www.santurtzieus.com

ERANTZUNGAILUA

Edo dena delakoa (arrapostuemailea, errepondeurra, kontestadorea, ordezkoa...). Kontua da Telefonikak erabaki duela, nonbait, eta niri hitzik ere esan gabe, oso gizon inportantea naizela, mundua ezin daitekeela ni gabe bizi, eta alderantziz, ni ezin naitekeela bizi munduaren berri uneoro eduki gabe. Eta horregatik paratu dit, niri fitsik ere esan gabe, berriz diot, erantzungailu horietako bat telefonora konektatua.

Ez dirudi Telefonikaren buruen buruetatik pasatu denik neronek ere badauzkadala Kanaria Irletan oporralditxoak pasatzen dituzten lagunak, beti prest daudenak bueltan tramankulu horietako bat ekartzeko, oso merke, gainera. Ez dirudi burutik pasatu zaienik tresna bera zer den badakidala, ezagutzen dudala teknologiaren azken aurrerapen hori, eta hala ere, hala ere, erabaki egin dudala horrelakorik ez dudala nahi, betiko telefonoarekin aski ta sobra badudala.

Are, batzuetan inork ez aurkitzeko moduan bizi nahi dudala, izerditan hasten naizela atenditu ezin izan dudan baten abotsaren larria entzuten dudanena, edo eta amorruak menderatzen nauela izan zitekeen aukera galdu baten berri katxarro nazkante horretatik jakiten dudanean.

Debalde ote den esan didate, baina ez naiz batere fio. Ez al dabiltza hauek buru-belarri sarturik futbol partiduak emateko afari-merienda horretan, milaka milioi askotako kopuruen arabera erabakitzen den horretan? Erantzungailua eman egiten badidate, beste nonbaitetik kendu egingo didate, erantzungailuak balio duena ez ezik Malaga-Barakaldo partiduko eskubideak erosteko ordaindu dutenaren partea ere.

Nik estimatzen dut Telefonikak telefono-zerrenda euskaratzeko egin duen ahalegina, erreziboa euskaraz jasotzeak ere oso zoriontsu egiten nau, batez ere euskaraz ez ezik merkea denean, sinetsi nahi dut bezeroentzako atentzioa dela, eta abar. Eskerrik anitz guztiarengatik. Orain azken mesedea eskatu nahi diet: zer arraio egin behar da txisme demontre hori kentzeko? Saiatu egin bainaiz, lagun baten etxean ikusi nituen argibideen arabera papera bera ere niri ez baitidate bidali, baina orain arteko saio guztietan huts egin dut.

Gainera, esan nahiko nioke, dagokionari, nik benetan maite dudan asmazioa, inbentorik intelijenteenentzat dudana sifoia dela. Bai, sifoia, seltza, horixe. Gero eta urriago den inbento horixe, hain zuzen ere. Kasik inon aurkitu ezin daitekeen gauza xume, sotil eta dotore hori. Oker dabil mundua: gero eta sifoi gutxiago, gero eta erantzungailu gehiago.

Inork ez dezala pentsa, otoi, Robinson naizela. Baita zera ere. Alderantziz: telebistek, periodikuek, ordenadoreek, liburuek, irratiek, diskek, autobusek, trenek, abioiek, antzerkiek, zineek eta abarrek inguraturik bizi naiz, gizarteak, zibilizazioak, Estatuak, Udalak, familiak, sindikatuak, bankuek, agintariek, merkatariek, propaganda-barreiatzaileek, denek daukate nire berri, denek inguratzen naute. Itota nago.

Insoziablea al naiz erantzungailurik nahi ez dudalako? Motorola-rik gabe bizi naizela, politikoki okerra al naiz? Zer gerta liteke, orduan, kotxerik ere ez dudala enteratzen badira.