Euskaltegian egiten duzuna osatzeko, badauzkazu zure esku beste zenbait baliabide. Segidan horrelako batzuk aurkeztuko dizkizugu:

Euskaltegiko Liburutegia

Euskaltegiko lehenengo solairuan liburutegia duzu. Han material asko aurkituko duzu zure kabuz ikasteko: nobelak, komikiak, entzungaiak, eta abar.

Mailegu-sistema bat daukagu: zenbait gauza, hala nola nobelak eta komikiak, etxera eraman ditzakezu lasai irakurtzeko; beste zenbait gauza, adibidez gramatikak eta hiztegiak, gelan bakarrik erabili ahal dira. Zerbait etxera eraman nahi duzunean, zeure irakasleari esan behar diozu. Lau asteko epea daukazu liburua irakurtzeko eta gero zure irakasleari eman behar diozu. Ikastaroaren bukaeran, ekainean, liburu guztiak itzuli behar dira. Ez dugu libururik mailegatzen udako oporretarako.

Eskatu laguntza zure irakasleari zuretzat egokia den liburu bat aukeratzeko eta anima zaitez irakurtzera, asko ikasiko duzu.

Berbalagun

Guztiok badakigu hizkuntza bat ikasteko, erabili behar dela. Eta ikasle askoren kezka da euskaltegitik kanpo ez dutela euskaraz hitz egiteko aukerarik. Arazo horri aurre egiteko sortu zen Berbalagun. Hau mintzapraktika programa bat da. Bertan, euskaraz hitz egin nahi duten pertsonak elkartzen dira euskara praktikatzeko. Euren interesen arabera sortzen dituzte mintzapraktika egiteko taldeak: batzuk tabernetan ibiltzeko, beste batzuk mendira joateko, kirola egiteko edo umeekin parkean egoteko... Eta talde bakoitzak erabakitzen du zein egunetan bildu eta ordutegia.

Talde hauek oso ondo funtzionatzen dute, eta oso aukera ona izango da zuretzat ikasten ari zarena praktikatzeko. Eman zure izena gure euskaltegiko idazkaritzan, adierazi zure interesak eta komeni zaizun ordutegia eta laster zure intereseko taldea topatuko duzu .

Baliabideak on line

Hiztegiak

Ikasleek gehien erabiltzen duten on lineko hiztegia Elhuyar da.  Hemen eskaintzen dizkizugu bi lotura hiztegi honetarako. Diccionario Elhuyar on line eta Diccionario Elhuyar on line

Goi mailako ikaslea bazara, komeniko zaizu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua erabiltzea.

Horretaz aparte, hurrengo web honetan aurki ditzakezu beste hiztegi batzuetarako loturak.

Albisteak euskaraz

Asko aurreratuko duzu albisteak irakurtzen badituzu ikasten ari zaren hizkuntzan. Hona hemen hiru leku albisteak irakurri ahal izateko

Irratia euskaraz interneten

Entzundakoaren ulermena praktikatzeko, albisteak eta beste programa batzuk euskaraz entzun ahal dituzu zuk nahi duzun momentuan, grabaturik aurkituko baitituzu hurrengo helbidean.

Aldizkariak

Hona hemen zenbait euskarazko aldizkari digital

Zuzentzaile ortografikoa

komeni zaizu zuzentzaile ortografikoa bat deskargatzea eta zure ordenagailuan jartzea. Hurrengo orrian deskargatu ahal duzu:

On line hitz egiteko aukera

Hurrengo helbidean lagunak aurkitu ahal izango dituzu hizkuntza ahoz eta doan praktikatzeko internet bidez: mintzanet.

Atariak

Hurrengo atarietan baliabide eta zerbitzu asko aurkituko dituzu:

Santurtziko Udal Euskaltegiko web-gunea. Gure web-guneak hiru gauza eskaintzen dizkizu nagusiki:

Informazioa

Euskaltegiaren orrian informazio asko aurkituko duzu euskara-agiriak lortzeko deialdiei buruz, Hala nola, HABEren azterketak, EGArenak, Hizkuntza Eskolarenak, eta abar.

Euskaraz gauzatzen diren ekitaldi guztien berri ere ematen dizugu hilero-hilero: zer, non, noiz... Ikasten ari zaren hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezazun.

Euskararekin eta euskararen ikaskuntzarekin zer ikusirik daukan edozein informazio ere bertan eskaintzen dizugu: udako barnetegiak, berbalagunak, diru-laguntzak, informazio orokorra...

Gure berriak segitu ahal dituzu bi toki hauetan ere: Twitter eta Facebook.

Idazkaritza birtuala

Hemen aurkituko duzu Euskaltegian ditugun ikastaroei buruzko informazioa: moduluak, egutegiak, ordutegiak, prezioak...

Bertan ere egin ahal duzu matrikulazioa euskaltegira etorri barik, eta horren bidez ere jar zaitezke  gurekin kontaktuan administrazioari buruz daukazun edozein zalantza edo arazo adierazteko.

Ikasgela birtuala

Bertan euskara on line ikasteko doako ikastaroak dituzu: teoria-azalpenak, irakurmen-ariketak, entzumen-ariketak, gramatika-ariketak... Ikastaro hauetako ariketak egin ahal izateko erabiltzaile-kontua eduki behar duzu. Kontu hau egiteko arazorik baduzu, eskatu laguntza zure irakasleari. Behin hori eginda, nahi duzun ikastaroan egin dezakezu matrikula doan.

HABEren web-gunea: http://www.habe.euskadi.net

Dudarik gabe, komeni zaizue orri hau ezagutzea. Bertan, beste gauza batzuen artean, interes handiko hiru atal hauek aurkituko dituzu:

Ikasle eta irakasleen sarbidea: Lehenago esan dizugun bezala, sarbide hau erabili behar duzu zure ibilbide akademikoa kontsultatzeko, ikastaroan atera duzun emaitza ikusteko, HABEren azterketarako matrikula egiteko, emaitza jasotzeko eta diru-laguntzak eta ziurtagiriak eskatzeko.

Azterketa-deialdiak eta ziurtagiriak: Atal honetan aurkituko duzu HABEren azterketei buruzko informazio guztia. Gainera, eta hau zuretzat izango da garrantzitsuena, azken urteetan erabili diren azterketak zure esku dituzu, zuk zeure kabuz egiteko eta, horrela, azterketara joan baino lehen trebatuta egoteko.
Ikasleentzako diru-laguntzak: Hemen dago HABEk ematen duen diru-laguntzari buruzko informazio guztia.

Ikasbil 

Web honetan topatuko dituzu era guztietako ikasmaterialak: ariketak, ikus-entzungaiak, irakurgaiak, azterketa ereduak, aldizkariak, hizkuntza-arauak, ikastaroei buruzko informazioa... Euskara-ikasle batek behar duen guzti-guztia hemen dauka egoki bilduta

 

Hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, derrigor, rol aktiboa jokatu behar duzu. Horrek esan nahi du zeure ikasketaren ardura hartu behar duzula. Euskaltegira etortzea eta irakasleak ematen dizkizun ariketak egitea ez da nahikoa izango zuk nahi dituzun emaitzak lortzeko. Ordea, arrakasta lortzeko hurrengo gauzak egin behar dituzu:

Zeure ikasketa programatzen ikasi behar duzu:
  • Erabaki behar duzu zenbat denbora emango diozun astean etxean ikasteari.
  • Erabaki behar duzu nola burutuko duzun ikasketa denbora horretan.
  • Ikasteko helburuak hartu behar dituzu. Horretarako, zeure gabeziak detektatu eta zerrendatu behar dituzu eta hortik helburuak aukeratuko dituzu.
  • Ikasi behar duzuna ikasteko, materiala bilatu behar duzu.
  • Behar izanez gero, irakaslearen edo ikaskide baten laguntza bilatu ahal duzu.
  • Ariketak egin ondoren, ebaluatu behar duzu egin duzun lana. Erabaki behar duzu puntu horretan gehiago sakondu behar duzun ala gauza berri bat ikastera pasatuko zaren.

Aholku hauek mesedegarriak izango zaizkizu:

  • Ordenatua izan behar duzu. Egiten duzuna karpeta batean gorde ezazu, txukun eta ordenatua. Erabil itzazu atal ezberdinak. Koaderno bat ere eduki ezazu, oharrak hartzeko, irakasleari egin nahi dizkiozun galderak apuntatzeko, edo ikasi behar duzuna programatzeko. Gero ohar hauek karpetan gorde. Hartzen ari zaren informazioa ordenatzen eta gordetzen ez baduzu, ezin izango duzu informazio honekin lan egin eta, hortaz, nekez joango zara aurrera.
  • Zenbait gauza buruz ikasi behar izango dituzu (lexikoa, lexikalizazioak, egiturak...); beraz, komeni zaizu gauzak buruz ikasteko teknikak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Ikasitakoa praktikatu behar duzu. Horretarako zeure inguruko aukera guztiak aprobetxatu behar dituzu. Zuk ezagutu behar dituzu zein diren zeure behar komunikatiboak eta praktikatzeko aukerak bilatu behar dituzu.
  • Ez zaitez lotsatia izan. Erroreak ez dira txarrak. Erroreak esan nahi du hizkuntzaren zati bat ikasi duzula  (hori ona da) eta beste zati bat oraindik ez duzula ikasi (eta horregatik egiten duzu errorea), baina hori ere ona da ezen erroreak adierazten baitizu zer ikasi behar duzun: errorea zure ikasketaren gidaria da.
  • Ez zaitez ardurabakoa izan: gauza bat solturaz komunikatzeko gai zarenean, saia zaitez zuzen esaten. Ikasi nola esaten den ondo, galdetu, bilatu liburuetan, eta buruz ikasi (dela aditza, lexikoa, egitura, esamoldeak…)
  • Ikasteko erabili ahal duzu eskura daukazun guztia: kaleko txartelak, autobidekoak, iragarkiak, telebista, irratiak, aldizkariak…Batez ere, zure lanari dagokionez, egin ezazu hiztegitxo bat eta sartu bertan zure lanari buruzko lexikoa:  hitzak, aditzak, esamoldeak…)
  • Ikasteko lana zuk zeuk egin behar duzu, eta ezin du beste inork zure ordez egin. Beraz, hizkuntza-ikasle arrakastatsua izateko, zure gain hartu behar duzu ikasteko ardura. Lortuko duzuna egindako lanaren kantitatearen araberakoa izango da, baina are eragin handiagoa izango du lanaren kalitateak kantitateak baino.

 

Ikastaldea lan taldea da; lan egiteko bildu dira irakaslea eta ikasleak. Hortaz, ikasteko lana eragozten duten jokaera guztiak gaitzetsi behar dira; hala nola, taldeari denbora galarazten dioten jokaerak (adibidez, klaseko jarduera txitean-pitean moztea ateraldi txistoso bat egiteko, puntualitate falta...), taldearen helburuekin zerikusirik ez duten jokaerak, taldekideari lana eragozten dioten jarduerak (adibidez, taldekako lanean parte ez  hartzea, zarata egitea...), ikaskideari errespetu falta izatea...

Ostera, lana burutzea mesedetzen duten jokaerak onesten dira: lankidetza, puntualitatea, hurkoarekiko errespetua, lan markoa onartzea eta taldearen helburuak lortzeko lan egitea.

 

Zer dira euskara-ikasleentzako dirulaguntzak?

HABEk diru-laguntzak ematen dizkie euskaltegi batean ikasi eta maila bateko gaitasun-agiri bat lortu duten ikasleei. Laguntza hauek ez dira kudeatzen euskaltegietan eta ikasleek HABEri eskatu behar dizkiote HABEren web-gunearen bidez. Hemen daukazu diru-laguntza hauei buruzko informazio guztia:

Santurtziko Udalak diru-laguntzarik ematen die euskara-ikasleei?

Bai, Udalak diru-laguntza sistema bat dauka. Beka hauek ez dira kudeatzen euskaltegian eta udaletxera joan beharko duzu eskatzera. Udalaren web-gunean aurkituko duzu behar duzun informazio guztia, atal honetan.

Zer da Euskara Eskura Txartela?

Euskara Eskura Txartela Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko ikasleei ematen dien deskontu-bonu pertsonala da. Bonu hau jaso ahal izateko ikasleak A1, A2, B1 edo B2 maila gainditu behar dute. Deskontu-bonu hau soilik erabil daiteke hurrengo ikasturterako matrikula egitean. Diru-laguntza honi buruzko informazio guztia web honetan aurkituko duzu: www.bizkaia.eus/euskaratxartela.