www.santurtzieus.com

ZIBERNOMADAK

Bulego finkorik gabeko langileen garaia heldu da. Telefono mugikor, mikro-ordenadore, fax, modem eta gainerakoez inguratuta beti; hegazkin edo abiadura handiko trenetan ere lanean; lanerako eta aisiarako ordutegi jakinik gabe…Horrelaxe bizi dira bulegorik gabeak. Eta horien kontura barrerik ez egiteko gomendatzen dute soziologo, ekonomista, filosofo eta era guztietako igarleek, gutariko edonor ere laster egon daitekeelako antzerako egoeran.

Alegia, etxeko gelaren bat lantegi bihurturik, edo edonon ordenadorea pizteko prest. Paul Virilio filosofo frantsesaren ustez, gizarte modernoan bi jende mota bereiz litezke: telekomunikazioei esker noiznahi noranahi heltzen direnak, batetik; eta zibermundutik aparte daudenak, bestetik.

Kontuz gero! Ez nahastu interneteko nabigatzaileak eta ziber-nomadak. Internet erabiltzen dutenak sedentarioak dira, bulegotik edo etxezulotik mugitu gabe edonora mugitzen direnak. Ziber-nomadak, berriz, bazterrik bazter dabiltza beti, trenez edo hegazkinez gehienetan. Artistak, iturginak, igeltseroak, abokatuak, arkitektoak, medikuak…orain arte kale jakin bateko etxe jakin batean egoitza edo bulegoa zutenak gaur egun telefono zenbaki baten jabe dira soilik. Zer esanik ez idazleak, gidoigileak, itzultzaileak, free lance kazetariak, diseinatzaileak, zerbitzu informatikoak eskaintzen dituztenak eta, jakina, lan komertzialetan aritzen direnak. Hauetariko askok ez dute jada bulegoaren alokairurik zertan ordaindu behar.

Horretan ordaintzen ez dutena, ordea, tresneria elektronikoan ordaindu behar. Frantzian, adibidez, 8-10 milioi telefono mugikor izango da gutxi barru, 2000. urterako. Ordenadore mugikorrak, milioi batetik gora. Estatu Batuetan milioika lagunek dute bulegotzat maletatxoa. Eta milioika dira lan sistema berriaren kalteez ohartzen hasi direnak. Elliot Wertheim exekutiboaren historia litzateke adierazgarri garbia.

"Etxean eta autoan neukan nik bulegoa. Telefono zelularra, telekopiagailua…edozein informazio bidaltzeko moduan, edozein ordutan, gau eta egun. Azkenik bulego bat alokatu dut New Yorken. Lehenengo tresneria berbera erabiltzen dut, baina bulego orduetan soilik. Desintoxikatu egin behar izan dut neure burua" kontatzen zuen egunkari batean.

Honi nomadismo birtuala deitzen zaio. Honek denboraren alde egiten du eta espazioaren kontra. Lekuak ezabatu egiten dira denboraren mesedetan. Inoiz ezagutu ez dugun totalitarismo baten atarian egon gintezke. Ez ahaztu zibernetika hitza grekotik datorrela, kubernan: gobernatu.