www.santurtzieus.com

KANPORA HOMOSEXUALAK

Testu zati honetan bi ikuspegi aztertuko ditugu Bartzelonako unibertsitate bateko agintariena batetik eta idazlearena bestetik.

 

Eztabaidagaia piztu da Bartzelonako unibertsitate bateko agintariek ondo-ondoan duten dantzaleku bat zarratzeko eskatu dutelako.

1. Testu zatia irakurri eta azpimarratu eskariaren arrazoiak. Zeintzuk dira?

Zein den idazlearen iritzia argi dago: oso kezkagarria iruditzen zaio Bartzelonako unibertsitate honen eskaria. 

2. Baina, nola argumentatzen du bere kezka hori?

3. Azpimarratu kontrargumentazioa eta zerrendatu ideiak.

Zertan datza argumentazio era hau? Taulara jo eta identifikatu idazlearen argudio mota.

 

KANPORA HOMOSEXUALAK

Hau aspaldiko urteetako leloa dela pentsa dezake irakurleak, baina tamalez gaur egun ere behin baino sarriago entzuten da. Asteon entzun eta irakurritako hiruzpalau gauzak harritu egin naute, eta dagoeneko ez dakit aurrera edo atzera egiten dugun egungo gizartean. (...)

Oraindik irratiz entzundakoari bueltaka nenbilela egunkaria zabaldu eta Bartzelonako unibertsitate bateko agintariek ondo-ondoan duten dantzaleku bat zarratzeko eskatu dutela irakurri nuen. Eskaera bitxia iruditu zitzaidan, baina ulergarria hein handian, bata ala bestea aukeran jarrita gazteek zein hautatuko luketen badakidalako; zuek ere bai, ezta? Baina eskaria egiteko arrazoi nagusia ez da hori, dantzalekuko bezerorik gehienak gazteentzako eredugarriak ez izatea baino: homosexualak hain zuzen ere. Abokatuaren esanetan, oraindik formazio-bidean dauden unibertsitariek zuzenean jaso dezakete homosexualen eragina, beren eredutzat hartuz. Jakina, behin marikita nazkagarria edo marikoi txerria esaten ikasi ondoren ez dago arazorik, baina ikusten duten guztia barneratzeko eta onartzeko garaian daudenean, hobe da iragazkia jartzea, badaezpada ere. Ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den inor ikusi; ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den norbaitek esandakorik entzun; ukitu eta dastatzea urrun geratzen zaizkigu oraindik. Pompeu Fabra unibertsitateko arduradunek ukatu egin dute beraiek homosexualak onartzen ez dituztenik, abokatuak beste askoren artean erabilitako argudioa izan dela eta unibertsitateko elkarteetariko bat gay eta lesbianek osatzen dutela argituz. Hau jakinda, oiloaren eta arrautzaren zalantza sortzen zaigu, nork ote dauka errua: erakundearen izenean argudioa erabili duen abokatuak ala abokatuari arrazonamendua erabiltzeko baimena eman dion erakundeak? Baina ez da hau gehien kezkatzen nauena, argudio hori erabilita egin daitezkeen bazterketa guztiak baino: seme-alabentzat eredugarria ez den auzoko homosexuala kanpora, ikastolako irakasle homosexuala ere bai, gazteen hain gustuko den musika taldeko kantaria mututu dezatela, gazteen idoloa den futbol jokalari homosexuala hego-poloko selekziora bidali dezatela munduko gainontzeko marikita guztiekin liga joka dezan... Berdina ez dena kanpora eta kitto.

Javier Onaindia -ZABALIK (2001-10-27) Moldatua

 

 

Zuzenketa-orria

1. ... arrazoi nagusia da dantzalekuko bezerorik gehienak gazteentzako eredugarriak ez izatea: homosexualak hain zuzen ere. Abokatuaren esanetan, oraindik formazio-bidean dauden unibertsitariek zuzenean jaso dezakete homosexualen eragina, beren eredutzat hartuz.

2. Gehien kezkatzen nauena hau da, argudio hori erabilita egin daitezkeen bazterketa guztiak.

Ikasleak, gazteak ikusten duten guztia barneratzeko eta onartzeko garaian daudenean, hobe da iragazkia jartzea, badaezpada ere.

Berdina ez dena kanpora eta kitto.

Ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den inor ikusi; ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den norbaitek esandakorik entzun.

3. Adibide bat oinarrian duela osatzen den argudioa: gertaera zehatz batetik abiatzen da idazlea, izaera bereko edo antzeko gertaeretan ezarri ahal den ondorio batera ailegatzeko.

 

 

informazioa