www.santurtzieus.com

MUNDU BOLARI BUELTA

MUNDU BOLARI BUELTA... 20 EGUNEAN

Alde guztietatik behin eta berriro gogorarazten digutenez, kirola oso onuragarria omen da. Horrek zerikusirik daukan gaurko bidaiarekin? Jakina! Kirolari buruzko lehiaketa batean irabazi baitzuten Asierrek eta Ikernek gaurkoan mintzagai izango dugun bidaia: munduari buelta, hain zuzen ere. Oso bidaia polita baina, era berean, garestia eta nekagarria. Phileas Foggek ez bezala, 20 egun besterik ez zuten izan gure bi lagunek bolatxo urdinaren inguruko buelta osoa egiteko. Pasatu, herrialde askotatik pasatu ziren, baina lautan baino ez ziren gelditu: Patagonian, Australian, Zelanda Berrian eta Estatu Batuetan, hain zuzen ere. Otxarkoagako (Bilbo) AEK-ko irakaslea den Ikernek eman digu bidaiaren berri.

Lehenengo eta behin, Madrilera joan behar izan zuten, bertatik abiatu behar baitzuen Japoniaraino eramango zituen hegazkinak. Hegaldi luzearen ondoren, Tokioko aireportura heldu eta berehala konturatu ziren Ikerne eta Asier beste mundu batean zeudela. Txarteletako mezuak ezin ulertu, kalea jendez josita, denak korrika...

SIDNEY ETA TOKIO: EDERRA ETA PIZTIA

Bitxi-bitxia suertatu zitzaion Ikerneri Tokioko jendea: "Erroboten antzera ibiltzen dira, leku batetik bestera arineketan. Ez dira geratzen eskaparate bat begiratzen, bakar-bakarrik ibiltzen dira, ez dute elkarrekin hitz egiten. Hiria bera oso zikina da, egundoko kutsadura dago, eta jendez gainezka beti".

Eta horrela jarraitzen du: "Oso xelebreak dira: badaude kaletik aurpegia maskaraz estalita ibiltzen direnak, kutsadura dela-eta, baina tarteka-tarteka gelditu, maskara kendu eta zigarrotxoa erretzen dute: Zigarroa bukatutakoan, maskara atzera ere ipini eta ibiltzen segitzen dute".

Tokioko giroa ez bide zen Ikerneren oso gustukoa izan; "Larritu egiten zara denbora guztian dagoen erritmo bizia eta jendetza ikusita". Horren adibiderik argiena Tokioko metroa da: jendeak ondo ikasita du nora joan behar duen, eta kalean bezain arin ibiltzen da metroko pasiloetan zehar: "Hori bai dela inurritegia!". Gainera, txartel gehienak japonieraz eta ingelesez daude, baina ingelesezko testuak oso txikiak dira, eta dagoen jendetzarekin ezinezkoa da begiratzera hurbiltzea. Orientatzea, beraz, oso zaila izaten da.

Tokioz gain, Kioto hiria eta Fujiyama sumendia ere bisitatu zituzten. Mendia oso polita omen da, baina Ikernek azaldu digunez, "ordurako neka-neka eginda nengoen Japoniako giroaz". Izan ere, Tokio da egon diren lekuetatik bertara bueltatuko ez litzatekeen bakarra.

Japonian egun batzuk pasa ostean, berriro ere hegazkinean sartu eta Sidneyraino abiatu ziren gure lagunak. Han aurkitu zutena guztiz bestelakoa izan zen, oso hiri ederra, garbi-garbia...Kaleetan hautsontziak ere bai! Hirian oso nahasketa arraroa dago, egundoko kristal eta altzairuzko dorreen ondo-ondoan joan den mendeko eraikin zahar ederrak aurki baitaitezke edonon. Eta, Ikerneren hitzetan, "bitxia bada ere, oso nahasketa polita da aldi berean". Bereziki azpimarratzekoa da Opera House izenekoa, operaren etxea, begiratzen duzun alde bakoitzetik guztiz itxura ezberdina duena. Sidneytik Mendi Urdinetara joan ziren egun batean eta handik Zelanda Berrirako bideari ekin.

Irletako hiriburu ekonomikoa den Aucklan hirian egon ziren, eta Ikerneren arreta gehien erakarri zuena bertako kulturaren erabateko galera izan zen. Bidaia antolatua zenez, hoteletan ibili ziren denbora guztian eta ez zuten bertako jendearekin egoteko paradarik izan, baina ikusi zuenak harritu egin zuen: mahorien aztarna bakarrak turistentzako bereziki prestatutako ikuskizunetan ikusi zituzten. Ez haien hizkuntzaren aldeko mugimendurik, ez talde kulturalik... Rotoruako gune termalean ere pasatu zituzten egun batzuk, eta paraje ezin ederragoa iruditu zitzaien. Sumendi gunea izan arren, Kanarietakoa ez bezala, Zelanda Berriko paisaia erabat berdea baita. Waitomo kobetan ere egon ziren, eta han Zelanda Berrian baino bizi ez diren animalia arraro batzuk ikusi zituzten, glow-worm deritzotenak. Ipurtargien moduko zomorroak dira, kobako sabaian bizi direnak. Milaka eta milaka biltzen dira kobetako alderik ilunenetan, eta sekulako argitasuna ematen dute. Oso kontu handiz egin behar zaizkie bisitak, zaratarik edo beraiena ez den argirik egotekotan hil egiten baitira.

LOS ANGELES, ZABAL-ZABALA

Eta, buelta osoa amaitzeko, Zelanda Berriko paradisu naturaletik Estatu Batuetara jo zuten ondoren. Los Angelesen egin zuten lehenengo geldialdia, eta hiriaren tamainak txundituta utzi zituen: bulego eraikinak ez diren beste guztiak etxe txikiak direnez, eta jende pilo izugarria bizi denez, oso hiri zabal bihurtu da Los Angeles denborarekin. Kalerik luzeenak 140 kilometro inguru ditu alde batetik bestera! Disneyworlden egoteko aukera ere ez zuten galdu, eta primeran pasatu zuten: "Aluzinantea da benetan". New Yorken ere egon ziren, baina "Sagar Handiaren" inguruko erreportajea aurreko alean duzuenez, ez gara gauzak errepikatzen hasiko, ezta?

Bidaia errepikatzeko gogoz gelditu dira Ikerne eta Asier, 20 egun tarte laburregia baita gauzak behar diren moduan ikusteko. New Yorken adibidez, gauza pilo bat ikusteke gelditu behar izan ziren, nekea eta denbora falta zirela-eta. Badakizu, anima zaitez zeu ere horrelako bidaiatxoa egiten...baina hori bai, oraintxe bertan hasi dirua aurrezten! Izan ere, honako hau gogoratu behar da: "Bidaia zozketan irabazita ere, ezin dezake edonork egin". Hasi kredituak eskatzen!