Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

20. alea, 2004ko urtarrila

240 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Liburuak eta artikuluak: Gaitasun eleaniztuna eta elebakarra. Jose Miguel Arnaiz

3. Han hemenka: XII Encuentro práctico de profesores de ELE. Itxaso lejarza

4. Hausnarrean: Osakidetza. Pedro Lonbide

5. Zera jakin dugu
6. Lotura interesgarriak
7. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

 

Ekitaldiak

Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu

 
IV Congreso Internacional Virtulal de Educación (CIVE) 
 
2004ko otsailaren 9tik 29ra bitartean
Antolatzaileak: ciberEduca.com eta Escola de Formació en Mitjans Didàctics
 
gora

 

Liburuak eta artikuluak
 

Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarri gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.

 
ELEANIZTASUNA, MODAKO HITZA. NOLA ULERTZEN DUGU, BAINA?
 
Artikulua: Gaitasun eleaniztuna eta elebakarra alderagarrika al dira?
Egilea: Mª Pilar Sagasta Errasti (Mondragon Unibertsitatea. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea)
Aldizkaria: BAT
Alea eta urtea: 49, 2003
 
Eleaniztasuna, modako hitza izateaz gain, gaur egun ia inork zalantzan jartzen ez duen hezkuntza praktika dugu eta hainbat hiritarren errealitatea: eskoletan gaztelera, euskara eta ingelesa ikasten dute umeek, heldu askok ere hizkuntza bat baino gehiago ikasi beharra izaten dugu...
 
Baina zer ulertzen dugu eleaniztasuna esaten dugunean? Zein ezaugarri ditu hiztun eleaniztunak? Galdera horiei erantzuten saiatu da Pili Sagasta, Mondragon Unibertsitateko irakaslea, BAT aldizkariaren 49. zenbakian.
 
Eleaniztasunari paradigma bitatik begiratu dakioke: ikuspegi elebakarretik edo ikuspegi ekologikotik. Lehena da orain arte ezagunena eta hiztunen gaineko juzkuak baldintzatu dituena. Horren arabera, eleaniztuna ezinbestean hiztun traketsa da ikasitako hizkuntzetan, bigarren edo hirugarren hizkuntzan, eta ama-hizkuntzan da bakarrik hiztun osoa. Beraz, elebakarra da hiztun ideala edo ikasitako beste hizkuntzetan elebakarren gaitasunera ailegatzen dena.
 
Hau nahiko zaila izaten da eta, Sagastaren hitzetan, ez litzateke helburu errealista izango. Gainera ikuspegi honek eleaniztunaren autoestimuan eragiten du eta konplexua sorrarazten dio.
 
Hala ere, azkeneko urteotan beste paradigma bat ari da hedatzen eleaniztasunaren fenomenoa deskribatzeko: ikuspegi ekologikoa. Horren arabera, eleaniztunak gizarteak sortzen dizkion premiak asetzeko ikasten ditu hizkuntzak eta horien arabera lortzen du behar duen gaitasuna, bestalde, ezberdina izaten dena erabilera eremu bakoitzean eta hizkuntza bakoitzean.
 
Horretaz gain, ikasi eta eskuratutako hizkuntzen arteko transferentziak erroreen iturburutzat jo beharrean, hizkuntzaren erabilera estrategikoa aberasteko baliabide moduan ulertzen ditu ikuspegi honek.
 
Laburbilduz, eleaniztasuna modu objetiboagoan ulertzeko paradigma dugu ekologikoa, nahi genituzkeen ezaugarrietan baino, eleaniztunen benetako izarian oinarritzen dena. Horrela agian, tresna kontzeptualak lortuko ditugu XXI. mendean beharko dugun hizkuntza trataera egoki planteatzeko: hezkuntza sisteman eleaniztasuna hizkuntza-metaketa hutsa izan gabe eta maila sozialean eleaniztuna den bezalakoa onartuta.
 
Jose Miguel Arnaiz
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
gora
 
Han-hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 

 

XII ENCUENTRO PRÁCTICO DE PROFESORES DE ELE

 

Bigarren hizkuntzaren irakaskuntzari buruz jardunaldi eta kongresu asko egiten den arren, euskararen irakaskuntzaren inguruan ez da orain arte gauza handirik egin. Horregatik, formazio kontuan atzean geratu nahi ez badugu, sarritan euskararen beraren irakaskuntzarekin zerikusirik ez duten kongresu, ikastaro eta dauden jardunaldietara joan behar izaten dugu. Hala ere, gaztelaniaren irakaskuntzaren inguruan egiten direnetara joanda, gureari aplika dakiokeen asko ikas daiteke. Horrela, iazko abenduaren 12 eta 13an Bartzelonako  International House eta Difusion-ek antolatutako gaztelania irakasten duten irakasleen XII. topaketan parte hartu genuen euskaltegiko hiru irakaslek. Bertan 6 hitzaldi nagusi eta hainbat tailer egin ziren.

 

Lehenengo hitzaldia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Luci Nussbaumek egin zuen, Zer ikasten dugu elkarreraginaren bidez? izenburupean. Nussbaumek gaztelania ikasten ari diren ikasleen ekoizpenak aztertu ditu. Horretarako eskolan atazak egiten ari diren bitartean, ikasleen arteko solasa grabatzen du eta aztertu, haien artean elkarri laguntzeko, azaltzeko, ulertzeko eta ulertuak izateko zer egiten duten ikusteko. Azkenean, ikasleek zerbait esaten ez dakitenean bestelako baliabideak erabiltzen dituztela ikusi zuen: keinuak, parafrasiak, haien ama hizkuntzan azaltzen saiatu (aztertutako materiala hasierako mailetakoa da). Grabaketak aztertuta, bigarren hizkuntzan hitz egitean ikasleen buruetatik zer pasatzen den antzematen du Nussbaumek.
 
Goiz horretan bertan, Nebrijako Unibertsitateko Marta Baralok eman zuen hitzaldia: Ikuspegi psikolinguistiko baten bidezko materialaren azterketa izenekoa. Honetan ikasleek guk nahi duguna ikas dezaten, materialak zein ezaugarri izan behar dituen azaldu zuen: zer nolako input-a eman behar diegun, edukia barneratu eta haien sisteman txertatzeko.
 
Arratsalde horretan izan zen hirugarren hitzaldia, Mostoleseko Helduentzako Irakaskuntza Iraunkorreko Maite Hernandezek burututakoa. Inmigranteentzat hizkuntza ikasteko metodologia jakinik behar den ala ez planteatu zuen. Erantzuna ezezkoa izan zen, ez omen dute metodologia zehatz eta jakinik behar, baina haien balore eta bizimodu berriari egokitutako materiala berriz, behar-beharrezkoa dute. Ikasle hauek ez dira ezagutzen ditugun ikasle tipikoak, ikasteko beste motibazio bat dute. Gaztelania ikastea ezinbestekoa dute, Estatuan lan egingo badute behintzat, materialak beraz, haiengan ardaztutakoa izan behar du, eskolatik ateratakoan erabilgarria egingo zaiena. Orain arte erabili den materiala erabat desegoki ikusten du Maite Hernandezek; horregatik, material berria eta egokia burutu ezin den artean, dagoen material arrunta egokitzea proposatzen du berak, betiere baldintza batzuk kontuan hartuta: batetik, gaiak ez du inmigranteentzako mingarria eta baztertzailea izan behar, eta bestetik, haiek ulertzen duten zerbait burutu beharko dute ariketa horietan.
 
Egun horretako azken hitzaldia Granadako Unibertsitateko Rosario Alonso Rayak eman zuen, eta ariketa gramatikalen prestakuntzari buruz aritu zen. Ariketa gramatikalak aztertu zituen eta hauen ezaugarriak azaldu. Ikasleen arreta guk ikastea nahi dugun horretara zuzendu behar omen dugu, horretarako input-ak egokia izan behar du. Alonso Rayak input-ari garrantzi handia ematen dio, itemek ulergarriak izan behar dute ikasleek prozesa ditzaten eta esanahiarekin erlazionatu. Ez zaie ekoizterik eskatu behar, ariketa horren bidez itema ulertu dutela adierazi behar dute, besterik ez.
 
Larunbat goizeko lehenengo hitzaldia Bartzelonako Unibertsitateko Carmen Muñozek eman zuen. Honek hizkuntzak ikastean ikasleen artean dauden aldeak aztertu ditu, atera dituen konklusioak hauek izanik: Ama-hizkuntza ikastean arrakasta erabatekoa da, den-denok ikasi eta barneratzen dugu-eta, %1,5ek baino ez dute porrot egiten. Bigarren hizkuntza ikastean berriz, porrota arruntagoa da, askoz gehiago dira bigarren hizkuntza ikastea lortzen ez duten ikasleak lortzen dutenak baino. Bestetik, ama-hizkuntzan denok gaitasun maila berdintsua lortzen dugu, 2.ean berriz, ikasletik ikaslera alde handiagoa dago. Hau kontuan hartuta, Muñozek ikasleengan eragina izan dezaketen faktoreak hartu ditu kontuan eta aztertu: ikasleen ezagupen mailarekin zerikusia dutenak (ikasteko gaitasuna, adimena eta motibazioa) eta bestelako faktore emozionalekin lotuta daudenak (nortasuna, motibazioa, generoa, adina...). Hitzaldian faktore hauek guztiak banan-banan aztertu zituen eta orain arte horien inguruan egindako ikerketak azaldu zizkigun.
 
Azken hitzaldia Daniel Cassanyk eman zuen, gaur egun gure arloan pil-pilean dabilen gai bati buruz: Hizkuntzen Portfolio Europarrari buruz hain zuzen. Zertan datzan proiektua, zer eta norentzat den, zertarako balio duen, nola erabiltzen den... Portfolio mota ezberdinak eta orain arte egindako lanari buruz ere hitz egin zigun.
 
Honen ostean, arratsaldean, hainbat tailer izan ziren, interesen arabera aukeratzekoak.
 
Hitzaldi guztiak gure egunero jardunetik nahiko gertu ikusi genituen, gure eskoletan errez asko erabil daitezkeen teknikak eta ariketak aztertu ziren-eta; gaur egun gu kezkatzen gaituzten gaiak ukituz: elkarreragina, materiala... Azken finean, egunero darabilzkigun hitzak eta gaiak dira, euskara ez den beste hizkuntza batean azterturik, baina erabat baliagarriak. Hitzaldi gutxi izan ziren, baina hauek aukeratuak eta ondo azalduak, orokorrak bezain zehatzak, eta guztietan entzun genuena gure eskoletan aplikatzeko modukoa. Gainera, hitzaldi gutxi izan zirenez, entzundakoa hausnartzeko eta barneratzeko bidea izan genuen. Kongresu hau urtetik urtera arrakastatsuagoa da, izan ere, gero eta zailagoa da bertan parte hartzea.
 
Itxaso Lejarza
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
gora

 

Hausnarrean

Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!

OSAKIDETZA
 
Berri pozgarria izan dugu azken egunotan: martxan da Osakidetzako langileen euskalduntze-plana. Herrizaingo Saila, Hezkuntza Saila... Eusko Jaurlaritzak beste pausu bat eman du langileak euskalduntzeko. Berria ikaragarri ona da euskalduntzean ari garenontzat bi arrazoirengatik, besteak beste. Batetik, euskararen erabilera areagotu egingo delako gizartean eta, beraz, gure lanaren helburuak betetzetik hurbilago egongo garelako. Bestetik, eta hau baxutik esan beharko dugu geurekoikeriaren seinaletzat har baitaiteke, gure euskaltegietara etor daitekeen ikasle-kopurua handitu egingo delako.
 
Bigarren honek badu ordea buelta. Gurera etorriko ote dira ikasle horiek? Batzuk bai, zalantzarik gabe. Are gehiago orain, gure eskaintzak ugaritu eta zabaldu ditugun honetan. Baina, heldu zaigun beste berri batek ilundu egiten du esperantza hori: Osakidetzak abian du langileak autoikaskuntzan aritzeko esperientzia pilotoa. Baina ez dira gurekin gogoratu! Egin duten deialdiaren arabera, Bai&By-ko zentroetan bakarrik garatuko da esperientzia. Eta horrek zer pentsatua eman digu, jakina.
 
Euskaltegiek ez al dugu nahikoa bitarteko, esperientzia eta indar lan hori gure gain hartzeko? Euskaltegi asko ari dira aspaldi honetan autoikaskuntza garatzen eta gehiago izango dira, HABE ikaskuntza-mota hori onartu eta ordaintzen hasi baita. Beraz, nola interpretatu behar dugu hartutako erabaki hau? Kontuan izanda, gainera, ez dela norabide berean hartzen den lehenengoa?
 
Hori bai, izango dugu Osakidetzako langileen euskalduntze-prozesuan bestelako partaidetza. Izan ere, berri horiek izan eta gutxira hasi gara jasotzen Osakidetzako euskara arduradunen deia, Hizkuntza Eskakizunak egiaztatzeko azterketetan aztertzaile gisa aritzeko. Kategoria, gurea, alajaina! Irakasteko ez, baina aztertzeko bai! Aztertu eta lanerako beharrezko den ezagutza-maila jakin bat duten egiaztatzen duen agiri bat eman ala ez erabakitzeko gaitasuna badugu, baina gureak ez diren ikasleen kasuan bakarrik. Urtean zehar eta urteetan gurekin ari diren ikasleen maila egiaztatzen euskaltegi bakoitzetik kanpoko beste batzuk arituko dira, HABEk indarrean jarri duen ezagutza-mailak egiaztatzeko azterketa-sistemaren arabera.
 
Zer zoroago? Konplexua benetan diseinatutako sistema eta egoeraren adierazgarri, bestalde. Hartutako erabaki bakoitzak aurretik zegoen egoeraren konplexutasuna areagotu eta koordinazio eta lotura eza gero eta nabarmenago erakusten du.
 
Hausnarketarako bide ematen du, zalantzarik gabe. Egoera ilun samarra zenean, Euskaltegien Bideragarritasuna aztertzeko txostena egin zuten eta bertan zehazten zen zein ibilbideri jarraitu behar zion inplikatutako bakoitzak. Ikasleak lortzeko zer egin behar zuten euskaltegiek ere bai. Eusko Jaurlaritza ere aipatzen zuten. Agian, txosten horren kopia Jaurlaritzako atal guztietara bidaliko bagenu, indar guztiak norabide berean jartzea lortuko genuke. Bestela, fisika-kontu sinplea da, kontrako norabidean dauden bi indarrek elkar jan eta ezerezean uzten dute. Beste ondorio bat ere izan dezake honek guztiak: gogaitzea. Ez dugu tentazio horretan erori behar, ordea. Aurrera egin behar dugu, baina joko-arauak ondo ezagututa eta arauok ezartzen dituztenen jokabideen arabera.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
gora
 
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
EUSKALTEGIEN KURRIKULU PROIEKTUAK ONARTU DIRA

 

HABEren Zuzendari Nagusiaren 2003ko abenduaren 11ko ebazpenak hainbat euskaltegik aurkeztutako Kurrikulu Proiektuak onartu ditu. 2000ko urtarrilaren 24ko Kultura sailburuaren Agindu bidez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) onartu zen, erreferentzi marko obligaziozkoa izan dezaten HABE Erakunde Publikoak diruz lagundutako euskaltegiek. Aipatu Aginduaren 2. artikuluak dio HEOKaren ezarpenerako euskaltegi bakoitzak bere izari-ezaugarrien eta dokumentu honen araberako Kurrikulu Proiektua aurkeztu behar diola HABEren Zuzendari Nagusiari. Irakurketa eta azterketa-aldia amaituta, joan den abenduan 101 euskaltegiren proiektuak onartu dira.
 
gora

Lotura interesgarriak

Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?

Online ditugu BAT soziolinguistika aldizkariaren artikuluak Sortu-ren web orrian.

Euskara hutsezko doako hostatze zerbitzua

Periferiak esperimentua da, eta Bilbo, laborategia.

gora

Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria19. alea

Urtarrileko zozketa: Ezetz asmatu!

 
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia