www.santurtzieus.com

POESIAREN NEURRIA

Hilik ankerranaren antipodan, urrIAn, etorri da heriotza eta Rafael Alberti eta Uxio Novoneyraren begiak izan ditu.

Hil berri diren bi horietaz landa, beste poeta batzuk ere izan dira aipagai gure azken aldian: Gabriel Aresti urteurrenean omendua, Joseba Sarrionaindia offean gureganatua, Jorge Oteiza birakari nekaezina, Patxi Ezkiaga enegarrenean saritua, Pako Aristi Mikel Markezez diskoratua ... Bi liburu ere badira aurkeztu berri: Martin Etxebarriarena bata, poesia gazte eta freskoa; Jose Luis Otamendirena bestea, poeta baten ipuin liburu zirraragarria. Eta aurki poema liburu berri gehiago izango da, noski, Durangoko Azokan.

Jakinekoa da, haatik, poesiari hedabideetan lekutxo bat beti egiten zaion arren, poema liburu gutxi saltzen dela, eta euskarazkoak ez gehiago. "Poesia herriarentzat: ezpain ikaratu batzuk herriaren belarrira mintzo", dio Joseba Sarrionaindiak Hitzen ondoeza-n "Gure herriak, baina, mostradore belarriak ditu". Kantuan du egun poesiak, musikarekin estu uztartuta, irtenbide zabal ia bakarra. Gainerakoan, Joxerra Garziak oraindik orain gogorarazi duenez, oso gutxi dira poeta izan ez eta poesia irakurtzen dutenak.

Ba ote dago egoera hori aldatzerik? Imajinatzen al duzue gure artean poesiaz politikaz adina mintzatuko balitz? Edo areago: futbolaz edo rugbyaz adina? Imajinatzen al duzue –behin irudimena lanean jarrita, mugarik ez, debalde da-eta- Marca edo L, Equipe bezain saldua izatea gure artean poesiari buruzko egunkari bat, euskarazkoa gainera? Imajinatzen al duzue telebistan, irratian eta prentsan poetarik onenak eta poemarik onenak agertzea etengabe: errepikapenak, komentarioak, elkarrizketak, xehetasun bitxiak ... Imajinatzen al dituzue guraso frustratu guztiak beren seme-alabak inondik ahal bada poeta izatera bultzatu nahi etsi eta itogarrian? Eta seme-alaba horiek poeten kromoak trukatzen?

Ez al dizkizue hotzikarak eragin hori guztia imajinatzeak? Ez al lirateke futbola eta rugbya poesia baino poetikotasun handiagoko eginbideak gizarte harrigarri eta aztoratzaile horretan? Zein da poesiaren berezko neurria?

Juan Luis Zabala EUSKALDUNON EGUNKARIA 99/XI/5