Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 
3. alea, 2002ko martxoa
 
 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igorriko dizuen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com. Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
  1. Ekitaldiak
  2. Liburuak eta artikuluak: Planteamendu lexikala. Pilar Montoya
  3. Hausnarrean: Zuzentzea erraza, ezta? Lupe Ugarte
  4. Zera irakurri dugu: Aitor Etxebarria
  5. Zenbat buru...: O maila. Pedro Lonbide
  6. Lotura interesgarriak
  7. Irakurleen ekarriak
 
 
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak. 2002ko maiatzak 10
 
UEUko Glotodidaktika Sailak, HABEren lankidetzaz, Bilbon antolatu ditu aurtengo jardunaldiak, Euskalduna Jauregian. Gai nagusia ondokoa izango da: Motibazioa ikas-prozesuaren eragile. Denera ordu beteko bi ponentzia eta hogei bat minutuko zazpi komunikazio izango dira.
 
Egitarau osoa honako helbide honetan aurkituko duzue: http://www.ueu.org/GlotodidaktikaWEB/jardunV.htm
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.
 
 
Liburua: Planteamendu Lexikala
Egilea: Lewis, Michael
Argitaletxea: HABE
Urtea eta hiria: 2001, Donostia
HABE Liburutegian: H2A40
 
Planteamendu lexikalak planteamendu komunikatiboen oinarrizko printzipio asko garatzen ditu. Metodo lexikalak hobeto azaltzen du lexikoak hizkuntza naturalean duen izaera eta berorrek hizkuntzaren pedagogiari egin diezaiokeen ekarpena. Hemen ez dut ohiko erreseina egiteko asmorik izan, entresaka txiki bat baizik, Lewis-en hitzak bere horretan ekarriz. Irakurtzeko gogoa piztuko ahal dizue honek!
 
Lehenengo printzipioa: hizkuntza lexiko gramatikalizatuaz eginda dago, ez gramatika lexikalizatuaz
 
Gramatika / hiztegia dikotomiak ez du balio; hizkuntzaren parte handi bat hitz anitzeko pusketez eginda dago. Nahiko harrigarria da, baina termino hauek biak hizkuntz irakaskuntzan okerren ulertutakoen artean egongo dira ziur aski. Terminologia honek bultzatzen duen oposaketa bidezko pentsaera binarioak eragotzi du lexikoaren aurrerapena eta betekizuna syllabus diseinuan. Oraingoz hitz hauen definizio arruntak jasoko ditugu, irakasle eta ikasleek egunero erabiltzen dituzten moduan. Gramatika normalean parekatzen da egiturekin, esaldi ereduekin, aditz formekin (denborekin), preposizioekin eta gramatika-ariketetan lantzen diren hizkuntzako beste zatiki ustez sortzaile horiekin. Gordin esanda, gramatika esaldi-markoen multzo bezala ikusten da; esaldi-markook zuloak dituzte, eta hiztegi edo hitz egokiak zulo horietan sartzen dira.
 
Ikasle gehienek hiztegia hitzekin parekatzen dute. Irakasleak kexu dira ikasleak berbaz berba itzultzen omen dutelako, baina aldi berean Ba al da ulertzen ez duzuen berbaren bat? galdetzen diete. Hizkuntzako puska asko (item lexikalak) ez dira hitz bakarrekoak (bide batez, datorren urtean, kafe joko, gero arte). Hala ere, gramatika / hiztegi dikotomiak hain garbia dirudielako hain zuzen, joera dago sinplifikatzeko, berez, hizkuntz analisiaren alderdi konplexu eta adierazgarrienetako bat dena.
 
Bi hitz ahozkoaren eta idatziaren gainean
 
Hizketari lehentasuna ematen zaio idatziaren gainetik; idatzia bigarren mailako kodetzat hartzen da, eta haren gramatika ahozko hizkuntzaren gramatikatik guztiz bestelakoa da. Trebetasun hartzaileei, bereziki entzumenari, leku nabarmenagoa ematen zaie.
 
