www.santurtzieus.com

AGATHA, BESTERIK EZ

Agatha Ruiz de la Pradaren diseinuen erakusketa Bilbao Arte aretoan

Nola deskriba daiteke Agatha? Arraroa, bitxia, deigarria, orijinala... Agatha Ruiz de la Pradaren diseinuak bereizteko gai ez den norbait aurkitzea zaila da, nahiz eta gure kaleetan ez den batere ohikoa haren diseinuren bat eramaten ausartzen denik ikustea. Orduan, zergatik da hain ezaguna eta arrakastatsua? Erantzuna Agatha bere bezain konplexua da.

Agatha diseinatzaile madrildarra Bilbora etorri zen, bere diseinuak eta marrazkiak biltzen dituen erakusketa inauguratzera. Agatha ez zen, baina, Guggenheimera etorri, ez eta Euskalduna jauregira ere, Bilbo Zaharrera baizik. Bertan Bilbao Arte erakusketa aretoa dago, lehenengo urratsak egiten ari diren artistek beren obra zabaltzeko aukera izan dezaten sortutako areto modernoa. Areto mota horiek ezagunak izateko, baina, jendearen arreta jaso behar dute. Horretarako, noizean behin pertsona famatuen erakusketak tartekatzea erabaki dute, existitzen direnen pribilejiozko eremuan sartu nahian.

Nahi izan eta lortu, inaugurazioan bildutako jendetza izugarria izan zelako. Eta izugarria, kantitateari eta, bereziki, kalitateari dagokionez, berrartu ziren pertsona mota guztiak beste edonon elkartzea oso lan zaila izango litzatekeelako. Erakusketa ikusteko asmoz joan zirenek ilea berde biziz, azenario kolorez edota sumendiko labaren gorriaz tindatua zuten, oinetako plataformadunak edota argazki negatiboez osaturiko soinekoa. Horiek Agatharen jarraitzaile sutsuak ziren, duda barik. Beste alde batetik, han ziren arratsaldeetako talk-show-ak ikusteaz aspertuta, telebistan agertzen diren ospetsuak benetan nolakoak diren ikustera joan zirenak. Bilbao Arte aretoko solairuetan harrituta zebiltzan horiek, hainbeste jende arraro batera ez zutela sekula ikusi esanez.

Jana eta edana doan

Azkenik, gero eta ohikoagoa den jende mota bat aurkitu genuen: erakusketen inaugurazioetara doan jatera eta edatera joaten direnak. Multzo horretan zeuden Arte Ederretako ikasle Amaia eta Ikus-entzunezkoetako Xuban. Bilbon ikasten ari diren lasartear horiek ez ei zuten egiteko gauza hoberik eta...

Agatha ohiko moduan iritsi zen, orijinal. Goroldiozko bihotzak erantsita zituen soineko laranja tirantedun batez jantzia, ile gorria, ez orraztuaren itxuran, eta abarketako moduko sokekin lotutako zapata gorriak, oso makilaje gutxi, inolako bitxi barik, eta autografo eske zetorkion jendearekin jator. Bi ordutan eskaileretan gora eta behera, batzuk aspaldian ikusi gabeko lagunekin hizketan, kopak edaten, besteak bideo pantaila handian agertzen ziren desfileei begira... Erakusketa ikusteko, baina, beste edozein une da egokiagoa, hainbeste jenderen artean bigarren mailan geratu baitzen arropei zegokien protagonismoa.

Kristina Martin Euskaldunon Egunkaria 1999