Euskaraz, agurtzeko, hainbat esapide erabiltzen dira. Ohikoenetariko batzuk egunezko uneari ON izenondoa gehituz eratzen dira. Hona hemen zenbait adibide:
Egun ON!
Eguerdi ON!
Arratsalde ON!
GabON!
Agur hauei erantzuteko agur berbera errepikatuz erantzun daiteke edo "Halan ekarri!", "Baita zuri ere!", "Berdin!" eta antzeko esapideez baliatuz. Adibidez:
Arratsalde ON! Arratsalde ON!
EgunON! Halan ekarri!
Egun ON! Baita zuri ere!
GabON, ondo lo egin! Berdin!
Forma hauez gain, hain formalak ez diren beste hainbat esapide ere erabiltzen dira. Adibidez:
Kaixo, zer moduz? Ondo esan beharko!
Zelan zabiltza? Ni ondo, eta zu?
Zer moduz? Tira, betiko moduan
Eup! Eup!
Aupa! Aupa!
Aspaldiko! Hain aspaldiko ere!
Nola, ba, zu hemen?
Zer berri dugu? Bat ere ez, betikoa!
Nor bere bideari ekin baino lehen, solaskidea agurtzeko, "Agur!" dugu esapiderik erabiliena. Hortik datoz agur egin eta agurtu aditzak. Dena dela, beste hainbat esapide ere erabiltzen dira:
Beno, agur! Ni banoa. Agur eta ondo ibili!
Agur eta laster arte! Agur, ba!
Gabon guztioi! Agur! Gabon eta ondo lo egin!
Adio eta ongi izan! Baita zuri ere!
Aipatu behar da agur elkar topatzean zein banatzean erabil daitekeela. Bestalde, "Agur t´ erdi" esapidea ere badugu, askoz ere formalagoa berau. Adibidez:
Jaun-andreok, agur t´erdi
Bestalde norbaiti harrera egiten zaionean, honako esapidea erabili ohi da:
Ongi etorri!
Ezagutzen ez dugun pertsona bat aurkezten digutenean, honelako esapideak erabili ohi dira:
Pozten naiz!
Pozten nau zu ezagutzeak!
Baneukan zu ezagutzeko gogoa!
Agurtzen ari garen pertsona berriro ikusiko dugulakoan bagaude, honako esapideok erabili ohi dira solaskidea agurtzeko:
Gero arte! Gero arte, bai!
Gabon eta bihar arte!
Hurrengora arte eta ondo ibili!
Datorren astera arte!
Elkar ikusi arte! Ikusi arte, bai!
Laster arte! Laster arte, bai!
Agurtzeaz gain, solaskideari zortea opa nahi diogunean, honako esapideok erabili ohi ditugu:
Agur eta ondo ibili!
Ondo izan! Berdin!
Agur eta ondo segi!
Zortea izan!
Beste zenbaitetan, agurtzerakoan, beste norbaitentzako goraintziak eman ohi ditugu. Holakoetan, honako esapideok erabiltzen dira:
Goraintziak zure senarrari!
Eman goraintziak nire partez ( nire aldetik)
Eskuminak eman etxeko guztiei!
Jaten ari den norbait agurtzeko, berriz, honako esapideok erabili ohi dira:
On egin! Eskerrik asko!
On dagizula! Eskerrik asko!
On dagizuela! Mila esker!
Zenbait egun edo aldi berezitan ere agur bereziak erabili ohi dira. Hona hemen beste zenbait esapide:
Urte Berri on! (Urte Berrian)
Eguberri on! (Gabonetan)
Zorionak! (Urtehurrenetan eta Gabonetan)
Goian bego! (hildakoengatik)
Euskaraz, eskerrak emateko, honako esapideok erabili ohi dira:
Eskerrik asko! / Esker anitz!
Eskerrik asko denagatik (guztiagatik)!
Mila esker! / Esker mila!
Bene-benetan eskertzen dizut!
Ez dakizu zenbat eskertzen dizudan!
Aurreko esapideoi erantzuteko, aldiz, beste hauek erabili ohi dira mintzairaren arabera:
Eskerrik asko! EZ HORREGATIK!
Eskerrik asko! EZ DAGO ZERGATIK!
Eskerrik asko! EZ DA EZER ERE!
Eskerrik asko! BAITA ZURI ERE!
Euskaraz, barkamena eskatzeko, honela esan ohi dugu:
Barkatu; ez naiz konturatu!
Barkatu; ez zaitut ikusi!
Sentitzen dut, nahigabe izan da!
Ez dakizu zenbat sentitzen dudan!
Aurreko barkamen-eskabideei erantzuteko, honako esapideok erabili ohi dira:
Barkatu! Lasai, ez da ezer
Barkatu! Ez dauka garrantzirik
Barkatu! Ez kezkatu, ez dio axola (ardura)
Sentitzen dut! Lasai, berdin dio