www.santurtzieus.com

BAI, BAINA...

Aurreko bi testuetan argumentu motak aztertzeari ekin diogu. Oraingo honetan bere egokitasunaz galde egin nahi dizugu. Horretarako gogora ditzagun argudiatzearen ezaugarriak:

Diskurtsoa, abiapuntuarekin koherente den ondorioetara eramatea.

Ahalik eta irakurle gehien bat etortzea aipatutako ondorioekin.

 

Irakurri berriro argudioen muina.

1. Olentzero eta erregeen aurka

Merkatarien asmakuntza hutsa da hau guztia. Bai Olentzero, bai Errege Magoak, bai Bizar Zuri eta bai hauen antzeko pertsonaia guztiak asmakizun komertzialak dira, seguru nago. Izango dute jatorriren bat tokian tokiko kondairetan edo erlijioan, baina denborak aurrera egin ahala, oinarri hori guztiz desagertu da, eta egun pertsonaiok hain osasuntsu, nonahiko eta pisu izateko arrazoia negozioa da. Gordin eta ozen esanda. (...)

Kausa-ondorioa harreman honetan zenbat eta puntu ahul gehiago aurkitu errazagoa egingo zaizu egokitasuna zalantzatan jartzea. Kontran egoteko arrazoirik aurkitzen duzu? Bestela esanda, egin zure eragozpenen zerrenda.

 

2. Kanpora homosexualak

(...) Baina ez da hau gehien kezkatzen nauena, argudio hori erabilita egin daitezkeen bazterketa guztiak baino: seme-alabentzat eredugarria ez den auzoko homosexuala kanpora, ikastolako irakasle homosexuala ere bai, gazteen hain gustuko den musika taldeko kantaria mututu dezatela, gazteen idoloa den futbol jokalari homosexuala hego-poloko selekziora bidali dezatela munduko gainontzeko marikita guztiekin liga joka dezan... Berdina ez dena kanpora eta kitto.

Adibide bat oinarrian duela osatzen den argudioa dugu hau: gertaera zehatz batetik abiatzen da idazlea, izaera bereko edo antzeko gertaeretan ezarri ahal den ondorio batera ailegatzeko.

Bartzelonako unibertsitate honetan gertatutakoa erraz estrapolatu ahal da? Horrelakorik ikusi ahal duzu? Egin zure eragozpenen zerrenda.

 

informazioa