Hau aspaldiko urteetako leloa dela pentsa dezake irakurleak, baina tamalez gaur egun ere behin baino sarriago entzuten da. Asteon entzun eta irakurritako hiruzpalau gauzak harritu egin naute, eta dagoeneko ez dakit aurrera edo atzera egiten dugun egungo gizartean. Goizean goizetik hasi zen homosexualitatearen gainean berbetan bere burua tolerantziaren ikurtzat duen irrati publiko bateko esataria. Hitler homosexuala omen zela aipatzen duen biografia hartu zuen ahotan, homosexuala hitza ulertzen ez zuenari bizitza guztiko marikitez ari zela ondo argituz. Egon beti egon direla zehaztu zuen, baita gero eta gehiago daudela ere. Laster argitu zuen berak horrelako arazorik ez duela eta emakumeak gero eta gustukoagoak dituela, marikitez zekien guztia entzunda inork kontrakorik pentsatu ez zezan edo. Mingarria iruditu zitzaidan homosexualenganako begirune eza. Tristea da esku artean hainbeste informazio darabilen eta era guztietako jendearekin tratuan dabilen pèrtsona batek homosexualitatea arazotzat hartzea, sendagileak aholkatutako botika batekin edo ebaketa eginda konpon daitekeen gaixotasuna dela uste izatea.
Oraindik irratiz entzundakoari bueltaka nenbilela egunkaria zabaldu eta Bartzelonako unibertsitate bateko agintariek ondo-ondoan duten dantzaleku bat zarratzeko eskatu dutela irakurri nuen. Eskaera bitxia iruditu zitzaidan, baina ulergarria hein handian, bata ala bestea aukeran jarrita gazteek zein hautatuko luketen badakidalako; zuek ere bai, ezta? Baina eskaria egiteko arrazoi nagusia ez da hori, dantzalekuko bezerorik gehienak gazteentzako eredugarriak ez izatea baino: homosexualak hain zuzen ere. Abokatuaren esanetan, oraindik formazio-bidean dauden unibertsitariek zuzenean jaso dezakete homosexualen eragina, beren eredutzat hartuz. Jakina, behin marikita nazkagarria edo marikoi txerria esaten ikasi ondoren ez dago arazorik, baina ikusten duten guztia barneratzeko eta onartzeko garaian daudenean, hobe da iragazkia jartzea, badaezpada ere. Ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den inor ikusi; ez dezala inork ezarritako eredukoa ez den norbaitek esandakorik entzun; ukitu eta dastatzea urrun geratzen zaizkigu oraindik. Pompeu Fabra unibertsitateko arduradunek ukatu egin dute beraiek homosexualak onartzen ez dituztenik, abokatuak beste askoren artean erabilitako argudioa izan dela eta unibertsitateko elkarteetariko bat gay eta lesbianek osatzen dutela argituz. Hau jakinda, oiloaren eta arrautzaren zalantza sortzen zaigu, nork ote dauka errua: erakundearen izenean argudioa erabili duen abokatuak ala abokatuari arrazonamendua erabiltzeko baimena eman dio erakundeak? Baina ez da hau gehien kezkatzen nauena, argudio hori erabilita egin daitezkeen bazterketa guztiak baino: seme-alabentzat eredugarria ez den auzoko homosexuala kanpora, ikastolako irakasle homosexuala ere bai, gazteen hain gustuko den musika taldeko kantaria mututu dezatela, gazteen idoloa den futbol jokalari homosexuala hego-poloko selekziora bidali dezatela munduko gainontzeko marikita guztiekin liga joka dezan... Berdina ez dena kanpora eta kitto! Javier Onaindia ZABALIK 2001-10-27
SINONIMOAK EMAN
|
Zuzenketa-orria
|