Idazten hasten garenean, norbaitek hala eskatuta izaten da. Esaterako, eskolan irakasleak agindua egin genituen gure lehenengo izkribuak. Gogoan dituzu zure hasierako testu haiek? Baina, inork agindu gabe? Zeintzuk izan ziren zure lehenbiziko idazlanak? Poemak / eskutitzak / egunerokoa .... Zehaztu. TESTU-ERA BAT IDENTIFIKATU Irakurri ondoko narrazio zati hauek eta aztertu zer idazki mota diren:
1.testua 6:00 Zelako logura daukadan! Ez da kaferik geratzen sukaldean eta ezin naiz hasi orain egiten, ze oso estu nabil denbora aldetik. Txuleta/orduko batez bestekoa ozta-ozta betetzen nabil. Oraindik 1961eko eta 1980ko legeak, Federazioak eta Kirol Kontseilua garatzen zaizkit sartzeko, 22 folio guztira, eta denbora aurrera doa. Eutsi gogor, Ramon, pentsatu hauxe izango dela kurtso honetako azken ahalegin handia. Gero oporrak etorriko dira. Segi aurrera! Tiki-taka, tiki-taka, tiki-taka... Ostegunak. Jon Arretxe. 1999. 2.testua Bakarrik nago Zerubide-n. Baina ez nitaz urrikal, nahita etorri naiz-eta bakarrik egotera. Eta bai pozik, alegia! Hemen bakarrik nago, egia esan; baina nahiago dut mila aldiz orain bezala egonda, pixkanaka - pixkanaka, zeru-lurraren handi eta ederra dastatu, jende askok inguratuta denbora alferrik xahutu eta galdu baino. Zer da-eta bakarrik egotea? Kalez kale lagun askok inguratuta ibili arren, ez ote naiz ni egon ohi, hala eta guztiz ere, orain nagoen baino askozaz bakarrago eta utziago? Bai, zinez; eta sarri. Leturiaren egunkari ezkutua. Txillardegi. 1957.
Idazlea bere buruarekin ari da hizketan, ni pertsona darabil eta; gogoeta bat dirudi "Zer da-eta bakarrik egotea"; bere burua animatzeko idazten du: " ...nahita etorri naiz-eta bakarrik egotera. Eta bai pozik, alegia!" (bigarren testuko adibideak) Argi dago, ezta? Diario-zatiak dira, diarioaren teknikarekin osatutako nobela zatiak ditugu. Bietan pertsonaia eta narratzailea elkartzen dira. Pertsonaiaren problematika da gaia. Leturia eta Ramon gazteak dira eta bere arazo existentzialak ditugu kontakizunaren muina. Narrazio teknika hau, lehenengo pertsonaren erabilerak, interes gehiago eman ohi dio kontakizunari narratuak bizi izandakoaren itxura hartzen duelako eta irakurlea azkarrago murgiltzen da horrelakoetan. Beraz, testu era autobiografiko honekin hasiko da zure lana: egunerokoarekin. ERNE!Idazki honek eguneroko gertaerak biltzen ditu, orainaldian kontatuta. Protagonista "ni"a da. Eta agian, horrexegatik izaten da testurik arrakastatsuena. Izan ere, bertan "gure pertsonaia" islatzen da, hitzekin jolasteko aukera ematen du eta egiten dugunaren artxiboa izango da -gerora oso entretenigarria izan daitekeena-. Ba al dakizu % 71k aitortzen duela egunerokoa idatzi duela? Egunerokoan dena sar daiteke: erosketaren zerrenda edo ikusi duzun azken pelikula horren zine-kritika, egunkaria apunta dezakezu inflazioaren azken tasa, edo akzioen gorabeherak, hainbeste gustatzen zaizun abestiaren letra... Argi dago, idazten hasteko oso aukera zabalak eskaintzen ditu. IDAZTEKO LEHENENGO PROPOSAMENA Baina gure ariketa ez da benetakoa bezalakoa izango, noski, hau agindua eta irakurria izango da. Kanpoko irakurle bat izango du; baina horrek ere interes puntu berezia eman ahal dio. Bertan pertsonaia moduan ikusi ahal duzu zeure burua, eta horrela askatasun gehiagoz jokatu. Idatzi eta bidali zure testua (100 bat hitz).
|