www.santurtzieus.com

HORI EGITEN ZUTEN BETI

 

Telefonoa guztion eskuei itsatsi baino lehen, gehiago erabiltzen zen bolaluma; eta elkarren berri izateko, noizean behin, postala edo mezu elektronikoa baino luzeagoa ziren testuak idazten genituen.Noizean behin.

Hala ere, komunikazio beharrak aldatzen ari direla jakinda, ezin da ahaztu egun zaletasun handiz idazten eta irakurtzen dela, inoiz baino gehiago gainera.

Gaur egun testu idatziak etengabean kontsumitzen ditugu: aldizkarietan, liburuetan, egunkarietan, pantailetan.... Edonoren gustukoa baita irudimena hegan jartzen digun testuren batekin topo egitea, edo hausnartzeko bidea ematen digunarekin disfrutatzea eta barrea edo irribarrea eragiten badigu, zer esanik ez. Testuek bizimodua errazago egin ahal digute, goxoagoa.

Idazten animatuko zara?

Komunikazio idatziak, ahozko informalak ez hainbeste, egilea (igorlea) pentsatzen jartzen du. Informazioa aukeratu behar du, gero ordenatu, esan nahi duguna adierazteko hitz egokiak erabili... Eta honekin batera, gure lanaz kontzienteago izateko, narrazioaren kodea ezagutu, oinarrizko ezaugarriak, bederen. Esaterako, lehen aipatu den bezala narratzailearen ikuspuntua, aukeratzen dugun pertsona gramatikala alegia.

Has gaitezen testu txiki baten azterketarekin, narrazioaren oinarrizko ezaugarriak gogoratzen lagunduko digu eta.

Zure eginkizuna izango da narrazioaz baliatzea, azalpenari adibideak jartzeko.

Esaterako:

Narrazioak denboran zehar gertatzen diren ekintzak islatzen ditu. Eskolatik atera eta bertan biltzen ziren ostiralero, ilunabarrean. Estolda-zuloko estalkian margoturiko marka gorriaren gainean jartzen ziren jokoa hasteko

Hona hemen azalpen teorikoa:

Narrazioak denboran zehar gertatzen diren ekintzak islatzen ditu. Eta, narrazio literarioak fikziozko ekintzak kontatzen ditu, nahiz eta benetako gertaeretan oinarriturik izan.

Narrazioaren ezaugarri nagusia ekintza da eta arreta berezia zor zaio, zer gertatzen den kontatzen duelako, baita zergatik gertatzen den eta bukatzeko gertaerak nola lotzen diren ere zehazten duelako.

Ezaugarriak:

  1. Egiantzekotasuna.

Gaia aukeratzerakoan, gakoa ez da gai berri eta harrigarri bat hautatzea, ez. Norberak ezagututakoaren esparrukoa bada, errazago kontatzeko orduan eta, bide batez, irakurleak ere arinago ulertuko du.

    Behin gaia erabaki ondoren, autoreak ordenatzeko modua erabakiko du, batzuetan gaiak berak bere barnean ordena badu ere

  1. Ikuspuntua

Autorea eta narratzailea bereizi behar dira. Narratzailea da ekintzen ahotsa eta hau zehazteko autoreak narrazio-teknika ezberdinez baliatu ahal da:

Hirugarren pertsona erabiltzen denean, narratzaileak gainontzeko pertsonaiak baino gehiago jakin ahal du; edo ekintzen lekuko hutsa izan daiteke; edo pertsona batzuk aukeratu ahal ditu gertatutakoaren bertsioak ezagutzera emateko.
Lehenengo pertsona erabiltzen denean, badirudi autorea eta narratzailea batera doazela eta egiantzekotasuna handitu egiten da, teknika honen bidez, barne-elkarrizketak ere adierazten dira,
Bigarren pertsona erabiltzen denean, irakurlearekin "hitz egiteko" erabili ohi da, testuan inplikatuagoa sentitzen da. Beste batzuetan pertsonaiaren pentsamenduak aztertzeko ere balio du.

Narrazioaren elementuak ekintza, pertsonaiak eta giroa dira.

Bukatzeko komentatuko dugu baliabide linguistikorik erabilienak aditz formak direla. Ohikoen izaten da aditza beste hitzak baino gehiagotan agertzea, eta hauei bereziki erreparatu behar zaie, hauen mendean baitago narrazioaren garapena. Sintaxiari dagokionez, ohikoa izaten da denborazko esaldien agerpena, nahiz eta antolamendu orokorra koordinatuen bidez egitea ohikoa izan. Metaforak, ironia, paralelismoak eta hiperboleak ere maiz agertzen dira narrazio literarioetan.

Testuari adibideak jartzeko erabili ipuin labur hau.

Ostiraleko jokoa

Ez zeukan beste munduko sekreturik. jokoa sinplea zen berez: Bulebarrean bi telefono-kabina zeuden bata bestetik aparte samar, telefono-kabina batetik bestera laurogei pauso, zehatz-mehatz neurtuak. Distantziaren neurketa zehatza oso garrantzitsua zen, gainera, jokoa behar bezala egiteko. Bulebarraren erdian berriz, telefono-kabina bakoitzetik berrogei pausotara, marka gorri bat zegoen, estolda-zulo biribil baten gainean margoturiko gurutze gorri bat. Eskolatik atera eta bertan biltzen ziren ostiralero, ilunabarrean. Estolda-zuloko estalkian margoturiko marka gorriaren gainean jartzen ziren jokoa hasteko. Binaka burutzen zen lehia: elkarri bizkarra emanik, nor bere telefono-kabinari begira jartzen zen, ezker eskuaz aurkariaren eskuinekoa ukitzen zuela, bietariko inork abantailarik txikiena ere izan ez zezan. Gero, epaile izendatu zutenak -dantza gustuko izan ez, edota korrikarako abilezia berezirik izan ohi ez zuenen bat, eskuarki ziztu egin, eta eskuin eskuaz heltzen zuen musuzapia beheratuko zuen, lasterketari hasiera emanez. Egin beharrekoa zera zen: lasterka norberari zegokion telefono-kabinaraino aurkaria berera baino lehenago heldu eta, bertako bionbo-atea raus batean ireki ostean, entzungailua eskuan harturik, ahalik eta azkarren aurrez bi lehiakideek erabakitako telefono-zenbakia markatu.

Telefono-hariaren beste aldean erantzuten zuenari dantzarako gonbitea egin behar zitzaion. Aurrena iritsi eta aurrena markatzen zuenak lortzen zuen, jakina, ia beti, baiezko erantzuna. Bien bitartean, laurogei pausotara zegoen beste telefono-kabinakoari -esan dezagun garbi: galtzaileari komunikatzen ematen zion hari etenaren seinaleak.

1. erantzun-orria

Narrazioak denboran ardaztutako ekintzen berri ematen digu. Denboraren aldagaiarekin jolastu ahal dugu. Eta hurrengo proposamena horretarako da. Testua orainaldian berridatzi behar duzu.

2. erantzun-orria

Alde handirik dago ipuinean, zertan aldatu da? Denborak egiantzekotasunean ba al du eraginik. Narrazioaren denborak laguntzen du pertsonaiak eta giroa errealagoak egiten?

"Ostiraleko jokoa" testuak laburra badirudi ere, 200 hitzekoa da. Zuek idatzi beharrekoa ez da zertan luzeagoa izan. Halabeharrez, ordea, goian azaldutakoa gogoan izan eta bigarren kontakizun laburra idatzi baino lehen zehaztu:

Gaia

Datuen, ekintzen ordena

Ingurua

Pertsonaiak

Eta orain erabaki zein izango den ikuspuntua, nork kontatuko du?

Gogoratu esaldi markoa hauxe dela: "Hori egiten zuten beti"

Idatzi zure testua eta bidali.

 

 

Ostiraleko jokoa - 1. erantzun orria

Ezaugarriak

Testu era Kontakizun laburra

Gaia Joko baten deskribapena

Ordena Kronologikoa

Narratzailea: Hirugarren pertsona, protagonistek baino gehiago daki.

Osagaiak

Ingurua, garaia: Bulebarrean bi telefono-kabina zeuden bata bestetik aparte samar, telefono-kabina batetik bestera laurogei pauso, zehatz-mehatz neurtuak...

...estolda-zulo biribil baten gainean margoturiko gurutze gorri bat.

Eskolatik atera...

...ostiralero, ilunabarrean

Pertsonaiak Gero, epaile izendatu zutenak -dantza gustuko izan ez, edota korrikarako abilezia berezirik izan ohi ez zuenen bat...

Ekintza

Egin beharrekoa zera zen: lasterka norberari zegokion telefono-kabinaraino aurkaria berera baino lehenago heldu eta, bertako bionbo-atea raus batean ireki ostean, entzungailua eskuan harturik, ahalik eta azkarren aurrez bi lehiakideek erabakitako telefono-zenbakia markatu.

Telefono-hariaren beste aldean erantzuten zuenari dantzarako gonbitea egin behar zitzaion.

Baliabide linguistikoak

Aditz formak

Jokoa deskribatzeko burutu gabea: jokoa sinplea zen, ez zeukan beste munduko sekreturik.

Ekintzak narratzeko ohiturazkoa: biltzen ziren, jartzen ziren, lortzen zuten....

Salbuespena: beheratuko zuen. Ekintza puntuala adierazteko.

Sintaxia: koordinazioa da baliabide nagusia.

 

Ostiraleko jokoa - 2. erantzun orria

Orainaldian

Ez dauka beste munduko sekreturik. Jokoa sinplea da berez: Bulebarrean bi telefono-kabina daude bata bestetik aparte samar, telefono-kabina batetik bestera laurogei pauso, zehatz-mehatz neurtuak.Distantziaren neurketa zehatza oso garrantzitsua da, gainera, jokoa behar bezala egiteko. Bulebarraren erdian berriz, telefono-kabina bakoitzetik berrogei pausotara, marka gorri bat dago, estolda-zulo biribil baten gainean margoturiko gurutze gorri bat. Eskolatik atera eta bertan biltzen dira ostiralero, ilunabarrean. Estolda-zuloko estalkian margoturiko marka gorriaren gainean jartzen dira jokoa hasteko.Binaka burutzen da lehia: elkarri bizkarra emanik, nor bere telefono-kabinari begira jartzen da, ezker eskuaz aurkariaren eskuinekoa ukitzen duela, bietariko inork abantailarik txikiena ere izan ez dezan. Gero, epaile izendatu dutenak -dantza gustuko izan ez, edota korrikarako abilezia berezirik izan ohi ez duenen bat, eskuarki ziztu egin, eta eskuin eskuaz heltzen duen musuzapia beheratuko du, lasterketari hasiera emanez. Egin beharrekoa zera da: lasterka norberari dagokion telefono-kabinaraino aurkaria berera baino lehenago heldu eta, bertako bionbo-atea raus batean ireki ostean, entzungailua eskuan harturik, ahalik eta azkarren aurrez bi lehiakideek erabakitako telefono-zenbakia markatu.

Telefono-hariaren beste aldean erantzuten duenari dantzarako gonbitea egin behar zaio. Aurrena iritsi eta aurrena markatzen duenak lortzen du, jakina, ia beti, baiezko erantzuna. Bien bitartean, laurogei pausotara dagoen beste telefono-kabinakoari -esan dezagun garbi: galtzaileari- komunikatzen ematen dio hari etenaren seinaleak.

 

informazioa