Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 
5. alea, 2002ko maiatza
 
 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igorriko dizuen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

 

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Lanak eta esperientziak: Analisi Kontrastiboa. Abel Camacho
3. Hausnarrean: Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak. Pedro Lonbide
4. Hizketan... Joanba Bergararekin
5. Zenbat buru...: Euskalgintzaren Plan Estrategikoa. Aitor Etxebarria
6. Lotura interesgarriak
7. Irakurleen ekarriak
8. Zer berri santurtzieus.com -en?
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
ONLINE EDUCA BARCELONA. 2002ko maiatzaren 27tik 29ra
 
Bi urterik behin egiten den biltzarra dugu Online Educa. ICWE-k eta UOC-k antolatuta, irakaskuntza birtualean adituak diren hainbat eta hainbat irakasle eta profresional bilduko dira Bartzelonan hilaren amaieran.

Informazio gehiago: http://www.icwe.net/online_educa_barcelona/index.htm
 
La formación on line en el Sector Educativo. IV Encuentro Profesional. 2002ko ekainaren 5ean eta 6an
 
Global Estrategias-ek Madrilen antolatu du profesionalen arteko jardunaldi hau. Irakaskuntza telematikoaren inguruan hainbat gai jorratuko dituzte: ohiko erroreak e-Learning-aren inplantazioan, aplikazio-ereduak, programazio didaktikoa...
 
Informazio gehiago: http://www.globalestrategias.com/espanol/Seminarios/programa010S008.htm
 
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzean burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
 
ANALISI KONTRASTIBOA (I)
 
Santurtziko Udal Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektuaren (EKPa) lehen atalean euskara irakatsi eta ikasteko prozesuak ulertu eta interpretatu ahal izateko printzipio nagusiak zirriborratu genituen 2000-2001 ikasturtean. Artikulu hau, izatez, gure EKParen atal horretako pasarte bat duzue, analisi kontrastiboaren gaineko hainbat ohar jaso nahi dituena. Datorren hilabeteko alean analisi kontrastiboan oinarritutako hainbat ariketa azalduko ditugu.
 
Sarritan analisi kontrastiboaz egin ohi diren juzkuak negatiboak izan dira oso, berorietan azaleko azalpenak baino agertzen ez direla. Ildo horretan, HEOKak (1999:24) analisi kontrastiboari muzin egitea planteatu du:
 
(...) Erroreak aztertzerakoan bi hizkuntzen konparaziotik abiatu ordez, hau da analisi kontrastibotik egin ordez, ikasleen ekoizpen errealak dira abiapuntu eta aztergai (...).
Orri bereko orripeko oharrean honako hau ere esaten du:
 
Analisi kontrastiboaren arabera, bigarren hizkuntza ikasterakoan sortzen diren erroreen iturri nagusia, agian bakarra, ikaslearen ama-hizkuntzak eragindako interferentzia da. Interferentzia edo transferentzia negatibo hau gertatzen da bi hizkuntzen egiturak diferenteak direnean; elkarren antzekoak direnean, aldiz, transferentzia positiboa ematen da, erraztu egiten da. Ikuspegi honetatik erroreak barkaezinak dira; ohitura txarrak eskuratzearen seinale baitira. Beraz, errepikapenaren bidez, errorerik gabeko hizkuntz eskurapenaren alde apustu egiten du.

Hala ere, Lado-k (1957) Analisi Kontrastiboaren Hipotesia plazaratu zuenean, hizkuntzak bere osotasunean alderatzea proposatu zuen —gramatika, fonetika, ortografia, estrategia pragmatikoak...—, baina hasiera-hasieratik hizkuntzen alderdi fonologiko eta morfosintaktikoak alderatzeko baino ez zen erabili. Horregatik, hain zuzen ere, gaur egun linguistika kontrastiboa hizkuntzen arteko analisi pragmatikoak egiten ari da, funtzio komunikatiboak hizkuntza ezberdinetan nola burutzen diren zehaztuz (Fernández, 1997).

