Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

9. alea, 2002ko azaroa

208 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Han-hemenka: Interacción oral en el aula y su evaluación. Begoña Escudero
3. Lanak eta esperientzial: Egunkariko berri narratiboa. Arantza Garrote
4. Hausnarrean: Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektua. Abel Camacho
5. Hizketan... Mª Isabel Rodriguezekin
6. Zera jakin dugu...
7. Lotura interesgarriak
8. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
Idazkuntza eta Itzulpengintza ikastaroa. UEUko Ikastetxe Nagusian, Eibar
 
UEUk euskara sakontzen laguntzen duen ikastaroa antolatu du. Zuzen eta egoki idazteko eta itzultzeko da ikastaroa. Beraz, horretarako beharrezko diren ortografia, morfosintaxia, lexikoa, idazkuntza-teknikak, testologia eta traduktologiako hasi-masiak eskainiko ditu era teoriko-praktikoan. Ikastaroa UEUko Ikastetxe Nagusian emango da. 

Informazio gehiago: http://www.sustatu.com/1037198500
 
Matrikula egiteko: markeskoa@ueu.org. Telefonoa: 943 82 14 26
 
 
 
Han-hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
 
Ekitaldi-mota: Ikastaroa
Izenburua: Interacción oral en el aula y su evaluación
Nork eskainia: Luci Nussbaum eta Cristina Escobar
Noiz-nongoak: 2002ko irailak 5 eta 6, Donostian
Antolatzailea: HABE
 
 
Ahozko interakzioan sortzen diren fenomenoek ikas-prozesuan duten garrantzia azpimarratu ziguten Luci Nussbaum eta Cristina Escobarrek aipatu ikastaroan.
 
Esan bezala, interakzio horren bitartez zerbait komunikatzea lortzen dugu, horretara heltzeko egiten diren hartu emanak, jokoak, moldaketak, laguntza, eta elkarri ulertzeko saioek ere berebiziko garrantzia dute eta ez bakar-bakarrik azken helburua edo produktua lortzeko bidean, beste esparru batean, une hori, prozesu bezala, ikasteko gunea eta bitartekoa ere badelako.
 
Hiztunak garen aldetik, lehen hizkuntza ikastearekin batera berau elkarreraginean erabiltzen ikasi dugu, horretarako beharrezkoak ditugun tresnak berez eskuratuz. Hizkuntza-ikasleak, berriz, xede-hizkuntzan elkarreraginean aritzen ikasi behar du, ikas daitekeen gaitasuna baita; kooperazioa, ulermen-arazoak konpontzeko saiakerak eta adierazteko estrategiak ikasteko gune bihurtuko da elkarreragina. Horregatik, daukan balioagatik, tartea utzi eta beren beregi programatu behar dugun jarduera da.
 
Luci Nussbaum eta Cristina Escobarrek binakako lana gomendatu ziguten, epe jakin batean egindakoa (15 egun) bitarte horretan, ikasleek euren jardun osoa grabatzen dute eta bestetik, entzun eta ebaluatu ere egiten dute, hori egin ahal izateko ikasleak trebatu egiten dituzte lehenago.
 
Interakzio honen ebaluazioari dagokionez, ahozko portafolioa erabiltzen dute. Hau osatzeko, ahozko jardunen (grabazioak) aukeraketa bat egiten dute ikasleek berek. Hau burutu ahal izateko lau urrats eman behar ditugu; lehenengoz, ikasleek irakaslearekin batera kalitatezko lanak ebaluatzeko irizpideak adostu egiten dituzte, bigarrenez, ikasleek aipatu irizpideak euren lanei aplikatzen dizkiete, hirugarrenez, irizpide horien arabera lanik onenak aukeratzen dituzte eta azkenik, ikasleak, gutun baten bitartez, aukeraketa honen arrazoiak azaltzen dizkio irakasleari. Horrela osatzen dute Ahozko Lanen Portafolioa. Prozedura honen bitartez ikasleak bere lanari buruzko hausnarketa egiteaz gain ebaluazioaren ardura ere bere gain hartzen du.
 
Ikastaroan ikusitakoari etekin handia atera ahal diogula uste dugu, batetik interakzioa, prozesua den neurrian, ikasteko gune ezin hobea dela ikusi dugulako eta bestetik, ikas-prozesu osoa hobetuko duen ebaluazio sistema honen ekarpenagatik.
 
