Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 
2. alea, 2002ko otsaila
 
 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igorriko dizuen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko iritzirik adierazi nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko datuak?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
  1. Ekitaldiak
  2. Liburuak eta artikuluak: El abecé de la pragmática. Inma Bringas
  3. Lanak eta esperientziak: Euskaltegian ere txokoak. Izaskun Urtiaga
  4. Hausnarrean: Ikas-materialen auziaz (eta II). Abel Camacho
  5. Lotura interesgarriak
  6. Irakurleen ekarriak
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
AESLA Kongresua. 2002ko apirilaren 18tik 20ra bitartean
 
 AESLAk (Asociación Espańola de Lingüística Aplicada) 2002ko apirilaren18tik 20ra bitartean antolatuko du Jaén-en XX. Kongresua. Aurtengo gai nagusia hauxe izango da: Las lenguas en un mundo global. Urtero bezala, gai horren inguruko ponentzia, poster eta mahainguruez gain, beste 10 azpigaitan banatuko dituzte komunikazioak.
 
Informazio gehiago: AESLAren orrian (http://www2.uji.es/aesla) edo Kongresuarenean (http://www.ujaen.es/huesped/aesla2002/)
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.
 
 
Liburua: El abecé de la pragmática
Egilea: Graciela Reyes
Argitaletxea: Arco Libros
Urtea eta hiria:1996, Madril
HABE Liburutegian: L6D18 signatura
 
Pragmatikak esanahi linguistikoa aztertzen du, baina testuingu baten barruan, komunikazio-egintzetan alegia. Analisi hori hiztunok esanahia ulertzeko erabiltzen ditugun prozesuen bidez burutuko du.
 
Erabilitako lengoaiaren esanahia hiztunaren esanahia deitu izan da; horrek bi ezaugarri ditu: nahita sortua da eta berbak sortu diren baldintzen menpe egongo da.
 
Hiztunaren esanahia aipatzean, enuntziatu baten esanahi osoa ulertu behar da, hau da, hiztunak agerian zein inplizituki adierazitakoa.
 
Testuinguru linguistikoak barne hartzen ditu hiztunek dituzten ezagutza eta usteen multzoa; izan ere hauek beharrezkoak dira esaldiak sortu eta ulertzeko.
 
Hiru testuinguru bereizi ohi dira: linguistikoa, egoeraren araberakoa eta soziokulturala. Lehenengoa esaldiaren aurrean zein atzean doan material linguistikoak osatzen du, eta zenbaitetan kotestua deitu zaio. Bigarrena, egoerarena, ingurune fisiko hurbilean dauden solaskideek eskura dituzten datuen multzoa da. Azkenik, testuinguru soziokulturala hizkera egoera desberdinetara egokitzeko gizarteak eta kulturak eskaintzen dizkiguten datuen multzoa dugu.
 
Testuinguru soziokulturalaren alderdirik interesgarrienetako bat erreferentzia-esparruek osatutakoa da. Enuntziatuak beti ulertuko dira esparru metakomunikatibo baten barruan, zeinek solaskideen hizketa eta horien xedea sailkatzen dituen.
 
Esparruok jakin-mina eta aurrezagutzak eragiten dituzte, izan ere horrela izan ezean, hizkuntza ulertzeko eta ekoizteko lana ezinezko izango litzateke. Batzuetan "frames" edo erreferentzia-markoek eskura jartzen dizkigute komunikaziorako beharrezkoak ditugun datuak; horiek ezagutzaren arloari begira, esanahiak elkarrekin lotzen uzten diguten egoera edo kontzeptuen gaineko egitura estereotipatuak dira.
 
Egoera bakoitzean esan nahi duguna adierazten dugu; baina, aldi berean guk esatea espero dena ere, giza arauek gure bizitza linguistikoa tinko kodifikatzen baitute. Eta kodifikazio hauek, enuntziatuen esanahia mugatzen dutenez, kontestuaren baitan daude.
 
Nahiz eta linguistika estrukturalen gustukoa ez izan, onartu behar da zenbaitetan lengoaiaren erabilera ardazten duten giza baldintzak, gramatika arauak baino gogorragoak direla.
 
Liburu honetan aldarrikatzen den ideia hauxe dugu: pragmatika darabilgun hizkeraren esanahiaz arduratzen den azpijakingai linguistikoa da. Gogoratu, esaterako, Chomsky-ren eta bere jarraitzaileen esanetan, hizkuntza ondo osaturiko esaldi multzoa dela.
 
Reyes-ek pragmatikaren garapenean funtsezkoak izan diren hiru teoria aztertu ditu: Austin-ek formulatutako hizketako egintzen teoria, Grice-ren kooperazioaren printzipioak eta Sperber eta Wilson-en Errelebantziaren teoria.
 
Filosofoen artean, Jonh Austin dugu pragmatika garaikidearen sortzailea. Horren teoria John Searlek hobetu eta finkatu zuen. Mundua deskribatzeko ez ezik, gauzak egiteko ere hizkuntzaz baliatzen garelako ideia funtsezkoa dugu.
 
Austin-ek bi enuntziatu mota bereizi zituen: 
Adierazpenezkoak, (constatativos) egia ala gezurra adierazten dituztenak eta filosofiak 2.000 urtetan aztertutakoak.

Performatiboak, hauetan esaten dena zehatz-mehatz egiten da.
 Gure solaskidea -ezagun zein ezezagun, lagun zein etsai- komunikatzen saiatzen garena ulertzen ahaleginduko da. Eta, Grice-ren esanetan, hau horrela da solaskideen arteko aldez aurretiko akordioa dagoelako, komunikazioan elkarri laguntzeko berezko akordioa, alegia.Grice-k Kooperazio printzipioa deitu zion honi.
 
Hizkuntzalarientzat teoria honen alderdi interesgarria da esapide ugariren deskripzio argiagoa eta osatuagoa egitea. Hau da, esapide horiek esanahi ezberdinekin lotu beharrean, esanahi horiek inplikatura direla adierazten da, zeinak aurreikusi ahal diren komunikazio prozesuaren barruan.
 

Grice-ren eredua

Ondorio pragmatikoak

 

Motak

Ezaugarriak

Adibideak

Konbentzionalak

Egiazko balioari lotuak

Aurresposizioa

 
  1. Kalkulagaitza
  2. Deseztagaitza
  3. Bereiz ezin daitekeena

Jonek erretzeari utzi zion

Elkarrizketarako inplikatura

 
  1. Kalkulagaitza
  2. Deseztagaitza
  3. Bereiz daitekeena

Txiroa baina zintzoa

Egiazko balioari lotuak ez daudenak

Hitzarmenezko banakako inplikatura

 
  1. Kalkulagaitza
  2. Deseztagaitza
  3. Bereiz ezin daitekeena

Saiatua eta garaiz iristen da

Elkarrizketarako inplikatura orokorra

 
  1. Kalkulagaitza
  2. Deseztagaitza
  3. Bereiz ezin daitekeena
Etxe batera sartu nintzen
 
1986an argitaratutako liburu batean Dan Sperber eta Deirdre Wilson-ek errelebantziaren teoria formulatu zuten. Errelebantzia ekintza komunikatibo guztiak ulertarazten dituen printzipioa da; solaskideak esandakoa errelebantea delako izango du gure arreta.
 

ezagutzaren arloa

Errelebantzia =

 

prozesatzeko ahalegina

Sperber eta Wilson-ek urrunago heldu nahi izan dute eta komunikazioa azaltzeko printzipio bakarra eta orokorra zehaztu dute, Grice-ren kooperazioaren printzipioa baino argiagoa. Horiena, ezagutzazkoa izanda, unibertsala litzateke.

Graciela Reyesek linguistikaren munduan murgiltzeko aukera eskaintzen digu liburuxka honen bitartez. Bertan pragmatika zer den, nola garatu den eta pragmatikaren ikerketan parte hartu dutenen teoriak ezagutarazten dizkigu. Gaia hurbila egiteko idazkera garbia eta adibide asko erabili ditu.
 
 
Inma Bringas
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzea burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 
 
EUSKALTEGIAN ERE TXOKOAK

 

1. Zergatik txokoak?

Maila guztietan gertatzen den bezalaxe, 1An ere oso behar desberdinak dituzte gure ikasleek, hasierako gaitasun-maila bera ez delako. Hori dela kausa, nork bere helburuak betetzeko gune bat sortzea ezinbestekoa zela ikusi genuen, hots, ikasle bakoitzak dituen beharrei erantzuteko tarte berezi bat eskaini.
 
Proiektu honekin ikasleen autonomia bultzatu nahi dugu, hau da, haiek zer behar duten eta zer komeni zaien ondo aztertu ondoren, zer egitea komeni zaien erabaki behar dute. Hasieran irakasleak berak eramaten ditu hainbat material desberdin, baina benetako helburua ikasleek beraiek zerbait konkretu eskatzea da. Hau nahiko zaila dela jakin badakigu ere, denborarekin ikasleek onartu eta parte hartzen dute.
 
Ikasleei txokoen proiektua azaldu ondoren martxan jartzea erabaki genuen. Haiek oraindik ez zuten oso argi zer eta nola egingo zuten, baina ideia ona iruditu zitzaien.
 
Ikasleekin hitz egin ondoren txokoen maiztasuna erabaki behar zela ikusi zen. Astean bi ordu eskaintzea pentsatu genuen: astelehen eta asteazkeneko bigarren orduak.
 
Dena den, 1An trebetasun bakarrari ordu bete eskaintzea gehiegi iruditzen zitzaigula ikusita egun bakoitzean bi zeregin desberdin aukeratzea eskatu genien ikasleei.
 
2. Nola?
 
Hasteko ondoko orria pasatu genien ikasleei:

ZER EGITEKO PREST NAGO?

Atal bakoitzean nolako ariketak eta zenbatero egin nahi dituzun esan behar izango duzu. Nik ideIa batzuk baino ez ditut idatzi, zuri beste zerbait bururatzen bazaizu ipini. Ahal dela egin nahi dituzun ariketak zertarako edo zergatik egin nahi dituzun esan.

Mintzamena: egoerak, debateak, komikiak kontatu, istorioa kontatu, jokoak (tabu, situación límite...), egunerokoa kontatu...

Idazmena: gutuna, nota, telegrama, narrazioa, ipuina, gidoia...

Irakurmena: liburua, egunkaria, aldizkaria, testu solteak...

Entzumena: kantak, pelikulak, telebistako zerbait, irratiko zerbait...

Gramatika: ariketak, apunteak antolatu, astero item konkretu bat landu...

 

Ikasleek orri hau beteta, irakasleak jaso eta antolatzen hasten da. Horretarako nork zer nahi duen begiratu behar du eta azpitalde batzuk sortuko dira ikaskideen artean.
 
Ekintza honen asmoa ikasleen beharrak betetzea denez, haiexek eskatu behar dute zer egin eta ez irakasleak agindu. Hala ere, hasieran oso kostatzen zaienez nork berea erabakitzea, irakasleak lagun diezaieke landu nahi dutena aukeratzen.
 
3. Ebaluazioa
 
Lehenengo hilabetea pasa ondoren taldearekin hitz egitea gomendatzen dugu txokoetan egindako lana eta erabilitako prozedurak aztertzeko eta ebaluatzeko. Sarritan hasieran trebetasun bat eskatu eta denbora aurrera joan ahala aldaketaren beharra ikusten dute. Lehenengo puntuan esan bezala, ikasleen autonomia bultzatu nahi dugu eta aldaketarik proposatuz gero, bai trebetasun- aldaketak, bai trebetasun beraren lantze-moduak ikasleak beren ikas-prozesuaren jabe izaten hasi direla, edo, esan nahi du.
 
Ebaluazioaren maiztasuna ikasleekin batera negoziatuko dugu, beharren arabera.
 

Izaskun Urtiaga
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
IKAS-MATERIALEN AUZIAZ (eta II)
 
Aldizkari honen aurreko alean hainbat baieztapen egin genituen ikas-materialen berrikuntzarako. Finean honetara bil litezke: ikas-materialak kurrikulu-berrikuntzaren gakoaz gain, ezinbesteko tresnak ere badirela uste du askok eta askok. Are gehiago, material berriak edukita, zenbaitetan ematen du berrikuntza era automatikoan gertatuko dela.
 
Aurreko alean esan bezala, materialak garrantzitsuak direla ezin ukatu da; baina, gure ustez, ikas-prozesuaz, hizkuntzaren izariaz eta irakats-estrategiez behar bezalako hausnarketa bultzatu gabe, zeharo alferrikakoak izango dira gure hezkuntza-jarduna berritzeko saiakerak.
 
Ildo horretan, orain bi alderdi gaineratu nahi ditugu: irakasleak egiten duen materialen aukeraketa eta ikas-materialen kalitatea.
 
Lehenengo atalari dagokionez, ikas-materialak irakaslearen eta ikaslearen arteko zubitzat har ditzakegu. Logikoa dirudienez, ikasgelara eramango ditugun prozedura metodologikoek bat etorri beharko dute ikas-irakaskuntzari buruz ditugun printzipioekin. Hori guzti hori erabakitze-prozesu kontziente baten ondorio besterik ezin da izan: beharren analisia eta diagnosia egindakoan, irakats-estrategiak diseinatu beharko ditu irakasleak, eta horiekin koherenteak diren tresna didaktikoak aukeratu. Tresna didaktikoen artean ikas-materialak ditugu. Erabakiok, jakina, koherentziaren printzipioak gidatu behar ditu. Hartara, atalen batean (hizkuntza edo ikaskuntzari buruzko ikuspegia, kasu) hartzen dugun erabakiak gainerakoetan izango du eraginik.
 
Hor, hain zuzen ere, kokatzen dugu guk ikas-materialen analisiaren beharra. Izan ere, materialek de facto ezartzen dituzte sarritan gure jardunaren nondik norakoak, irakasleari dagokion erabaki asko, materialgileen esku utziz.
 
Bestaldetik, ikas-materialen kalitatea dela-eta, material ona / material txarra bereizketa oso azaleko bereizketa iruditzen zaigu. Izan ere, zein da kalitatea epaitzeko irizpidea? Dudarik ez dago pentsatzen duguna eta egiten dugunaren arteko koherentzia errespetatzea kalitatearen adierazgarri izango dela, baina hori gorabehera, material ona ez al da ikas-prozesuari eragiteko balio duena? Ez al da kalitatearen adierazgarri materialei ematen diegun erabilera? Ez al du erabilera jakin horrek ikas-materialen eraginkortasuna areagotuko edota txikituko?
 
Material onik ez dago, ezta txarrik ere. Materialen erabilera egokia edo desegokia izango da, gure ustez, kalitatea neurtzeko irizpide nagusia.
 
 
Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
 
Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia: http://www.lasarte-oria.org/euskaltegi.html
 
 
BESTELAKOAK
 
CNAI-NHAG Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzan ari da baina auto-ikaskuntzaren esparrutik. Saio presentzialak eta birtualak eskaintzen ditu hainbat hizkuntzatan.
 
Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzuak atariko proba gainditzen laguntzeko Atariko proba 1.0 aplikazio informatikoa prestatu du. Access-erako aplikazio honek 2000 galdera baino gehiago biltzen ditu, gehienak benetako atariko probetatik ateratakoak.
 
Profesional euskaldunarentzako albistegia da Sustatu, ekonomiaren alor desberdinetan lanean diharduten eta prestatzen ari diren gazteentzako zerbitzua. Honako atal hauek hartzen ditu: kultura, irakaskuntza, internet, informatika, hizkuntza, enpresa eta bestelakoak.
 
Foro didáctico. Cervantes Institutua: http://cvc.cervantes.es/foros/default.asp
Espainiera irakasten dutenei begirako foro didaktikoa duzue hau. Bertan, irakasleek plazaratutako zalantzak -linguistikoak zein metodologikoak-  eskariak, gogoetak.. aurkituko ditugu.
 
 
 
Irakurleen ekarriak
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta
lankidetzak  gogo onez jasoko ditugu.
 
Dagoeneko jaso ditugu hainbat eskari eta ohar. Gure posibilitateen arabera, saiatuko gara guztiei erantzuten.
 
 

Harpidetu edo harpidetza ezeztatu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidal iezaguzu

Zer nahi duzu?   

Zure e-posta helbidea?

 

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
© Santurtziko Udal Euskaltegia