AKaren bi bertsio bereizten dira (Wardhaugh, 1970), gogorra eta ahula:

Bertsio gogorrak duen ikaskuntza-teoria konduktismoa izanik, errorearen aurrean ikaragarrizko kezka du eta propio erroreen arazoa saihesteko lan-metodo bezala planteatu zen (Fernández,1997:14). 2H ikasteko zailtasunik handienak ama-hizkuntzaren interferentziak sortzen dituenez, 1H eta 2Hren alderaketaren bidez zailtasun horiek aurreikus daitezke. Horretarako, ikas-materiala 1H eta 2Hren arteko aldeei ondo erreparatuta prestatzeak interferentzia horiek murrizten laguntzen du. Horretaz gain, paradigma linguistikoa estrukturalismoa izan zen.
Bertsio ahularen asmoak apalagoak dira, zeren hainbat erroreren iturria ama-hizkuntzaren interferentziaz sor badaitezke ere, beste hainbat ez baitira horregatik sortuko. Bertsio hau ikasleen erroreetatik abiatuko da eta bi hizkuntzen arteko antzekotasun eta aldeei erreparatuko die erroreak azaldu ahal izateko. Zentzu horretan, AKa erroreen analisitik hurbil egongo da (Jessner, 1996:144).
HEOKak analisi kontrastiboaren bertsio gogorrari egiten dio erreferentzia, izaniko bilakaera alde batera utzita. Horregatik, bada, HEOKaren ikuspegia oso murritza iruditzen zaigu: analisi kontrastiboaren ustezko baliagarritasuna erroreen alderdira mugatzen du, horretan oinarrituta, arbuiatzeko.
 
Gramatika-arauen analisiari dagokionez, irakur dezagun Matte Bon-ek (1988:115) zer dioen:
 
Cada idioma tiene la capacidad de expresar cosas que no se expresan en otras lenguas. La diferencia que existe en español entre tampoco y ni siquiera no existe en italiano, por ejemplo: este idioma trata estas dos microfunciones como si fueran una sola. Por otra parte, el italiano expresa con un solo y único operador (PROPIO) cosas que en español se expresan de seis a siete maneras distintas. El estudiante extranjero que aprenda a hablar español puede querer expresar esas cosas que expresa en su propia lengua y tardar bastante en entender que en español esas ideas se expresan de varias maneras o no se expresan. También será importante que aprenda a establecer las diferencias que existen en español y no existen en su idioma. Por todos estos motivos, el análisis contrastivo ocupará una posición de relieve a la hora de analizar el sistema español (y el de cualquier otro idioma) (...)
Gure ustez, AKa oraindik ere oso baliagarria izan daiteke euskara irakatsi eta ikasteko prozesuetan, baldin eta hainbat kontu (ikuspegi konduktista, errorearenganako jarrera negatiboa edo paradigma estrukturala) alde batera utzita, alderdi pragmatikoari erreparatzen badiogu.
 
 
AIPATUTAKO BIBLIOGRAFIA
 
FERNÁNDEZ, S. (1997): Interlengua y análisis de errores en el aprendizaje del español como lengua extranjera. Madrid, Edelsa
JESSNER, U. (1996): "La transferencia en la adquisición de la segunda lengua" in J. Cenoz eta J.F. Valencia: La competencia pragmática: elementos lingüísticos y psicosociales, Bilbo, EHU
HABE (1999): Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua. Donostia
LADO, R. (1957): Linguistics across cultures. Ann Arbor, University of Michigan Press (Espainieraz: Lenguas y culturas. Madrid, Paraninfo)
MATTE BON, F.(1988): "De nuevo la gramática". Actas de las Segundas Jornadas Internacionales de Didáctica del Español como L/E. Madrid, Ministerio de Cultura
WARDHAUGH, R. (1970): "The Contrastive Analysis Hypothesis". TESOL Quaterly 4, 123-130. (Espainieraz: "La hipótesis del análisis contrastivo" in J. Muñoz Liceras (1992): La adquisición de las lenguas extranjeras. Madrid, Visor)
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
HELDUEN EUSKALDUNTZEAREN V. JARDUNALDIAK

 

Burutu berri dugu Helduen Euskalduntzeak urtero duen zita garrantzitsuena. Urtean zehar han-hemenka ekitaldi asko antolatzen badira ere, inon ez bezalako partaidetza izaten da jardunaldiotan. Jakina, kopuru eta aniztasunaz ari naiz. Beraz, lehenengo eta behin zorionak UEU eta HABEri bosgarrenez ere lortu dutelako sare ezberdinetako hainbeste ordezkari bildu eta kalitatezko ekitaldi bat antolatzea.
 
Baloraziorik egin gabe ordea, uste dut beharrezkoa dugula ekitaldi honen inguruko hausnarketa egitea. Aurtengo gai nagusia motibazioa izan da eta horri erantzutera etorri dira aurtengo bi ponentzia eta zazpi komunikazio laburrak. Gaia gai, garrantzizkoena hainbeste lagun biltzea da badirudielako bertan islatuko dela sektorearen egoera eta lanean dihardugunon indarra.
 
Berriro ere agerian geratu da ez dugula horrelakoetan parte hartzeko kulturarik. Parte hartu esaten dudanean parte-hartze aktiboaz ari naiz. Kultura-eza horren arrazoiak guztiok ezagutzen ditugu: urte asko eman ditugu gure lana geure klaseak ematea zela, hobekuntza eta berrikuntzak goitik etorriko zirela pentsatuta. Bukatu zen garai hori eta ondoren erantzunak kanpoan aurkitzeko saioa egin genuen. Egia da bi garaiotan aurrerakuntzak gertatu direla eta erantzunak jaso ditugula. Hala ere, erantzun horiek ez dute asetu gure gosea; gehiago nahi izatetik beste zerbait nahi izatera igaro gara. Eta hori dela-eta, hurrengo garaia heldu da eta konbentzitu behar dugu kultura berri batean sartu behar dugula eta geure baitan aurkituko ditugula gure beharren erantzunak.
 
Hauxe da, nire ustez, jardunaldi hauek duten balio nagusia: egun berean, leku berean euskalduntzearen inguruko 200en bat aditu biltzea. Jakina, oraindik ere askok eta askok buruan aurreko paradigma dugu eta ez ditugu geureganatu paradigma berriaren ezaugarriak. Oraindik ere hizlariak dira adituak eta gainontzekook entzule hutsak.
 
Ikasleek irakasteko kulturatik ikasteko kulturara pasatu behar dutela aipatzen den bezalaxe, irakasleok jasotze-kultura batetik sortze-kultura batera pasatu behar dugu berandu baino lehen. Hasiak gara geure ikas-materialak sortzen, geure formazioa antolatzen, irakasleentzako ikastaroak ematen; baina, guzti hori hanka motz geratuko zaigu ez bagara kapaz gure lanak eskatzen duen eztabaida teorikoa geure artean gauzatzeko. Horretarako aukerak bilatu eta sortu behar ditugu eta aurkitutakoan, benetan aprobetxatu.
 
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hizketan... Joanba Bergararekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan

Joanba Bergara HABEko Prestakuntza ataleko burua da gaur egun. Lehenago, eta hamar urtetan, Zutabe / Hizpide aldizkariko editorea izan zen. Bizi dugun berrikuntza-garai honetan prestakuntzak duen garrantziaz jabetuta, berarengana jo dugu hainbat galdera egiteko.

Helduen euskalduntzean aspalditik dator irakasleen prestakuntza iraunkorrraren kezka. Egindako ahaleginak ere nabariak dira. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera? Zein alderdi landu dira bereziki? Zein da zure ikuspuntutik euskara-irakasleon egungo egoera?

Orain dela bost urte, prestakuntzarako lan-batzordearen lanak bukatutzat eman zirenean, euskalduntzearen alorrean ari zirenen errealitatera hurbildu, ondorioak atera eta aurrera begirako lan-ildoak finkatu ziren. Prestakuntzari begirako oinarrizko hamar printzipio onartu ziren. Horien artean, prestakuntzaren sozializazioarena, ahalik eta irakasle gehienengana iristea, alegia; eta, 1700-1800 irakaslez ari garela kontuan hartuta, dibertsifikazioarena; izan ere, egitekoen eta beharren ikuspegitik heterogeneoa den kolektiboari modu dibertsifikatuan erantzun behar zaio.

Hori horrela, azken urteotan emandako urratsak eta lortutako helburuak ez dira nolanahikoak izan. 2000-2001 ikasturtean, esaterako, HABEk eratu zituen 34 ekitaldietan 1815 matrikula egin ziren eta 64 irakasle-taldek hartu zuten parte. Azpimarratzekoa da, gainera, prestakuntzaren alorrean hainbat eta hainbat euskaltegi, taldekotasunaren printzipioaz jabetuta, talde gisa egiten ari diren ahaleginak. Ez baitugu inola ere urrezko printzipioa ahaztu behar: edozein proiektu taldean burutzekoa dela; proiektuak ez baitira pertsonarenak, zentroenak baizik. Hori guztia goraipatu nahi dut, alferrikakoak baitira ahalegin guztiak euskaltegien eta irakasleen aldetik erantzunik ez badago.

Jorratutako alderdiei dagokienez, batzuetan didaktikako alde orokorrak izan dira: programagintza, ikasunitateen diseinua, ataza bidezko metodologiaren ikaskuntza-aroak edo zikloak, ikasestrategiak, irakaslearen diskurtsoa ikasgelan (ikaskuntza-aroak edo ariketak egituratzeko diskurtsoa eta ez-hitzezkoa), ariketen azterketa, autoikaskuntzaren antolamendua, ebaluazioa...; eta beste batzuetan, didaktikako alderdi bereziak: gramatikaren irakaskuntza, idazkiaren didaktika, etab. Jorratu beharreko esparruen aldetik, betiere beharrei erantzuteko asmoz, osotasunaren eta integrazioaren printzipioak hartu ditugu aintzakotzat.
Beharrak, beraz, asko eta maila askotarikoak. Horien artean, zein dira HABEk prestakuntzari begira dituen lehentasunak? Zein alderditan dago prestakuntza-premiarik larriena?

Prestakuntza-egitasmoak, egokitzapenaren printzipioari jarraiki, beharretara egokitzea da gure erronkarik nagusia. Orain arte egindakoa ahaztu gabe, besteak beste, honako esparruok landu beharko genituzke datozen urteotan:

Kurrikulu-proiektua
Auto-ikaskuntza eta urruneko ikaskuntza-zerbitzuak: aukerak, mugak, arazoak eta konponbideak
Zentruen planifikazioa, kudeaketa eta ebaluazioa
Goi-mailako ikastaroak eta eskaintzaren dibertsifikazioa
Euskararen kalitatea
Alderdi psikoafektiboak

 

Azken boladan proiektu asko jarri dira abian Interneten. Besteak beste, HABEren plataforma telematikoa hor dugu. Zer berri dakar prestakuntza telematikoak? Zertan aldatuko da prestakuntza ikusteko moldea?
 
Teknologia berrien erabilera prestakuntzarako lan- batzordeak zedarritutako bi printzipiorekin zuzen-zuzen dago lotuta: aniztasunaren eta malgutasunaren printzipioekin, hain zuzen ere. Argi dago aukera asko eskaintzen dutela tresna berri hauek: tokian tokiko errealitatera, lan baldintzetara, kokapen ezberdinetara egokitzea, e.a. Orain arte bi ikastaro eratu ditugu: Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK) eta erabilera-planak, AEK sareko irakasleei zuzendua, alde batetik; eta Ikas-materialen diseinua on-line, bestetik. Lehena duela zenbait hilabete jarri genuen abian; eta, zailtasunak zailtasun, oso gustura gaude. Bigarrenari orain emango diogu hasiera. Ahalegin handiak egin ditugu ahalik eta eskari gehienak onartzeko; eta bidezko gestioak burutu eta antolamendu egokirako proposamenak oro baloratu ondoren, hasieran aurreikusitako partaide-kopurua bikoiztea lortu dugu. Baina ahaleginak ahalegin, eskari asko egin direlako, ez dira gutxi oraingoan ikastaroan esku hartzeke geratu diren irakasleak.
Hurrengo ikasturtean ikastaro gehiago eskainiko dugu plataforman. Hastapenetan gaude. Eta asko ikasiko dugu, ezbairik gabe. Ez dugu ahaztu behar ohitura-falta nabaria dugula eta ahaleginak egin beharko ditugula prestakuntza-molde berri honetara egokitzeko. Amaitzeko esan, helburua, ahal denean bederen, lan-taldeak osatzea izango dela eta pertsonen arteko lankidetza garatzea; teknologia ikasteari buruz guk ditugun ikusmoldeetara egokitzea, alegia.
Udaldian izaten dira prestakuntza-ekitaldi presentzial gehienak. Zer aurreratu dezakezu aurtengo programaz?
 
Prestakuntza-ekitaldi ugari eskainiko ditugu uda honetan ere: hogeita hamar bat edo guztira. Arlo asko landuko dira. Eta baten bat aipatzekotan Gloria Sanz-en La formación en habilidades lingüísticas en el entorno profesional ikastaroa aipatu beharko litzateke, gure sektorean eremu estrategiko bati eragiten diolako. Hainbat lanbidetan euskararen erabilera maila jasoagoan erabiltzen ikasteko egitasmoak diseinatzeko baliagarri izango delakoan gaude. Hor dugu El enfoque por tareas y el nuevo marco curricular ikastaroa ere, Euskalegien Kurrikulu Proiektuaren diseinuari edota azterketari begira baliagarri izango zaiguna. Eta hor ditugu Kurrikulu-garapena: 2001-2002 izenekoa, Miramarrekoa (Nuevos retos en la enseñanza de segundas lenguas: la mejora de parámetros), autoikaskuntza aztergai izango dutenak, eta baita hiru hiriburuetan emango diren Gramatika lantzen: ikasgela komunikatiborako hainbat ideia eta HABEren Dokumentu Biltegia: erabiltzailea trebatzen ere.
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
EUSKALGINTZAREN PLAN ESTRATEGIKOA
 
Irakasleon Aldizkaria jasotzen dugun gehienok (guztiok esango banu, ez nintzateke oso oker ibiliko) Kontseilua osatzen duten erakunderen bateko partaideak gara. Beraz, seguruenik, handik edo hemendik, jaso izan dugu dagoeneko ondoko lerrootan komentatuko dudan proiektuaren berri. Euskalgintzaren Plan Estrategikoaz ari naiz (EPE), Kontseiluak 2002. urterako euskalgintzari planteatu dion proposamen edo erronka nagusia. Euskalgintzaz hitz egiten dugunean, zuzen edo zeharka, euskararen normalizazioan diharduten gizarte erakundeez ari gara.
 
EPE zer den hitz gutxitan azaltzeko, hausnarketa edo gogoeta dinamika bat dela esan genezake: Gogoeta prozesu honen bitartez, euskararen normalizazioan jauzi kualitatibo garrantzitsuak emateko helburuz, egun euskalgintza non dagoen eta bost urteko epean non egon nahi duen aztertuko dugu. Horretarako euskalgintzak zer ekintza burutu behar dituen ere zehaztuko da.
 
Gogoeta bileren bitartez egingo da, bost gogoeta lantaldetan, eta bi urrats edo aldi nagusi izango ditu:
Lehenengoan euskalgintzaren erronka estrategikoak identifikatu eta erabakiko dira.
Bigarrenean, erronka hauen gaineko hausnarketa egingo da ekintza zehatzetan xehatu eta abian jarri arte.
Hau guztia 2002ko udaberrian hasi eta 2003koan bukatuko da.
 
Bilera hauetako hausnarketarako abiapuntu gisa, aurre-txostenak osatuko dira. Aurre-txosten hauek osatzeko, bestelako datu eta informazioez gain, hainbat norbanako eta erakunderi (eta erakundeon artean gutariko bakoitza partaide den erakundeari ere bai) euskara eta euskalgintzari buruzko galdetegia igorri zaie.
 
Gogoeta honetan parte hartzeko bi bide dituzte erakundeek:
  1. Aipatu berri den galdetegiari erantzutea.
  2. Gorago aipatutako bileretan parte hartzea. Bilerok lurraldeka antolatutako lantaldeka burutuko dira: bata Uztarritzen, bestea Iruñean eta beste biak Durango eta Donostian. Bada bosgarren lantalde bat, Euskal Herri mailako euskararen gizarte erakunde nagusiek osatuko dutena.
EPEren gaineko informazioa emateaz gain, lerro hauen asmo nagusia hausnarketa prozesu honetan parte hartzera deitzea eta bultzatzea ere bada. Honetarako arrazoi bat baino gehiago badago, tartean euskararen aldeko jarrera edo sentipen militante batetik ikus daitezkeenak: estatus edota korpusaren aldetik euskararen arazo, eraso, premia edo gabezia, maila handi edo apalagoan bizi edo senti ditzakegunak.
 
Baina nik artikulu txiki honetan zera nabarmendu nahi nuke (aurreko guztiaren inguruko hausnarketa beste artikulu baterako utziko dugu): gure sektorearen (Helduen Euskalduntze-Alfabetatzea) beraren interes eta premiei erantzuten diela zuzen-zuzenean hausnarketarako gonbite honek. Eta, bestela, garai honetan bizi dugun eta gure hainbat solasetako hizpide den egoera ekar genezake gogora: azken urteetan ezagutzen ari garen ikasle kopuruaren beherakada; Administrazioarekin, taldeen osaketa, onartutako eta bete beharreko orduak, dirulaguntzak... direla-eta izan ditugun eta ditugun gorabeherak; nork bere udalarekin dituen harreman eta tirabirak; lana hobeto burutzeko ezinbestekoa den prestakuntza eta gaurkotzea eta horretarako erabili beharreko diru partida; egoera eta premia berriei erantzuteko ditugun erronkak ... Hauek eta beste hainbat elementuk azterketa eta erantzun baten premia dute eta guztiok dute leku hastera doan gogoeta prozesu honetan.
 
Saihestu ezinezko aukera dugu, beraz, EPE hau guztion kezka diren hainbat konturi heldu eta konponbiderako lehen urratsak komunean emateko.
 
Aldi berean, gogoeta-aldi honetan zehar sor litezkeen ideia, iradokizun, proposamen zein beste edozein kontu orriotara ekartzeko gonbitea luzatu nahi dizuet.
 
 
Aitor Etxebarria
Udal Euskaltegietako langileen ordezkaria Kontseiluan
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKAL HIZKUNTZA SAREAN
 
Euskara mintzatuaren corpusa: http://www.sustatu.com/1020811566
 
Sustatu albistegian argitara emandako berria duzue hau. Interesekoa ere bada mezu horri emandako erantzuna. Hor beste hainbat web-guneren berri ematen da.
 
Hizkuntzaren kalitatea: http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0150zbk/gaia15003eu.html

Luis M. Larringanek Euskonews & Media aldizkariaren 150.zenbakian (2002ko urtarrilaren 11-18an) argitara emandako artikulua. Bertan hizkuntzaren kalitatea zertan den zehazteko oinarri-oinarrizko irizpideak aurkituko ditugu

Harilkatze tematikoa: http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0166zbk/gaia16601eu.html
 
Ines M. García Azkoagak Euskonews & Media aldizkariaren 166. alean (2002ko maiatzaren 10-17an) argitara emandako artikulua. Bertan, ikasleen narrazioak aztergai direla, kohesioaren garapena aztertzeko egindako ikerketaren laburpena aurkituko dugu.
 
Aprender euskera: www.geocities.com/aprendereuskera
 
 
BESTELAKOAK
 
Euskal Herria Info: http://www.euskalherria.info
 
Baietz Fundazioak komunikabide berria jarri du martxan, Euskal Herria Info izenekoa.
 
 
 
Irakurleen ekarriak
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta
lankidetzak  gogo onez jasoko ditugu.
 
 
 
 
 
 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean 2002ko apiril-maiatzean egindako aktualizazioak
 
 
Irakasleentzako atala
 
Artikuluak:
 
Gloria Sanchez: Etsipena eta ikasteko ezintasuna
Pilar Montoya: Nolako irakaslea zara? Egin zeure profila!
 
Irakasleon Aldizkaria: 4. alea
 
 
Lehiaketak: Sarean Kontari I. Ipuin Lehiaketa
 
 
 
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Eta ez ahaztu e-posta helbidea jartzea! Bestela ezin harpidetuko zaitugu!

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia