www.santurtzieus.com

EKINOZIOA

Ekinozioaren autua deigarri egin zait; iluna eta argia iraupen berberekoak izatea kasualitate da, antza; aldi batean batak eta bestean besteak irauten du luzaroago.

Munduak biraka diharduenez, alde batean egun denean bestean gau da, birak jarraitu ahala gerizpetakoa eguzkitara heldu ohi da eta alderantziz. Argia eta ilunaren kontrastea etengabea da gure bizitzan; hain da hala bada ezen, argi ilun fisikoez gain, sentimendu, egoera, bizipen zein edozeri eransten dizkiogu ideiok.

Iluna, desezaguna, ezjakina, itsumena, misterioa, batzuetan beldurra, loaldia, heriotza, etena, zuloa, bizimodu iluna, pentsamendu ilunak, eta abar. Argia, aldiz, bizia, ikusmena, ernaldia, jakituria, aurrerakoitasuna eta pentsa daitezkeen konnotazio positibo guztiez horni dezakegu. Kontua da ez dela bata eta bestearen arteko orekarik une ja perzibiezin batez ez bada; edo batak edo besteak elkar gailentzen dutela eta bakoitza bere unean nagusi dela.

Batetik, udagueneko ekinozioa pasatu denez, gauak egunak baino luzeago izango dira hurrengo hiletan, eguzkiaren izpiak gero eta indar ahulagoz helduko zaizkigu eta eguraldia hasi da jada hozten; bestetik, Ekialdeko Timor, independentzia aldarrikatu ondoren, agian aldarrikatzeagatik, odolusten; Europa puzzleko piezak balaz aldatzen, Japonian deskoidu nuklearra; Turkia, Grezia, Mexiko, Taiwan ikaraturik; Antartidan Lanzaroteren tamainako izotz puska nora doan ez dakiela, on the rock'sa prestatu nahi duenari begira... Honenbestez udaguen iluna dugula aurten esan dezakegu.

Nahi luke batek begiak itxi eta ilunaldiaren ondoren, zabaltzerakoan gaitz guztia desagertuta egotea, argiuneren bat ikustea; tamalez, desioak formulatzeak ez ditu eurok egi bihurtzen, baina, esperientziak baieztatzen digu, gauaren ondoren eguna etorri ohi dela.

Maribi Unamuno Egunkaria 1999/X/6