Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

7. alea, 2002ko iraila

204 harpidedun

 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
 
  
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Liburuak eta artikuluak: Los estilos de aprendizaje. Mari Carmen Latorre
3. Han hemenka: Interacción, conciencia lingüística y autonomía. Aitziber San Roman
4. Hausnarrean: Helburua vs. motibazioa. Pedro Lonbide
5. Zenbat buru...: Autoikaskuntzaz. gel@irekia
6. Lotura interesgarriak
7. Zer berri santurtzieus.com-en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
Hizkuntza-corpusak. Oraina eta geroa izeneko jardunaldiak. UZEI. Donostia.  2002ko urriaren 24an eta 25ean
 
Gaur egun inork ez du corpusen beharra zalantzan jartzen, baina, ba al dakigu benetan zer diren corpusak? Bada, interesa duenarentzat, horretan diharduten adituak bilduko ditu UZEIk Donostian urriaren 24an eta 25ean, gaur egun dauden hainbat corpusen berri eman eta etorkizuneko corpusak nolakoak izango diren eztabaidatzeko.
 
Matrikularen prezioak
Irailaren 30era arte: 100 € (arrunta) - 75 € (UZEIko bazkideak eta ikasleak)
Urriaren 20ra arte: 150 € (arrunta) - 100 € UZEIko bazkideak eta ikasleak
 

 Informazio gehiago: http://www.uzei.org/nagusia.cfm?hizkuntza=0&orria=hc_jardunaldia



Congreso Internacional: Análisis del discurso (lengua, cultura, valores). 2002ko azaroaren 26tik 28ra

Nafarroako Unibertsitateak Iruñean antolatu du diskurtsoari buruzko kongresu hau. Ponentzia, komunikazio eta panelez gain, mahai-ingurua ere izango da.

Informazio gehiago: http://www.unav.es/linguis/CONGRESO/index.htm
 
Orain arte onartutako komunikazioak: http://www.unav.es/linguis/CONGRESO/comunicacionesaceptadas.html
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen
 
 
Artikulua: Los estilos de aprendizaje ante los retos de la Europa multilingüe
Egilea: Marisa Villanueva
Liburua: Didáctica del español como L/E. Colección Expolingüa
Argitaratze-urtea: 2002
Argitaletxea: Fundación Actilibre
 
 
Mª Luisa Villanuevak artikulua sei ataletan egituratzen du. Lehenengoan azaltzen duenaren arabera, pertsona batek hizkuntza bat ikasi nahi duela esaten duenean, benetan hizkuntza horren jabe izan nahi duela esan beharko luke, eta bi gauzak zeharo diferenteak dira. Horretaz gain, ikasle bakoitzak bere ikasteko moduak ditu eta gainera, ikasteko modu hauetan eragin handia dute orain arte izan dituen ikasketa eta bizi-esperientziak. Horien inguruan, irakaslearen papera ere berrikusten du.
 
Ikas-estiloak eta ikasle onaren teoriak dira bigarren atalaren abiapuntu. Hain zuzen ere, hori baino ez direla aipatzen du eta ikaslearen ikuspuntutik zenbait pertsona famaturen hizkuntza-esperientziak kontatzen ditu, adibide gisa. Gu guztiok estilo batekin edo bestearekin identifikatzen gara, baina honek ez omen du esan nahi estilo bat bestea baino hobea denik.
 
Ondoren, hirugarren atalean, alegia, Villanuevak dio ikas-estilo eta estrategia guztiak direla eraginkorrak eta garrantzitsua ikasle jakin batek zein estrategia erabiltzen dituen aztertzea dela. Horrekin batera, ikaslearen autonomiaz hitz egiten digu eta aditu honek arlo honetan duen eskarmentua kontuan hartuta arreta, batez ere, honetan fokaliza daiteke.
 
Kulturak duen garrantzia ere azpimarratzen du. Eta dimentsio kulturalk eta ikaslearen kultura-aniztasunak zer suposatzen duen ere nabarmentzen du.
 
Idazleak oso modu errazean eta adibide oso argiak erabiliz azaltzen dizkigu hizkuntzaren ikas-prozesua eta estrategien gaineko azken teoriak. Horrelako artikuluek izaten duten izaera teorikoa gainditu eta irakurlearentzat teoria hauek erabiltzeko eta eraginkortasuna frogatzeko modua erakutsiz eramaten du aurrera artikulua. Gainera, bukatzeko, ikas-estiloa zehazteko galdetegi batez hornitzen du artikulua. Ezbairik gabe irakurtzeko moduko artikulua dugu. Hemen topatuko duzu hain sarri faltan hartzen dugun teoriatik praktikara salto egiteko beharrezkoa.
 
Mari Carmen Latorre Urieta
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Han hemenka
 
Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak... Irakasleon formaziorako ezinbesteko ekitaldiak dira, dudarik gabe. Atal honetara horietako batean aritu osteko oharrak, laburpena edo gogoetak ekarriko ditugu
 
 
INTERACCIÓN, CONCIENCIA LINGÜÍSTICA Y AUTONOMÍA EN EL APRENDIZAJE DE UNA LENGUA EXTRANJERA
(OLGA ESTEVE)
 
Azken urteotan hizkuntzen irakaskuntzan hiru P-en paradigma, hau da "Presentación" (aurkezpena), Praktika eta Produkzioa (ekoizpena), izan da nagusi eta paradigma hau ingelesaren ikaskuntzarako nahiko egokia bada ere, ez omen da gauza bera gertatzen beste hizkuntza batzuen ikaskuntzan. Hori dela-eta, hainbat ikerlari hizkuntza guztien ikaskuntzarako baliagarria litzatekeen paradigma berri bat aztertzen ari dira eta hori litzateke, hain zuzen ere, hiru A-en paradigma, hots "Awareness" (hizkuntzarekiko kontzientzia), Autonomia eta "Autenticidad" (benekotasuna). Olga Estevek (Pompeu Fabra unibertsitateko irakaslea) HABEk Donostian 2002ko ekainaren 17an antolatutako ordubeteko hitzaldian paradigma honen oinarriak eta elementuak zertan diren azaldu zuen.
 
Paradigma berria ulertuko bada, ezinbestekoa da elkarreraginaren adiera berria zehaztea. Izan ere, elkarreragina bi kontzepturi lotzen zaio normalean: komunikatzeari eta mezuak igorri eta jaso ondoren erreakzionatzeari; baina bigarren hizkuntza edo atzerriko hizkuntza ikastean, beste elkarreragin-mota bat agertzen da: ikasteko hitz egitea eta hau komunikazioari baino gehiago, kognizioari dagokio.
 
Esandakoa argitzeko, Olga Estevek ataza txiki bat eginarazi zigun. Polakieraz idatzirik zegoen testu bat banatu eta bi lan egiteko eskatu zigun: lehendabizi bakoitzak saiatu behar zuen ahalik eta informazio gehien lortzen, ondoren, informazio hori beste lagun batekin alderatu behar genuen eta hirugarren momentu batean, beste bi kiderekin. Testuaz ulertzen genuena zehaztu ondoren, polakieraren arau gramatikal bat edo beste formulatzeko eskatu zigun. Atazak badu burutu ez genuen hirugarren zati bat: polakieraz sentidua duen enuntziatu bat sortzea.
 
Ataza burutu ondoren, egindakoaz hausnartu genuen. Lehen zatian ezagutza ezberdinak erabiliz — ezagutza entziklopedikoa eta testu-moten ezagutza, besteak beste—, lortu genuen testuari buruzko irudi bat egitea, orokorrean ulertzea, alegia. Lehen une honetan, beraz, makroprozesuak erabiliz, testuaren esanahira hurbildu ginen. Ondoren, mikroprozesuetara egin genuen jauzi: nork bere aurkikuntzak azalduz eta taldekideen laguntzaz, hainbat arau induzitu genituen. Hartara, hizkuntzaren ikuspegi globalean oinarritzen den atazen planteamenduari esker, lehengo ezagutzen gainean ezagutza berriak eraiki genituen.
 
Horrelako prozesuak natural-natural jartzen dira martxan ikasgelan: ikasleak saiatu egiten baitira hizkuntzaren arauak aurkitzen, hau da, hizkuntza nola erabiltzen den konprenitzen. Gainera, taldeka lan egiteak ezagutzak finkatzen laguntzen die: aurkikuntzak besteei azaltzearekin batera hausnarketa metakognitiboa eta metalinguistikoa egiten baitituzte eta prozesu hauek irakaslearen esplizitazio formala baino askoz eraginkorragoak dira (Ikerketek agerian utzi dute irakasleen esplizitazioak ez diola ikasleari hizkuntza bereganatzen laguntzen).
 
Irakasleak, beraz, ezagutarazi egin behar dizkie prozesu hauek ikasleei eta, hausnarketarekin batera, arau berriak sortze-lanetan aplikatzeko aukera eskaini. Arauak aplikatu behar izateak arazo kognitibo berriak planteatuko dizkio ikasleari, konpontzeko beste estrategia-mota batzuk eskatzen dituzten arazoak, alegia. Bestalde, horrelako prozesuak martxan jartzea guztiz beharrezkoa da ikasleek autonomia gara dezaten, ezinezkoa baita autonomoa izatea ez badakigu zein diren une bakoitzean laguntzen diguten estrategiak.
 
Ikaslea hizkuntzaren erabilera ulertzen saiatzen dela aipatu dugu eta esan behar da hizkuntzaren erabilerak ere orain arte izan ez duen beste adiera bat hartzen duela: orain, hizkuntza erabiltzea hiztuna izatea ez ezik, hizkuntza horretaz hitz egitea (hausnartzea) ere badelako. Azken batean, hizkuntza bat ikasteko ez da nahikoa komunikatzea lortzea. Horrela bada, erabileraren bi adierak bere egingo dituen metodologia garatu behar da eta hiru A-en paradigmak metodologia hori izan nahi du.
 
Esan dugun bezala, hiru A horiek hauexek dira: "Awareness" (hizkuntzarekiko kontzientzia), Autonomia eta "Autenticidad" (benekotasuna). Lehen bi "A" horietaz, hau da, hizkuntzarekiko kontzientziaz eta autonomiaz aritu gara laburpen honetan eta hirugarrenari helduko diogu orain. Benekotasuna benetako testuen erabilerarekin lotzen badugu ere, paradigma berrian beste esanahi bat ematen zaio: benekotasunak ikaslea hizkuntzen ikaslea den aldetik benetakoa izango dela esan nahi baitu. Hots, mundu erreala irreala izango da ikasgelan eta alderantziz. Gorago aipatu den bezala, ikasgela mikrokosmos bat da eta bertan sortzen dira beste inon sortzen ez diren benetako hizketa-ekintzak. Horiek guztiz errealak dira eta erabili egin behar dugu benetakotasun hori, ikasleari bere ikasle-izaera aitortuz.
 
Olga Estevek adierazi zuenez, elkarreraginaren bidez pasatzen da lehengo paradigmatik, hau da, hiru P-en paradigmatik, oraingora. Elkarreraginak hiru kontzeptu hartzen ditu bere baitan: argitzea (ilustrazioa), elkarreragina eta indukzioa. Testuekin lan egingo da: benetako testuak erabiliz, ikasleek hizkuntzaren nondik-norakoa deskubrituko dute eta hori, elkarreraginaren bidez egingo dute. Gainera, elkarreraginak indukzioa bultzatzen du. Antza denez, hau da paradigma berria garatzen gehien laguntzen duen prozedura.
 
Agerian gelditu da soziokonstruktibismoan kokatzen dela hiru A-en paradigma, hau da, aldez aurretik ezagutzen dutenetik abiatuta —eta ikasleek gauza asko dakite, ez dira kaxa hutsak— eraikitzen dira ezagutza berriak. Beharrezkoak dira andamiajeak eta garapen hurbileko zonaldeak garatzea eta hori ahalbideratzeko, atazei hausnarketa-uneak ezarri behar dizkiegu. Hausnarketa-une hauek oinarrizkoak dira eta taldekako idazketa tresna ezin hobea dugu hausnarketa metakognitiboa garatzeko, idaztean pentsatzeko denbora hartzen baitugu. Ebaluaziorako, portfolioa proposatzen da.
 
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
HELBURUA vs. MOTIBAZIOA
 
Askotan, gero eta gehiagotan tamalez, entzuten da irakasleen artean ikasleek ez dutela motibaziorik. Garai bateko ikasleen aldean erabat desmotibatuta omen daude gaurkoak. Gainera, orokorra omen da arazoa. Arazoz hitz egin behar baita! Azken finean, ikasteko motiborik ez duenak oso zaila izango baitu ikastea. Zer egin, ordea, arazo horren aurrean?
 
Ikas-prozesua edozein dela, badira inola ere nahastu behar ez diren bi kontzeptu. Ez dira nahastu behar azterketa serioa egin nahi bada; baina, errealitatean beti elkarrekin oso lotuta agertzen direnez, nahasteko joera dugu eta lortzen ditugun ondorioak faltsuak izaten dira gehienetan.
 
Ikasle batek euskara ikasi nahi badu horren bidez zerbait lortu nahi duelako da: azterketa bat gainditu, hiztun-komunitate batean integratu, behar jakin batzuei erantzun... Horiexek dira helburuak, lortu nahi diren egoera berri horiek, alegia. Helburu horiek lortu nahi izateko ikasle bakoitzak arrazoi edota motibo batzuk izango ditu. Motibo hauek ezberdinak eta aldakorrak izan ohi dira ikaslearen, unearen eta egoeraren arabera. Eta helburu eta motibo jakin batzuekin erabakitzen du ikasleak ikas-prozesu batean hastea.
 
Ikas-prozesua luzea izaten da gehienetan eta esfortzua egin beharko du ikasleak bertan behera ez uzteko. Prozesuan aurrera egiteko egin beharreko esfortzua egiten segitzeko, ikasleak satisfazio bat izan behar du, aurrera segitzeak merezi duela eta helburua gero eta hurbilago dagoela adierazten dion zerbait behar du eta horixe dugu motibazioa.
 
Gure lankide Gloria Sánchezek Etsipena eta ikasteko ezintasuna artikuluan aipatzen ditu ikasleari ikas-prozesuari eusten laguntzen dioten hainbat bitarteko. Eta horietariko baten garrantzia azpimarratu nahi nuke hemen: aurrerapausoak gertatzen direla ikustea. Bidean aurrera doala ikusten duen ikasleak nekez utziko du prozesua. Nire ustez gaur egungo ikasle askori horixe gertatzen zaio: ez dute ikusten aurrerapenik eta etsi egiten dute. Hara, beraz, aztertu beharrekoa! Benetan ez dute aurrera egiten; aurrera egin bai, baina ez dute ikusten aurrerapena; aurrera egin bai, baina ez espero zuten bezain azkar; aurrera egin bai, baina ez besteen abiadura berean; aurrera egin bai, baina ez dakite aurrerapausoak nola neurtu; aurrera egin bai, baina... Argi dago egoera bakoitzean irakaslearen eginkizuna ezberdina izango dela eta ezin dela lan hori ikaslearen esku utzi. Azken finean, ikasleak profesionalaren laguntza behar baitu derrigorrezkoa duen sostengu hori aurkitu ahal izateko.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
  
 
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
AUTOIKASKUNTZAZ
 
Abuztuan euskara-irakatsi posta-zerrendan Iruñeko lankide batek galde egiten zuen ea esku artean duten autoikaskuntza-gelaren proiektua egokia ote den. Labur esanda, 40 ikasle arituko dira 3 orduz multimedia-gela batean, astean behin mintza-saio bat izango dute eta hamabostean behin ordu erdiko tutoretza-saioa.
 
Itaun horren harira gure ekarpena egin nahi dugu autoikaskuntza-eredu baten partaide gara-eta. Luze joko luke honen inguruan sortzen diren puntu guztiak ukitzeak, beraz bi konturi baino ez diogu erreparatuko: zer adiera eman nahi diogun autoikaskuntza hitzari eta nola eraman den praktikara.
 
Esanahiari begira, ezin dira bereizi autoikaskuntza eta ikaskuntza. Ikaskuntza gertatzen den guztietan norberak egindako prozesu baten aurrean gaudela onartu behar dugu. Edozeinek zerbait ikasi duela esaten dugunean, bere barnean hainbat eragiketak aldaketa batzuk sortu dituztela esan nahi dugu eta hori beti izango da auto, ezinezkoa baita beste baten ordez prozesua burutu eta are gutxiago prozesurik gabeko emaitza beste batengan sartu. Beraz zertaz ari gara autoikaskuntza esan eta ikaskuntzatik berezi nahi dugunean?
 
Abiapuntua zentro ofizialek eskaintzen dituzten moduluetan jarrita, ikusten da ikasleak makurtu egin behar duela administrazioak eta zentroak berak ezartzen dituzten baldintzetara: ezin du eragin ordutegietan, epeetan, programetan, erritmoan... Autoikaskuntzaz ari garenean, ordea, ikaslea non, zer eta nola aukeratzeko moduan dago, erabaki ahal du non ikasi, zein erritmotan, zerez, noiz eta norekin. Hortxe dago aldea.
 
