www.santurtzieus.com

MARI ERRAUSKIN

Ipuin klasikoetako Mari Errauskin izan daiteke biktimaren prototipo. Amaordearen aginduz, etengabe lanean jarduten zuen, inolako errekonozimendu ez konpentsazio barik. Hain biktima agertzen da, non ernegarazgarria ere izan daitekeen, ezen ez du egoera gainditu beharrik adierazten, ez gainditzeko ahaleginik egiten.

Mari Errauskinen aita ez zen alabaren bizimodu umiliagarriaz enteratzen; beraz, nekez lagun ziezaiokeen beronek. Ez zaigunez azaltzen ez enteratzea deliberatuki jakiteari uko egiteagatik zen, emaztearekin arazorik ez izatearren zen ala gaitasun aldetik murritz samarra zelako zen, bada, autua argitu gabe geratzen da.

Amaordea poteretsua zen eta ondo zekien zertaz eta nortaz balia zitekeen bere alaba biak eta bera lanik egin barik, dotore jantzita, jairik jai, handikien ondoan handinahi, bizimodu erosoaren jabe eta euren ongizatea perpetua zezakeen norbaiten bila ibiltzeko astia izateko. Ondo zekien baita, nola izan kontent gizona, honen alabarengan gauzatzen zuen esplotazioaz jabe ez zedin.

Ahizpaorde biak bihozbako eta harroak ziren; bizimodua erara zetorkienez, ezer kuestionatu barik bizi ziren, begiek ikusten zutena baino harantzago besterik izan zitekeenik planteatzeko besteko ahalmena garatu barik; bizimodu errezegiak berarekin izan zezakeen sinplezia inkontziente garagaitzean aise.

Pertsonaion paraleloak ipuinetatik kanpo aurkitzea ez litzateke zailegi. Munduko baztertu eta dohakabeak, diferentziei eutsita, izan daitezke Mari Errauskin; fede onez baina ezertaz enteratu barik pasatzen direnak aita eta, azkenik, boterea izan eta honengandik disoziagaitza den eskrupulu faltaz ingurua manipulatzen dutenak ama.

Baina ipuina zerbaitegatik da ipuin, bestela historia izan baitzitekeen, eta, biribila izateko, konponbidea asmatzen du: gatazka deuseztatzeko amabitxi laguntzaile miragarria eta printze dotore, egizale eta justiziazalea sortzen ditu. Non aurkitu, ordea, gure artean hauen parekoak?. Paralelismoen eskema ere biribila izan dadin, agian, elkartasuna eta justizia har ditzakegu bion ordaintzat.

Eta hala dala zein ez dala, paperezko zutabe honek EGUNKARIAko plazan irten dezala.

Maribi Unamuno Euskaldunon Egunkaria 1999/X/20