 
Begoña Escudero Bizkarguenaga
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
 
EGUNKARIKO BERRI NARRATIBOA
 
Komunikabideak oso tresna erabilgarria bilakatu dira euskararen irakaskuntzan aritzen garenontzat. Ahozko zein idatzizko testu ezberdinak eskaintzen dizkigute, benetako balio komunikatiboa izateaz gain, ikasleei hizkuntzaren erabilera erreala aurkezteko aukera ematen digutenak.
 
Joan den ikasturtean, 1B mailako irakasleok prentsa idatzian ugaria den testu-era bat aukeratu genuen, albiste narratiboa, eta honen balio didaktikoa aztertzeari ekin genion, hau da, zer lan dezakegun geure ikasleekin honelako testu baten bidez. Euskaldunon Egunkaria-ko berri batzuen analisiaren emaitzak dira hemen, labur-labur, azalduko ditugunak. Lehenengo atalean informazioaren antolamendua jorratuko dugu. Bigarrenean, berriz, hizkuntz baliabideak eta amaitzeko, hirugarren atalean, ekoizpen-ariketa bi proposatuko ditugu.

1. INFORMAZIOAREN ANTOLAMENDUA

Ulermenari begira, oso lagungarria izaten da testu mota baten egitura ezagutzea, beraz, honelako albiste batean informazioa nola antolatzen den aztertuko dugu lehenengo eta behin. Hona hemen berri narratiboaren egitura orokorra (Iturria: T.A. van Dijk (1983): La ciencia del texto, Barcelona, Paidós, 1983; moldatua):

Titulua, letra beltz eta handiz nabarmendua, esaldi batekoa izaten da, batzuetan aditzik gabea. Albiste luzea denean, lerro bat edo biko gehigarria egon ohi da tituluaren azpian, azpititulua.
 
Lehenengo lerroaldeak sarrera osatzen du, bertan daturik garrantzitsuenak ematen dira, informazioaren mamia, era labur eta zehatzean. Informazio hau berriro jaso eta garatuko da artikuluan zehar.
 
Goiko eskemako elementu guztiak ez dira beti agertuko, eta agertuz gero, ez beti ordena berean.
 
Hau guztia azalduta, hurrengo galderak egin ahal dizkiegu ikasleei honelako testu baten aurrean:
  1. Eskemako elementu guztiak agertzen dira aztertzen ari garen berrian? Zeintzuk bai eta zeintzuk ez? Zein ordenatan?
  2. Lehenengo lerroaldeak albistearen mamia laburtzen du?
  3. Hurrengo lerroaldeetan lehenengoan aurkezten diren ideiei buruzko informazio gehiago agertzen da?
 
2. BALIABIDE LINGUISTIKO-TESTUALAK

Informazioa nola egituratzen den ikusi ondoren, informazio hau eratzeko erabiltzen diren hizkuntz baliabideak aztertzeari ekingo diogu. Besteak beste, honako hauei errepara diezaiekegu.

2.1. Sekuentzia ezberdinak
 
Albiste narratiboa izan arren, sarritan bestelako sekuentzia batzuk tartekatzen dira narrazioan (deskriptiboak, azalpena...). Ikasleei sekuentzia hauek identifikatzeko eskatu ahal zaie.
 
2.2. Aditzaren aspektua
 
Aditzaren aspektuan aldaketa gertatzen den bakoitzean, arrazoi diskurtsibo bat dagoelako izaten da. Aditz-aspektu aldaketa hauek perspektiba ematen diote narrazioari.
 
Horrela, lehenengo planoan, hau da, gertaeren kontaketan, forma burutuan egoten dira aditzak.
 
Trinkoak eta aditz perifrastikoen forma ez-burutuak, berriz, bigarren planoari dagozkio. Bigarren plano honek marko baten barruan kokatzen ditu gertaerak.
 
Azkenik, sekuentzia deskriptiboetan eta iruzkinetan orainaldi puntuala erabili ohi da.
 
Testu-era egokia dugu hau ikasleei aditz aspektuaren funtzionamendua erakusteko.
 
2.3. Norbaitek esandakoari erreferentzia egiteko bideak
 
Berriari objektibotasuna eman nahian, gertaerarekin zerikusia duen norbaiten adierazpenak aipatu ohi dira. Horretarako, batzuetan, zehar estiloaz baliatzen da kazetaria eta, honekin batera, esan du(zuen), adierazi du(zuen),dio,uste du ... moduko aditzez. Baina, gehienetan, zehar estiloa eskatzen ez duten esapideak aurkitzen ditugu albisteetan: noren arabera, noren esanetan, noren iritziz, X-k adierazi duenez... eta, askotan, esandako hitzak zehatz-mehatz agertzen dira komatxoen artean. Honelako testu batean funtzio hau betetzen duten elementu guztiak identifikatu eta zerrendatzeko eska diezaiekegu ikasleei.
 
2.4. Denbora-koordenadak
 
Albiste narratibo batean ezinbestekoa da gertaeren sekuentzia kronologikoa ondo zehaztuta aurkeztea. Hau honela izanda, denbora adierazteko baliabide ugari aurkituko dugu: datak, orduak, adberbioak, denborazko esaldiak. Hauek guztiak azter ditzakegu, baita testuaren antolamenduan daukaten garrantzia ere.
 
 
3. EKOIZPEN-ARIKETAK

Honelako zenbait berriren lanketa egin ondoren, fase hartzailean ikasitakoa praktikara eramateko aukera izango dute ikasleek. Hona ariketa posible bi:

  1. Artikulu baten lehenengo lerroaldea emanda, gainerako guztia idazteko eskatuko diegu. Aldez aurretik zer ebaluatu nahi dugun erabakiko dugu: kohesioa (nola lotu/uztartu diren ideiak) edota koherentzia (lehenengo lerroaldeko ideia guztiak garatu dira testuan?)
  2. Kontrako ariketa: lehenengo lerroaldea kenduko diogu testuari, ikasleek idatz dezaten.
Bata zein bestearen zuzenketa beraiek egin dezakete, idatzitakoa testu osoarekin alderatuz.
 
Arantza Garrote
Santurtziko Udal Euskaltegia
 

 

Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 

EUSKALTEGIAREN KURRIKULU PROIEKTUA

 
Datorren urtarrilean hiru urte beteko dira Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) argitaratu zela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (Jaurlaritzako Kultura Sailaren 2000ko urtarrilaren 24ko agindua).
 
Agindu horretako 2. artikuluan esaten denez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren ezarpenerako, euskaltegi bakoitzak bere izari-ezaugarrien eta dokumentu horren araberako Kurrikulu Proiektua aurkeztu behar dio HABEren zuzendari nagusiari, agindua onartu eta hiru urteren buruan.
 
Horrela, gaur egun euskaltegi askotan, guztietan ez bada, ari gara Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektua (EKPa) gauzatzeko ahaleginetan. Jaso berri dugu euskaltegiotan, gainera, HABEk prestaturiko EKPrako gida izeneko txostena, lan horretan lagungarri izan dezagun.
 
Izan ere, lan zaila eta korapilatsua da EKParen diseinua, ezinbestez, funtzionamendu-alderdi askori eragiteaz gain, era askotako erabakiak hartzera bultzatuko baititu euskaltegi bakoitzeko partaideak. Erabaki horiek, jakina, EKPa diseinatzean eta inplementatzean islatu beharko dira, euskaltegiaren arlo eta alderdi guztien gaineko eragina izango dutenak. Norabide bikoitzekoa dugu eragin hori: zentrotik ikasgelara eta ikasgelatik zentrora doana, tartean partaide guztiak inplikatuz (zuzendaritza, irakasleak, bulegariak eta ikasleak).
 
Bestaldetik, agerikoa iruditzen zaigu EKParen diseinua amaitutakoan, eta armairuan gordetzerik nahi ez badugu behinik behin, euskaltegian gertatzen diren prozesu guztien gestioa eta kontrola bideratzeko mekanismoak jarri behar direla abian. Ez da hori ohikoa izan gure orain arteko funtzionamendu-eran, alajaina. Horra hor, bada, erronka.
 
Hori dela-eta, komeni da EKParen diseinurako hainbat irizpide aipatzea. Laburbil ditzagun azkar-azkar:

EKPa lan-tresna da, arian-arian aztertu, berrikusi eta ebaluatu beharko duguna. Ebaluazio horren ondorioz, detektatutako beharrak eta arazoak soluziobidean jarri ahal izateko, EKPari beharrezko aldaketak egingo zaizkio. Tresna horrek, beraz, euskara irakatsi eta ikasteko prozesuak aztertu eta interpretatzeko markoa eskaini behar du.

EKPak euskaltegiko irakasleek eguneroko hezkuntza-praktikan darabiltzaten jarduerak jaso behar ditu, errealitatearekiko lotura mantenduz. Halaber, aurreko puntuan esan bezala, praktikan hartutako erabaki didaktikoak aztertu eta hobetzeko bidea eskaini behar du.

EKPak euskaltegiko irakasleen prestakuntzari eragiteko balio du, teoria eta praktikaren gaineko hausnarketa bultzatzea ahalbidetzen baitu, gabeziak detektatuz eta hobetze-bidean jartzea ekarriz.

Aurreko guztien ondorioa dugu, beraz, EKParen idazketa eta elaborazioak ez erantzutea bakar-bakarrik behar burokratikoari. Izan ere, harantzago doa bere potentzialtasuna: ikerketara bideratutako irakaskuntza-paradigma bat gauzatzeko ahaleginari eragin behar dio era askotako prozesuak bideratzeko marko orokor, malgu eta ireki gisa ikusita.

 

Ez da, ez, lan erraza. Eta gainera, hori gutxi balitz, horren tamainako beste erronka baten aurrean ere bagaude. Europako Kontseiluak bultzaturiko Erreferentzi marko europar bateratua izeneko dokumentua hor dugu, urte gutxiren buruan erabateko eragina izango duena hizkuntza europarrak irakatsi, ikasi eta ebaluatzeko moldeetan. Jakin badakigu gugandik hurbil dauden beste hizkuntzen irakaskuntzan ari diren asko eta asko (espainola, katalanera, frantsesa...) dagoeneko hasiak direla marko europarraren lehen analisia eta interpretazioak egiten, geroagoko egokitzapenak egin ahal izateko. Erritmo ezberdinean ari dira lan horretan eta ondorio ezberdinak ere formulatuz, baina ari dira. Geuk ere hasi egin beharko dugu lan horretan eta hau izan daiteke okasioa egin beharreko lehen lana bigarrenari begira burutzeko.
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia

 

 
Hizketan... Mª Isabel Rodriguezekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
 
 
Euskaltegiez ari garenean ikasleak eta irakasleak izaten ditugu gogoan. Gehienetan, bulegariak ere hor daudela ahaztu egiten zaigu, ordea. Eta egiten duten lana ez da inola ere ahaztekoa! Euskaltegien funtzionamenduaren zatirik handi eta garrantzitsuena bulegariek garatzen dute. Horretaz hitz egiteko azken 12 urteetan Santurtziko Udal Euskaltegian lanean diharduen Mª Isabel Rodriguezengana jo dugu.
Zein da bulegariek egiten duzuen lana?
 
Administrazioan egiten den guztia guk egiten dugu. Imajina ezazu Euskaltegia Udal txiki bat dela: Udaletan bezalaxe presupuestoak, kontratuak, erabakiak eta abar luze bat. Horrez gain, ikasleen kontrola, jarraipena, kobraketa eta abar.
 
Beste batzuetan, gure betiko lanez gainean konserjearena, elektrikariarena, garbitzailearena, eta abar. Ikusten duzuenez eta abarrez beteta dago gure lan hau.
Zein da bulegarien lan-egoera gaur egun?
 
Gure lan-egoera aspaldidanik ez da pitin bat ere aldatu. Azken lan-hitzarmenean saiatu egin ginen baina irakasleen egoerari lehentasuna eman genion eta hurrengo baterako geratu zen gurea. Beraz, zer hobetu asko dago oraindik.
Nolako harremana dago irakasle eta bulegarien artean?
 
Harremanak estuak dira eta hala izan behar dute. Irakasleak ikasleak behar ditu lan egiteko, ikasleak euskaltegia behar du ikasteko eta euskaltegiak bulegaria behar du guzti hau ondo eramateko. Beste guztiok bezalaxe, ezinbesteko piezak gara.
Askotan zuzendarien laguntzaile eta zenbaitetan ordezko ere bazarete, zer suposatzen du horrek zuentzat?
 
Leku batzuetan zuzendariaren laguntzailea baino zuzendariaren lana ere egiten da. Ulertu behar dugu zuzendari batzuek administraziori buruz dituzten ezagutzak ez direla oso handiak.
Irakasleen formazioa askotan aipatzen da baina ez bulegariena. Nola dago arlo hori? Zer behar duzue?

 

Gure formazioari ez zaio inoiz jaramonik egin eta erabat ahaztuta dagoela esan behar dut. Gero eta gehiagotan aipatzen ari da berrikuntzak datozela, baina bulegariok gure kabuz eta ahoz aho ikasi behar dugu. HABEk arlo honetaz ez du ezer esaten; programak, fitxak eta dokumentazio guztia ordenagailuz egin behar dugu, baina nork irakatsi/irakatsiko digu?
Ba al da zuen arteko harremanik?
 
Bai, eta oso ona gainera. Bizkaian adibidez urtero elkartzen gara. Afaria egiteaz gain beti dago elkarri kontatzeko kontutxoren bat.
 
Zera jakin dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
Azken bolada honetan Helduen Euskalduntzearen egoerak eta problematikak inoiz ez bezalako oihartzun mediatikoa izan dute. Zein motatako planteamenduak eta iritziak ari diren agertzen aztertzeko, saiatu gara lerro hauetan han eta hemen entzun edo irakurri ditugun hainbat iritziren erreferentziak biltzen, sistematikoa izateko asmorik gabe.

NOIZ

NORK

ZER

NON

2002ko urriaren 8an

Miren Azkarate (Kultura Sailburua)

Agerraldi parlamentarioa

Gasteizko Legebiltzarrean

2002ko urriaren 8an

Isabel Celá (PSOE)

Agerraldi parlamentarioa

Gasteizko Legebiltzarrean

2002ko urriaren 8an

Andoni Unzalu (Aurten bai)

Patxi Agirregomezkorta (Ulibarri Euskaltegia)

Agerraldi parlamentarioa

Gasteizko Legebiltzarrean

2002ko urriaren 9an

Erredakzioa

Erreportajea

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 1ean

Mailu Lasarte eta Roberto Gerenabarrena (Gasteizko IKA)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 2an

Mikel Aldasoro (AEK)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 3an

Erramun Osa

Iritzi-artikulua

Argia astekaria

2002ko azaroaren 3an

Martxelo Otamendi

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 6an

Jokin Azkue (HABE)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 11n

Jokin Azkue (HABE)

Erramun Osa

Isidro Yoldi (Urrats Euskaltegia)

Mahai-ingurua

Euskadi Irratia

2002ko azaroaren 11n

Josu Lezameta (Basarteko U.E.)

Iritzi-artikulua

www.sustatu.com

2002ko azaroaren 14an

Miren Azkarate (Kultura Sailburua)

Agerraldi parlamentarioa

Gasteizko Legebiltzarrean

2002ko azaroaren 14an

Josu Lezameta (Basarteko U.E.)

Iritzi-artikulua

www.sustatu.com

2002ko azaroaren 16an

Pedro Lonbide (Santurtziko U.E.)

Rexu Zubizarreta (Sopelako U.E.)

Izaskun Gallastegi (Durangoko U.E.)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 16an

Xabier Andonegi (euskara-irakaslea)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

2002ko azaroaren 19an

Juan Jose Aldasoro (EHEko kidea)

Iritzi-artikulua

Euskaldunon Egunkaria

Beste alde batetik eta esandakoez gain, badira bereziki azpimarratzea merezi duten bi egitasmo. Lehenik, HABE euskaltegien bidegarritasunari buruz burutzen ari den ikerketa, eta bigarrenik, BATUZ izeneko euskaltegien plataformaren ekimena.

 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
Maizpide: http://www.maizpide.com
 
HEZKUNTZA
 
RELIEVE aldizkaria: http://www.uv.es/RELIEVE/
RELIEVE aldizkari elektronikoak bereziki ebaluazioa du interesgune.
Schoolmaster: http://www.schoolmaster.net/
Munduko hezkuntza-komunikate handiena duzue hau.
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Web gunearen itxura: zeharo berriztu dugu ikasturte berriaren atarian!
 
Irakasleon Aldizkaria: 8. alea
 
Zure izenaren esanahia jakin nahi duzu? Hemen duzu aukera
 
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia