www.santurtzieus.com

ELKARTASUNEKO ZAPATILAK

Nike eta Adidas lantegiak salatzeko protesta ekintzak, abian

Dagoeneko, Hegoaldeko hiri askotan kanpaina bitxi bat zabaltzen ari da. Iruñean, Gasteizen, Oreretan eta beste hainbat herritan Nike eta Adidas marka ezagunen kirol zapatila zaharrak jasotzen ari dira. Jakina, kanpaina ez da herri horietara mugatzen, Europa osoko gutxienez hamar estatutan egiten ari baita; besteak beste, Frantzian eta Espainian. Kanpaina hilabete honetan amaituko da, eta hau du lema nagusia: "Honekin ez dugu jolasten. Nike eta Adidas zapatilek fabrikazio akats bat badute". Antolatzaileen esanetan, ekimen hau ez da lantegi horien aurkako boikot kanpaina bat, protesta ekintza bat baizik: "Guk ez dugu eskatzen hirugarren munduan edo Europako ekialdean lantegiak ixteko, langileen egoera hobetzeko baizik".

Colectif de l’Éthique sur l’Etiquette eta Campaña Ropa Limpia erakundeek koordinatzen dute lan hau Frantzian eta Espainian, eta, helburu horrekin, bi estatuetan ehun zapatila inguru jasotzeko guneak antolatu dituzte. Bildu ondoren, bi lantegi hauetara itzuliko dituzte, daukaten fabrikazio akats hori nabarmenduz: "Normalean gaizki dagoen produktua erosten dugunean fabrikatzaileari itzultzen diogu. Horrekin ez dugu esaten lantegia itxi behar denik, akats hori zuzendu behar dela baizik; kasu honetan langileen egoera hori hobetzea. Guretzat oso garrantzitsua da hori".

Sei libera

Sei libera dira (150 pezeta), hain zuzen, Hirugarren Munduko langile batek jasotzen duen ordaina 350 libera (8.750 pezeta) balio duen pare bat Nike zapatila egiteagatik, hau da, %1,8 ordaintzen diote. Portzentaia lotsagarria da, baina are gehiago jakinik publizitatean 16 libera gastatuko dituztela edo garraioetan 81. Baina arazoa ez da kobratzen ez duten soldata bakarrik, langile horiek lan egin behar duten kondizioak ere salatzekoak baitira.

Normalean lantegi handi horiek ez dituzte egiten saltzen dituzten produktuak. Esaterako, Nike-k ez du ekoizten saltzen duen zapatila bat ere. Multinazionalak Asiako beste lantegi txikiagoak kontratatzen ditu haiek produktuak egin ditzaten. Eta hor sortzen da arazoa, -prezioak jaisteko- lantegi horietan oso lan baldintza gogorrak sortzen baitituzte: ordutegi basatiak, atsedenik ez, soldata lotsagarriak, umeak kontratatzen dituzte...Egoera hori askotan salatu izan dute, eta, ondorioz, Nike-k Jokabide Kode bat egin behar izan zuen 1997an. Orain bai Nike-ri eta bai Adidas enpresari neurri horiek abian jartzea eskaini zaie.

Ekimen honetan parte hartzeko, zapatila zaharrak ematea ez ezik, beste gauza bat ere egin daiteke: aipatutako enpresei kanpainaren postalak edo posta elektronikoz protesta e-mail-ak bidali. Zure iritzia ezagutu dezatela.

Joxerra Zabala Egunkaria 99/XII/12