Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

19. alea, 2003ko abendua

239 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Han hemenka: Autoikaskuntzarako materialen diseinua. Aitor Etxebarria

2. Hausnarrean: Elkarretaratzeak. Pedro Lonbide

3. Zenbat buru... Alde on-txarrak euskara ondenagailu bidez ikasita. Jose Miguel Arnaiz

4. Irakurleen ekarriak: Iņaki Murua eta Luis Mari Txabarri

5. Lotura interesgarriak

6. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Han hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
Ikastaroaren izenaDiseņo de materiales para el autoaprendizaje
Irakaslea: Joan-Tomās Pujolā (Universitat Pompeu Fabra. Barcelona)
Tokia eta data: Donostia, HABEren egoitza nagusia, 2003ko irailaren 17tik 19ra
 
Ikastaroak bi atal nagusi izan zituen: lehenengoan autoikaskuntza-materialen ezinbesteko ezaugarrien definizioa egin zen eta ezaugarri hauen argitan ingeles hiztunek gaztelania ikasteko zenbait ikas-material aztertu ziren; bigarrenean gaur eguneko aurrerapen teknikoek eskaintzen dituzten ahalmenetan oinarriturik, material hauek sortzeko zenbait baliabideren aurkezpena (bereziki, Hot Potatoes izenekoa) egin zen.
 
Materialak autoikaskuntzako elementu bat besterik ez dira; ezinbestekoak, baina ez bakarrak. Helburu, funtzio, metodologia eta testuinguru jakin batean kokatu beharko ditugu. Dena (propaganda, triptikoa, iragarkia...) izan daiteke ikasteko baliabidea. Baliabide honi instrukzioak gehitzen badizkiogu bihurtuko zaigu materiala. Eta hau guztia ikasleak eta beronen premiek baldintzatuko dute.
 
Zer nolako ezaugarriak izan behar dituzte autoikaskuntzarako materialek? Alde batetik irakaskuntzarako diren material on guztien ezaugarriak izan behar dituzte: interesa, aniztasuna, argitasuna...; baina, honetaz gain, ondoko ezaugarriok izan behar dituzte (Dickinson):
 

Helburuak argi adierazi behar dituzte

Input linguistiko esanguratsua izan behar dute

Nolabaiteko malgutasuna izan behar dute

Ikaskuntzarako argibideak izan behar dituzte

Hizkuntzaren ikaskuntzarako aholkuak

Feedback-a eta testak

Lanaren jarraipenerako aholkuak

Erreferentziazko materiala

Materialaren sailkapena

Motibaziorako faktorek ere aintzat hartu behar dituzte

Aurrera egiteko aholkuak eman behar dituzte

 
Informazio eta Komunikaziorako Teknologien (IKT) ahalmena

Hasteko, bi ezaugarrik markatze dituzte IKTak irakaskuntzara aplikatzerakoan:

Malgutasunak

Aukeratzeko ahalmenak

Zein unetan gaude IKTak irakaskuntzan aplikatzeko orduan? Hiru aurreikus daitezke:

  1. 2Hren irakaskuntzarako ohiko material tradizionala formatu elektronikora transferitzekoa.

  2. IKTen ahalmena eta 2Hren ikaskuntzan izan dezakeen eraginkortasuna deskubritzekoa.

  3. IKTei ahalik eta etekinik handiena ateratzekoa, bere testuinguruari dagozkion ikuspegi pedagogikoak aplikatuz.

Gaur egun esan genezake a) eta b) faseen artean gaudela, nagusiki. IKTek irakaskuntza iraultza handia ahalbidetzen badute ere, ez dute iraultza hau bermatzen. Izan ere, askotan IKTak aplikatu aplikatzen dira hezkuntzan, baina gaur egun indarrean ez dauden enfoke tradizionalak sendotuz.

IKTen ahalmen hori zertan gauzatzen da?

Mota askotako material ugarirako sarbidea eskaintzen du.

Materialak sortzeko edota integratzeko bidea eskaintzen du era dinamiko eta interaktiboan.

Trebetasunak integratzeko bidea eskaintzen du.

Ikaslearengan ardaztutako pedagogia ahalbidetzen du.

Ikaskuntza mota ezberdinetara egon litezkeen materialak sortzeko aukera eskaintzen du.

Komunikazioa eta elkarreragina errazten du.

Ikasleekin atazak eta materialak negoziatzeko aukera ematen du.

Tutorearen lana

Hiru ezaugarri nabarmenduko genituzke tutorearengan:

Tutoreak kudeatzailea izan behar du, eta ez informazioaren transmititzaile hutsa.

Ez da zerbait irakastera mugatu behar: hizkuntzak nola jokatzen duen ere azaldu behar du.

Ikaslearen jarrera aktiboa bultzatu behar du.

Materialen azterketa

Ikastaroan hizkuntza bat ikasteko materialen azterketa aztertu genuen(bereziki "Viento en popa" izenekoa, ingelesek gaztelania ikasteko material-sorta). Azterketa honetatik aterata daude ondoko ondorioak.

Instrukzioek oso garrantzi handia dute. Kontu handiz hartu beharreko arloa da. Laburrak eta argiak izan behar dute, (luzeak, oro har ez baitira irakurtzen), pausuka eskainiak eta ez denak batera; elementu klabeak nabarmendu egin behar dira (maiuskulen bidez, letra beltzaz...). Gainera, instrukzioen sekuentziazioa kontuan hartzeko beste faktore bat dugu: zer argitu lehenago, zer ondoren...

Feedback-a ere oso kontuan hartzeko elementua dugu. Autoebaluaketarako instrukzioak eskaini behar dira. Bestalde, ezin da mugatu ehuneko zenbat galdera erantzun diren zuzen: berauen justifikazioa edo azalpena ere ezinbestekoa da, zuzenean edo esplizituki edo ikasleari erantzun zuzena asmatzeko behar duen laguntza eskainiz. Feedback hau berehalakoa edo diferitua izan daiteke: ariketaren izariak edo helburuak lagunduko digute bien arteko hautua egiten. Edonola ere, aurretik erabaki behar dugu zein ariketak behar duen momentuko feedbacka eta zeinek duen egokiago feedback diferitua.

IKTen bidez proposatzen den atazak edo lanak baldintza hauek bete beharko ditu:

Testuinguru batean kokatuta egongo da.

Ikasleari erabakitzeko eta aukeratzeko aukera eskaini behar dio. Beraz,

ikaslearen autonomia bultzatu behar du.

 
Badira bestelako ezaugarri batzuk kontuan hartu beharrekoak. Adibidez, ulermen-ariketetan sakon aztertu behar dugu zer eskatzen diogun ikasleari (adibidez, ulertu beharreko hori hiztegi jakin batekin lotuta dagoen, ulermen hutsa ote den, eduki gramatikal baten inguruko konturen bat den...) erantzun zuzena bilatzeko laguntza egokia eskaini ahal izateko. Eta erantzun zuzena eskaintzean, erantzun hori arrazoitu behar da, zein elementu dagoen jokoan egoki nabarmenduz...
 
Arlo afektibo eta motibatzailea ere aintzat hartu behar da (adibidez, ariketa batean erantzun okerren kopurua aurreikusiz eta ikasleari beronen garrantzia txikituz...)

Ikasten ikasteko materialak

Azkenaldian gero eta ugariagoak dira ikaskuntza prozesuaren inguruko hausnarketa bultzatzen duten materialak. Nunan-ek autonomiarako bost maila proposatzen ditu, ikaskuntzaren fase ezberdinetan gara daitezkeeenak:

  1. Kontzientziazioa: ikasleak erabiliko dituzte materialen helburu pedagogikoez eta edukiaz jabetzen dira.

  2. Inplikazioa: Ikasleek eskaintzen helburuen aukeraketan parte hartzen dute, eskaintzen zaizkien batzuen artean.

  3. Interbentzioa: Ikasleek programa baten helburuen eta edukiaren aldaketa eta egokitzapenetan parte hartzen dute.

  4. Sorkuntza: Ikasleek beren helburu eta atazak sortzen dituzte.

  5. Traszendentzia: Ikasleak ikasgela baino haratago doaz eta ikasitakoa mundu errealean aplikatzen hasten dira.

Prozesu honetan ezinbestekoa da ikaslearen hausnarketa bultzatzea

hizkuntza mailan

ikas-prozesuaren mailan

"dekondizionamendu"rako bide bezala; hau da, burua ikasteko teoria eta modu desberdinetara irekitzea.

Hausnarketa bera eta hausnarketa hau ikaskideekin partekatzea oso garrantzitsua da. Baina zertaz hausnartu? Hausnarketa hau testu-motak eta aktibitateak baldintzatuko dute. (Adibidez, ahozko adierazpenak zer nolako ezaugarriak ditu eta zer nolako estrategiek errazten dute?)

Estrategiez ari garela, ez da nahikoa berauek aurkeztea. Honetaz gain, ikasleak:

estrategien kontzientzia izan behar du

praktikan ikusi behar ditu, esplizituki proposatuak

praktikatu egin behar ditu

bere ondorioak ezagutu, bere onurak ulertu behar ditu.

material batean, estrategia bakoitza behin baino gehiagotan aplikatua ikusi behar du.

Azken ondorio gisa

IKTek hezkuntzan eta irakaskuntzan egin lezaketen ekarpenetatik, hiru hauek nabarmenduko genituzke:

Eskaintzen duen aukeratzeko gaitasuna.

Feedback-a, baina aurrerago esan bezala, zuzen/oker; bai/ez hutsak adieraztera mugatu gabe.

Interakzioa: ikasle-irakasle, ikasle-ikasle, euskaltegi-euskaltegi.

Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora

Hausnarrean

Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!

ELKARRETARATZEAK
 
Gutxi izaten direlako, interes handia sortzen dute. Badirudi, ordea, interes horrek ez duela batzuek ikusi nahi genukeen isla. Irakasleon formazioaz ari gara, horretarako ekitaldiez, eta zehatzago hil honen hasieran Leioako Mastitxu Euskaltegiak antolatu dituen Euskalduntzea eta Teknologia Berriak izenburupeko III Euskara Jardunaldiez.
 
Berriz esan beharra benetan da penagarria. Aldizkari honen 2002ko urriko alean ere aipatu genuen arazo hori. Orduan ere oso urria izan baitzen Udal Euskaltegien ordezkaritza.
 
Oraingo honetan egoera ezberdina zen. Udal Euskaltegi batek antolatutako formazio-ekitaldia zen eta bertan ziren gure artean gai hori landu eta garatu duten adituak. Hala ere, Udal Euskaltegietako ordezkari gutxi izan zen bertan. HABEko inor ez genuen ikusi. Egia da horrelakoetara ohituta gaudela baina arrazoi eta ondorioez hausnartu behar genukeela uste dugu.
 
Ez dugu uste irakasleon formazio-beharra justifikatu behar denik. Gaiak ere ez du aitzakiarik. Hemendik aurrera teknologia berriek gure lanean izango duten eragina begi bistakoa da eta horien erabileran trebatzen hasi beharra dagoela oso argi dugu guztiok. Horixe da hain zuzen ere, IKEI enpresak euskaltegien bideragarritasuna aztertzeko lanean azpimarratu duen puntuetako bat. Geure eskaria ere horren lekuko da. Gero eta euskaltegi gehiago ari dira teknologia berrietan eta berriekin lanean eta hasitako lan guztietan bezala, arazoak ditugu, zalantzak, kezkak... Hortxe genuen horietaz guztiez aritzeko gune egokia eta, hala ere, ez dugu baliatu. Zein arrazoi egon daiteke, beraz, ekitaldiotan hain parte-hartze eskasa izateko?
 
Hizlariak aipatu ditugu: begiratzea besterik ez dago ikusteko ekarpen interesgarriak egin ditzaketen hizlariak zirela bertan. Doaneko matrikula zenez ezin zaio horri ezer leporatu. Goiz eta arratsaldeko saioak izan dira eta bakoitzean hainbat hizlari, guztietara ala bakar batera joatea zegoen... Hor ere zer esan gutxi! Non dago, beraz, gakoa?
 
Gure ustez, gure lan-kulturan aurki dezakegu arazo honen jatorria. Izan ere, gutariko askok pentsatzen du oraindik era honetako jardunaldietara hurbiltzeak ez digula nahi bezalako fruiturik ematen. Bat-bateko eta berehalako emaitzen bila ari gara askotan, produktu oso eta bukatuen bila eta oraindik ez dugu ulertu bakoitzaren lanetik sortuko dela behar duguna. Sortuko dugula esan beharko genuke, gainera; horixe da urteetako esperientzian oinarritutako beste uste oker bat: nork zer eskainiko zain egoten gara geuk egin beharreko lana beste batek egin behar duela sinestuta.
 
Bestalde, gure egiturak hain dira gogor ezen oso zaila baita inongo aldaketa behar besteko malgutasunez eta arintasunez egitea. Egun lektiboa zen guztiontzat eta, beraz, klasea eman beharra zegoen. Jakina, nork eman klasea irakaslea/k formazio-ekitaldira joaten bad(ir)a? Udal Euskaltegi gutxitan daude aurreikusita horrelako egoerak eta beraz zaila da moldaketak egitea. Gehienetan irakasle jakin batek egingo du eskaria eta moldatzerik badago joateko baimena emango zaio. Noizko, ordea, euskaltegiak berak erabakitzea irakasle jakin batek joan egin behar duela eta horretarako aukera eman behar zaiola?
 
Dugun malgutasunik gabeko egituraren beste adibide baten aurrean gaude. Eta gainera, horrexek galarazten ditu bestelako aldaketa guztiak. Derrigorrez egin behar ditugun aldaketak! Baina, lehenengo arazo hori konpontzen ez dugun bitartean, oso zail izango dugu beste ezer konpontzea.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
gora
 
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
ALDE ON-TXARRAK EUSKARA ORDENAGAILU BIDEZ IKASITA
 
Mastitxu euskaltegiak arestian antolatu du mahainguru bat izenburuko gaiaren inguruan. Aldizkariaren irakurleontzat interesgarri izan daitezkeelakoan, hona ekarri ditut ekitaldi hartarako prestatutako zenbait ideia ordenagailuaren erabilera didaktikoaz helduen euskalduntzean.
 
Ezer baino lehen, aztertu egin beharko genuke zertan den hizkuntza bat ordenagailu bidez ikastea. Nik dakidala, sekula ez baita definitu ezeren ikaskuntza erabiltzen duen bitartekoan oinarrituta: inoiz entzun al du inork arbelaren bidezko ikaskuntza edo bideoaren bidezkoa?
 
Hizkuntzen didaktikaren historian mota askotako metodoak izan dira: gramatika tradizionalean oinarritua, metodo audiolinguala, zuzena, ikuspegi komunikatiboa, metodo nozional-funtzionala... Eta denetan oinarri nagusiak bi izan dira: hizkuntzaren izariaren inguruko teoriak eta ikaskuntza ulertzeko moduak.
 
Ikasteko metodo berri bat bezala aurkezteko oinarri bi horien deskribapenetik abiatu beharko genuke eta nire ustez ordenagailua erabiltzea ez da nahikoa horrelakorik egiteko. Tresna batez ari gara, beraz, ez beste ezertaz.
 
Dena dela, tresna honek baditu edo izan ditzake oso ekarpen interesgarriak hizkuntzen ikaskuntzari begira bi kontutan batez ere: aurrez aurrekoa ez den komunikazioa ahalbidetzen du eta ikasmaterialak eskuratzeko modua alda dezake.
 
Azkeneko hauetatik hasita, materialetatik, informatikak aukera ederra ematen du orain arte irakasleak izan duen monopolioa gainditzeko eta ariketak, azalpen teorikoak eta testuak ikasleak berak bere irizpideen arabera aukeratu, eskuratu eta erabiltzeko.
 
Jakina, baldin eta aukera hori eman nahi badiogu. Eta erabaki hori neurri handi batean euskaltegiak duen ikaskuntzaren gaineko ikuspegiaren araberakoa izango da, edo hala izan beharko luke. Teknologiak aukera baino ez digu ematen; didaktikaren inguruko erabakiak geureak dira.
 
Beste horrenbeste gertatzen da komunikazioarekin. Diakronikoa eta sinkronikoa, irakaslearekin soilik edo ikaskideekin ere bai, modu gidatuan edo era librean, zalantza gramatikalez hitz egiteko edo ulermen estrategien inguruan hausnartzeko, notak emateko edo ikas-prozesua partaide guztien artean ebaluatzeko...
 
Denetarako aukera eskaintzen du teknologiak eta oraingoan Internetez ari naiz. Baina zertarako eta nola erabiliko ditugun txat-gelak, foroak edo posta elektronikoa gure ikuspegi didaktikoak markatuko du. Erabakiak, berriz ere, geureak dira.
 
Beraz, ordenagailuaren bidez euskara ikastea ona eta eraginkorra izan daiteke, segun eta zer egiten dugun ordenagailuaren bidez.
 
Informatikak baldintzatzen baditu ikaskuntzaren inguruko erabakiak, txarto arituko gara nire ustez. Ordenagailuaren erabilera euskaltegiaren ikuspegi didaktikora egokitzen bada, ondo arituko gara, edo gutxien-gutxienez modu koherentean.
 
Azken finean, tresna batez ari garenez, zein erabilera ematen diogun da gakoa. Berez ez da, ez txarra ez ona.
 
Eta edozein tresnarekin bezala, lehen arazoa erabiltzen jakitea da. Gurean, gel@irekia Autoikaskuntza Zerbitzuan ikasle asko ibili dira azken urteotan eta informatikaren inguruan oso ezagutza maila ezberdinak ikusi ditugu.
 
Horri aurre egin nahian, ikasteko ingurune birtualean aritzeko zein zailtasun izango zituzten aurreikusten saiatu ginen eta horretarako gida moduko bat jarri genuen web gunean.
 
Hala ere, bi arazo nagusi ikusi ditugu. Batetik, gidak bere funtzioa betetzeko beharrezkoa da ikasleek erabiltzea eta konturatu gara askok ez dutela irakurtzen. Bestetik, zaila da oso argibideek zein zehaztasun maila izan behar duten jakitea. Norberarentzat gauza jakina eta ezaguna dena, agian dena delako ikasle batentzat azaldu beharreko itema da. Eta alderantziz, azalpen xeheegiak jarriz gero, gida gehiegi luza daiteke eta arbuioa sortu diezaioke irakurri behar duenari. Oreka lortzea ez da batere erreza.
 
Arazoak arazo, tresna baliagarria da ordenagailua ikasleak gutxieneko trebezia duenean eta erabilera euskaltegiaren ikuspegi didaktikoaren arabera planteatzen denean.
 
Jose Miguel Arnaiz
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta lankidetzak gogo onez jasoko ditugu
 

Pertsiako kondaira batek dioenez, jainkoek hasieran banatu egin omen zuten egia, gizabanakoari zati bana emanez.

Egia osatu bakoitzak berea ekarriz osatuko da. Hala, txanpon beraren bi aldeak dira egia eta ekarria.

Aurreko alean Pedro Lonbidek, Hausnarrean atalean, Adio krisiari? artikuluan adierazitakoari erantzun nahi lioke idazki honek. Eta goiburuan ageri denari jarraiki, geure ekarriarekin osatu bertan esandakoa.
 
Egia da IKEI enpresak HABErentzat egindako ikerketa-lanean hiru eskenatoki hartzen zituela kontuan; alegia, irreala, helburutzat jotakoa eta jarraipena deiturikoa.
 
Egia ere bada, xede-egoera izenekora iristeko neurriak proposatzen zituela. Eta egia, batzuk abian izan arren, guztiak ez direla indarrean jarri, hala nola, pasatako denbora laburra dela kausa.
 
Egia, egiaren banaketarekin jarraituz, ikasle gehiago omen ditugula geure euskaltegietan: %1,5 gehiago, orotara. Eta egia ere, egoera irrealean geundekeela datu horren arabera.
 
Baina, agian, hor amaitzen dira baten egiak eta hasten beste baten ekarriak. Eta hauek ere, ziurrenik, egiak. Izan ere, nahikoa baita estratifikazio bat egitea datuen zurrunbiloan murgiltzeko eta beste egia batzuk azaleratzen hasteko.
 
Aipatutako datua lurraldeetara ekarrita, banaketa ez da berdina: igo egiten da ikasle-kopurua Araban (%7,09) eta Bizkaian (%4,44), baina beherakada nabarmena dugu Gipuzkoan (%-7,39). Baina egia ere bada kopuru horietan, autoikaskuntzan diharduten ikasleak lehenengoz kontuan hartu izan direla. Orduan, Adio krisiari?
 
Estatistikaren inguruan
 
Gizartean ematen diren gertaerak deskribatzea eta datuak analizatzea da, besteak beste, estatistikaren lan-esparruetako bat. Horrez gain, datu horietan oinarriturik iragarpenak egin edota hipotesiak luzatzea. Horretarako zenbakizko datuak baliatzen ditu, ondoren, horiek interpretatuz informazioa osatzeko.
 
Baina nahikoak al dira urte beteko datuak Adio krisiari? esateko? Nahikoa al da urriko matrikulaldiaren amaieran azaldutakoa krisiari amaiera eman zaiola adierazteko? Nahikoa tendentzia aldatu egin dela esateko? Gure ustez, ez, besteak beste, onartuta dagoelako urtebeteko datuak ez direla nahikoak estatistikan tendentziak markatzeko.
 
Horrez gain, hau ere esan beharra dago, adierazle bakar bat erabili da artikulu horretan balorazioak egiteko; alegia, urrian matrikulatutako ikasle-kopurua. Eta hau ere, gure ustez, ez da nahikoa, perspektiba galtzera eraman gaitzakeelako.
 
Argitzearren, jar dezagun adibide bat: gorputzak 38ēko tenperaturak baldin badu, ez-ohiko zerbait gertatzen ari zaiola adieraziko digu; ez besterik. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, datu gehiago beharko ditugu eta horiek interpretatuz pronostikoa egin.
 
Halabeharrez, berdin jokatu beharko genuke, geurera etorrita, diagnostikoak egiteko garaian: adierazle esanguratsuak hautatu, eskaintzen dituzten datuak gurutzatu eta informazioa lortu. Banan-banan aztertuta, agian, ez da alarma-egoerarik sortuko, baina elkarren osagarri erabiliz, ezin esan argi gorria piztu/itzaliko ez dutenik. Beraz, Adio krisiari?
 
Jakin non gauden, zer lortu nahi dugun erabakitzeko
 
Erantzuteko garaian, garrantzitsua, logikoa eta egokia da lan-esparrua ezagutzea eta non gabiltzan jakitea: diagnosia. Bat izan baitaiteke joera orokorra, eta bestea, berriz, norberak bizi duen egoera. Krisia hitza azaleratu zenean, esaterako, (negro futuro, alarma gorria, jaitsiera nabarmena…) euskaltegi guztiak ez zeuden egoera berberean, eta iruditzen zaigu antzekoa gertatu dela ikasturte honen hasieran.
 
Baina krisiaren aurrean, krisirik balego, antzekoa lortzeko arriskua dugu betikoa eginez; zaila baita, jarraikortasunaren haritik, hobekuntzan murgiltzea eta kontrako tendentziei aurre egitea. Gerta daiteke, bai, une jakin batean emaitzak hobetzea; baina, ez ote da hori patuaren eskuetan jartzea?
 
Aurrera egiteko, beraz, diagnostikoa beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Aurreikusi beharko da norantz joan nahi dugun, neurtu geure indarrak, identifikatu eragin-esparruak eta planifikatu, ondoren iparrorratza harantz jarriz. Hau da, 1) jakin non gauden eta geure prozesuek zer ematen duten (diagnosia); 2) erabaki norantz joan nahi dugun, zer indar ditugun eta prozesua egituratu (planifikazioa); 3) tresnak izan hartutako norabidearen inguruan gabiltzan jakiteko (adierazleak); eta, 4) tarteka-marteka, adierazle horiek erabili planifikatua lorbidean dugun jakiteko eta, bidenabar, egoeraren berri izateko (ebaluatu).
 
Kanpotik datorkigun informazioa onuragarria bada ere, eta horrexegatik zilegi zain egotea, elementu osagarria da; ezinbestekoa, berriz, bertakoa izatea. Horrela izango baitu euskaltegi batek Adio krisiari? erantzuteko oinarria.

 

Iņaki Murua eta Luis Mari Txabarri
HABE
 
gora
 

Lotura interesgarriak

 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 

EUSKALTEGIAK SAREAN

BESTELAKO LOTURAK

Sarean gure hizkuntzaz eztabaidatzeko txokoa

Telekomunikazio Hiztegia: http://www.telekomunikaziohiztegia.org/

 

gora
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria18. alea 
 
Abenduko zozketa: Ezetz asmatu!
 
gora
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia