www.santurtzieus.com

BIDAIA BATEN KRONIKA 1

Testu honetan, gertaerak, gogoetak... agertzen dira. Kronikaren azterketa egiten hasteko azpimarratu protagonistari gertatzen zaizkion ekintzak. Zein izan da gertaeren abiapuntua? Zerrendatu ekintzak kronologikoki.

 

Bidaia baten kronika

2000ko uztailaren 18an Bartzelonako aireportuan nago, hotzikaretan. Kanpoko tenperatura 35 gradukoa da. Nire larruazalak ostera 38tik gora ditu. Barruan zer dudan, hori da ez dakidana. Soingaineko beltza jantzita nago, beste denak beso hutsik direlarik. Hain zuzen ere, soingainekoa egin nezake nire ezbehar askoren errudun, hala nola hotzikaratan naukan sukar honena. Zeren eta soingaineko hau berau une jakin batzuetan eduki ez izanari egotzi beharko bainioke orain erretzen nauen sukarra. Trenean ibili izana, aldiz, Andolin Eguzkitzari zor diot.

Andolinen deia ostiral gau batez izan zen, 2000.eko apirilean. Azalpen, laburrak.

Europako ehunen bat idazlerekin — kopurua zehaztuko zuenik ez nuen bide osoan bat bera ere topatuko— Europako hainbat hiri egingo dituen trenerako idazle bat behar dugu; lehendik zegoenak ezin du, eta gero baietza eman zuen besteak atzera egin du- diost Andolinek. Trena ekainaren hasieran abiatuko da, Lisboan, eta Berlinera iritsiko da uztailaren erdikaldera. Hasi eta amaitu egin behar da bidaia, ezin da tarteka egin.

Horren ondoren azaldu zidan legez, Euskal Idazleen Elkarteak bideraturik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat izango nuen, gastuetarako. Egundoko aukera, bai.

Egundoko aukera bai, ahaztu barik hilabete bitan oporretan joatea ez dela erraza, ez eta norbera langabezian izanda ere. Ez zen nire kasua, hala ere. Baiezkoa emateko telebista-saioko lankideei azaltzea, elkarrekin ekaineko lanaren planifikazioa egitea eta euren adostasuna izatea, ez nuen besterik behar. Esker oneko nago Fran, Irati eta Esther lankideenganako.

 Edorta Jimenez. Europako Mugetan barrena

 

 

Testuaren ekintzak kronologikoki ordenatuak:

1.

 

2.

 

3.

 

4.

 

5.

 

Zuzenketa-orria

  1. Andolinen deia ostiral gau batez izan zen, 2000.eko apirilean.
  2. Europako hainbat hiri egingo dituen trenerako idazle bat behar dugu; lehendik zegoenak ezin du, eta gero baietza eman zuen besteak atzera egin du- diost Andolinek. Trena ekainaren hasieran abiatuko da, Lisboan, eta Berlinera iritsiko da uztailaren erdikaldera.
  3. Horren ondoren azaldu zidan legez, Euskal Idazleen Elkarteak bideraturik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat izango nuen, gastuetarako.
  4. Baiezkoa emateko telebista-saioko lankideei azaltzea, elkarrekin ekaineko lanaren planifikazioa egitea eta euren adostasuna izatea, ez nuen besterik behar.
  5. 2000ko uztailaren 18an Bartzelonako aireportuan nago. Kanpoko tenperatura 35 gradukoa da. Nire larruazalak ostera 38tik gora ditu.

 

informazioa