Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

12. alea, 2003ko otsaila

216 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Liburuak eta artikuluak: Azalpenezko testu entziklopedikoak. Pilar Montoya
3. Hausnarrean: Hezinet-ez. Pedro Lonbide
4. Zera irakurri dugu: Euskaldun izateko arrazoiak. Aitor Etxebarria
5. Lotura interesgarriak
6. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 

EXPOLINGUA: XVI. Kongresua - Erakusketa. Madril. 2003ko martxoaren 20tik 23ra bitartean

 

Urtero bezalaxe, Madrilen izango da Expolinguaren kongresua eta erakusketa. Helduen euskararen irakaskuntza HABEk ordezkatuko du Eusko Jaurlaritzaren erakustokian.

 

Informazio gehiago: http://www.expolingua.es/Expolingua2003/Principal.htm

Kongresuaren egitarauaz: www.expolingua.es/Expolingua2003/Programa/DidacticaE-LE.htm

 

gora

 

 

Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen
 
 
LiburuaAzalpenezko testu entziklopedikoaren azterketa eta didaktika
Egilea: Sainz Osinaga, Matilde
Argitaletxea: Erein
Urtea eta hiria: 2001, Donostia
HABE Liburutegian: Z10B3 signatura
 
Testu generoen analisiak hizkuntzaren didaktikarekin duen harremana azaldu du Matilde Sainzek liburu honetan. Horretarako, hizkuntzalaritzan, psikologian eta pedagogian oinarritutako ikerlana eraman du aurrera helburu hauek lortu nahian:
 
Euskarazko azalpenezko testu entziklopedikoen funtzionamendua (izen kohesioa) deskribatzea.
 
Horren erabilera didaktikoa erakustea.
 
Testu pedagogia ¾hizkuntzaren erabileran oinarrituta¾ erabilera bultzatuko duen marko baliagarria dugula erakustea.
 
DLHko 6.mailako ikasleek prozesuak deskribatzen dituzten testuetan izan ohi dituzten zailtasunak identifikatu eta horiek betetzeko proposamen didaktikoa egitea.
 
Ikasleek antolakuntza pedagogiko konkretu bati esker, ikaskuntzan egiten dituzten aurrerapenak ikusaraztea.
 
Testu-mailan landutako alderdiek perpaus-mailan hobekuntzak sorrarazten dituztela ikusaraztea.
 
Ikerlanak oso modu eraginkorrean lotzen ditu hizkuntzaren didaktika eta testu generoen analisia, zehazki, azalpenezko testu entziklopedikoen testualizazio-mekanismoak.
 
Izan ere, bere tesiaren abiapuntua da irakasgai den objektua ezagutu behar dela irakaskuntza antolatzeko. Beraz, azalpenezko testuaren eredu didaktikoa antolatzeko lehenengo eta behin testu honen funtzionamendua ezagutu behar dugu eta ondoren aukeratu zeintzuk diren irakats daitezkeen alderdiak. Hori egiteko hainbat faktore izan behar dira kontuan: ikasleen gaitasunak, aukeratutako ezaugarriek duten zama generoan bertan, aukeratutako ezaugarriek duten lotura ikasleen zailtasunekin eta landuko diren alderdien aprobetxamendua eta aplikagarritasuna.
 
Hori abiapuntua izanda, ondorio teoriko eta aplikazio didaktiko interesgarriak erdietsi ditu Sainzek:
 
Aplikatutako sekuentzia didaktikari esker, testu maila ezberdinetako alderdiak hobetu dituzte ikasleek, eta alderdi morfosintaktikoa propio landu gabe, horretan ere hobekuntzak ikusi dira.
 
Testu pedagogia marko baliagarria da: irakatsiko den testu generoaren funtzionamendua, ikasleen garapen-prozesua ¾hizkuntzarekin zer egiten dakiten¾ eta irakaskuntzaren praktika aldi berean erabiltzeko eredua eskaintzen digulako.
 
Euskarazko azalpenezko testuetan, generoa ez markatzeagatik frantsesean edo espainieran ez bezala, anafora nominala da izen kohesioaren mekanismo nagusia.
 
Horrez gain, Matilde Sainzen ikerketan euskara-irakasleok gure lanean aplikazio zuzena duten hamaika jakingarri eta ideia aurkituko ditugu. Liburu mardula bezain beharrezkoa testu pedagogiaren ekarpenak ulertzeko.
 
Pilar Montoya
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
HEZINETez
 
Ez da denbora luze jakin dugula HEZINETen frantsesezko bertsioa kalean dela. Berri pozgarria, aspaldiko partez, Helduen Euskalduntzerako. Eta benetan behar genuen horrelako berri bat, azken aldi honetan etortzen diren guztiak txarrak baitira.
 