Ikaskuntza-irakaskuntzan aritzen garenok edukiak transmititzeaz gain, eduki horien aukeraketaz, denboralizazioaz eta aurkezpenaz arduratzeaz gain, ikaskuntza sustatzen duten aldagai psikologikoak ere kontuan izan nahi ditugu. Badakigu ikasleen premien artean horiek batzuetan toki nabarmena dutela. Prebioak, ezinbestekoak izan daitezke ikasleak ikas-prozesuaren ardura bere gain har dezan eta horretarako euskarri informatiko hutsak ez omen dira oso baliagarriak. Beraz, irakastaldearen (irakasle-aholkularien) eginkizuna ezinbestekoa dela uste dugu, eta aldagai hau erabakigarria izango da ikasle kopuru handi batekin proiektua arrakastatsua izateko. Aholkularitza beharrezkoa da: linguistikoa, pedagogikoa eta psikologikoa.
 
Proiektuei begira, hona hemen ikusitako eredu batzuk: 
Ordenadorez lagundutako irakaskuntza
Autodidaktismoa
Baliabide-zentroak
Ikaskuntza autonomoa
Bakarkako irakaskuntza
 Emandako datuen arabera Iruñeko lankideak ordenadorez lagundutako irakaskuntzaz ari da batik bat; nahiz eta zentro horietan beti egon mintza-taldea eta tutorearen figura. Lehen esan dugun bezala proiektuaren egokitasuna norberaren ikas-prozesua bermatzen duen neurrian egiazta daiteke; ikasleen espektatibak asetzen diren neurrian ona izango da. Baina askok uste dugu multimedia programek -oso erakargarriak badira ere- aukera estuegiak ezartzen dituztela. Hau da, ikaslea ondo "elikatuko" bada aukera gehiago izan behar ditu eskura. Baliabide zentroek eta campus virtual-ek eskaintzen dutenaz gain, hau da materialak, foroak, txat-guneak, laguntza-orriak... izateaz gain, ikasleari zer komeni zaion erabakitzen laguntzeko edo dituen behar bereziei dagokien programazioa egiteko, edo besterik gabe bere lana errazteko, irakasle-talde bat izango du.
 
Zalantzarik gabe, 3 orduz multimedia gela batean, astean behin mintza-saio batean eta hamabostean behin ordu erdiko tutoretza-saioan arituta ikasi egiten da. Nola, baina?
 
Ikasleek ikas-prozesuetan mekanismo ugari eta berezituak erabiltzen dituzte, eta beraz, Santurtziko Udal Euskaltegiaren gel@irekia-n gela arruntetan edo multimedia-programetan aurkitzen dutenaz gain errekurtsoak ugaldu ditugu, autoikaskuntzaren funtsa hauxe delako: ikas-bidea ikasleak berak erabaki dezala.
 
gel@irekia
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
Juan Matero Zabala Euskaltegia: http://www.jmzabala.com
 
Ulibarri Euskaltegia: http://www.ulibarri.org
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA

IXA taldea: http://ixa.si.ehu.es/Ixa

IXA taldeak euskararen tratamendu automatikoan egin dituen ikerketak eta plazaratu dituen sei produktuak deskribatzen dira webgune berrituan.

Web Landarbaso: http://www.terra.es/personal6/landarbaso/
 
Orri personal honetan era askotako informazioa aurkituko dugu: euskara ikasteko metodoa, hiztegia, gramatika-taulak, euskalkien mapa osatua... Gure ikasleei aholkatu beharreko orria, dudarik gabe.
 Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen: http://www.sortu.org/

Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen (SEI) kultur elkartea Euskal Soziolinguistika Institutua sortzeari eragiteko jaio zen. Gune honetan aurkituko duzu elkartearen ekinbidearen informazio nagusia.

Axular Kultur Elkartea: http://www.axularnet.com

Beste hainbat konturen artean, Axular Aldizkaria (1997-2002) on-line irakurtzeko aukera ematen digute webgune honetan.
 
HEZKUNTZA
 
IRAKASTEN: http://www.irakasten.org/
 
IRAKASTEN-ek Euskal Herriko irakasleen foroa izan nahi du. Webgune hau hezkuntza profesionalen arteko harremanetarako erreferentzia izatea nahi dute. Hau eratzea, hedatzea, osatzea eta etengabe egokitzea izango da helburu nagusietako bat.
 
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleon Aldizkaria: 6. alea
 
 
Lehiaketak: Sarean Kontari I. Ipuin Lehiaketa 
 
Lehiaketa honetako irabazleak aurkituko dituzue hemen.
 
Eskaintza akademiko berria: Auto-ikaskuntzarako zerbitzua

2002-2003 ikasturterako gel@irekia zerbitzuak eskaintza akademiko berria aurkeztu du.

 
 
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia