www.santurtzieus.com

ESKOZIA: AINTZIREN ETA GAZTELUEN LURRALDEA

Eskoziarako bidaia hegazkinez egin zuten gure lagunek: Bilbotik Bruselara eta handik Edinburgora. Baina hegalaldi hauek, antza, oso txarto ibiltzen dira azken urteotan, eta pilo bat ordu pasatzen da bidaian, hartu behar den bigarren hegazkina beti ateratzen delako puntual, baina aurrena beti berandu ateratzen denez...

Eskoziak oso ospe txarra dauka eguraldiari dagokionez, baina Josebak eta Josunek oso eguraldi ederra eduki zuten han pasatu zituzten 17 egunetan. Bitxikeria moduan kontatu zigun Josebak anekdota hau eguraldi txarrarekin zenbateraino dauden ohituta erakusten duena: "Txomingero batzuk ikusi genituen zelai batean jaten ari zirela eta euria hasi arren, han geratu ziren aterkiak zabalduta, lasai-lasai".

EDINBURGON

Edinburgon bertan egon ziren hasiera batean, eta nahiz eta Josebak hiriak ez dituela oso gustuko aitortu, oso hiri polita dela esan digu, berdegunez eta parkez josia; parke horietan katagorri pilo bat ibiltzen da, jendearengana nahiko lasai hurbiltzen direnak.

Eraikuntzarik ikusgarrienetakoa gaztelua da, baina etxe guztiak ere oso politak dira, tximinia pilo batekin, Mary Poppinsen herria ei dirudi. Hiri lasaia da, baina badu kale bat, Prince Street deitua, mugimendu handikoa. Gaztelura doan kalea ere oso polita da, hango taberna tipikoz, lorez eta hango telefono kabina gorri tipikoz betea. Hori bai, usain berezia omen dago, janari usaina ematen duena: "Eskozia osoan aditzen da, batez ere herri handietan, ez Edinburgon bakarrik; herri txikietan, berriz, ez zen horrenbeste nabaritzen. Han bizi diren lagun batzuek esan zigutenez, garagardotegietan egiten den hartzidura baten ondorioa izan daiteke".

ESKOZIA ZEHARKATUZ

Auto bat alokatu zuten Eskozian zehar ibiltzeko eta bi aste ibili ziren batera eta bestera, mendebaldeko kostaldetik hasi eta ekialderantz jarraituz. Bideak oso bitxiak dira, auto bakar bat ibiltzeko modukoak, baina metro gutxika daude zabalguneak aurrez aurre datozen autoei pasatzen uzteko; hori bai, beste auto batekin gurutzatzean ez omen da agurtzea ahaztu behar.

Autoz egindako ibilbidean herri pilo bat ikusi zuten: Oban, Inverness (iparraldeko herririk handienetakoa, gehienak oso txikiak baitira), Tongue, Dufftown (hango whisky destileria ere bisitatu zuten), Dornie (hango gaztelu famatuan errodatu zuten Los inmortales filma)... Iparraldeko kostaldean dena da itsasoa, mendiak eta aintzirak, askotan gertatzen ei da lehor dagoela ematen duen lekuan oina ipini eta belaunetaraino bustitzea. Kostaldea dena labarrez beteta dago, baina badaude hondartzak ere, harea fin-fina dutenak. Irla pilo bat dago kostatik gertu eta bat bisitatzera joan ziren: Mull izenekoa, hura ere gaztelu eta guzti.

MENDIAN ERE BAI

Ben Nevis mendira ere joan ziren, hango mendirik altuena (1.340 metro inguru). Lo egin zuten aterpean esan omen zieten oso kontuz ibili behar zela, linterna eta bengalak eramateko... nonbait lainoa sartzen da eta jendea ere hil omen da. Baina gure lagunei ez zitzaien hain arriskutsua iruditu eta Josebaren ustez, "eskoziarrak, antza, exajeratu samarrak dira. Guri bost ordu behar zirela esan ziguten eta, oso azkar ibili gabe, bi ordu eta hogei minututan egin genuen. Hori bai, desnibela handia da itsasotik hasten zarelako igotzen, baina bidea bera erraza da".

Lo egiteko, aterpeak edo bed & breakfast izenekoak erabili zituzten. Gogoratzen al dituzue Roppertarrak? Bada, bed & breakfast eskaintzen duten etxeek telesail hura ekartzen omen zieten gogora Joseba eta Josuneri," denak gauzez eta argazkiz beteta "; hori bai, "gosariak mundialak dira: tostadak, kafesnea, gurina, marmelada, arrautza frijituak, hirugiharra, saltxitxak, tomate beroa, zukuz..." Aterpeak, berriz ez omen dira oso merkeak hemengoekin konparatuz (gau bat pasatzea 2.000 pta. inguru), baina prezioa eta kalitatea ez ei ziren askotan bat etortzen ; eta askotan bereizita daude nesken eta mutilen logelak.

Animalia piloa dago Eskozian, batzuk mitologikoak izan arren (Ness lakuko munstroa esate baterako). Baina benetako bitxi batzuk ere badira: hango behi tipikoak, oso txima luzeak eta adar luze eta zorrotzak dituzte, txahalek artzatxoak ematen dute, ardi asko ere badago... Kostaldean pilo bat kaio (hemengoak baino handiagoak) eta bele ikusi omen zuten. Fokak ere bai, delfinak, hegazti mota asko, ahate beltz moduko batzuk... Natura zoragarria.

M. Egimendi Aizu, 222 zenb.