SINONIMOAK LANDU
JOSE NAZARETHEKOAK MUNDUKO ERITZI PUBLIKOARI
Ia bi mila urte dira Josafateko zelai =
honetara heldu =
nintzela eta nere pertsonari buruz hor esaten eta egiten direnak ikusita ezinezkoa zait beste minutu bat gehiago ere isilik irautea, lehertu nahi ez badut behintzat =
. Gure familiaren =
eta ondorengoen onagatik, behazunez gainezka askotan, baina bakegurakoa izaki, amore eman dut orain arte. Aspalditxo honetan erretxindu xamarturik nabilela ere aitortu beharrean nago. Izan ere, Josafateko zelai honetako bizimodua ez da lehengoa. Zelaia diot, zerbait esatearren, ezen jakingo duzue pinu sartuta dagoela. Urtetxoak dira txantxikuar bat etorri zela xik eta xok:
«Piñuak diru eitten xok gero e. Oñati aldian familixa asko itxuratu dok piñuan kontura. Hemen be galantak eingo lirekek, zelai ondua asko gustaitten xakok eta. Gaiñera keizpia be edarra xakok. Onddua eta piñutelia be ugari eitten dok eta dibersiño pittin bat izango giñukek perretxiku batzen, tontuen moduan gora begira egon barik», esan zuen eskuan pinu landare sorta bat zuela. Orain dela gutxi iritsi da ekologista bat eta egundoko istilutan =
dabiltza, eta ez dakit gauzak zertara joko duen.
Baina agiri honen zergatia =
ez da pinuarekiko nere jarrera azaltzea, ez. Arazo =
sakonago eta pertsonalago batek bultzatu nau luma hartzera. Etsipenak, esango nuke, zer galdurik ez izateak, dagoeneko galdua bait dut gizonak galdu dezakeen guztia. Eta berdin zait aitorpen hauek nere semearen jarraitzaileen fedea kolokan jartzen badute. Noan harira.
Ni, neurez, jenio bizi xamarrekoa banaiz ere, edozer irensteko gauza naiz bakearen izenean, baina egun batez irakurri nuenak neure onetik atera ninduen: ni Jesusen aita «putatiboa» nintzela, alegia. «Kabuendios» eta «kabuenlabirjen» batzuk irristatu =
zitzaizkidan, aitortzen dut, okerrena ulertu =
bait nuen. Ni putatiboa? Famelia aurrera ateratzeko hainbeste lan egindako eta pertsekuzio jasandako gizona, putatiboa? Neu, sekula =
neure emaztea engainatu gabeko gizona, nahiz eta nere denboran =
aukerarik falta ez izan. Putek baino lan gehiago egin nuelako ez zuten behintzat esango.
Lasaitzera =
etorri zitzaizkidan hitz horrek beste gauza bat esan nahi zuela esplikatuz, ez zuela zerikusirik ofizio zaharrarekin. Ni Jesusen aita ordekoa nintzela. Lehengoak suak eta garrak hartuta jarri baninduen, honek lur jota utzi ninduen. Pentsati eta burumakur geratu nintzen. Norbera izaten dela enteratzen azkena, alegia. Auzoaren begiak erne =
egoten direla. Baina sinisgaitza egiten zitzaidan. Gure Mariak egin neri hori? Eta nere artean beste antzen bat topatu nahirik nenbilela, ezetz, egoteko lasai; aita ez zela mundutarra, Jainkoaren hazia bere baitan zeraman uso itxurako =
«Espiritu Santua» izeneko tipo bat baizik. Hark utzi zuela haurdun ni lotan nengoen bitartean. Usoekin ere ezingo dugu konfiantzarik izan.
Hasieran barregura eman zidan, ez nuen oso serio hartu, uste bait nuen inork ez zuela memelokeria =
hura sinistuko. Gainera gure emazte =
Maria birjina zela, sekula zera hori egin gabea. Andre txukuna eta langilea, gutxi bezalakoa, baina birjina? Eta kontua da milioika =
omen direla ipuin hori sinisten dutenak. Ba ez, errekoño, ezetz, ezetz. Nola esan behar zaizue? Ez dut ba neuk jakingo.
