www.santurtzieus.com

ESKAKIZUN BAKOITZEKO GAITASUNEN AZALPENA

Versión en castellano

 

1. HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

Hizkuntza eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea bere ohizko den ahozko nahiz idatzizko edozein testuren ideia nagusia ulertzeko gai izango da, ñabardurez konturatzen ez bada ere.

Gai izango da, halaber, elkarrizketa batean oinarrizko mailan hitzegiteko, eredu-bildumak eta zerbitzu-oharrak ulertzeko, agiriak sailkatzeko, zerrendak egiaztatzeko, eskuliburuak edo dossierrak kontsultatzeko, e.a.

Bere lanean ohizko diren hizkuntza alorreko ekintzei ahoz nahiz idatziz erantzuteko adinako oinarrizko gaitasuna izango du.

Ahoz zein idatziz egoera mugatu eta apal, lagunarteko eta arruntetara egokituko den gaitasun komunikatibo eta funtzionala izango du, sarritan eredu itxura duten esamoldeak erabiliz.

Ahoz zein idatziz huts gramatikalak egin ahal izango ditu.

Ahoz zein idatziz bestetan baino segurtasunik eza haundiagoa agertuko du euskara lehen hizkuntza izan dezaten pertsonen aurrean.

Beraz, gai izango da bisitariak leku eta pertsona egokiengana bidaltzeko, lankideei informazio xinplea eman eta eskatzeko, telefonoz zita bat egiteko, elkarrizketarako ordua zehazteko, bilera-eguna jartzeko, materiala agintzeko, mezu laburrak idazteko, eredubilduma nahiz galde-sorta betetzeko, material-eskariak idazteko, e.a.

Lehen hizkuntza euskara duenak duen erraztasunez ulertzeko gai izango da, nahiz eta hark baino erraztasun txikiagoa izan berak hitzegiteko.

Fonema guztiak behar bezala bereziko ditu nahiz eta gazteleraren eragina izan ahoskatzerakoan (erritmoan, azentuan, doinuan).

Ahoz batuaz zein gehien erabiltzen diren euskalkietan esandakoa ulertu beharko du, bai eta batuaz idatziriko testuak ere.

Ahoz zein idatziz, modu apalean komunikatuko da, normalean esaldi errazak erabiliz.

Hizkuntza ezagupen zabala izan arren, idatzizko testuetan lehen hizkuntza euskara duenak ohiz egiten dituenak baino huts morfosintaktiko eta ortografiko gehiago egingo ditu; hutsak ugariagoak izango dira lanean ohizkoak ez diren gaiak erabiltzean.

Hizkuntzaren adierazmolde erabilienak era mugatuan erabiliko ditu.

Bere lanean hiztegi aberatsa erabiliko du, idazterakoan hiztegia erabili behar badu ere.

Fonologia, ortografia, morfosintasi, lexiko eta semantika mailan gazteleraren eragina izango du; halere, ez du zailtasun haundirik izango mezua ulertzeko.

Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohizkoen diren egoera mugatuetara egokitutako erregistro eta hizkuntza formak erabiliko ditu. Halere, onartu egingo zaio lehen hizkuntza euskara dutenen hizkuntza aberastasunez ez erabiltzea. Zailtasun haundiagoak izango ditu mugatuak eta ohizkoak ez diren egoeretan.

Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohizkoen diren egoeretara egokitutako oinarrizko hizkuntza formak, jasoak zein lagunartekoak, era egokian aukeratuko ditu.

Ondo igarriko ditu, ahozko zein idatzizko testuan, bere lanean ohizkoen diren egoeratan eta, batez ere, egoera mugatuetan izan daitezkeen ohizko erregistro-aldaketak.

Ahozko zein idatzizko testuinguruaren arabera, agerian ez dagoen informazioa atera egingo du, baita ezezagunak izanik testuaren arabera uler daitezkeen hitzen esanahia ere, batipat, bere lanean ohizkoen diren egoera mugatuetan erabiltzen direnean.

Bere ahozko zein idatzizko hizkuntza gaitasunera egokituko ditu hizkuntza beharrizanak, bereziki bere lanean ohizkoen diren egoera mugatuen ondorioz sortutakoak. Aurreko horrek, besteak beste, mezuaren edukia ezagutzen dituen hitz eta egituretara egokitu behar izatea ekarriko du, baita, errepikapena, berriro formulatu behar izatea, autozuzenketa egitea eta ulertu ez den informazioa eskatzea ere.

Ahozko zein idatzizko testuinguruetan izan daitezkeen gai-aldaketak antzemango ditu, batez ere, bere lanean ohizkoen diren egoera mugatuei dagozkienean.

Joera nagusiak bigarren mailakoetatik bereiztuko ditu ahozko zein idatzizko testuinguruetan, ideien arteko loturak zehaztuz.

Ahoz zein idatziz zailtasunak izango ditu gaiez aldatzeko.

Lotura elementuak oinarrizko mailan erabiliko ditu, ahoz zein idatziz eta arazoak izango ditu arrazonamendu nahiz eztabaida luzeetan parte hartzeko.

 

2. HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

Hizkuntza eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da edozein komunikabideren bitartez informazioa eskatu eta emateko, nahiz eta aurrez-aurreko elkarrizketetan hobeto moldatu; talde bilera eta eztabaidetan parte hartzeko, informazioa eta eritzia emanez; aginduak eta azalpenak emateko; lankide batekin eritziak komentatzeko; bere atalari, bilera bati, hitzaldi bati buruzko informazioa emateko.

Gai izango da, halaber, bisitariekin eta kontsultagileekin hitzegiteko; telefonoa hartzeko; ama-hizkuntza euskara dutenek esandakoaren ideia nagusia ulertzeko, berbaren bat ez ulertzearren ideia galdu gabe; aginduak burutzeko; lan-bilera edo bilkuretan esandakoa ulertzeko; eskuliburu edo dossier bat kontsultatzeko; bere lanean ohizkoen diren gaiei buruzko oinarrizko informazioa ateratzeko; memorandumak eta gutunak ulertzeko e.a.

Ahoz parte hartu ahal izango du bere lanarekin zerikusia duten hizkuntza ekintza ugarietan.

Laneko hizkuntza egoera mugatu gabekoetara egokitzeko ahozko adierazgaitasuna izango du; horrek, euskara luzaroan erabili behar izatea dakar.

Gauza izango da bere lanarekin zerikusia duten gaiei buruzko bere ideietatik garrantzizkoena eta eritziak ahoz azaltzeko, nahiz eta eztabaida batean horiek defendatzeko eragozpen handiagoak izan, ñabardurak egitean zein gai berezituei buruz hitzegitean zalantza gehiago izan, eta gramatikazko hutsak egin.

Ama-hizkuntza euskara dutenen erraztasun berdintsua edukiko du.

Fonema guztiak bereiztuko ditu, eta ama-hizkuntza euskara dutenen ebakera (erritmo, azentu eta ahoskera) bera edukiko du.

Mintzatzean esaldi konplejuak erabili ditzake eta bereziki ama-hizkuntza euskara dutenen maila morfosintaktikoa edukiko du.

Hizkuntza ezagupen zabala izango du, baina horrek ez du esan nahi hizkuntzarekiko kontrola konszientea izango denik; izan ere, gramatikazko hutsak egin ditzake. Hutsak nabarmenagoak izango dira idatzian ahozkoan baino, baita bere lanean ohizko ez diren gaiei buruzko azalpenetan ere.

Hizkuntzaren ohizko esamoldeak erabiliko dituHobeto menderatuko du euskara ahoz idatziz baino, eta aurretik aipatutako mailetan gazteleraren eragin gutxi izango du.

Bere laneko egoera eta gaiari ezezik, beste edozein egoera eta gairi ere egokituko zaren erregistro eta hizkuntza formak erabiliz mintzatuko da.

Mintzatzean entzulearen hizkuntza gaitasunera egokituko du bere adierazgaitasuna; azken horrek garrantzi haundia izango du, batez ere, entzulearen euskararen ezagupena 1. hizkuntza eskakizunerako zehaztutakoa baldin bada.

Bere lanean ohizko diren gaiei dagokienean, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiztuko ditu mintzatzean, eta ideion arteko lotura zehaztu, era berean.

Ama-hizkuntza euskara dutenen mailan erabiliko ditu juntagailu eta elementu kohesiboak, eta ez du arazorik izango azalpen luzea eman, gaiez erraz aldatu edo eztabaida luzeetan parte hartzeko.

 

3. HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

Hizkuntza eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da era guztietako eskutitzak, barne-idazkiak, memorandumak, laburpenak, administrazio-espedienteak, e.a. idazteko.

Oinarrizko ikasketak euskaraz egin dituen pertsona batek duen erraztasun berdintsua izango du idaztean.

Gramatikaren ezagupen erabatekoa eta konszientea izango du.

Fonologia, ortografia, morfosintasia, lexiko eta semantika mailan ez du ia gazteleraren eraginik izango.

Bere laneko egoera eta gaiari ez ezik, beste edozein egoera eta gairi egokitutako hizkuntza formak behar bezala erabiliko ditu, ahoz zein idatziz.

Bere laneko egoera eta gairi egokitutako erregistro-aldaketak berezi egingo ditu, bai ahozko testuinguruan bai idatzizkoan.

 

4. HIZKUNTZA ESKAKIZUNA

Hizkuntza eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da egitarauei buruzko zehaztapenak aditzeko, bere lanarekin zerikusia duten egitarauei, iharduketei eta hainbat sailen politikari buruzko zehaztapenak ulertzeko; aditu bati eskatutako txostena ulertzeko. Era berean, gai izango da ikerketa-txostenak, artikuluak, politika-egitarauak, aldizkari berezituak zein lege baten edukia ulertzeko, eta idazki baten punturik interesgarrienak, hutsak nahiz aldaketak jasota geldi daitezen anotazioak egiteko.

Bere lanarekin zerikusia duen edozein hizkuntza ekintzetan jariotasunez egingo ditu azalpenak, eta zuzentasuna, aberastasuna, zehaztasuna eta jatortasuna mintzatzean zein idaztean.

Mintzatzean zein idaztean esaldi konplejuak sortzeko eta erabiltzeko erraztasuna izango du, eta lanarekin zerikusia duten gaiei ez ezik, bestelako gai berezituei buruz erraztasunez hitzegin edo idatziko du.

Informazioa eman, elkarrizketak egin, hizkuntza azalpen luzeak emateko erabili, txostenak, artikuluak, egitasmoak, memoriak, aginduak, berbaldiak, e.a. idatzi ahal izango ditu, baita laneko eztabaidetan parte hartu ere.

Goimailako ikasketak euskaraz egin dituztenek behar duten beste denbora beharko dute haien idatzizko testuak eta ahozko jardunak ulertzeko.

Goimailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen pareko jariotasuna izango du.

Goimailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen pare idatzi ahal izango du, elementu morfosintaktiko konplexuak erabiliz.

Gramatika bikainki ezagutuko du, eta ahoz zein idatziz gramatikazko huts gutxi egingo ditu. Hizkuntzaren adierazmoldeak aberastasunez erabiliko ditu.

Lexikoaren ezagupen zabala izango du, goi mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen parekoa. Era berean, bere lanarekin zerikusia duten gai berezituen lexikoa menderatuko du, eta ez du ia hiztegiaren beharrik izango.

Fonologia, ortografia, morfosintasia, lexiko eta semantika mailako gaztelerarekiko independentzia maila haundia izango du.

Bere laneko edozein egoeratan ohizkoak diren hizkuntza formetan era jasoaz hitzegin eta idatziko du, eta oso erregistro berezitua erabiltzeagatik nabarmenduko da.

 

Sartu eusk@ltegira!