www.santurtzieus.com

ARGUDIO MOTAK

ARGUDIOAK ETA FALAZIAK BEREIZTEN

 

Argumentazioa eguneroko komunikazioan ohikoa den jarduera da; gai baten inguruko eztabaidetan maiz hartzen dugu parte; hala ere, gutxitan izan dugu horren izaeraz hausnartzeko abagunea. Jarraian aurkeztuko dira argumetazioaren izaera ezagutzeko beronek dituen estrategiak eta ezaugarriak aztertuko dira eta, praktikara begira, nola bideratu diskurtsoa ondorio koherente bat erdiesteko.

Horren ildotik, komenigarri ikusten dugu kontzeptu batzuk zehaztea. Ondoren, unitatean zehar identifikatu egin beharko dira, agertzen diren neurrian.

ARGUDIOAK

Testuinguruaren esparrukoak

Kausa ondorio argudioa: gertaeren arteko harreman logikoa ezartzen da.

Autoritatearen argudioa: mezuaren hartzaileak onartzen duen autoritate baten aipua azaltzen da.

Ereduaren argudioa: eredugarri izateko asmotan autoritate bat aipatzen da.

Onuraren argudioa: ekintza zehatz batek sortzen duen onura aintzat hartuta defendatzen da tesia.

Errealitatearen egitura azaltzeko bideratutakoak

Adibide bat oinarrian duela osatzen den argudioa: gertaera zehatz batetik abiatzen da igorlea, izaera bereko edo antzeko gertaeretan ezarri ahal den ondorio batera ailegatzeko.

Konparazioa edo metafora oinarrian duela osatzen den argudioa: adibideak emateko era honekin arrazoitu nahi den antzeko kasu bati egiten zaio erreferentzia.

Argudio logiko edo ia-logikoak

Jarraian datozen guztiek komunena dutena zera da: hasierako oinarria premisa bezala jartzen diren oinarrizko egiak direla. Egia horietan oinarrituta ondorioak ateratzen dira.

Entinemak: egia absolututzat hartzen diren baieztapenetan oinarritzen dira: "Aita batek izugarri maite ditu bere seme-alabak; beraz, ezin da aita bat izan bere semearen hiltzailea" Edota: "Euria egiten duenena, zorua busti egiten da; zorua bustita dago; beraz, euria egin du." Entinemak errefusatu egin daitezke, bistan denez.

Simetriak: A B bezalakoa bada eta B C bezalakoa; orduan, A C bezalakoa izan behar. Gure ikastetxea Euskal Herrian bada eta Euskal Herriko ikastetxe guztietan D eredua badago, gurean ere D eredua egon behar da.

Erreprozitatea: A = B, orduan B= A Klaseak 8etan hastea erabaki bada eta ikasle guztiek 8etan egon behar badute, irakasleek ere 8etan egon behar dute.

Inkonpatibilitatea: Gauza bat erabakitzen bada, ezinezkoa izango da justu horren kontrakoa ere exigitzea. Klaseak 8etan hasten badira, ezin eskatu 2etan ere adi-adi egotea; ezinbestekoa izango da goiz erdian atsedenaldiren bat egitea...

FALAZIAK

Aurreko argudioen ondoan falaziak agertu ohi dira

Hona hemen falaziaren definizio bat. Falazia: testuaren zintzotasuna, objetibotasuna eta zentzuzko arrazoiak bazterrean utzita, diskurtsoaren arrakasta ziurtatzearren erabiltzen diren mekanismoak dira.

Erasoa eta pertsonari izena kentzea (ad quoque): irainaz eta arerioari izena galtzeaz baliatzen dira

Hartzailearen errukia (ad misericordiam): defendatzen denaren balioa erakutsi beharrean, errukia sortuz lortu nahi da atxikimendua.

Sasi-autoritate batean oinarritzen dena (ad verecundiam): eztabaidatzen den gaian autoritate ez diren pertsona edo erakunde baten aipua azaltzen da.

Argudio demagogikoa (ad populum): iritzia indartzeko, argudioaren balioa finkatu beharrean, talde baten onurari egiten zaio erreferentzia.

Gehiegizko boterean oinarritutakoa (ad baculum): entzulegoa mehatxuaren bidez konbentzitu nahi da.

Sasi-kausa ondorioetan oinarritutakoa: ezartzen den kausa-ondorio harremana faltsua edo ilogikoa da.

Metafora, konparaketa eta adibideak erabili: indartu nahi duten ideiarekin bat ez datozenean.

BALIABIDE ERRETORIKOAK

Argudio eta falaziekin batera baliabide erretorikoak ditugu, hauek oso balio argumentatibo garrantzitsua dute; esaterako:

Gradazioa edo mailaketa: argudioak sendoenetatik edo ahulenetatik hasita aurkez daitezke, sortu nahi den efektuaren arabera.

Galdera erretorikoak: planteatzen dituen berberak erantzuten ditu; honela, bestelako iritzi edo jarreraren bat ekidin edo ebitatzen dira. "Nork ukatuko ote du esku artean dugun gaiaren garrantzia?" "Ba ote dago honen aurka dagoenik?"... Horrela zer lortzen da: entzuleen artean denak daudela ados hitz egiten ari denarekin.

Konparazioarekin irudi ezagunak edo deigarriak lotu ahal dira defendatu nahi den ideiarekin. "Planteatzen dugun arazo berberarekin egin zuten topo X herrian eta han ere erantzun hau eman zuten. Eta ondo konpondu zen arazoa."

Metafora, konparazioa...: "Horrelako jokabidearekin amildegian behera goaz."

Pertsonifikazioaren bidez irakurlegoaren emozioetan eragin daiteke. "Ikastetxe honetako ormek ez dute sekula santan horrelakorik entzun..."

Gehiegikeria: "Horrelako konponbidea proposatzea hondartzako harea alez ale zenbatzea bezalakoa da."

Era berean, ironiak eta ezeztapenak zeharkako kritika egiteko erabili ahal dira.

 

Sartu eusk@ltegira!