Gure Jesus hori berezi samarra zen umetatik. Liburuak maiteago zituen zerra eta mailua baino. Susto demasa eman zigun Jerusalemera prozesio egunean joan eta tenpluan galdu zitzaigunean. Hasieran senideren batekin itzulia izango zela pentsatu genuen. Hiru egun eman genituen jo batera eta jo bestera, okerrena pentsatuz. Eta han non topatzen dugun azkenean tenpluan, apaiz =
talde baten erdian gure mutikoa egundoko esplikazioak ematen. Bertan pasara emateko gogoa izan nuen baina apaizek barkatzeko, seme argia nuela, uzteko =
beraiekin apaiz ikasketak egin zitzan. Hartu eta aurrean ekarri nuen etxeraino.
Ez zen langile txarra eta laguntasun ederra izan nuen urte askoan, baina haroztegia bere gain uztekotan nengoenean, zahartzaro lasaixeagoa izango nuelakoan, osasunez ere pattal =
samar bait nenbilen, lanari utzi eta hor hasi zen bere lagun taldearekin, mendira joan eta ezkutuko bilerak =
egiten. Mariak ere sarri =
jarraitzen zion nere ernegurako.
Handik laster izan nuen herioren bisita. Gerokoa jakin nuenean harri eta zur geratu nintzen. Nork pentsatu behar zuen gure mutilak munduko erlijio indartsuenaren buru izan behar zuenik? Jainko bezala gurtua izango zenik? Pozez eta harrotasunez gainezka izan nintzen luzaroan... agiri honen eragile diren gauzak jakin nituen arte.
Hamaika ikustea eta sufritzea tokatu zitzaidan bizi nintzen artean, baina gutxienez hogeitabi hilda gero.
Agure zahar bizartsu gisa pintatu naute margolariek, aldamenean Maria gazte bat (talo aurpegiarekin, hori bai) eta Jesus zintzo bat nituela. Ohitua nengoen horretara, baina orain dela mende erdi inguru gertatu zenak asko mindu ninduen. Maiatzaren 1a langileen eguna zela eta, istilu eguna ere bazela eta, langileak fedegabe samarrak ere badirela eta, zer bururatuko =
Pio XII.ari? San Jose artisauaren egun bihurtzea Maiatzaren 1a. Eskirolen patroi edo, gutxi gorabehera.
Enfin, zer egingo diogu ba. Nik baino suerte gehixeago izan du, esate baterako, nere lehengusu Jose Arimateakoak. Hura behintzat dantza lotuaren eta ezkongabe arrimatuen patroi egin dute. Ni berriz, dudan famarekin, lehengoaz gain laster egingo naute adardunen patroi, jadanik ez banaiz, norbera izaten baita jakiten azkena.
Besterik ez. Agiri honek nere gizontasuna azpimarratzen eta izen ona apurtxo bat garbitzen =
lagunduko duelakoan, agur eta laster arte. Baina ez nuke amaitu nahi euskaldunei gauzatxo bat esan gabe: Mikel Deuna, Jon Deuna, Bladi Deuna eta horrelakoak deitzen hasi zarete berriki nere lagun batzuei. Beldur naiz laster Joseba Deuna ez ote dudan entzun beharko. Mesedez, orain arte bezala Jose Nazarethekoa dei iezadazue, alias «San Jose» fededunentzat. Egunen baten =
Anoetako vicemartiria deuntzen badute, deitu hari, nahi baduzue, Joseba Deuna.
Juan Martin Elexpuru
"Zakur zaunkak atean" liburutik hartua
(ELKARLANEAN / EUSKAL LITERATURA / 1998-06 / ISBN: 84-8331-224-7 )