www.santurtzieus.com

ZAUNK, ZAUNK, ZAUNK

Metro bateko zabalera eta dozena erdi bateko luzera; horiexek ditu nire bizilekuak. Kasik mugitu ere ez naiz egiten egun osoan atzera eta aurrera eta ordu gehienetan etzanda egon ohi naiz. Jaten bai, horretan zortea dut; lepoa bizkarra bezain zabala dut. Zeharo baldartuta naukate. Esan eta esan aritzen natzaie nire ugazabei balkoi madarikatu honetatik gehiago irteten uzteko, baina jaramonik ez. Nola egingo didate bada, ez didate ulertzen eta. Beheko gaztea ere hantxe ibiltzen da egun osoan katearekin eta azpilarekin jolasean, guztioi lata ematen.

Noiz edo noiz ezkerrean bizi denak zerbait esaten dit, ipurdia mugitzeko edo horrelako zerbait, baina ez diot ulertzen. Egun osoan hamar minutu ematen ditut itxituratik kanpo; eta badakizue zertarako ateratzen nauten? Nire beharrak egiteko. Egia esan, lotsa ematen dit edozein lekutan egin behar izateak, baina balkoian ez didate uzten, eta, gainera, egurtu egiten naute. Horregatik, ni ulertuko nauzue eta ugazabei eskatu behar dizkiezue kontuak.

Zuek ere konturatuko zineten ni bezalako axolagabeak gero eta gehiago dabiltzala kaleetan bazter guztiak kakazten, baina zuek duzue erru guztia. Zertarako nahi gaituzue, zuen kapritxorako besterik gabe?

Nireak, zoritxarrez, konponbide bihurria du, edo balkoitik nire burua bota edo kaleratzen nautenean ihes egin, baina ez nuke asmatuko bakarrik bizitzen, zozolotuta bainago. Beraz, ez gaitzazue bazterrak zikintzera atera eta jar iezaguzue taxuzko leku bat etxean gure beharrak egiteko; beste modu batean esanda: zaunk, zaunk, zaunk.

Koldo Alduntzin