Puntuazioa

Puntuazioa da, hain zuzen ere, idazlanaren egitura aztertzean aipatu ditugun ideiak lotzeko erabiltzen den sistemetako bat. Puntuazioaren bidez azaltzen du idazleak ideia bat nondik norainokoa den, zein lotura duen hurrengoekin, e.a.

Bi esaldi hauek konparatzen baditugu:

Niri txakurrak gustatzen zaizkit. Baita katuak ere. Eta zaldiak ere bai. Txoriak ere gustuko ditut.
Niri txakurrak, katuak, zaldiak eta txoriak gustatzen zaizkit.

Ikusten dugunez, emandako informazioa bera da baina oso bi esaldi ezberdin lortu ditugu. Zeinek adierazten du hobeto guk ezarri nahi dugun lotura? Idazleak bakarrik erabaki dezake hori. Dena dela, puntuazio markek badute esanahi orokor bat. Ikus dezagun marka bakoitzaren esanahia:

Koma: segida adierazten du. Azalpena emateko, maila bereko beste elementu bat gehitzeko enumerazioetan, aposizioetan, juntagailuen ondoan... erabiltzen da.
Puntu eta koma: puntua eta komaren arteko elementua da. Ez du puntuak bezalako apurketa suposatzen eta ezta komak bezalako jarraipena. Gaur egun askotan puntua ipintzen da bere ordez. Zalantza kasuetan, beraz, puntua ipintzea izan daiteke konponbidea.
Puntua: unitate baten bukaera adierazten du. Ondoren etorriko denak aurrekoarekin lotura izango du, noski, baina beste unitate bat osatuko du.
Bi puntuak: esaldi baten ondorengo enumerazioetan, definizioetan, beste batek esandakoa hitzez hitz esan nahi denean erabiltzen da.