Trebetasun hartzaileak eta sortzaileak
 
Hizkuntzaren barruan modu askotako azpibanaketak egin daitezke. Ageriko eta lagungarrienetako bat lau trebetasunen arteko banaketa da: entzumena eta mintzamena, irakurmena eta idazmena. Urte askoan zeharo terminologia desegokia erabili izan da, entzumena eta irakurmena trebetasun pasibo gisa deskribatuz, mintzamen eta idazmen trebetasun sortzaileekin kontrastean. Aldi luze bat hizkuntz arrotz bat entzuten eman duen edonork dakienez, entzumena lekutan dago trebetasun pasiboa izatetik. Kontu handiz, zorroztasunez, eta nork bere burua inplikatuz entzutea akigarria izan daiteke. Gaur egungo terminologia lagungarriagoa da, trebetasunak hartzaile eta sortzaileen artean bereizten baititu.
 
1H ikasteko prozesuaren hasiera entzutean oinarritzen da huts-hutsean. 2H ikastea gauza batzuetan desberdina da 1H ikastetik, baina, era berean, antzekoa da beste gauza batzuetan. Sortzen dugun hizkuntza guztia azken buruan lehenago topatu dugun hizkuntzan itsasten da, memoria, azpiko sistemaren eskurapena edo agian mimika hutsa baliatuta. Ahozko hizkuntza idatzia baino oinarrizkoagoa da, oso zentzu errealean. Hau guztia gogoan hartuta, pentsatzekoa da ondo orekatutako ikasprograma baten hasierako etapetan indar handia emango zaiela trebetasun hartzaileei, eta, bereziki, entzumenari.
 
Zoritxarrez, jasotako ortodoxia oso diferentea izan daiteke. Orain ematen diren ikastaro askotan ikasleei hasiera-hasierako etapetatik eskatzen zaie hizkuntza sortzeko.
 
Askotan irakasleak errudun sentitzen dira ikasleek ez dutelako nahiko hitz egiten, edo ez dutelako nahiko hitz egiten oraindik. Ez da inondik inora ageriko gauza egin beharko luketenik. Beharbada iraultzarik ez da egin behar, baina komeniko litzateke irakasleek trebetasun hartzaileei lehentasun handiagoa ematea.
 
Bide batez, aldaketa metodologiko garrantzitsu bat azpimarratu behar dugu. Irakasleak trebatzeko hastapen ikastaro askotan honako lelo hau aurkeztu ohi da: Murriztu irakaslearen hizketako denbora (IRD), luzatu ikasleen hizketako denbora. Hau gehiegizko sinplifikazioa da. Bestalde, hainbat lanek garbiro erakutsi dute ikasleen hizkuntz trebezia orokorrak hasierako etapetan arinago garatzen direla planteamendua entzute kontrolatuaz asko baliatzen denean. Euren ikasleen produkziorako eredu gisa irakasleek erabil ditzaketen ahozko paragrafo informal eta laburrak funtsezkoak dira hizkuntz irakaskuntzan, eta harrigarria da pentsatzea irakasle batzuek behin eta berriz uko egiten diotela hori egiteari, irakaslea ardatz hartzearekin erlazionatzen dutelako.
 
Metodologia ortodoxoak dio irakaslearen lehen eginkizunetako bat ikasleen hizkuntz outputa kontrolatzea dela. Trebetasun hartzaileei euren balioa osotoro aitortuko badiegu, garbi dago garrantzi bera eman beharko geniokeela irakasleak bere hizkuntza kontrolatzeko trebeziari. Irakaslearen hizketaren ideia larregi sinplifikatzearen erruz, irakasle askok baztertu edo gutxietsi egiten dute ikasleentzat balio handikoa izan daitekeen teknika bat.
 
Inputa eta harrera
 
Ikasleekin, beste barik, berba egiten dugunean ulertzen baldin badigute, agian eman daitekeen hizkuntza eskolarik onena ematen ari gara, eskurapenerako inputa ematen ari garelako.
 
Pilar Montoya
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
ZUZENTZEA ERRAZA, EZTA? (I)
 
Ez da ez, lan erraza idazlan bat zuzentzea. Zergatik, ordea? Hainbat kontu aintzat hartu behar ditugulako, agian? Zuzena izatearekin nahikoa ez delako, apika? Aberatsa, esanguratsua, interesgarria, eta ez dakit, nik nork esandako zenbat gauza gehiago izan behar duelako? Irakurleari erakargarri izan behar zaiolako? Aztertzaileek, naturaltasuna, zuzentasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta abar kontutan hartzen dutelako zuzentzerakoan? Ala askotan ikaslearekin adostasun batera heltzea zaila delako?
 
Honelako galderei zer-nolako erantzunak eman? Hor dago koska! Ala, gakoa?; Zer litzateke testuinguru honetan egokiago? Berdinak lirateke? Sinonimoak badira..., honela izan beharko luke? Nork dio halako ala bestelako estiloa hobea, ederragoa, politagoa, interesgarriagoa, zuzenagoa, aberatsagoa edota auskalo zeragoa denentz? Nork esango lioke ikasleriari halako idazlana beste idazlan hori baino askoz hobea dela edota hobeto dagoela, edota honako hau gainditzeko modukoa da hori, berriz ez dago ulertzerik, guztiz inkoherentea baita? Nork esaten dio irakurleari eleberri jakin bat oso ona dena? Irakasleek, kritikoek, idazleek? Ez ote da gustu / estilo kontua izango?
 
Litekeena da. Baina ikasleek egindako horrelako galderei aurre egin behar zaienean, berriz, zer-nolako erantzunak eman ditzakegu? Gisa horretan jarriz gero naturalagoa da, beste modu horretan, aldiz, fortzatuago-edo gelditzen da. Ala, nik horrela jarriko nuke zeren eta koherenteagoa izango litzatekeen, edota...
 
Ez litzateke askozaz probetxugarriago izango beraiei aukera ematea berek erantzuna aurki dezaten? Bide eman ikus dezaten haiek ere gustua / estiloa dutela eta kapazak direla erantzuna emateko, aurkitzeko eta, azken batean, beren idazlanak-eta zuzendu, aberastu, natural izan eta, aldi berean, jator izateko? Beharbada bai! Baina, nola lor dezakegu horrelakorik, baldin eta gizakia bada behin baino gehiagotan harri berberaren kontra estropezu egin dezakeen animalia bakarra? Hona hemen irakasleria kezkatzen duen galderatxoa!
 
Ez litzateke bidezkoa izango ikasleek berek, lehen esan bezala, zuzenketak egiten ikastea? Ikaskideen lanak hartu eta zuzentzea, aldi berean ikaskideak egindako hanka sartze berberak, baldin eta gehienetan egiten badituzte? Izan ere, ez ote da errazago besteren erroreez konturatzea norberak egindakoez baino?
 
Lupe Ugarte
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Zera irakurri dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzea hizpide hartuta, argitara emandako iritziak eta usteak ekarriko ditugu, ezaugutzea eta gurean eztabaidatzea mesedegarria izango delakoan
 
 
EUSKALDUNTZEKO SAIOEN EMAITZA DISKUTIGARRIAK

JAKIN 128 zenb., 2002ko urtarrila-otsaila, 133-137 orr.

Iņaki Martinez de Lunak Jakin aldizkariko Egunen gurpilean izeneko atalean soziolinguistikaren inguruko gogoetak argitaratu ditu azken boladan. Azken alean (128 zenb., 2002ko urtarrila - otsaila, 133-137 orr.) gure lanarekin lotura zuzen-zuzena duen gai bat planteatu du: euskaltegien emaitzak neurtzeko edo baloratzeko irizpideen ingurukoa.
 
Atariko modura, urrutiagotik hasi du bere gogoeta: euskal hiztun komunitatearen osasun egoeratik. Batzuen mezu ezkorraren aurrean (gogoratu Atxagaren hitzaldi famatua), beste batzuek euskarak eman duen aurrerapen nabarmena azpimarratzen dute. Batzuen zein besteen aurrean, datu argi eta errealetan oinarritutako azterketaren premia ikusten du Martinez de Lunak.
 
Euskaltegiek aurrera daramaten lanaren aurrean ere antzeko zerbait eskatzen du, zera nabarmenduz: euskaltegien jarduna baloratzeko erabiltzen den ia irizpide bakarra matrikulazioarena da. Matrikulazioa gorantz badoa, euskaltegien osasun onaren seinale da. Baina aldagai horren alde ahulak ere agerian geratzen dira:
 
Matrikulatzen diren guztiak ikasle berriak ote? Behin eta berriz urratsak errepikatzen dituzten horietakoak? Edota ikastaroak eta urte sabatikoak amaierarik gabeko segidan tartekatzen dituztenak?
Eta ikas prozesua bukatu orduko, frustrazioak garaituta, porrot egin eta euskara ikasteari uzten diotenen kopurua, non islatzen da?
 
Eta porrot honen haritik, hausnarketa bide hau proposatu digu: Errealitate gordin horrek ez ote digu irakasten hizkuntza bateko hiztuna izatea hizkuntza eduki batzuk barneratzea baino askoz gehiago dela?
 
Ikas prozesua & Gizarte prozesua
Porrotarena azaltzeko hipotesi hau proposatzen du: Hizkuntzaren alderdi sozialean arretarik ez eskaintzean datza (porrota), euskaldundu nahi zuten euskaltzale zintzo askok huts egitea; (...) euskalduntzeak ikas prozesua ez ezik, gizarte prozesua ere hartzen du bere baitan.
 
Aipatutako bi kontzeptuok honelaxe definitzen ditu: ikas prozesua hizkuntza edukiez jabetzea da; gizarte prozesua, ordea, hizkuntza komunitateko hiztunekin harremanetan aritzea, hizkuntza erabiltzea. Euskalduntzeak, beraz, bi arlo hauek lantzea suposatzen du Martinez de Lunaren ustez. Bietako batek huts eginez gero, porroterako aukerak ugaritu egiten dira. Gizarte prozesuak berarekin batera ekarriko lituzkeen zenbait aldaketa (euskarazko harremanak ez lirateke erdarazko berberak ez berdinak izango, adibidez) gertatu ezean, baliteke ikas prozesua gizabanakoa zinez euskalduntzeko nahikoa ez izatea.
 
Bi esparru hauen berezitasunak azpimarratzeko, koadro konparatibo bat proposatzen du. Guk hona alderaketa nabarmenenak dakartzagu:
 
 

EZBERDINTASUN ARLOAK

IKAS PROZESUA

GIZARTE PROZESUA

Ekintza-mota

Euskara ikasi

Euskara erabili

Helburuak

Gaitasuna lortu

Hizkuntza komunitatean txertatu

Kokapena

Euskaltegia

Gizartea

Ondorioak

Ezagutza areagotu

Hizkuntza bizimoldez aldatu

 
 
Diagnosi zientifikorako adierazleak eta programa ebaluaketa
 
Hasierako baieztapenera itzulirik, Martinez de Lunak errealitatearen azterketa (bai euskal komunitatearena, bai euskaltegien emaitzena, bai beste edozein esparrutan ematen dena) egiteko eredu zientifiko baten premia aldarrikatzen du. Eta bertan bi tresna nabarmentzen ditu:
 
Adierazle sistema: egoeraren berri emango liguke, baita denboran zeharreko bere bilakaerarena ere.
 
Programen ebaluaketa: abian diren ekimen eta programen emaitzak ditu aztergai eta aldi berean, berauen eraginkortasuna, balioa eta, hala komeni izango balitz, berauek aldatu beharra.
 
Euskaltegien egoerara itzulita, zera ikusten du: diagnosia nahiko txukun egina dago ikas prozesuaren inguruan (ongi zehaztuta dago nolakoa izan behar duen prozesuak, programak, ebaluazio sistemak...); ez, ordea, gizarte prozesuari dagokionean, ez baitago inolako ikerketa sendorik. Adibidez, euskaraz egiten ikasleak zenbat ordu eman beharko lukeen ez dakigu, eta jardun horren neurketa jarraiturako (...) tresnarik ere ez da garatu. Ezta ikasleak, ikas prozesua bukatu eta gero, lortu duen gaitasunari eusteko zenbat euskara erabilera behar duen. Eta ikasleari berari ere ez zaio ezer aipatzen arlo honek duen garrantziaz, arlo hau zaindu ezean, zail duela arrakasta izatea ikas prozesuan bertan.
 
Eta honelaxe bukatzen du bere hausnarketa: Euskalgintzan aurrera egin nahi izanez gero, baliabideak modurik egokienean erabili beharko ditugu, eta, horretarako, zientziaren garapen metodologiko eta teknikoak guztiz baliagarriak dira.
 
Aurreko zenbaki batean (Jakin 126, 109.or.) egile berak, aurreko guztiaren osagarri izan daitekeen beste arlo bat planteatu zuen: nola bihurtu erakargarri euskara oraindik ikastera, are gehiago, ezagutzera hurbildu ez direnentzat. Marketing kanpaina bat bailitzan, zenbait neurri planteatzen du:
 
Mezu positiboak: hizkuntza guztiek duintasun bera dute eta hizkuntza guztien prestigioa bultzatu beharra dago
 
Euskal errealitatearen irudirik atseginena saltzen hasi behar dugu, gure komunitatearen aberastasuna ezagutarazi, balio kulturala eta erakargarritasuna azpimarratuz
 
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
Zenbat buru...
 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
O MAILA
 
Garai batean musika-eskoletan preparatorio esaten zioten. Antza, musika ikasten hasteko jakin behar zena ikasten zen bertan. Ziur naiz, ordea, musika ikasten zela. Eta zergatik ez deitu, beraz,1. maila?
 
Antzeko zerbait gertatzen zaigu guri ere euskalduntzean. 0 mailaren beharra gero eta gehiagotan aldarrikatzen da. Ez daukat oso argi zer esan nahi duten eta maila horretan nork sartu beharko lukeen.
 
Entzundakoak entzunda gero eta konbentzituago nago ez dela horrelakorik behar eta, are gehiago esango nuke, beldur naiz ez ote den ulertu ez dugun zerbaiti aurkitu nahi diogun irtenbidea. Paradigma berri baten aurrean gaude eta horren aurrean bi aukera izaten dira: lehenengoa, paradigma berrian murgildu eta berori definitzen duten irizpideen arabera jokatzea; bigarrena, paradigma berrian aurrekoaren irizpideen arabera jokatu nahi izatea eta horretarako irizpide zaharrak janzkera berriz apaintzea. Lehenengoak ziurtasun-falta dakar, baina bigarrenak, gezurrezko erantzunak.
 
0 maila euskaraz ezer ez dakitenentzat dela esaten da: kanpotik etorriak, dena delakoagatik inoiz ikasi ez dutenentzat, euskararekin inongo kontakturik izan ez dutenentzat... Horiek delako 0 maila horretan izango lukete lehen kontaktua euskararen ikaskuntzarekin. Bi alderditik da faltsua planteamendua.
 
Euskara hizkuntza da eta hizkuntza kodea baino gehiago dela onartzen badugu (komunikazio-eginkizunak, komunikazio-helburuak, komunikazio-tresna...) ezin da ukatu gaur egun gurera etortzen den edozeinek hizkuntza bat baino gehiago darabilela eta beraz, bereganatuta dituela hizkuntzari buruz ikasi beharko lituzkeen kontu asko eta asko. Alderdi horretatik eta Chomsky-ri jarraiki, aldarrikatu egin beharko genuke agian, hizkuntzaren alderdi unibertsala: edozein hizkuntzarekin, erabiltzen duen kodea gorabehera, gauza berberak "egiten" ditugu. Eta hizkuntza-ikasleak ez ditu horiek ikasi behar, hizkuntza berrian horiek nola "egiten" diren baizik.
 
Ikaskuntza-prozesua bera ere ez da ezberdina euskararen kasuan. Gaur egungo gizartean gehienok izan gara ikaskuntza-prozesuren baten aktore. Jakina, gehienetan bigarren mailako aktoreak! Badirudi, gaur egungo planteamenduen arabera, ikasleak aktore nagusi izan behar duela. Horretarako bi baldintza dira beharrezko: batetik, orain arte aktore nagusia izan dena, irakaslea alegia, eszenatokian atzeratzea eta bere lekua aktore nagusi berriari uztea; bestetik, aktore nagusi berriak izan ditzakeen zalantza eta beldurrak uxatuta, benetan lan hori egin dezakeela sinestea.
 
Bi arrazoi hauengatik nago erabat sinestuta ez dela gaur egungo euskalduntzean hizkuntzarekin edota ikaskuntzarekin inolako kontakturik izan ez duen ikaslerik eta hori dela-eta ez dugula 0 mailan sartzeko moduko inor aurkituko. Euskarekin dagoeneko kontakturen bat izan duten ikasleek asko ikas dezakete hizkuntzari buruz beste hizkuntza batekin kontaktuan egon den batengandik. Horretarako nahikoa da guztiok sinestea hizkuntza kodea baino gehiago dela.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
HELDUEN EUSKALDUNTZEA SAREAN
 
AEK euskaltegiak: http://www.aeknet.net/euskara/euskalt.htm
 
AEK-ko euskaltegi guztien helbideak sarean.
 
UEUko Glotodidaktika Saila: http://www.ueu.org/GlotodidaktikaWEB/hasi.htm
 
Glotodidaktika Sailak berrikitan burutu du bere web-orriaren aktualizazioa.
 
 
BESTELAKOAK
 
Ikas: http://www.ikas.org/
 
IKAS euskal pedagogia zerbitzuak xedetzat dauka euskararen eta euskarazko irakaskuntza hedatzen laguntzea, bai eta euskal ondarea eta kulturaren ezagutza bultzatzea eskoletan, ondoko bideak erabiliz: a) mota guzietako dokumentalak kontsultzatzeko edo mailegatzeko eskainiz bere egoitzan; b) pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza landuz; c) dokumentu berriak sortuz eta hedatuz.

Inguma: http://www.inguma.org/berria/Inguma.cfm
 
Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea dugu Inguma. Bertan, euskaraz ekoitzi izan den produkzio zientifikoa era sistematikoan biltzeko ahaleginetan ari da Udako Euskal Unibertsitatea (UEU).
 
Daniel Cassany: http://www.upf.es/dtf/personal/danielcass/
 
Daniel Cassany-ren web-orria duzue hau. Bertan, besteak beste, gaur egun aurkitzen zailak diren hainbat artikulu bildu ditu.
 
 
 
Irakurleen ekarriak
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta
lankidetzak  gogo onez jasoko ditugu.
 
 
Hona hemen Miguel Galiciak helarazi digun iruzkina:

Abel Camachoren azken artikuluak direla eta, zalantza bat plazaratu nahi dut: ez ote da kontraesankorra esatea, alde batetik, materialek ez dutela per se kurrikuluaren berrikuntza bermatzen eta, bestetik, material hauek de facto ezartzen dituztela sarritan gure jardunaren nondik-norakoak, irakasleari dagozkion erabaki asko materialgileen esku utziz?
 
 
 
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia