Irakasleon Aldizkaria
 
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 
1. alea, 2002ko urtarrila
 
 
Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igorriko dizuen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 
Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondoko helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com Zuen iritziak Irakasleon Aldizkarian argitaratuko ditugu.
 
 
 
Aurkibidea
  1. Ekitaldiak
  2. Liburuak eta artikuluak: Gramatika eta gaitasun komunikatiboa. Pedro Lonbide
  3. Lanak eta esperientziak: Testu errealen erabilera. Aitor Etxebarria
  4. Hausnarrean: Ikas-materialen auziaz (I). Abel Camacho
  5. Lotura interesgarriak
 
 
Ekitaldiak
 
Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu
 
 
Helduen Euskalduntzearen I. Mintegia. 2002ko martxoak 1
 
UEUko Glotodidaktika Sailak antolatutako lehen mintegi hau Markeskua Jauretxean izango da, Eibarren. Hiru txosten labur aurkeztuko dira. Partaideak taldeka bilduko dira txostenen gaia jorratzeko eta adostutako ondorioak eta proposamenak formulatzeko. Gaia HEOk-ek ekarri duen mailaketa berria (mailak / urratsak) izango da. Plazak mugatuak dira.
 
Laster informazio gehiago zabalduko da.
 
 
Congreso Internacional Expolingua. 2002ko apirilaren 11tik 14ra bitartean
 
Urtero Madrilen izaten den kongresu honen aurtengo edizioan hiru tailer izango dira eta zortzi hitzaldi. Horrekin batera hizkuntzen irakaskuntzarekin loturiko erakusketa-aretoa egongo da ikusgai. Hitzaldien planteamendua orokorra izaten da, ez oso teknikoa.
 
Informazio gehiago: http://www.expolingua.es/
 
 
 
Liburuak eta artikuluak
 
Zein liburu edo artikulu (berri zein zahar) izan daiteke interesgarria gure formazioari begira? Galdera horri erantzun nahi diogu hemen.
 
 
Artikulua: La gramática como componente de la competencia comunicativa
Egilea: Clara Kondo Pérez
Liburua: Tendencias actuales en la enseñanza del español como lengua extranjera: actas del VI Congreso Internacional de ASELE (León, 1995)
Argitaratze-urtea:1996
HABE liburutegian:G17B8

 

 

Gaitasun komunikatiboaren baitan gramatikak duen lekua eta eginkizuna azaldu nahi ditu Clara Kondo Pérezek artikulu honetan. Horretarako, alderdi soziolinguistikoan, diskurtsiboan eta estrategikoan gramatikak duen eragina aztertzen du. Gaztelerazko, ingelesezko eta frantsesezko adibideen bidez agerian uzten du gramatika-egitura jakinek ondorioak dituztela gaitasun komunikatiboa osatzen duten alderdiotan.

Eragin honen garrantzia azpimarratuta, hizkuntzen irakaskuntzan gramatikak izan behar duen funtzioa eta nolakotasuna azaltzen ditu:

Batetik, izaria azpimarratzen du: gramatika ez da izango helburua, bitartekoa baizik; gramatikak hainbat komunikazio-helburu lortzeko tresna behar du izan.

Bestetik, hizkuntzen irakaskuntzan izan behar duen trataera definitzen du: gramatika ezin izango da gainontzeko gaitasunetatik at erabili eta derrigorrezkoa izango da gramatika-eduki bakoitza nola osatzen den eta noiz, nola eta zertarako erabiltzen den azaltzea.

Erraz irakurtzeko eta ulertzeko moduko artikulua da eta gai honen inguruan hausnarketan hasteko egokia izan daiteke.

 

 

Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzea burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 

TESTU ERREALEN ERABILERA

Badirudi askoren kezka dela gure ikasgelan egin dezakegun testu errealen erabilera, behe mailetan bereziki. Komenigarria, egokia ote da hasierako mailetan testu errealak erabiltzea?

Mutur batean koka genitzake galdera honi ezezko borobila ematen diotenak. Eta erabiltzekotan, testua goitik behera moldatu beharra ikusten dute, ulertu ezinaren arrastorik txikiena ezabatuz. Jarrera horren atzean uste hau dagoelakoan nago: ikasleak eskaintzen zaion input osoa ulertu behar duela beti, ezin dela klasean azaldu gabeko eduki linguistikorik azaldu; bestela ezinegona, desanimua e.a. sortuko zaizkio eta.

Horren aurrean, eta beste muturrean, aurki litezke edozein testu erreal edonoiz eta edozertarako erabili zaleak, agian irakurritako joera berritzaile baten interpretazio literalegia egin nahirik; baina, nire ustez, hauek gutxienekoak dira.

1. Zergatik erabili testu errealak?

Gure euskaltegi askotan (ingurune ez-euskaldunean kokaturik daudenetan bereziki) ikasleek zailtasun handiak izaten dituzte ikasgelan landutakoa eguneroko komunikazio-egoeretara eramateko. Oztopo edo gabezia honi aurre egiteko egokia litzateke ikasgelan burutzen diren jarduera didaktikoek jatorrizko hiztunek egiten dituzten jarduera komunikatiboen ezaugarriak jasotzea. Honen haritik, egunkariak eta aldizkariak irakurtzen trebatu beharko genuke ikaslea; irratia eta telebista ulertzeko baliabideak eskaini...

Bestela esanda, ikuspegi komunikatiboaren ezaugarrien arabera jokatzea erabakitzen badugu, klaseko jarduna bizitza errealerako baliagarria izatea baldin bada gure nahia eta gure helburua, ikasgelara benetako hizkuntza-ereduak eraman behar ditugu. Horrek berarekin batera dakar, nire ustez, testu errealen erabilera.

2. Zertarako erabili testu errealak?

Arestian aipaturikoan zenbat eta lehenago aritzen hastea, hobe: horrela, ikaslea hasiera-hasieratik ohituko da testu errealekin aritzeak eskatzen dituen ikas-estrategiak erabiltzera: aurretiko ezagutzak aktibatu; aurreikuspenak egiten ikasi; hitzen esanahia inferitu; ulermen zehatza/ulermen orokorra bereizi; testuaren mamiaz, ideia nagusiez jabetu...

Testu errealen erabilerak eskaintzen duen beste abantaila bat eduki linguistikoak testuinguru batean ikastea da; testuinguru erreala, benetakoa; ez eduki jakin baten mesedetan sortutakoa.

Eta azkenik, erabilera honek izan dezakeen beste ekarpen bat. Askotan irakurri izan dugu input-ak, eraginkorragoa izango bada, ikasleak aldez aurretik dakienari zerbait berri edo ezezaguna erantsi beharko diola (Krashen-en input positiboa edo i+1) Testu errealen erabilerak (eta ezezaguna den ezer aurkeztu behar ez delako "mamua" gainditurik) jokaera hau errazten duelakoan nago.

3. Zer-nolako testuak? Zer-nolako erabilera-irizpideak?

Eman dezagun beste urrats bat. Edozein testu erreal erabil liteke edozein unetan?

Badakigu ariketen zereginak markatzen duela ariketaren zailtasuna, eta ez horrenbeste ariketa horretako euskarria den testuak berak. Hau da, testu erraz samar batekin ariketa zaila sor liteke, eta alderantziz.

Hori horrela, ikuspegi orokor batetik, bestelako irizpide zehatzagoak planteatu nahiko genituzke testu errealen eta berauen lanketaren inguruan, argi izanik lehen irizpidea hauxe izan beha dela: zer landu / lortu nahi dugu dena delako testutik sortutako dena delako ariketaren bidez.

Testuaren izariaren inguruan

Luzerarik dagokionez, argi dago egokiagoa dela testu laburretatik hastea. Are gehiago, konplexutasun formal txikiagoa eskaintzen dutenetatik. Adibidez, errazagoa izango da edozein euskal hiritarri begira dagoen foileto informatiboa (publizitatea eskaintzen duten foiletoak, lehiaketa baten parte hartzeko oinarriak jakinarazten dituenak, jardunaldi batzuen egitaraua aurkezten duena, Administrazioak gai jakin baten inguruan informatzeko edo sentsibilizatzeko sorturikoak: prebentzio kanpaina; edota edukiontziak erabilera sustatzeko; txertaketa kanpaina...); edota grafikoak, irudiak... dituena.

Generoari dagokionez, ulergarriagoa izango da ikasle hasi berrientzat kontaketa edo deskribapena oinarri duten berri laburrak, iritzian edo argudioan oinarritutakoak baino.

Gaiei begira, errazagoak izango dira ikasleen interesguneetatik edo eguneroko esperientzia errealetik hurbil daudenak, bestelakoak baino. (Gaur egun, adibidez, errazagoa izango da euroaren inguruko testu labur bat, azken aurkikuntza zientifiko edota arte mailako azken joeraren ingurukoa baino)

Prozedurei dagokienez

Printzipio edo irizpide nagusia hauxe izan behar delakoan gaude: ariketa egingarriak izan daitezela, baina ez errazegiak, nolabaiteko esfortzua eskatzen dutenak. Izan ere, erronka bultzagarria da eta motibazioan eragin positiboa izango du.

Ulermenerako bide lagungarriak. Bide lagungarri hauen artean honako hauek aipatuko ditugu, adibide gisa:

 

Ikasleen aurre-ezagutzetatik abitu, beren esperientzia pertsonaletik, ahal dela. Goragoko adibide baten ildotik, landuko dugun testuak euroari buruzkoa bada, has gaitezen euroaren inguruan izaniko esperientzia, ezagutza eta abarrekin.

 

Entzun edo irakurriko duten testuaren hitz gakoak eskaini, eta berorien inguruan antolatu testuaren informazio nagusia.

 

Testu berari dagozkion zenbait laburpen eskaini, egokiena dena aukera dezaten.

 

Zenbait foiletotan euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak eskaini, biekin aritzeko.

 

(...)

Ulertu dela adierazteko bideak erraztu. Adibidez:

Egia / gezurra moduko prozedurak.

 

Elkarrizketa bat bada, aurrez emaniko galdera eta erantzunak lotu.

 

Erantzun okerra infiltratu eta identifikatu; edota zerrenda bateko elementuak agertu ahala markatu.

 

(...)

 

Lexikoaren inguruan

Hitzaren esanahia inferitzeko ariketak proposatu. Inferentzia honetarako bideak eskaini: testuingurua, hitz gardenak, hitzaren forma gramatikaletik edo atal baten ezagutzatik esanahiaren inguruko hipotesiak formulatu.

 

Hitzen euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak parekatu.

 

Bi bertsioak eskaintzen diren ariketetan (euskaraz eta gaztelaniaz), euskarazko zenbait hitzen gaztelaniazko bertsioa aurkitu testuan, edo alderantziz.

Hasierako mailetan testu errealen lanketan erabil genitzakeen prozeduren adibide batzuk baino ez ditugu eskaini. Jakina denez, hauek baino askoz ugariagoak dira testu errealekin erabil genitzakeenak. Gainera, ahal dela eta metodologia bortxatu gabe, saiatu beharko genuke testu beraren inguruan prozedura globalak eta integratuak erabiltzen.

 
Aitor Etxebarria
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
 
 
Hausnarrean
 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
 
IKAS-MATERIALEN AUZIAZ (I)
 
Azken boladan ikas-materialak direla-eta, oso ohikoa bihurtu da material kurrikularren eskasia handia dagoela esatea. Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluak (HEOK) hainbat berrikuntza ekarri ditu euskaltegietara, euskara irakatsi eta ikasteko prozesuak aztertzeko eta interpretatzeko markoa eskainiz. Berrikuntza-prozesu horretan, askok eta askok ikas-material berriak eskura izatea jotzen du ezinbesteko baldintzatzat. Bestela esateko, askoren galdera ondokoa da: Nola berrituko dugu gure hezkuntza-jarduna lehengo material zaharrak erabiltzen segitzen badugu?
 
Horregatik edo, zenbaitetan ematen du ikas-materialak kurrikulu-berrikuntzaren gakoaz gain, ezinbesteko tresnak ere badirela. Horren atzean, guk topiko antzeko bat sumatu dugu behin baino gehiagotan: material berriak edukita, eta horiek erabiliz gero, berrikuntza era automatikoan (edo misteriotsuan) gertatuko bide da.
 
Bestaldetik, egia da azken boladan ikas-material berri asko argitaratu direla. Hori horrela, askok identifikazio erreza egin du: kurrikulu berria aurrera eramatea materialok erabiltzea baino ez da.
 
Gure ustez, materialek ez dute, per se, inondik inora berrikuntza gertatuko denik bermatzen. Are gehiago, benetako berrikuntza gertatuko bada, funtsezko hainbat alderdiri buruzko iritziak eta usteak esplizitatu beharko ditugu, hala nola: a) zer-nolako ikuspegia dugu ikas-prozesuaz?; b) zer-nolakoa hizkuntzaren izariaz? eta c) zer-nolakoa irakats-prozesuez?
 
Izan ere, jardun eta jardun dugu urte luzetan, zenbaitetan arrakastatsu eta zenbaitetan ez. Gutxitan, baina, sortu izan digute kezka arrakasta edo porrotaren arrazoiek, edo bestela, ez dugu tresna egokirik izan esku artean horiek aztertzeko. Horregatik, berrikuntzak txertatzeko momentuan, gure iritzi-sistemak ustezko errezetak zirriborratzera eraman gaitu, sukarra gutxitzearren, baina sukarra zerk sortzen duen aztertzeko aukerarik gabe.

Errazena beti soluzio idealak eskatzea da (ez ematea, jakina), ahal dela, metodologikoki isla zuzena izango dutenak. Hor kokatzen dugu guk ikas-material berrien auzia. Ez dugu esango, jakina, material berrien beharrik ez dugula, ezta ere zabaltzen ari diren ereduak baliagarriak izango ez direnik. Bai, ordea, materialen bidez lehen aipatu ditudan kezkak estali nahi direla, beharrezko hausnarketa bultzatu gabe. Bestela esateko, gelan zer eta nola egingo dugun esateko ari gara eskatzen, zergatik eta zertarako galderei erantzun gabe.

Abel Camacho
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
Lotura interesgarriak
 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
EUSKALTEGIAK SAREAN
 
Gero eta euskaltegi gehiago ari da web orria internet-en eskegitzen. Hona hemen horietako batzuk:
 
Urrats Euskaltegia: http://www.urrats.com
 
Abegi Euskaltegiak: http://www.abegi.com/
 
Gabriel Aresti Euskaltegiahttp://www.gabrielaresti.com/index.htm
 
Pasaiako Udal Euskaltegia: http://www.paisvasco.com/pasaia/informa1e.html
 
Galdakaoko Udal Euskaltegia: http://www.galdakao.net/euskara/eusk1_eu.html
 
Durangoko Udal Euskaltegia: http://www.durango-udala.net/euskaltegi.html
 
 
BESTELAKO LOTURAK
 
Educaweb:  http://www.educaweb.com/
Gune honetan hezkuntzari buruzko baliabide ugari ditugu eskura. Horrez gain, posta elektroniko bidezko boletina ere argitaratzen du asteroko maiztasunez.
Glosas didácticas: http://sedll.org/doc-es/publicaciones/glosas/index.html
Sociedad Española de la didáctica de la lengua y la literatuta (SEDLL) erakundeak argitaratzen duen aldizkari elektronikoa.
 
 
 
Anima zaitezte eta har ezazue parte Irakasleon Aldizkarian. Zuen aportazioak eta
lankidetzak  gogo onez jasoko ditugu.
 
 
Hemendik aurrera jasotzen segitu nahi ez baduzue, bidali mezu huts bat aldizkaria@santurtzieus.com helbidera , gaian (asunto) "harpidetza ezeztatu" idatziz. Beste helbideren bat harpidetu nahi izanez gero, berdin jokatu baina gaian "harpidetu" idatziz.
 
 
www.santurtzieus.com

ã Santurtziko Udal Euskaltegia