteko modua eskaintzen zaio? Ikas-estrategia okerrak atzemateko bide ematen die? Estrategia eraginkorrak eskaintzen dira?

Autonomia

10. TARTE-HIZKUNTZA: informazio berria aurretiko ezagutzetan txertatzeko modurik eskaintzen al da? Ikasleak eginiko erroreei nolako trataera ematen zaie? Egiten al da lehen hizkuntzarekiko alderaketarik?

Tarte-hizkuntza

11. INPLIKAZIOA: ikaslearen intereseko gaia al da? Arreta erakartzeko moduko materiala da? Ikaslearen parte hartzea bultzatzen du? Sormena bultzatzen du?

Interakzioa

12. ANTOLAKETA: bakarka, bikoteka, taldeka... nola planteatzen du zereginen burutzea? Ikasleen arteko interakzioa ahalbideratzen du?
13. IKASLE-IRAKASLEEN ROLA: ikasleak al du protagonismoa? Materialak ematen dio irakasleari gidari-papera?

Rolak

14. ZEREGINEN ANTOLAMENDUA ETA EZAUGARRIAK: zenbat alditan daude banatuta zereginak? Zein da prozedura?

Prozedura

15. EBALUAZIOA: proposatzen al da ebaluaziorik? Sumatiboa ala formatiboa? Ezaugarriak

Ebaluazioa

16. PROGRAMA-MOTA: zein programaren barruan sartuko zenuke ariketa hau? Formala, funtzionala, prozesuzkoa ala atazetan oinarritutakoa?

Programa

 
Ikus daitekeenez, gidak planteatzen dituen galdera guztien erantzuna zein izatea nahi dugun aldez aurretik erabaki badugu izango da erabilgarria gida hau. Gure uste eta printzipioekin ados ez datorren punturen bat agerian utzi eta aldatzeko aukera ere ematen du. Beraz, materialaren egokitasuna erabakitzeko lagungarri da alde batetik, eta bestetik, zein moldaketa egin behar diren erabakitzen ere lagunduko du.
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
gora

Hausnarrean

Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!

BI URTE GEROAGO

Iaz urtebete geroago esan genuen eta, ondorioz, bigarrena dugu aurten. Orduan aipatzen genuen ibilbidea ez da dagoeneko hain berri baina ilusioa mantentzea lortu dugu bidean aurkitutako oztopo guztiei aurre eginez.
 
Bete ditugu, bada, bi urte! Gure aldizkari honek beste urte bat egin du. Helburuak oso argiak dira, bitartekoak ere bai baina jendearen erantzuna, ordea, duela urtebete bezain hotza. Eta urtebeteren buruan, gure egitekoa osatzen duten gainontzeko ataletan egin ohi dugun bezalaxe, prozesuaren eta emaitzaren ebaluazioa egiteko garaia iritsi zaigu berriz ere, oraindik ere zer hobetu badagoela uste baitugu.
 
Gure asmoa irakasleon komunitateari tresna berri bat eskaintzea da. Gure arteko komunikazioa areagotzeko tresna, Helduen Euskalduntzean ez ezik, hizkuntzen irakaskuntzan zer gertatzen ari den errazago jakiteko eta azken finean, gure lana hobetzeko. Tresna aldizkari elektroniko labur bezala mantentzean, hurbiltasuna eta erosotasuna ditugu gogoan, badakigulako gero eta gehiagok erabiltzen dutela posta elektronikoa. Hilabetekaria izatea nahi dugu gainera, maiztasun horrek bitartekoen eta helburuen arteko oreka mantenduko duelakoan. Gora behera asko izan dira bidean baina harro esan dezakegu gure helburuak betetzen ari garela eta datuen arabera, ia 250 harpidedunek jasotzen dute hilero-hilero gure aldizkaria.
 
Harpidedun-kopurua garrantzitsua da baina ez luke guretzat inolako esanahirik izango ez bageneki jasotze horrek baduela berarekin erabilera. Gure komunitatea txikia eta hurbilekoa bada ere, gero eta zailtasun gehiago dugu irakasleen iritzi eta usteak jasotzeko, eta horretan oinarrituta esaten dugu erabilerara iristeko lan handia egin beharko dugula. Irakasleongan zer pentsatu eta zer eztabaidatu sortu nahi dugu gure helburua bete dugula esan ahal izateko.
 
Lan handia ekarri digu aldizkaria egiteak. Bestelako lanak egin eta lan berri hau ere gure gain hartzeak askotan nekea ere ekarri digu, jakina. Hala ere, bidean aurrera egiteak sortzen duen ilusioarekin gainditu ditugu oztopoak eta horrelaxe segitzeko asmoa dugu. Ziur gaude izango direla bidean lagunduko digutenak eta ez dugu zalantzarik gauza gehiago eta hobeak lortuko ditugula.
 
Oraindik, ordea, dena ez da nahi bezain ona. Kontziente gara oso gutxi izan direla kanpokoen ekarriak, hainbat gairen trataerak ez duela behar besteko sakontasunik izan... Argi erakusten du horrek oraindik ere ohitura eskasa dugula bitarteko berriak erabiltzeko eta horri ere eragin beharko zaio, berandu baino lehen. Hitz batean, oraindik ere kontu asko hobetu behar dugu baina orain arteko esperientzian oinarrituta aurrera egingo dugu. Hori bai, guztion laguntzarekin; azken finean, Helduen Euskalduntzean ari garen guztion behar bati erantzun nahian ari gara eta elkarren berri izatea, gure eremuan gertatzen ari denaz jabetzea, eztabaidarako guneak bilatzea eta ideia trukaketak sortzen duen aberastasuna lortzea guztion kezka eta aldi berean akuilu da.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
 
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
EUSKALTEGI PRIBATUETAKO IKASLEENTZAKO BEKA-DEIALDIA

 

HABEren Zuzendari Nagusiak arautu berri ditu euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintza orokorrak. Beka horiek eskuratu ahal izateko, HABEk euskara-mailak egiaztatzeko deituko dituen azterketak gainditzea derrigorrezkoa izango da. 

 

Informazio gehiago hemen.

gora

Lotura interesgarriak

Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?

ARTIKULUAK

Euskararen digitalizazioa nola bihurtu industria?: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1074083898

Kepa Sarasolak 2004ko urtarrilaren 26an erabili.com-en argitara emandako artikulua.

Hizkuntza kalitatea burujabetza linguistikoa da: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1073656018

Kike Amonarrizek 2004ko otsailaren 2an erabili.com-en argitara emandako artikulua.

BESTELAKO LOTURAK

Euskal Kulturaren Informazio Sistema da Euskomedia. Gune honetan, besteak beste, Auñamendi entziklopedia dago kontsultagai.

Gipuzkoa Euskara: http://www.gipuzkoaeuskara.net/

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren web gunea da hau. Bertan aurkituko ditugu Gipuzkoan euskarari buruz sortzen diren era guztietako albisteak, jarduerak, laguntzak eta abar.

gora
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria20. alea 

Otsaileko zozketa: Ezetz asmatu!

 
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia