www.santurtzieus.com

LAN EGITEAGATIK ORDAINDU

Gabon jaien, Olentzeroen eta erregeen inguruan sortu ohi den zurrunbiloaren ondoren badirudi heldu dela barealdia.

Jai hauek eskeintzen dituzten opor egun apurrak, sarritan lanegunak baino estresanteago bihurtzen baitira, eta antolatu dugun/diguten gizarte honetan dena aldrebestua dagoen susmoa dut.

Alegia, ahots jakitun eta instituzionaletatik ume gehiago ekarri behar direla aldarrikatzen digute, gizarte zahar eta umerik gabea osatzen ari baikara; primeran, umeak ekartzen ditugu.

Bestalde, lan esparrua geroz eta estuagoa eta konpetitiboagoa da, lan gehiago egin behar da; beraz, ordu libre gutxiago ditugu. Eta orduan hasten da arazoa eta nire galdera: Benetan eraiki dugun gizarte moderno honetan erabat bateragarri al dira amatasun-aitatasuna eta lan mundu geldiezina?, Zer gertatzen da haurren udarako edo gabonetako opor luze horiek iristean baldin eta aita-amek lan egiten badute (zorionez biek lana badute)? Bada, ezagutzen dudan kasu askotan arazo ugari.

Oso erraza da dekretuz haurrei udan hiru hilabeteko oporrak ematea, eta primeran iruditzen zait haurrek oporra izan dezatela, baina zerbait desorekatuta dago baldin eta lan mundua eta hezkuntza mundua bakoitza bere erara badoaz.

Garai batean, egia guztiak absolutoak eta kuestionaezinak zirenean, ez zegoen arazorik; ama etxean zegoen, aitona-amona, izeba eta ingurukoak hurbil bizi ziren eta herriak txikiagoak ziren, hau da, ez genuen inoiz arazo hau planteatu ere egin.

Orain erabat ezberdin dira kontuak, eta tamalez familia askotan lan egitearen truke, beste pertsona bat ordaindu behar izaten da haurrez eta etxeaz ardura dadin, hau da paradoxa, lana egiteagatik ordaindu.

Hori dela eta, dugun aisialdi apurra estresante bihurtu ohi da, dena egin nahi baita denbora gutxian, erosketak astebeterako, zentro komertzial handian bada areago, horrela txiki parkzinema eta bukaerako hanburgesa dena hiru ordutan xahutu eta ale! Zerbait aldrebes dabil, dudarik ez izan.

Joseba Agirretxea Euskaldunon Egunkaria 1998/I/15