Badirudi HEZINET programa geureganatu egin dugula eta hasieran harridura sortu bazigun ere, gaur egun euskararen auto-ikaskuntzarako sistema hau oso erabilia da (hainbat euskaltegitan, euskal etxe gehienetan...).
 
Momentua izango da, ordea, ikuspegi didaktikotik sistema horri buruzko azterketa xume bat egiteko.
 
Euskara ikasteko auto-ikaskuntza sistema bezala saldu digute eta hala erosi zuen HABEk bere garaian. Sistemaren ezaugarriak ikusita eta, HABEk bere garaian osatu zuen Auto-ikaskuntzarako Batzordeak zer iritzi zion oso ondo ez badakigu ere, beste ezertan hasi baino lehen argi esan beharko dugu ordenadorez ikasteko programa bat baino ez dela. Dagoeneko guztiok dakigu oso ezberdina dela auto-ikaskuntza eta ordenadorez lagundutako ikaskuntza (1). Lehenengoak ikaslearen autonomia bultzatu nahi du ikasleari bere ikas-prozesuaren nondik norakoak erabakitzen trebatuz. Bigarrenak, berriz, zer-noiz-nola egin esango dio ikasleari eta edozein bakarkako metodoren bertsio modernoa baino ez da. Horiek baino hestuagoa zenbaitetan, liburuan aurrera edo atzera joateko aukera baitago eta HEZINETen hori ere ez.
 
Programa honen hezurdura ikusita bigarren hizkuntzen irakaskuntzan aspaldi alboratuta dauden paradigmetan oinarrituta dagoela ikustea oso erraza da. Hizkuntzari dagokionez, gramatika tradizionaleko itemak aukeratu dira unitate gisa eta horiek banan-banan eta bata bestearen atzetik pilatuz aurkezten dira. Hizkuntza, beraz, horien guztien batuketa soila da eta kanpo geratzen dira gaur egungo linguistika aplikatuak esku artean dituen planteamendu guztiak.
 
Ikaskuntzari dagokionez, berriz, egoera are larriagoa da. Gaur egun hizkuntza ororen ikaskuntzan ohikoak diren kontzeptuen arrastorik txikiena ere ez da ageri HEZINETen.
 
Eta larriena, gure ustez, auto-ikaskuntza sistema bezala aurkeztea da. Oso modan dagoen hitza da auto-ikaskuntza eta berrikuntza ez ezik, irtenbide ere bada Helduen Euskalduntzean ari diren askorentzat. Baina argi dago HEZINETek ez duela auto-ikaskuntzarako sistema batek izan behar dituen ezaugarriak eta, beraz, ez dela inolako irtenbidea izango inorentzat. Zergatik eman zaio eta eman nahi zaio, orduan, ez duen balioa? Nork du horretan interes berezia? Egileak, lehenik eta behin: AURTEN BAI Fundazioak egindakoa da eta ez da hau egin duen lehen produktua. Gogora ditzagun, besteak beste, ikasleen datuak kudeatzeko programa informatikoa, Larramendi proiektua, CyberBiblioteka eta beste hainbat; eta gogora ditzagun produktu horien guztien ezaugarriak eta emaitzak. Bigarren interesduna, antza, HABE bera dugu: berak erosi zion egileari eta bere esku egon da euskaltegietan egin beharreko zabalkundea. Euskaltegietan ez ezik, munduan zeharreko Euskal Etxeetara ere eraman du eta ulertu beharko da bere egiten dituela HEZINETen planteamentuak, edo gutxienez euskararen ikaskuntza/irakaskuntzarako baliokotzat hartzen dituela.
 
Zail da, ordea, aurten indarrean jarri den HEOKa eta HEZINETa batzea; are zailago Erreferentzi Marko Europar Bateratuarekin alderatzea. Bi dokumentuotan agertzen zaizkigun planteamenduak gaur egungotzat hartzeko modukoak dira eta erronka handia izan dira euskaltegi guztietarako; izan ere, orain arte euskaltegietan garatzen ziren prozesuak gainditu eta berrikuntza eta hobekuntzarako bultzada izan dira bi dokumentuak. HABEri zor diogu HEOKa eta baita EMEBaren itzulpena ere eta guztiok uste genuen Helduen Euskalduntzea eguneratu eta Europa mailan gainontzeko hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza sistemen mailara eraman nahi zutela.
 
