www.santurtzieus.com

AGOTEAK, ARRAZA MADARIKATUA

Agoteak arazo historikoa dira. Nondik etorri ziren? Zer ziren? Horrelako galderak ez dira oraindik argitu. Arraza madarikatua izan da. Historian zehar bidegabekeria asko sufritu dute. Gaur egun ez da horrela. Erabat integratuta daude; "agote" hitz ez da iraina. Odolak nahastu egin dira eta arraza desagertu egin da: orain ez dago benetako agoterik.

Baina oraindik ere, Nafarroako auzo horretan, Arizkuneko Bozaten, jendea haserre dabil. Izan ere, gai honetan, sentsazionalismoa nagusitu da.

Agoteak Baztan haranean bizi ziren. Zehatz mehatz, Arizkungo auzo batean Bozaten. Iparraldeko beste toki batzuetan ere baziren, baina gutxiago.

Hauen jatorriaz asko idatzi da. Zenbaiten iritziz, Abderrahman-en ondorengoak ziren. Beste batzuek bestelako iritzia dute: godoak ziren, Alariko erregearen soldaduak, alegia. Iritzi hauek ez dira oso serioak. Ez dago frogarik.

Julio Caro Barojak honela idatzi zuen 1944an: "Agoteak ez daukate aparteko berezitasunik; beste euskaldunen antzekoak dira arraza aldetik".

Gaur egun gehienak bat datoz Aita Jorge Riezurekin. Honen iritziz, XVI. mendean etorri ziren Baztanera. Ursuako Pedrok ekarri zituen bere herrira, Arizkunera, langile onak eta merkeak zirelako. Seguru asko zuberotarrak ziren.

Badago gauza segururik: kanpotarrak ziren. Bozateko etxeetan ez dago Baztango armarririk, hau froga garbia da.

Lan arazoek sortu zuten diskriminazioa

Agoteek bazterketa gogorra ezagutu zuten: Arizkungo elizan ate eta eserleku bereziak zituzten. Ezin ziren baztandarrekin ezkondu. Ezin zuten inguruko jendearekin dantzatu. Heriotzaren aurrean ere ezberdinak ziren; Arizkungo hilerrian bazter berezia zuten.

Dirudienez, lan-arazoek sortu zuten bazterketa hau. Lehenengo agote haiek artisau onak ziren. Harria eta egurra oso ondo lantzen zuten. Horregatik arizkundarrek beldurra sentitu zuten: hori konpetentzia gogorregia zen, eta agoteak zokoratzea erabaki zuten. Beharbada, hauxe da arrazoia.

Poliki-poliki agoteek eskubide guztiak lortu zituzten. 1944an, orduan ere, elizan toki berezia zuten. Azken bazterketa hau 1950ean desagertu zen.

Gaur egun bozatetarrak baztandar normalak dira. Txantxetan bakarrik esaten da "agote" hitza. Beste baztandarrek aspaldiko bekatu historikoa garbitu nahi dute, eta horregatik orain izugarrizko errespetuz begiratzen diete bozatarrei.

Baina oraindik ere bozatetarrak haserre daude. Azkenaldi honetan erreportaia sentsazionalista bat baino gehiago agertu da. horregatik, bozatetarrak isildu egiten dira kazetariaren aurrean. "Horiek aspaldiko kontuak dira. Ez dugu hitz egin nahi". Ez dute besterik esaten.

HABE aldizkaria