www.santurtzieus.com

BIHOZMINA

Elkar ikusi eta elkar agurtu, baina ez zen bi pertsonen arteko ohiko agurra izan. Berak, heldua izan arren, ez zidan ahozko adiorik egin, irribarre adioa baizik. Eskutik heldu eguzkitara irten ginen. Nik hitz egiten nion, baina egiten nionean nahasmendua sortzen zitzaidan buruan. Ez nekien haur bati bezala egin edo pertsona heldu bati egin ohi zaion bezala. Ez zen batere larria egoera, baina ez zen ohituta gauden elkarrizketa.

Urrats geldo eta beldurtiz zebilen , baina nire bidetik neraman eta noizbehinka geratu egiten ginen. Hark begirada berezia zuzendu eta irribarrea. Zer esan nahi zidan? Beharbada gauza asko eta beharbada deus ez. Behera heldu ginen, eguzki goxotara; eta han zer? Nik hitz egin eta berak begirada serioa eta irribarrea tartekatuz erantzun. Plastikozko baloi bat eta panpina bakarti bat geneuzkan inguruan. Gustora geunden, eta saiatu nintzen baloia eskuetan jarri eta bota ziezadan, baina ez zuen jolastu nahi eta eseri egin zen.

Erdi etzanda jarri zen patxada ederrean eguzkiaren laztan gozoa bereganatuz. Ederki kostatu zitzaidan altxaraztea, bazkaltzera eraman behar bainuen.

Aspaldi ez nintzen berarekin egon eta sentimendu berezia izan nuen: bihozmina, alaitasuna, ezintasuna…eta maitasuna.

Bistan da, bere munduan bizi da, eta beharbada gustura dago.Gurasoek mundura ekartzeko erabakia hartu zuten. Gaur egun, ordea, uste dut beste era bateko ikuspegia eta prestakuntza dagoela, eta esatea gogorra bada ere, ez du merezi horrela bizitzea. Jaio baino askoz aurretik jakin daiteke nolakoa izango den haurra eta gurasoek inolako presiorik eta beldurrik gabe erabaki behar dute, gero berandu izango baita.

Koldo Alduntzin Euskaldunon Egunkaria, 1998/II/13