Orain, berriz, ez dakigu zer pentsatu. Atzera ala aurrera egin behar dugu? Modernitatearen izenean edozerk balio al du? Dauden aukera guztiak aurkeztu nahi al dizkigu HABEk baloraziorik egin gabe, aukeraketa geuk egiteko? Euskalgintza bultzatzeko ahalegina al da? Irudia zaintzeko bidea al da? Zeintzuk dira indarrean dauden kalitate-parametroak? Eta joko-arauak?
 
Urak nahiko nahastuta datoz mendian behera eta arrantzan ari garen guztiok errespetatu beharko genituzke arauak. Ezagutzea da lehenengo lana, ordea.
 
(1) Ikus "Autoikaskuntzaz" izeneko iritzi-artikula in Irakasleon Aldizkaria, 2002ko iraila, 7. alea
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Zera irakurri dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzea hizpide hartuta, argitara emandako iritziak eta usteak ekarriko ditugu, ezaugutzea eta gurean eztabaidatzea mesedegarria izango delakoan
 
 
Argia astekariarekin batera hilero banatzen den Larrun pentsamendu aldizkariko otsaileko zenbakian Bernardo Atxaga, Joxe Manuel Odriozola eta Jon Sarasua Euskaldun izateko arrazoiak izeneko mahainguru bateko partaideak ditugu. Sarreran bertan aipatzen denez, "azken hamarkadetan asko hitz egin da euskararen ezagutzaz eta erabileraz... baina gutxiago aztertu da euskararen ezagutzara eta erabilerara zerk bultzatzen gaituen. Zerk erakartzen du euskarara? Zerk euskara erabiltzera?" Gure artean hainbat aldiz aipatu dugun motibazioa, azken batean. Eta gai honi heltzearekin batera, orain arteko ibilbideaz, orain arte egindakoaz eta, horretan oinarrituta, zeintzuk izan beharko luketen etorkizunerako gakoez dihardute mahai inguruko hiru partaideek.
 
Zaila da lerro batzuetan dena aipatzea (testu osoa irakurtzera animatzen zaituztegu, beraz), baina bakoitzaren pentsamenduaren gunea identifikatzen saiatuko gara.
 
Atxagaren irudiko, gauza asko egin dira gure herrian, diru eta energia asko erabili dugu euskararen aldeko proiektuetan; baina, aldi berean, ez egin beharko ziren bezain txukun. "Ez nau kezkatzen zergatik ibiliko den auto hau, baizik zergatik ez dabilen ibili beharko lukeen bezala, kontuan hartuta zenbat diru sartzen dugun hor, zenbat lan sartzen dugun, nolako gogoa dugun aurrera joan dadin eta abar". Eta ongi ez den hori identifikatze aldera zera dio: "Oso desoreka handia ikusten dut sartzen den dirua eta ateratzen denaren artean. Jendearen hizkuntza gaitasuna entzuten duenarekin, irakurtzen duenarekin... dago lotuta (...) Euskal Herriko errepideetan, hirietan, zineetan, egunkarietan agerian dauden gauza guztiak gaizki daude eta deseragileak dira". Azken batean zera galdetzen dio bere buruari: "Zer egin dezakegu gaur egun sukaldean dauzkagun hiruzpalau gauzekin?"
 
Eta alde honetatik baikorra da etorkizunari begira: gaitasun handia dugu, gauza asko egin dira atzera begiratzen badugu; baina egiten duguna, egin dezagun ondo, egin dezagun (konparaziorako) "Suedian bezala eta ez Argentinan bezala". Beste nonbait zera dio: "Bakarrik diot dauden bitartekoak ondo erabilita egoera izugarri hobetu daitekeela." Zer den ondo egitea ez du espreski definitzen, baina mahai inguruan zehar uzten ditu zenbait pintzelada: jakintza konpartitua, egoera politikoa pitin bat bere onera ekarri, arlo kualitatiboari gehiago erreparatu (mezuak, diskurtsoak...).
 
Odriozolak, ordea, bere jardunean gehiago begiratzen die faktore kultural eta soziopolitikoei. Berarentzako ezinbesteko kontzeptuak dira hizkuntzaren prestigioa, behar soziala, eta identitatea. "Euskaldunak euskaraz bizitzeko adina funtzio sozial bete beharko lituzke euskarak, gizarte moderno bati dagozkion funtzioak". Gizartearen motibazioak balio sozial pragmatikoetan oinarritzen dira. Beraz, hizkuntza batek edozertarako balio duela ikusi ezean, ez du tiradizorik sortzen. Hizkuntza baten estatus soziala oso kaskarra bada, hizkuntza horrek ez du prestigiorik, indarrik izango. Horren aurrean euskarak behar duena zera da: balio soziala eta identitatea. Eta horretarako ezinbesteko elementutzat du herri batek bere burua antolatu eta gestionatzeko ahalmena.
 
Ondoko paragrafoak laburbiltzen du egokiro bere pentsaera: "Mamiak, senak huts egin du, senaren transmisioak huts egin du. Eta ez da kasualitatea, minorizazio prozesu guztietan gertatzen baita. Ez da soilik kantitatea galtzen, kalitatea ere galtzen da. Estatusa eta corpusa dauzkagu, baina corpusaren barruan daukagu problematika hau, corpusaren transmisio egokirik ez dagoelako, erregistroen transmisioa etenda dagoelako. (...) Hizkuntza komunitateak bere buruaren jabe izan behar du; maila politikoan bere ondare linguistikoa kudeatzeko adinako autonomia izan behar du. Baina hala balitz ere, euskal estatu bat bagina ere, jada etnozidioa gertatu da (...): belaunaldi berriak ez dira beren mundu sinbolikoa euskaraz erdararen pare adierazteko." Eta beste nonbait ere zera dio azken ideia honekin lotuta: "Gaitasun komunikatibo erlatibo askirik lortzen al dute irakaskuntzaren bidez etxetik ama hizkuntza euskara izan ez dutenek? Inola ere ez. Zergatik ez da ikasteko erabiltzeko moduan? Erabiltzen ez delako."
 
Sarasuak, azkenik, arlo kualitatiboan jartzen du bere azpimarra nagusia, euskararen beraren, hizkuntza komunitatearen beraren ezaugarrietan. Azkenaldian euskararen aldeko oinarrizko diskurtso nazionalista agorturik ikusten du (eta, gainera, askotan talka egiten duten diskurtso ezberdinen iturri bezala).
 
Honen aurrean, euskaran bertan bilatu behar dira motibaziorako elementuak: "...sormen molde propioa, bizitasun etnikoa... euskarari darion mundu propio hori guztia. Mundu propio horretan daude motibazio elementuak". Diskurtso aldaketa nabarmenaren premia ikusten du, beraz, Sarasuak.
 
Euskarari berari mundu bat dario eta mundu hori berez izan daiteke motibatzailea "azkenean altxor meta bat delako, komunikaziorako eta sormenerako lurraldea delako". Gaur egun euskara ez da motibagarria askotan, bere atzean dagoen mundu aberats hori transmititzen ez delako.
 
Aurrerago, eta honekin lotuta, zera gaineratzen du: "Niretzako oso garrantzitsua da hizkuntzaren gozamen balioa, ñabartu, esperimentatu, hitz berriak sortzeko aukera hori. Hizkuntzak gure komunikazio eta sorkuntza beharrak asetzeko tresna konplexu, engrasatu eta doitua behar du izan. Hizkuntzak horretarako tresna behar du izan, eta ez bada, pasa gaitezen beste hizkuntza batera, ez gaitezen ibili erdipurdi. Kalitate sena galdu dugu. Eta gauza horietan ari gara jokatzen etorkizunean euskaraz bizitzeak piz dezakeen interesa edo interesik eza."
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA
 
Euskararen Udal Patronatua: http://www.euskaraz.net/
 
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak web gunea estreinatu berri du.
 
 
HEZKUNTZA
 
Grupo de Tecnología Educativa: http://tecnologiaedu.us.es/
 
Sevillako Unibertsitateko talde honek hezkuntza eta teknologiari buruzko baliabide ugari eskaintzen ditu web gune honetan.
 
Virtual Educa Madrid (2003 eta 2004): http://www.virtual-educa.net/
 
Virtual Educa Madrid kongresuaren orria. Momentuz aurtengoa prest ez badago ere, 2001eko eta 2002ko kongresuen egitaraua eta aktak kontsultagai daude gune honetan.
 
 
ARTIKULUAK SAREAN
 
Hitzen ordena esaldian: http://www.eizie.org/euskara/argital/senez/25/ordena.htm
 
Victor Hidalgok Senez aldizkariaren 25.alean argitara emandako artikulua.
 
Euskarazko alfabetatzea XIX. mendean: http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0199zbk/gaia19901eu.html
 
Amaia Eizagirrek Euskonews & Media aldizkari elektronikoan (199. zbk., 2003ko otsailaren 14tik 21era) argitara emandako artikulua.
 
gora
 

Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleon Aldizkaria: 11. alea
 
Otsaileko zozketa: irabazleak
 
Martxoko zozketa: Ezetz asmatu!
gora
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia