www.santurtzieus.com

ESKUBALOIA: HUTS GEHIEGI EGIN ZUEN TALDEAK

Erraz nagusitu zen Portland baina partida txarra eginez

Edurne Elizondo / Iruņea

Europako Superkopa jokatzera abiatu aurretik garaipen erraza lortu zuen Portlandek, atzo, Roquetasen kontra. Asobal Ligako azkena da talde hori eta Iruņean gauza gutxi egin zuen zerrendan gorago egoteko, baina nafarrak ere ez ziren batere fin ibili.

Nafarrek, hala ere, irudi eskasa agertu zuten lehen zatian. Espero zitekeen taldea lasai ateratzea kantxara asteburuan duen konpromisoa kontuan hartuta baina iruindarrak gehiegi lasaitu ziren. Bigarren zatiaren bukaeran besterik ez zuten lortu markagailuan espero zen tartea zabaltzea eta haserretzen hasiak ziren zaleak lasai uztea.

Lehen ordu erdian oso bestelakoa izan zen partida. Defentsan makal eta erasoan ideiarik gabe agertu zen Portland. Aurrean Roquetas zuelako besterik ez zen markagailuan aurretik egon denbora osoan. 20. minutuan Garralda eta Beuchler atera ziren eta jokoaren erritmoa arintzea lortu zuten.

Huts gehiegi partida errazegi batean

Bigarren zatia hobea izan zen nafarren aldetik eta pabilioian bildutako zale apurrek izan zuten Ambros eta Urdialesen kontraerasoekin gozatzeko aukera. Nafarrek gora egin zuten eta kontrarioek behera. Ez zuten lehen zatian bezainbeste erraztasun izan Portlanden atera ailegatzeko. Izerdi gehiegi bota gabe zortzi goleko errenta lortu zuten nafarrek.

Edonola ere, errazegia zen partidan huts gehiegi egin zuten jokalari nafarrek; huts gehiegi, Europako Superkopan etaTxapeldunen Ligan dena irabazi nahi duen talde batentzat, batez ere. Okerrak zuzentzeko garaiz dabiltza.

Referentzia eta data

 informazioa