www.santurtzieus.com

GORPUZKINAK

"Ni %51 nafarra naiz" aditu nion behin jadanik zendutako osaba bati. Deustuarra aita, Lizarrakoa ama eta izaera bihurri eta zirtolari baten jabe bera, % 1eko aldearen zergatia galdetzen genion txunditurik. Erantzun arrazoizkoa, harena: "Amarena baino ez delako segurua".

Aste honez geroztik segurantza hori ere ez zaigu gelditzen eta Segoviako Santa María del Nievan agertutako gorpuzkinak dira errudun.

1441.ean Blanka Nafarroako erregina toki horretan ehortzi zutela eta harenak izan zitezkeelakoan nafar erakundeek ikerketa abiarazi zuten iaz. Estreinako azterlanek susmoa egiaztatzeko bidea eman zuten gorpuzkinak delako Doņa Blankari egozten zitzaizkion itxura, adina eta gainerako inguruabarrekin bat heldu ziren. DNAren proba falta, ordea.

Hartara, Doņa Blankaren semea izan zen Bianako Printze ospetsuaren betiereko bakea urratzera deliberatu ziren ikerlariak. Pobleteko monasteriora (Tarragona) jo zuten oraingoan, han baitzetzan Printzea, tradizioaren arabera bere aita Joan II.ak 1461.ean pozonarazi zuenez geroztik. Hilobia ireki eta lehen ustekabea: hilotz bakar baten hondarrak ez baizik eta hirurenak barrenean. Hiru halako lan zientzilariendako, eta hala ere alferrik:

La Nievako maizterraren eta Pobletekoen artean ama-seme harremanik ez, diote jakitunek. Hitzez hitz: "Segoviako gorpuzkina ez da Nafarroako Blanka erreginarena, edo Pobleteko hezur hondarrak ez dira Karlos Bianako printzearenak, edo bi gorpuzkinak ez dira bi pertsona horienak". Bada, dena dela, txostenean aipatu gabeko laugarren aukerarik:

Doņa Blanka ez izatea Bianako Printzearen egiazko ama. Horrek, alabaina, gure arbaso ilustreen genealogia zilipurdikatuko luke.

Afera Nafarroako Gobernuaren esku dago orain. Nahi izanez gero, jarraipena eman liezaioke ikerketari; aski da Iruņeko katedralean Johan Lome eskultore flandestarraren mausoleo bikainaren azpian, Karlos III.a Noblea bere senarrarekin batean dagoen Leonor erreginaren gorpuzkina eguzkitara atera eta delako DNArekin berriz dantzan hastea.

Liburuei kasu egin behar bazaie, Blankaren ama dugu Leonor eta, hortaz, Bianako Printzearen amatxi.

Ausartuko ote dira? Jakizu. Arriskutsuegia, aukeran.

Proba guztien ondotik emaitza berriz ere ezezkoa bada -ez ama, ez alaba, ez amatxi, ez deus- korapiloa askaezina gerta daiteke, eta mahai gainean metatu ahal zaizkigun itaunak, berriz -nor, non, noren, nork, nola...?- deklinabidearen kasuak baino ugariagoak. Galdetzekoa da, gainera, horrelakoak hedatuz gero, zalantzaren lausoa ez ote duen azkenean estaliko gure iragan distiratsuaz kontatu diguten guztia. Horra, beraz, Perez Reverte eta Jon Alonsoren gisako nobelagileen ordua.

Horra, baita ere, dinamitero biokimikoen aukera historia ofizialaren aurka. Istorio ederrak bailirateke horiek guztiak, liburutzarretakoak baino ederragoak beharbada.

Euskaldunon Egunkaria